Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2015eko apirilaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1676

AGINDUA, 2015eko martxoaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Basauriko udalerriko N.1-1 Sarratu eremuan, 90 etxebizitza sozial esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

1.– Babes ofizialeko etxebizitza horiek esleitzeko prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren bidez dago araututa, hala xedatuta baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan (2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).

2.– 2008ko abenduaren 10ean Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Basauriko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Basauriko Sarratu I. eremuaren hirigintza-kudeaketarako. Ondoren, 2012ko apirilaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Basauriko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Basauriko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan sarbidea izan dezan.

3.– Etxebizitzako Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2010eko abenduaren 17ko ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Basauriko udalerriko N.1-1 Sarratu eremuko 90 etxebizitza sozialeko sustapen horrek. Sustapena Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) sozietate publikoak sustatzen du, EB2-1266/10-EC-000 espediente-zenbakiarekin. Etxebizitza horietako 4, hiru logelakoak, mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta daude. Gainerako 86 etxebizitzetatik hamar logela bakarrekoak dira, hirurogeita hamar bi logelakoak dira; eta hamar, hiru logelakoak. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

4.– Sustapen horretako etxebizitzetatik 50 esleipen-prozedura orokorretik kanpo utziko dira, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Basauriko Udalak 2008ko abenduaren 10ean sinatutako lankidetza-hitzarmenean. Kanpo utziko diren etxebizitzak, behin-behineko kalifikazioaren arabera 2-3-4-5-6-7-8-9-10-11-12-13-14-15-16-17-18-19-20-22-23-24-25-26-27-28-29-30-32-33-34-35-36-37-38-39-40-42-44-45-51-52-53-54-55-56-57-66-76-86 zenbakiak dauzkatenak izango dira. Haietatik 5 eta 15 zenbakiak dauzkatenak mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta daude.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala xedatuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoan.

2.– Lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko, bizikidetza-unitatea osatuko duten titularretako batek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, kasuan kasuko araudian xedatutako gutxieneko antzinatasuna duela, betiere Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

3.– Babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan xedatutakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia; betiere, amaituta egon behar du zergaldi horri dagokion aitorpena egiteko epeak, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitekoak.

5.– Lehenago aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden alokairuko eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.

Alokairu-araubidean egokitutako etxebizitza bat eskatzen duten mugikortasun mugatuko desgaituek aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan egindako esleitze-prozeduretan parte hartzeko.

6.– Agindu horretan bertan zehazten denez, prozeduran parte hartzea borondatezko izango da, eta prozedurari hasiera emateko aginduan finkatutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.

7.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluari jarraituz, etxebizitzak, esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Basauriko udalerriko 90 etxebizitza sozialen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Bilbao metropolitanoko eskualde egituran dago. Etxebizitzetatik 50 esleipen-prozedura orokorretik kanpo utziko dira, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Basauriko Udalak 2008ko abenduaren 10ean sinatutako lankidetza-hitzarmenean.

Kanpo utziko diren etxebizitzak, behin-behineko kalifikazioaren arabera 2-3-4-5-6-7-8-9-10-11-12-13-14-15-16-17-18-19-20-22-23-24-25-26-27-28-29-30-32-33-34-35-36-37-38-39-40-42-44-45-51-52-53-54-55-56-57-66-76-86 zenbakiak dauzkatenak izango dira. Haietatik 5 eta 15 zenbakiak dauzkatenak mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta daude.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-araubidean izena emanda daudenek, betiere hurrengo paragrafoetan xedatutako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Basauri izan beharko da, horrela jasotzen baita 2008ko abenduaren 10ean sinatutako Hitzarmenaren zortzigarren klausulan.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek 2 urtez Basaurin erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Basauriko Udalak 2012ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza hitzarmeneko seigarren klausulan.

Seigarrena.– Egiaztatu beharko da 2013. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 25.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatuko desgaitasuna edo desgaitasun psikikoa edukiz gero, edo genero indarkeriaren biktima izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.

Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-erregimenean altan badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2015eko apirilaren 15a eta 28a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Gran Vía 85, 6. solairua, 48011 Bilbao.

– Aurrez aurre: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua, Gran Vía 85, behea, 48011 Bilbao.

– Bidebi: Agirre Lehendakaria 61, behea, 48970 Basauri.

Zortzigarrena.– Lehenago aipaturiko Hitzarmenean jasotzen denaren arabera, esleitu gabe geratzen diren etxebizitzak, lehenik eta behin, 2 urteko antzinatasunik gabe Basaurin erroldatuta dauden gainerakoen artean esleituko dira eta azkenik erroldatuta ez dauden etxebizitza eskatzaileen artean. Pertsona edo bizikidetza-unitate horiek horretarako xedatuta dauden baldintzak bete beharko dituzte eta esleipen-prozeduran parte hartzeko interesa adierazi 2015eko apirilaren 15a eta 28a bitartean (biak barne).

Bederatzigarrena.– Etxebizitzetatik 2 (hiru logelakoak) egokituta daude mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat. Etxebizitza horiek mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duen pertsona bat kide duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek hurrenkera honi jarraituz esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie; gero, bi makulu nahitaez erabili beharra duten pertsonei; eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Esleitu gabe geratzen diren etxebizitza egokituak, halakorik baldin bada, mugikortasun mugatu iraunkorreko desgaitasuna duen pertsonarik kide ez duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazia badute.

Hamargarrena.– Esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira etxebizitzak, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluan jasotzen denaren arabera, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik. Barematzerakoan kontuan hartuko dira agindu hau argitaratzen den egunean espedientean behar bezala egiaztatuta dauden inguruabarrak. Artikulu horretan jasotzen diren barematzeko irizpideak, lehentasun-ordenaren arabera, honako hauek dira:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna. 5 puntu emango dira antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko. Gehienez 40 puntu 8 urte edo gehiagoko antzinatasuna duten eskaeretarako, eta gutxienez 5 gutxienez urtebete eta gehienez bi urteko antzinatasuna duten eskaeretarako.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua. Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira; horretarako, hauek baino ez dira kontuan hartuko: titularrak, horien seme-alabak eta etxean erroldatuta dauden edo bisita-araubidea judizialki onartuta duten horien legezko tutoretzapeko edo familia-harrerapeko pertsonak. Gehienez 30 puntu 6 kide baino gehiagoko eskaeretarako eta gutxienez 5 puntu kide bakarreko eskaeretarako.

c) Diru-sarrerak: gehienez 20 puntu emango zaizkie 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei eta mugikortasun mugatua, desgaitasun psikikoa edo genero indarkeriaren biktima izaera aitortuta, 0 eta 3.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei.

d) Erroldatzea: 10 puntu emango zaizkie sustapenaren Basaurin erroldaturiko titular bat gutxienez duten espedienteei eta 5 puntu Bilbo metropolitanoko eremu funtzionalean erroldaturiko titular bat gutxienez duten espedienteei.

e) Etxebizitza-premia berezia. 10 puntu emango zaizkio etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularraren bat duten espedienteei. Adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonei dagokienez, 10 puntu emango zaizkie hori egiazta dezakeen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko kide direnei 10 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko, gehienez 30.

Eskaerak Etxebizitza Eskatzaile Erregistroan alokairu-araubidean sartzeko dataren bidez hautsiko dira berdinketak.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 27a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala