145. zk., 2014ko abuztuaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (321 KB - 23 orri.)
- EPUB (246 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3448
EBAZPENA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2014ko deialdia, zeina Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu baitzen.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran harturiko erabaki bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2014ko deialdia onartu du, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2014ko deialdia, zeina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu baitzen, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran, eta ebazpen honen eranskin gisa baitator.
Bigarrena.– Diru-laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEK PRESTAKUNTZAKO ESTRATEGIA-EKINTZAK EGITEKO LAGUNTZA EKONOMIKOETARAKO 2014KO DEIALDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa (zeina 1995eko irailaren 27an sinatu baitzen) eta ondoren izenpeturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakiriko eredua onartu zuen, eta alderdiek onetsiriko betekizunak zehaztu ziren.
Hiruko Akordioaren bitartez, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, honako hauek bere gain hartzeko helburuarekin: batetik, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak, eta, bestetik, enpresen, langileen eta ikastetxeen artean etengabeko prestakuntzarako interesa bultzatzeko ardura, baita jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkorrena izateko baldintzak sustatzekoa ere.
Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketako azpisistema.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, eta dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea ere biltzen du funtzio horrek, 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan ezarrita dagoenez. Enplegurako prestakuntzaren barruan, lehentasunez pertsona landunei zuzenduriko prestakuntza dago, bai eskatzen dena (enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak), bai eskaintzen dena (lehentasunez langile landunei zuzenduriko prestakuntza-planak).
Langile landunei lehentasunez zuzenduriko enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.
Prestakuntza, langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateko tresna izateaz gain, aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio estrategiko bat da, eta, hori dela-eta, funtsezko tresna da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.
Testuinguru horretan, erabaki honi esker finantzaketa ezartzen zaien prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzeko prestakuntza-ekintzak programa ditzaten ahalbidetzen da.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran harturiko erabaki bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2014 deialdia onartu du, honako hauei jarraikiz:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek programaturiko prestakuntza-ekintzak (prestakuntzako estrategia-ekintzak) egiteko laguntza ekonomikoen oinarriak ezartzea, 2014rako. Ekintza horiek EAEko enpresen langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzera bideratuta egongo dira.
Enpresatzat joko da jarduera ekonomiko bat egiten duen entitate oro, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa eta finantziazio-modua.
Estrategia-ekintzak dira enpresaren proiektuari zuzenean lotuta daudenak, eta premien diagnostiko batean edo antzeko agiri batean oinarrituta egon daitezkeenak, hots, aurkezturiko ekintzen lehentasuna zein den eta ekintza horiek zein langileri zuzentzen zaizkion adierazten duen dokumentu batean.
2.– Deialdi hau finantzatzeko, 3.870.000 euro erabili ahal izango dira, gehienez; horietatik, 1.702.800 euro 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.167.200 euro, aldiz, 2015eko konpromiso-kredituari.
Laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu zenbatekoa, edo, indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartuz gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izango balitz, horren berri emango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Deialdi honetan bilduriko laguntzak ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza berberak egiteko laguntzen onuradunek jaso ahalko duten beste edozein diru-laguntza publikorekin.
4.– Dena den, deialdi honetan bilduriko diru-laguntzak etengabeko lanbide-prestakuntzako estatuko egungo ereduaren barruan aurreikusiriko hobariekin osagarriak direla bermatuko da.
– Horri begira, estatuko hobari-sisteman agortu beharko dute enpresek ekitaldirako kreditu erabilgarria, eta bestela, agortu gabeko kredituaren kopurua azken diru-laguntzatik deskontatuko da.
– Gainera, egikaritzeko diru-laguntza eskatzen duten ekintzek estatuko ereduan hobaririk jasotzen ez dutela bermatu beharko dute enpresa eskatzaileek.
Bikoiztasunak eta prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihesteko, deialdi honetan eskatzen dizkieten puntu guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek.
5.– Lehia-, publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak kontuan izanda emango dira laguntza horiek.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Deialdi honetako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako sustatzen diren prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaizkie.
2.– Deialdi honetan bildurikoaren araberako enpresa eta enpresa taldeak dira laguntzen onuradun, eta haietako langileek parte har dezakete prestakuntza-ekintzetan.
3.– Honako kolektibo hauek ere diru-laguntzak jaso ahalko dituzten prestakuntza-ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute:
1) Lan elkartuko kooperatibetako bazkide diren langileak, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) kotizatzen dutenak, elkarte horietako estatutuek hori xedatzen badute.
2) Enpresari zuzenean loturiko langileak eta Legearen arabera besteren kontura kontratatu ezin direnak, nahitaez Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatu behar dutenak (administratzaileak, senitartekoak).
3) Gizarte Segurantzaren Nekazaritza Araubide Berezira (GSNAB) edo itsasoko langileen Araubide Berezira bilduriko langileak.
4) Langile autonomoak.
5) Landun ez direla ere, honako egoera hautakoren batean daudenak:
– Denbora partzialean lan egiten duten langileak (finko aldizkakoak), lanik egiten ez duten aldietan.
– Prestakuntzaldian daudenean langabeziara igarotzen diren langileak.
– Enplegu-etenaldietan enplegu-erregulaziora bilduriko langileak.
Salbuespen gisa, nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen kasuan, eta betiere behar bezalako justifikazioarekin, laguntzaren enpresa onuradunarekin loturiko enpresei dagozkien langileek parte hartu ahalko dute finantzaturiko prestakuntza-ekintzetan. Horri begira, hirugarren herrialdeetan benetan ezartzeko prozesuak nazioartekotze-prozesuak dira.
4.– Ezin izango dute onuradun izan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluaren 5. idatzi-zatian ezarritako kausaren batean sartuta daudenak.
5.– 2014ko deialdi honetan finantziazioa jaso ahal izango dute 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko ekainaren 30era arte egiten diren prestakuntza-ekintzek. Minimis erregelaren barruan sar ezin daitekeen diru-laguntza bat bada (1407/2013 Erregelamendua), eskabidea egin eta gero eman behar zaie hasiera ekintzei (Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren eragin pizgarria).
6.– Deialdi honetako 9.II artikuluan ezarritako irizpideen arabera, 30 puntuko gutxieneko puntuazioa merezi duela egiaztatzen ez duen ekimenik ez da finantzatuko.
3. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.
1.– Deialdi honi dagokionez, prestakuntza-ekintza irakasteko eta ikasteko prozesua da, enpresaren prestakuntza-proiektuaren barnean sartzen dena (Prestakuntza Plana), eta helburu, eduki eta iraupen sistematizatuak dituena, parte-hartzaile guztientzat erkideak.
Ez dira finantzatuko nagusiki prestakuntza-prozesu bat (irakaskuntza-ikaskuntza) garatzea bilatzen ez duten ekintzak, hots, enpresaren produkzio-prozesuarekin zuzenean loturiko gaitasun eta kualifikazioak hobetzea helburutzat duen prestakuntza-prozesu bat garatzea bilatzen ez dutenak.
2.– Oro har, prestakuntza-ekintzek (izan banakakoak, izan taldekakoak) iraupen hau izango dute parte-hartzaileko: gutxienez, 6 ordu, eta gehienez, 270 ordu. Muga horri salbuespena ezar dakioke, betiere, horretarako premia dagoela justifikatzen bada. Prestakuntza-jarduerek, zeinahi delarik ere modalitatea, egunean 8 ordu iraungo dute, gehienez.
3.– Prestakuntza-ekintzak ondorengo modalitate hauetako batean eman behar dira: presentziala, ez presentziala edo mistoa.
a) Prestakuntza presentzialtzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle talde bati ezaguera berberak trasmititzen dizkietenean, aldi berean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.
b) Prestakuntza ez-presentzialtzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko, eta horrela erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.
Prestakuntza ez-presentziala teleprestakuntza bidez eman ahalko da soilik, eta ekintzarako proposaturiko ordu kopurua behar bezala justifikatu beharko da. Salbuespen gisa, urrutiko modalitate ez-presentziala eskatu ahalko da, aldez aurretik beharrezkoa dela justifikatuta, eta materiala bidaltzeko prozedurak, tutoretza presentzialak edo ez-presentzialak, jarraipen-kontrolak eta irakaskuntza programatuak eskatzen dituen probak zehaztuta.
b.1.– Prestakuntza ez-presentziala ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da.
b.2.– Deialdi honi begira, prestakuntza ez-presentzialtzat joko da Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza. Baliabideetako Ikastetxetzat joko da norberak erabil dezakeen ekipamendu didaktiko jakina duen instalazioa; parte-hartzaileak bertara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, bertan, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.
b.3.– Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak:
1) Prestakuntza egikaritzeko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:
a) Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, bertan ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.
b) On-line eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren funtzionamenduari eta ikasleak –on-line prestakuntzaren jarraipenerako– egin behar dituen oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa, zeina deskargatu eta off-line kontsultatu ahalko baita.
c) «On-line» ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin, honako eskakizun hauek ere beteta:
– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak bildu behar ditu.
– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzea ahalbidetu behar die, ikastaldiaren etapa guztietan berdin atxikiko den plataformaren banda-zabalera ahalbidetuta.
d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.
e) Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.
f) Edukiak editatzea eta aldatzea.
g) Astean, 7 egunez eta 24 orduz erabilgarri izatea.
2) Honako komunikazio-tresna hauek ere eduki beharko ditu:
a) Foroak: foro anitzak eta aldiberekoak ireki, itxi eta kategorizatzeko aukera, eta gutxienez 4 Mbs-ko fitxategiak igotzeko aukerarekin.
b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko gutxienez txat-kanal bat irekitzea.
c) Mezu elektronikoak, tutoreak jasotako guztiak antolatzeko eta etiketatzeko aukera dutela, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukera ere.
d) Ekitaldien egutegia: egutegi bat behar da, ikastaldiak hartzen dituen hilabeteena, pertsonalizatua eta interaktiboa.
e) Informazio-eremua: tutore eta ikasleek ikastaldiari buruzko informazioa editatzeko aukera, (albisteekin eta webguneekin loturiko informazioa).
f) FAQak: galderarik ohikoenei buruzko informazioa.
g) Linean dauden erabiltzaileak: une oro ikusiko da zein ikasle dagoen konektatuta.
h) Lan-taldeak: beharrezkotzat jotzen diren lan-talde guztiak sortzeko aukera.
i) Kalkulaturiko denborekin ebaluazio objektiboak sortzeko aukera.
3) Honako baldintza hauek bete beharko dira plataforma administratzeko:
a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea, non Lanbidek aditzera emango baitu jardueraren finantzaketak izaera publikoa duela.
b) Backupak periodizitate nahikoa izango du sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatzeko.
c) Ikasleen erregistroak, baita egiten dituzten jarduerenak ere, eta txostenen edizioa.
d) Baimena (dagokion klabea emanda), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat eta Hobetuzentzat, erakunde horren entitate laguntzaile gisa, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena burutu dezaten.
e) Plataformaren kudeaketa-gida bat edukitzea.
f) Laguntza teknikoa arazoak konpontzeko, 24 orduan erantzuteko ahalmenarekin.
g) Bideoko, audioko eta bit-mapen irudiko formatuei euskarria ematea, multimedia formatuan edukiak eskaintzeko moduan ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduerekin.
4) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa garatzen duten prestatzaileen jardunaren plangintza izan beharko du erakunde onuradunak.
b.4.– Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileen baldintzak eta funtzioak:
Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia beharko dute izan modalitatean.
Teleprestakuntzako modalitatearen jarraipena eta kalitatea bermatzeko, 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzen kasuan, gutxieneko dedikazio hau ezarriko da tutore-prestatzailearentzat, prestakuntza-ekintzaren plangintzan: 30 ikasleko, astean 10 ordu.
Dena den, eta 10 ordutik beherako prestakuntza-ekintzei dagokienez, tutore-prestatzailearen dedikazioa ikasleko gutxienez 20 minutukoa izango dela bermatuko da.
Parte hartzen duten 70 ikasleko, tutore bat izan beharko da, gutxienez.
Tutore-prestatzailearen funtzioak honako hauek izango dira, gutxienez:
a) Prestakuntza-taldeko ikasleen harrera-plana garatzea, prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera.
b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak egitean, materialak erabiltzean eta ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnak erabiltzean, prestakuntza-ekintzetan aurreikusiriko ahalmenak eskura ditzaten.
c) Ikasleen partaidetza sustatzea gogoeta- eta debate-jarduerak proposatuz, banakako zereginak eta talde-lana antolatuz eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.
d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, eta zalantzak argitzea eta arazoak konpontzea, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bidez, betiere, aurreikusitako plangintzari atxikita.
e) Parte-hartzaileak ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea, eta dagozkion ebaluazio-proben antolamenduan eta garapenean parte hartzea.
f) Prestakuntza-jarduerak antolatzeko, kudeatzeko eta garatzeko ardura duen gainerako taldearekiko koordinazioa eskatzen duten jarduera guztietan parte hartzea.
g) Prestakuntza mistotzat jotzen da, prestakuntzaren irakaskuntza modalitate presentzialaz eta ez-presentzialaz baliatuz ematen den prestakuntza, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den orduen ehunekoan.
4.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.
5.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzaren kasuan, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusiriko baldintzak bete behar dituzte parte-hartzaileek. Era berean, ikastetxeak hautaketa-proba bat egingo du beharrezkoa den prestakuntza-ekintzetan. Horrela, ekintzaren probetxua ziurtatuko da, eta kualifikaziora bideraturiko ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko ezagueren benetako maila finkatuko da, lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailetako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluen prestakuntzara sartzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak barne, hala badagokio.
6.– Langile batek gehienez 270 prestakuntza-ordu jaso ditzake, salbu eta ekintza bakarrean parte hartzen badu eta ekintza horren muga salbuespentzat hartu bada, artikulu honetako 2. idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.
7.– Prestakuntza-ekintzak eman ahalko dituzte enpresak kontratatutako kanpo-agenteek (kanpo-prestakuntza) edo behar bezala gaituriko barne-agenteek (barne-prestakuntza).
Enpresak prestakuntza-ekintzak egiteko kanpo-agenteak kontratatzen dituenean, hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, hornitzaileen aukeraketak eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei erantzun diela bermatzeko, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusiriko kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.
8.– Prestakuntza-ekintzek –osorik edo partez– barne-prestakuntza hartzen dutenean, ikaskuntza-prozesu sistematizatua izateko moduan diseinatu eta egituratu beharko da aldez aurretik prestakuntza hori.
9.– Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-ekintzak, Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan akreditatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eman beharko dituzte, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak akreditatutakoek, Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza emateko.
Zentroetako instalazioetan burutuko dira prestakuntza-ekintza horiek.
Akreditatu gabeko zentroak eta 2013ko ekitaldiaren ondoren argitaratutako profesionaltasun-ziurtagiri berriei buruzko prestakuntza-ekintzak emango dituztenak Lanbidek akreditatuko ditu «Erantzukizunpeko Aitorpenaren» prozeduraren bidez, zeina zentroaren legezko ordezkariak sinatu beharko baitu, eta eskaerarekin batera aurkeztu. Deialdi honetarako egingo da hori, modu ez ohikoan eta behin-behinekoan. Erantzukizunpeko Aitorpen horretan bilduriko puntuen egiazkotasuna egiaztatu beharko du erakunde eskatzaileak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langile teknikoek frogatu beharko dute, diru-laguntza eman aurretik.
Teleprestakuntzako modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak emateko, Estatuko Enplegu Zerbitzuaren egiaztapena beharko dute zentroek.
4. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzak 2. artikuluko enpresek eskatu ahalko dituzte, betiere 35 langileko edo gehiagoko plantilla badute.
Salbuespenez, diruz lagundu ahal izango dira plantilla horretara iristen ez diren enpresek aurkezturiko planak. Kasu horietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Hobetuzek proposatuta, prestakuntza-plana burutzeko duen gaitasuna aztertuko du, eta arrazoiak emanez ebatziko du.
2.– Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresa-taldeek ere laguntzak eskatu ahalko dituzte. Enpresa-taldea izateko, sozietate guztiek izan behar dute euren artean, gutxienez, lotura hauetakoren bat:
a) Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa dauka.
b) Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza- edo kontrol-organoaren kideen gehiengoa izendatzeko edo ezeztatzeko eskubidea dauka.
c) Enpresa batek beste batekiko eragin menderatzailea izateko eskubidea dauka, harekin egindako kontratu bat edo bigarren enpresaren estatutu-klausula bat betez.
d) Enpresa batek (akzioduna zein beste bati elkartua) berak bakarrik kontrolatzen du bere akziodunen boto-eskubideen gehiengoa, beste akziodun batzuekin edo bigarren enpresaren bazkideekin egindako akordio bat betez.
Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izan daiteke eskaeraren titularra.
3.– Dena den, enpresa berak ezin izango du laguntza-eskaera bat baino gehiago aurkeztu deialdi honen barruan.
5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena:
1.– Hobetuzek bere web-orrian jarriko dituen eredu normalizatuetan beteko dira eskaerak: www.hobetuz.com
2.– Hobetuzen egoitzetan aurkeztu beharko dira eskaerak.
– Arabako Lurralde Egoitza, Dato 14-6. zenbakiak, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.
– Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia 35. zenbakia, 6. solairua, 48009 Bilbao.
– Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola 4. zenbakia, 1. solairua, 20007 Donostia.
Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.
Eskaerak paper-euskarrian eta Hobetuzek www.hobetuz.com web orrian eskainitako informatika-euskarrian beteko dira. Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.
3.– Eskaerak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean irekiko da, eta 2014ko irailaren 19an amaituko da.
6. artikulua.– Eskaeraren betekizunak.
Honako hauek jaso beharko dira diru-laguntza eskaeran:
1.– Eskatzailearen izen soziala, IFK, Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko Hitzarmen Kolektiboa eta batez besteko plantilla, deialdi hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko hamabi hilabeteei dagokiena. Dokumentazio hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.
2.– Enpresa-taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztiek parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute (2A eranskina, Hobetuzen web orrian izango da eskuragarri).
3.– Aurkeztutako proiektuaren ardura hartzeko enpresak izendatu duen pertsona.
4.– Jarraian azaltzen diren dokumentuak ere aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdietan Hobetuzen eskura utzi ez badira, edo aldatu egin badira, aldez aurretik aurkeztutakoekiko:
a) Planaren titularraren zerga-identifikaziorako txartelaren fotokopia.
b) Ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioaren originala, kopia konpultsatua edo kopia (Hobetuzek konpultsa dezan).
5.– Halakorik izanez gero, finantzaketa jaso dezakeen prestakuntza-planean aurkezturiko ekintzak biltzen dituen prestakuntza-premiak detektatzeko azterlana edo azterketa.
6.– Garatu beharreko prestakuntza-ekintzak deskribatzea, lehentasunak ezarriz, hau da, ekintzak egikaritzeari dagokionez lehentasunen ordena ipiniz; ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adieraziko dira, eta deialdi honi erantsitako inprimaki normalizatuetan zehaztutako banakatzea egingo da. Dena den, honako hauek jaso beharko dira:
a) Talde hartzaileak, kategoria edo talde profesionalen, lan-egoeraren eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-araubidearen arabera.
b) Prestakuntza-ekintzei dagokienez, zenbateko kostua aurreikusten den.
c) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia eta lan-orduen kopurua.
d) Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntza-erakundeak, tokia, instalazioak eta baliabideak.
e) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.
f) Harremanetarako pertsona eta programaturiko prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta jarraian prestakuntza-programak ebaluatzeko baliagarri izango diren irizpide eta metodologiak.
7.– 2013ko ekitaldian enpresak edo enpresek ordainduriko lanbide-prestakuntzako kuotaren urteko zenbatekoari buruzko erantzukizunpeko aitorpena, EAEn dauden lantokiei dagokienez.
8.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpena, edozein Administrazio Publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura baten eraginpean ez dagoela, edo, hala badagokio, eskatutako itzulketak egin dituela adierazten duena.
9.– Erakundeak zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana egiaztatzen duen ardurapeko aitorpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
10.– Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako prestakuntza ematen duten zentroak Euskal Autonomia Erkidegoan ez badaude Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan akreditatuta, edo 2013ko ekitaldiaren deialdiaren ondoren argitaraturiko profesionaltasun-ziurtagiri berriei buruzko prestakuntza-ekintzak eman behar badituzte, erantzukizunpeko aitorpen bat erantsi beharko du enpresa eskatzaileak –zentroaren legezko ordezkariak sinatuta–, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak emateko beharrezko baldintzak betetzeari buruzkoa.
11.– Beharrezkoa bada, prestakuntzan legearen edo hitzarmen kolektiboaren arabera dagokion inbertsioa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria, baita justifikazio-dokumentuak ere. Dokumentazio hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.
12.– Lantokien zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek zehaztuta: zer ekintzatan parte hartzeko asmoa duen, zer herritan kokatuko den, langileen eta benetako parte-hartzaileen guztizko kopurua, eta ordezkaritza sindikalik baduen edo ez.
13.– Aurkezturiko ekimenaren enpresa titularraren ziurtagiri egiaztagarri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen dutenak.
14.– Enpresa hartzekoduna konkurtsoko egoeran edo enplegu-erregulazioko egoeran dagoela frogatzen duen egiaztapena, hala badagokio.
15.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak estatuko ereduan aurreikusitakoekiko osagarriak direnez, eta diru-laguntzen/hobarien bikoiztasuna eta laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzen gainfinantziazioa saihestearren, eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, eta bertan adieraziko du ezein kasutan ez dutela izan edo izango hobaririk ekintza edo parte-hartzaile berberek estatuko sisteman bilduriko hobarien sisteman, eta jarduera bererako beste Administrazio Publiko batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko da, zenbatekoa ere adierazita. Ondoren gertatzen den edozein aldaketa Hobetuzi jakinarazi beharko zaio, zeinak egoki iritzitako erabakia proposatuko baitio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
16.– Langileen legezko ordezkaritzarako informaziorako eta kontsultarako dokumentua (3A eranskina, Hobetuzen web orrian izango da eskuragarri), behar bezala zigilatua eta sinatua.
17.– Nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen loturaren dokumentu bidezko egiaztapena.
18.– Hala badagokio, erantzukizunpeko aitorpena, eskaturiko diru-laguntzak (zenbatekoa kontuan izanda) minimis erregelaren barruan sar daitezkeela adierazten duena, betiere Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera (2013-12-24ko EBAO). Erregelamendu horren 2.2 artikuluaren arabera, enpresa-talde guztiak enpresa bakartzat joko dira.
19.– Erantzukizunpeko aitorpena, kanpo-zerbitzuen kontratazioan gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatzeko obligazioa betetzen dela dioena, baldin eta kontratuen zenbatekoak gainditu egiten badu Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa.
7. artikulua.– Langileei eman beharreko informazioari eta egin beharreko kontsultari buruzko baldintzak.
1.– Eskaera Hobetuzi aurkeztu aurretik, eskatzaileak informazioa emango dio Langileen Legezko Ordezkaritzari diru-laguntzarekin burutu nahi diren prestakuntza-ekintzei buruz. Horretarako, aurreko artikuluaren 5., 6. eta 7. idatzi-zatietako dokumentuen kopia osoa emango da, eta eskaeraren 3A eranskina betetzeko eskatuko da.
2.– Langileen Legezko Ordezkaritzak 15 eguneko epea izango du txostena egiteko, dokumentazioa jasotzen duen egunetik aurrera. Txosten hori (3C eranskina, zeinaHobetuzek emandako euskarri informatikoan izango baita eskuragarri) enpresari eta Hobetuzi helarazi ahalko die Langileen Legezko Ordezkaritzak.
3.– Ondorio horretarako, Langileen Legezko Ordezkaritza (LLO) planean parte hartzen duten lantoki guztiei dagokiena izango da. 3A eranskinak enpresa-batzordeak edo batzordeek edo langileen ordezkariek bidali beharko dituzte (dauden guztien % 51k, gutxienez).
Lantoki batean edo guztietan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat joko da xede guztietarako.
4.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Enpresako Langileen Ordezkaritzari igorri beharko zaio prestakuntza-ekintza horietako parte-hartzaileen zerrenda.
Hiru hilean behin, prestakuntza-planaren egikaritzapenari buruzko informazioa emango diete enpresek langileen ordezkariei.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Gehienezko guztizko laguntzak ezin izango du gainditu 1,5 aldiz enpresa handientzat eta 5 aldiz enpresa txikiagoentzat Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lanbide-heziketako kuotaren urteko zenbatekoa. Nolanahi ere, salbuespen izango dira enpresa kooperatibak, euren langile bazkideek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute; gehienezko guztizko laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko den diru-kopurua eragiketa honen ondoriozkoa izango da: enpresak daukan langile-kopurua bider 5 langile baino gehiagoko enpresa sortu berrietarako langile bakoitzeko ezarritako batez besteko hobaria (65 euro).
Laguntza kalkulatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko titularraren plantilla hartuko da kontuan.
2.– Eskatzaile bakoitzari ematen zaion diru-laguntzak gehieneko laguntzako izaera izango du, eta honela zehaztuko da:
a) Ordu kopurua parte-hartzaile kopuruarekin eta dagokion moduluaren zenbatekoarekin biderkatuz.
b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, eta finantza daitekeen gehienezko zenbatekoaren ehunekoa zehaztuko da, aurkeztutako eskaerak eta eskura dauden funtsen zenbatekoa ikusita ezartzen diren tarteak kontuan izanik.
c) Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak eman beharreko diru-laguntza guztiei erantzuteko beharrezkoak ez badira, banaketa proportzionala egingo da.
3.– Minimis erregela aplikatzen ez bada, diru-laguntza likidatzen den unean finkatuko da laguntzaren azken zenbatekoa, aplikatzekoa den erkidegoko araudian ezarritako gehienezko intentsitateak aplikatuta (I. eranskina).
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Honako irizpide hauei jarraikiz burutuko da planen balorazio teknikoa.
I.– Lehentasunezko irizpide orokorrak:
1.– Honako ezaugarri hauetakoren bati erantzuten dioten prestakuntza-ekintzek lehentasuna izango dute:
a) Prestakuntza-ekintzen jatorriari dagokionez:
– Izaera estrategikoko ekintzak, premien azterlan edo azterketaren batean justifikatuta.
– Lanaldia murrizteko, birmoldatzeko edo kontratuak aldi baterako eteteko prozesuen ondoriozko ekintzak.
– Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko helburua duten ekintzak.
b) Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez:
– Enpresa txiki eta ertainetako langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua izatea. Ildo horretan, lehentasuna izango dute EAEko enpresa txiki eta ertainek aurkezturiko prestakuntza-planek, arreta berezia emanez enpresa txikiek aurkezturiko prestakuntza-planei.
c) Ekimenen nondik norakoari dagokionez:
– Metodologiarengatik, edukiarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Enplegurako Prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.
2.– Deialdi honetan ez da lehentasunezkotzat jotzen izaera generikoa eta zeharkakoa duten prestakuntza-ekintzen finantzaketa, salbu eta justifikatuta eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta dauden kasuetan.
3.– Aurkezturiko ekintzen lehentasunezko tratamendua baliatu ahal izateko, eta eskaera-inprimakietan biltzen den informazioa alde batera utzita, eskatzaileak egokitzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia aurkeztu behar du.
4.– Ekintzei lehentasuna emateko kontuan harturiko baldintzak funtsean aldatzen badira ekintza egikaritzen den bitartean, lehentasunezko izaera dela-eta lorturiko finantzaketa gehigarria berrikusi ahalko da.
5.– Atal honetan bilduriko irizpideek guztira 35 puntuko balorazioa izango dute 100 punturen gain.
II.– Kalitate- eta koherentzia-irizpideak:
1.– Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia balioesteko, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Enpresaren prestakuntza-estrategia:
– Enpresak premiak aztertu eta detektatzeko azterlana egin izana, proposatutako prestakuntza-ekintzak deskribatzeko.
– Ekintza horiek enpresaren proiektuari loturiko prestakuntza-plan batean biltzea, zeinaren xede izan ahalko baitira honako hauek guztiak: inbertsio estrategiko berriak, enpresa barruko inbertsioak, ekipamendu berriak, sistema berrien ezarpena, merkatu berriak zabaltzea, enpleguetako balioaniztasuna, eta abar.
– Enpresak hausnarketa-prozesua abian jarri izana, prestakuntza-ekintza horien lehentasuna erabakitzeko.
– Aurrez aipatutako azterlanean aurkeztutako ekintza bakoitzaren deskribapena eta kokapena.
– Ekintza bakoitzarekin lortu nahi diren helburuak.
– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
– Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra.
b) Eskatzaileak proiektuan duen inplikazioa.
– Proiektua egikaritzeko baliabide propioak.
– Langileak ekintzen diseinuan inplikatzea.
– Eraginkortasuna hornitzaileak hautatu eta kudeatzerakoan.
2.– Atal honetan bilduriko irizpideek guztira 65 puntuko balorazioa izango dute 100 punturen gain. Atal honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskabideek ezin izango dute diru-laguntzarik lortu.
III.– Aurreko egikaritzapen- eta betetze-maila:
Balorazio teknikoan Hobetuzek argitaratu edota kudeaturiko aurreko deialdietan eskatzaileak egiaztaturiko egikaritzapen- eta betetze-maila hartuko da kontuan, eta gehienez 10 puntuz gehitu edo murriztu ahalko da balorazio teknikoa lorturiko guztizkoaren gain. Edonola ere, guztizkoa ez da inoiz izango 100 puntutik gorakoa.
10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.
1.– Prestakuntza-ekintza presentzialak.
a) Profesionaltasun-ziurtagiriei loturik ez dauden prestakuntza-ekintzei dagokienez, aurkeztutako prestakuntza-ekimenen balorazio ekonomikoa egiteko, modulu hauek aplikatuko dira (euroak/orduak/parte-hartzaileak):
(Ikus .PDF)
Modalitate presentzialaren kanpo-prestakuntzari buruzko modulu ekonomikoak ehuneko 50era bitartean areagotu ahalko dira prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, betiere, euren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, finantzaketa handiagoa behar badute.
Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren ehuneko 5.
b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, modulu ekonomikoa 8 eurokoa izango da.
2.– Prestakuntza-ekintza ez-presentzialak.
a) Profesionaltasun-ziurtagiriei loturik ez dauden prestakuntza-ekintzen kasuan, 7,5 euro/ordu/parte-hartzaile izango da moduluaren balioa, baldin eta prestakuntza ez-presentziala bada eta ikaskuntza-prozesua informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz garatzen bada (teleprestakuntza).
Salbuespen gisa, urrutiko prestakuntza onartzen bada, modulua 5,5 euro/ordu/parte-hartzaile izango da.
b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, modulu ekonomikoa 5 eurokoa izango da.
3.– Prestakuntza-ekintza mistoak.
Prestakuntza-denbora presentzialaren ordu/parte-hartzaile kostua 1. idatzi-zatian deskribaturikoaren arabera lortuko da. Prestakuntza-denbora ez-presentzialaren ordu/parte-hartzaile kostua 2. idatzi-zatian deskribaturikoaren arabera lortuko da. Ekintzaren guztizko kostua bi kostu partzialen batura izango da.
11. artikulua.– Izapidetzea eta ebaztea.
1.– Behin eskaerak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa; orobat, ohartaraziko dio ezen hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko du aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.
2.– Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu, dagozkion ebazpenak emateko.
3.– Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.
Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, baita parte-hartzaile kopurua eta ordu kopurua eta finantzaketa ere. Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren ondorioetarako, ebazpenak aipamena egingo dio eskatzaileak egin duen inbertsio-ahaleginari.
Interesdunak 10 eguneko epea izango du emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko, zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen unetik aurrera. Epe hori igarotakoan, eskaera atzera bota duela ulertuko da.
Era berean, ebazpena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan argitaratuko da, baita www.lanbide.net eta www.hobetuz.com web orrietan ere.
4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
5.– Ebazteko eta jakinarazteko gehienez 6 hilabeteko epea izango da, eta epe hori jakinarazpenik egin gabe amaitzen bada, eskaera atzera bota dela ulertuko da.
6.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du onuradunen eta emandako kopuruen zerrenda bat.
12. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.
1.– Ematen den diru-laguntza prestakuntza-planak egikaritzera bideratuko da, horretarako eskatu baita diru-laguntza.
2.– Deialdi honek finantzatzen dituen prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.
3.– Ekintza edo talde bakoitza hasi baino bi egun lehenago, titularrak ekintzari buruzko datu hauek eman behar ditu: non emango den, zein erakundek emango duen, eta zein egunetan eta zein ordutan gauzatuko den.
Gehienez ere bigarren prestakuntza-egunerako, parte-hartzaileei buruzko datuak jakinarazi beharko dizkio titularrak Hobetuzi.
Ikastaldia amaitu eta gehienez ere 30 eguneko epean, amaitu duten parte-hartzaileak adierazi beharko ditu titularrak, eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi.
Obligazio horiek betetzeko, titularren esku jarriko du Hobetuzek aplikazio bat bere web gunean (www.hobetuz.com). Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik 30 egun igarotzen direnean, eta prestakuntza-planaren egikaritzapena justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra izango da.
Obligazio horiek ez badira betetzen, Planaren egikaritzapena justifikatzen denean ez egindakotzat hartuko da dagokion prestakuntza-ekintza.
4.– Titularrek ekintza presentzialetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.
Prestakuntza-ekintza ez presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa landu beharko du titularrak.
5.– Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio, Hobetuzek ezarritako ereduaren araberakoa, eta bertan gutxienez adierazi beharko dira ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, hasteko eta amaitzeko eguna, eta jasotako prestakuntza-orduak, eta, hala dagokionean, ordu presentzialen eta ez-presentzialen kopurua adieraziko da.
Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzetan, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, zeina Hobetuzek eska baitezake, Lanbide-Euskal-Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera emango da.
Parte hartzeko ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta –gehienez ere– bi hilabeteko epean.
6.– Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen burutzapena behin bakarrik kontratatu ahalko du onuradunak. Debekatuta daude hornitzaileekiko kontratuak, baldin eta ordaindu beharreko kopurua azkenean lor daitekeen diru-laguntzaren ehunekoetan adierazten bada.
Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du zuzenean laguntzak behar bezala aplikatzea, eta jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunen behar bezalako garapena ziurtatu beharko du.
7.– Emakidaren ebazpena jaso ondoren, eta behar den aurrerapenarekin, laguntzaren onuradunak eskatu ahal izango du finantzatutako planean aldaketak sartzeko, finantzatutako ekintzen edukiari, moduari eta/edo egikaritzeko epeei eragiten badiete. Aldaketa-eskaera hori idazki bidez egingo da, eta behar bezala oinarritu beharko da. Aldaketa horiek Lanbideko zuzendari nagusiak onartu beharko ditu.
Parte-hartzaileen kopuruari edo irakaskuntzaren modalitateari eragiten dioten aldaketak direnean, baimendu ahal izango dira baldin eta ez badute murrizten hasierako eskaera kontuan izanez gero lortuko litzatekeen balorazio teknikoa.
13. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Hobetuz Fundazioak diru-laguntzaren ordainketa egingo du, Gizarte Segurantzarekiko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu ondoren, ordainketa bakoitza egin aurretik.
2.– Diru-laguntza bi ordainketetan emango da, eta honela egingo da:
a) Lehenengo ordainketa, hots, emandako diru-laguntzaren guztizkoaren % 44, ebazpena ematen denean. Lehen ordainketa hori 180.303,64 eurotik gorakoa bada, titularrak bankuko abala aurkeztu beharko du ordainketa egiteko, ebazpenarekin batera adieraziko diren jarraibideak kontuan izanik, edo bestela, plana egikaritzerakoan jada sortutako gastuen justifikazioa, eta justifikatu gabeko gainerakoak ez du gainditu behar kopuru hori.
b) Bigarren ordainketa bat, diru-laguntzaren gainerakoari dagokiona, Hobetuzen memoria justifikatzailea aurkezten denean eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.
14. artikulua.– Kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak.
Honako hauek hartzen dira kostu finantzagarritzat, prestakuntza-ekintza bakoitzeko bananduta:
a) Enpresatik kanpoko prestakuntza-zerbitzuak kontratatzeari dagozkion kostuak.
b) Prestatzaileen edo barne-prestatzaileen kostua.
c) Material suntsigarriaren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne.
«Teleprestakuntzaren» kasuan prestatzaileen eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotz dakizkiekeen kostuak dira finantzagarriak: gehienez, ekintzaren guztizko kostuaren ehuneko 10.
d) Material didaktikoen kostua.
e) Prestakuntza-fasean dauden langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira, eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.
f) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi beharreko proportzioan, eta instalazio eta ekipamenduen alokairuak, prestakuntza-ekintzen garapenari egotzi beharrekoak.
Era berean, kostu finantzagarritzat hartzen da kudeaketa-kostua (prestakuntza-ekintzak abian jarri eta garatzea), eta gehienez ere gainerako kostu finantzagarrien % 10 izango da. Kostu hori behin bakarrik egotziko zaio finantzatutako proiektu orokorrari.
Industria-inbertsio ezohiko edota estrategikoetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan, betiere langileen kualifikazioa badakarte teknologietan edo produkzio-prozesu berritzaileetan, EAEtik kanpora egin behar badira (Euskadik arlo horretako prestakuntza-eskaintzan gabezia duela frogatu delako), langile horien bidaiak edota egonaldiak sorturiko zeharkako kostuak ere kontuan hartu ahalko dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.
1.– Diruz lagundutako Prestakuntza Plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egikaritzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte onuradunek. Horretarako, deialdi honetan bilduriko kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak hartuko dira kontuan, eta, halaber, baterako finantzaketa pribatuaren ondorioetarako, Prestakuntza Planeko parte-hartzaileen langile-arloko kostuak, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 31. artikuluak ezarritakoaren arabera. Fakturen edo zuzenbidean baliozkoak diren froga-dokumentuen bidez justifikatuko dira kostuak. Dokumentu horiek nahikoa xehetasunez banandu beharko dituzte azalpenak funtsak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarri guztiak identifikatzeko.
2.– Laguntzen likidazioa modu proportzionalean egingo da, prestakuntza-ekintzak amaitu dituzten parte-hartzaileen eta egindako ikastorduen kopuruarekiko, betiere, prestakuntza ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera (kostu/ordu/ ikastaldi).
Prestakuntza gauzatu ondoren diru-laguntza zehaztu ahal izateko, ekintza presentzialetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada. Halaber, modu ez-presentzialean emandako prestakuntza-ekintzei dagokienez, ekintza amaitutakotzat joko dira ikaskuntzaren jarraipenerako aldizkako kontrolen % 75, behintzat, egin dituztenak, eta Hobetuzen web orrian –onuradun eta parte-hartzaile guztientzat– argitaratuko diren baldintzak betetzen dituztenak, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean.
3.– Azken likidazioa egiteko, onuradunak honako hauek bete eta Hobetuzera igorri beharko ditu, haren web-orrietan eskuragarri dauden eredu normalizatuetan, beranduenez ere, 2014ko irailaren 15erako:
a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (egikaritzea).
b) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.
c) Erantzukizunpeko aitorpena, deialdi honetan aurkeztu gabeko ekintzak direla-eta estatuko sisteman egindako hobariei buruzkoa (EAEko lantokietara atxikitako langileei dagozkien ekintzak).
Prestakuntza Planaren likidazioa egiterakoan, eta diruz lagundutako proiektuari eslei dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, Hobetuzek kontuan hartuko du Estatuko ereduaren arabera enpresa bakoitzari –EAEko langileei dagokienez– 2014an hobari gisa dagokion gehienezko zenbatekoa, eta 2014ko ekitaldian langileen etengabeko prestakuntzagatik enpresak hobari gisa jasotako zenbatekoa, eta, azkenean, plan bakoitzari esleitzen zaion azken diru-laguntzari Estatuko sisteman kontsumitu ez den kreditu kopurua kenduko zaio.
d) Hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela egiaztatzen duen dokumentazioa, baita gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete izana egiaztatzen duena ere, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.
e) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak dituzten entitateek (zeinahi delarik ere modalitatea), erantzukizunpeko aitorpen bat erantsi behar dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako prestakuntzaren ebaluazioari buruzko dokumentazioa eman izana adierazten duena (ikasleek lortutako emaitzak jasotzen dituzten agiriak, ebaluazio-txostenak eta -aktak,...), hala eskatzen baita profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko araudian.
4.– Egikaritze-ziurtagiriak behar bezala bete eta aurkezten dituzten parte-hartzaileak bakarrik hartuko dira aintzat, deialdi honen 12.3 artikuluan adierazten den parte-hartzaileen zerrendan sartuta daudenak.
5.– Aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, diru-laguntzaren azken likidazioko ebazpena emango da.
Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, dagokion itzultze-espedientea bideratuko da, deialdi honen 18. artikuluari jarraikiz.
6.– Behin betiko likidazioa jakinarazi eta 20 egunen barruan, emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagirien originalak aurkeztu beharko ditu onuradunak, edo, horiek ezean, fotokopia konpultsatuak aurkeztuko ditu.
7.– Diru-laguntzaren azken likidazioa egin eta 4 urteko epean, gorde egin behar dituzte onuradunek diru-laguntzaren xede den jarduera egin izanaren eta jasotako funtsak erabili izanaren justifikagiriak.
Diru-laguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, dokumentazio horren kopia bidali behar du Hobetuzera, epea amaitu baino lehen.
16. artikulua.– Laguntza-eskubidea eskuratzeko eta eskubide horri eusteko baldintzak.
Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta gordetzeko, onuradunak honako obligazio hauek bete beharko ditu:
– Aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli izana, horretarako errekerimendua egin bazaie.
– Hobetuzi jakinaraztea enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak –legez, hitzarmenez edo beste edozein xedapenez– behartuta ote dauden diru-baliabideak eskaintzera, prestakuntza egiteko. Kasu horretan, laguntzak ez du esan nahiko horretarako eskainiko diren diru-baliabideak murriztu behar direnik.
– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horregatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.
– Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.
– Argitalpenetan edo onarturiko ekimenaren bestelako komunikabide eta hedabideetan jasotzea 2014ko deialdian –prestakuntzako ekintza estrategikoei laguntzeko– eginiko ekintzak direla, eta Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logotipoak horietan sartzea.
– Hamazazpigarren oinarrian ezarritako kontrol eta jarraipenerako jardunak onartzea.
17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Hobetuzek, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako erakunde eskudunek burutzen dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunak onartuko dituzte onuradunek, lokal eta instalazioetarako sarbidea eta parte-hartzaileekin, Langileen Lege Ordezkaritzako kideekin eta elkarrizketarako beharrezko iritzitako gainerako pertsonekin harremanetan jartzea ahalbidetuz.
2.– Kontrol-jarduera hauek onartzeko obligazio horren esparruan, onuraduna behartuta dago honako honetara:
– Finantzaturiko ekintzak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzea eta igortzea ere; 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Errekerimendu horiek estatuko ereduaren barruan hobaria jaso duten ekintzei buruzkoak ere izan daitezke.
– Hobetuzi jakinaraztea beste erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak –deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak– eskatu direla edo eskuratu direla.
3.– Hobetuzek, deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera eta diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko benetako baldintzak egiaztatzera zuzendutako Auditorien Urteko Plana ezarriko du. Plan horretan sartuko dira Hobetuzek –egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera– aukeratuko dituen espedienteak. Era berean, Ikuskapen Planean sartuko dira behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritutako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak.
18. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
1.– Onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntzaren ordainketaren unetik, honako kasu hauetan:
– Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea.
– Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.
– Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
– Deialdi honetan zehaztutako beste edozein obligazio, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; eta hori guztia egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz.
3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Lanbideri, eskaera-idazkiarekin eta alegazioekin batera, eta, hala badagokio, alegazio horiek ebazteko proposamenarekin batera. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
4.– Borondatezko epea amaitu eta itzulketa gauzatu ez bada, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira.
19. artikulua.– Datuen tratamendu automatizatua.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskaera betetzean, ulertuko da ezen interesdunak baimena ematen duela datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatizatuetan sartzeko. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioan (Kale Nagusia 35, 6.a, 48009 Bilbao) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan balia daitezke.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erakunde laguntzailea izendatzea.
1.– Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatutako 52. artikuluak dioenez, diru-laguntzarekin edo laguntzarekin loturiko guztiak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz Fundación Vasca para la Formación Profesional Continua-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, laguntza hori ez da, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.
2.– Laguntzen deialdi hau finantzatzeko funtsak, 2014ko ordainketa-kredituari dagozkionak, emandako laguntzen guztizko zenbatekoaren % 44aren baliokide den gehienezko zenbatekoaz, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak (erakunde laguntzaile den aldetik), deialdi honen bidez iragarritako laguntzak emateko ebazpena hartu ondoren. Gainerakoa 2015eko ekitaldian transferituko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.
Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioak honako betebehar hauek izango ditu, deialdi honetan zehaztutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain:
1.– Funtsak azken enpresa onuradunen artean banatzea.
2.– Laguntzak aplikatu zaizkien prestakuntza-ekintzak egin izana justifikatzen duten agiriak eskatzea eta gordetzea, lau urtez.
3.– Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2015eko abenduaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako laguntzak, egindako ordainketak eta, oro har, funts horiekin egindako prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.
4.– Funtsen kudeaketa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jardueren eraginpean jartzea.
5.– Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdian bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, behin dagozkien ebazpenak eman ondoren.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.
Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta deialdi honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Betekizunak eskatzea.
Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ez da eskatuko deialdia argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileek denbora-arrazoiak direla medio bete ezin izan duten betekizunik.
Kasu horietan, honako agindu honetan ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira: Ebazpena, 2013ko maiatzaren 15ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia egiten da, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onarturikoa (2013-05-31ko EHAA).
I. ERANSKINA
LEHIARI BURUZKO EUROPAKO ARAUDIA ETA ETE-TZAT HARTZEA
Mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen (ETE) kategoria enpresa hauek osatzen dute: 250 langile baino gutxiago izanik, urtean gehienez 50 milioi euroko negozio-bolumena edo urtean gehienez 43 milioi euroko balantze orokorra dutenak.
ETEen kategorian, enpresa txikia honela definitzen da: 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez duen enpresa.
ETEen kategorian, mikroenpresa honela definitzen da: 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko kopurua gainditzen ez duen enpresa.
Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan definituriko «minimis» erregelak estal ditzakeen zenbateko txikiko diru-laguntzen kasuan izan ezik (2013-12-24ko EBAO), deialdi honen barruan finantzatuko diren prestakuntza-proiektuak Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari egokituko zaizkio, eta haren arabera, laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarri deklaratzen dira merkatu erkidean, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).
Horregatik, azkenean likidatzen den laguntza izango da benetako kostu hautagarri eta justifikatuen guztizkoari Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan definituriko gehienezko intentsitateak eta EAEko lurralde-esparruan aplikatzekoak direnak aplikatzearen ondorioz ateratzen dena (ondoren erakusten den taulan adierazita daude intentsitate horiek).
(Ikus .PDF)
Laguntzaren gehienezko intentsitateak ez du gainditu behar diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70.
Ehuneko horiek aplikatuko diren guztizko kostu hautagarriak kalkulatzeari begira, Prestakuntza Planeko parte-hartzaileen langile-arloko kostuak bilduko dira, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hobetuzen finantzaketa ez da beste laguntza publiko batzuekin metatuko, diruz lagungarriak diren kostu berberei dagokienez, metaketa horrek Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa baino intentsitate handiagoa eragiten badu.