Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2016ko apirilaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1528

56/2016 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, zeinaren bidez indargabetzen baitira enplegu-politika aktiboen eremuko izaera orokorreko zenbait xedapen.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2010eko ekitaldira arte, enplegu-politika Eusko Jaurlaritzak kudeatzen zuen, diru-laguntza izaerako eta indarraldi mugatuko erkidego-mailako hainbat arauren babespean, zeinak orduko Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak sustatzen baitzituen.

Haien artean zeuden abenduaren 23ko 326/2003 Dekretua, Euskal Lan zerbitzua / Langai izendapenaz, lan-agentziaren eginkizunetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sustatzen dituen lan-merkatuko bitartekotza-ekintzen antolamendua eta garapena arautzen dituena; 328/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, kultura-ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten duena; 329/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lanerako laguntzak arautzen dituena, eta 2008ko uztailaren 30eko Agindua, lan-merkatuaren azterketa egiteko laguntzak arautzen dituena.

Argitaratu zirenetik, ordea, aldaketa handiak izan dira EAEn, bai testuinguru sozioekonomikoan –krisi ekonomikoaren eta langabeziaren hazkunde larriaren ondorioz– baita enplegu-gaien gaineko eskumenetan ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku gelditu baitira lanaren, enpleguaren eta lanerako lanbide-heziketaren alorreko lan-legedia betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua sortzeaz gainera.

Horren ondorioz, aipatutako arauak, beste testuinguru batean egin zirenez, ez dira eredu baliagarriak egungo egoerari eta beharrizanei erantzuna emateko, eta, berez, ez dute finantzatzeko krediturik jaso Lanbide sortu zenetik, enplegu-politiken arloko beste jarduketa batzuen mesedetan. Jarduketa horiek ad hoc egindako deialdien bidez gauzatu dira, eta hobeto egokitzen dira gure lurraldearen egungo errealitatera eta EAEk eskuratutako eskumen berrietara.

Hala eta guztiz ere, diru-zuzkidurarik ez izan arren, arau horiek indarrean egoteak bete ezin diren eskubide-igurikimen faltsuak sortzen dizkie herritarrei; hori dela-eta, segurtasun juridikoaren printzipioa babesteko, enplegu-politika aktiboen esparruan indarrean dagoen araudia argitu behar da, eta lurraldearen egungo beharrizanei erantzuteko zaharkituta geratu diren eskumen-eskualdatzearen aurreko izaera orokorreko xedapenak ordenamendu juridikotik kendu, gaur egun ez dira aplikagarriak ez direlako.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea eta gainerako organo aholku-emaile interesdunak entzun ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko apirilaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Indargabetuta geratzen dira jarraian zerrendatzen diren arauak, enplegu politika aktiboen kontuetan:

a) 326/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, Euskal Lan zerbitzua / Langai izendapenaz, lan-agentziaren eginkizunetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sustatzen dituen lan-merkatuko bitartekotza-ekintzen antolamendua eta garapena arautzen dituena.

b) 328/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, kultura-ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesten dituena.

c) 329/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, lanerako laguntzak arautzen dituena.

d) 2008ko uztailaren 30eko Agindua, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, lan-merkatuaren azterketa egiteko laguntzak arautzen dituena.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indargabetu diren arauen arabera izapidetu diren espedienteek arau horien pean jarraituko dute amaitzen diren arte.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala