68. zk., 2015eko apirilaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (228 KB - 3 orri.)
- EPUB (233 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1679
EBAZPENA, 2015eko martxoaren 12koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Oiartzunen, A-8 autobidearen drainatze-saretik datozen euri-urak ETSren tunelera ez sartzeko proiektuaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldira.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2014ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez, onartu zen «Oiartzunen, A-8 autobidearen drainatze-saretik datozen euri-urak ETSren tunelera ez sartzeko proiektua».
Proiektu honen xedea da, Oiartzungo udalerrian, ETSko Donostia-Hendaia (topoa) lineako tunelean gertatzen diren uholdeak zuzentzeko aterabide bat ematea, A-8 autobidearen drainatze-saretik datozen euri-urak sartzen baitira bertan.
Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu eta ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, proiektuan jasota daude ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak.
Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2015eko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen «Oiartzunen, A-8 autobidearen drainatze-saretik datozen euri-urak ETSren tunelera ez sartzeko proiektuaren» eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura hastea, eta desjabetzeen eranskineko zerrenda jendaurrera atera zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta hainbat aldizkaritan ere argitaratu zen: 2015eko urtarrilaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 17. zk., eta egun bereko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 16. zk., eta 2015eko urtarrilaren 27ko Berria, El Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkariak. Era berean, Oiartzungo udaletxeko iragarki-oholean ere jarri zen.
Izapidetze horretan, argitaratutako ondasun eta eskubideen zerrenda dela-eta, hainbat alegazio aurkeztu dira. Alegazioak aztertuta, banan-banako erantzunak eman dira.
Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko, halaxe xedatuta baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen lehenik, eta, bigarrenik, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez.
Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru-kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, hala badagokio, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.
Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea, Oiartzunen, A-8 autobidearen drainatze-saretik datozen euri-urak ETSren tunelera ez sartzeko proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu eta ondasunak eta eskubideen zerrenda, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
Bigarrena.– Dei egitea zerrenda horretan agertzen diren ondasun eta eskubideen titularrei, bertan adierazitako egunean eta orduan Oiartzungo Udalera ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunek hala eskatzen badute, lursailera bertara joateko aukera ere izango da.
Egintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.), baita euren eskubideak egiaztatzeko bestelako edozein agiri ere. Nahi izanez gero, perituak eta notario bat ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ingurumen eta Lurralde Politiketako Zuzendaritzan (Lakua 1, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo honi edo Garraioetako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera.
Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 12a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.