Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2014ko abuztuaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3447

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2014ko ekitaldiko deialdia, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2014ko ekitaldiko deialdia, eta, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2014ko ekitaldiko deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2014ko uztailaren 28ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsi zuen deialdi hori, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN LANA DUTEN LANGILEEI LEHENTASUNEZ ZUZENDUTAKO ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZEN 2014KO EKITALDIKO DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude, 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpetutako Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta, azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak bere egiten zuen gizarte-eragileek erabakitako eredua eta zehaztu egiten ziren alderdiek onetsiriko betekizunak.

Hiruko Akordioaren bitartez, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, honako helburu hauek betetzeko: EAEn lanean ari diren langileen prestakuntza kudeatzea eta zuzentzea, enpresen, langileen eta ikastetxeen artean etengabeko prestakuntzarekiko interesa piztea, eta prestakuntza hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko baldintzak sustatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, lana duten langileei lehentasunez zuzenduriko prestakuntza dago, bai eskatutakoa –enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak–, bai eskainitakoa –lehentasunez lana duten langileei zuzendutako prestakuntza-planak.

Lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizialdi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.

Prestakuntza, langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, lehentasunezko balio estrategiko bat da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan, eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Testuinguru horretan, prestakuntza-ekintzen bitartez –erabaki honetan finkatzen da ekintza horien finantzaketa–, prestakuntza-eskaintza zabala egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langileei, enpresetan sustatutako prestakuntza-planak osatuko dituena edo, horiek ezean, prestakuntza-premiei erantzungo diena.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran, onartu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2014ko ekitaldiko deialdia, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntza-planak garatzeko 2014ko ekitaldiko laguntzak arautzea. Prestakuntza-plan horietan, hainbat prestakuntza-ekintza gauzatuko dira, helburu dutenak langileen gaitasuna eta kualifikazioa hobetzea eta banan banan berriro kualifikatzea.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 15.210.000 euro dira, eta horietatik 6.692.400 euro 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 8.517.600 euro 2015eko konpromiso-kredituari.

Laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu zenbatekoa, edo, indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartuz gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izanez gero, horren berri eman da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

3.– Ez dute finantzaketarik jasoko enpresa bakar bateko lanpostuetara aplika daitekeen irakaskuntza eskaintzen duten eta beste enpresa batzuetan erabili ezin diren kualifikazioak eskaintzen dituzten prestakuntza-ekintzek, ez eta nagusiki prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) bilatzen ez duten ekintzek ere.

4.– Deialdi honetako laguntzak, ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza horiek berak egiteko onuradunek jaso ditzaketen beste mota bateko laguntzekin.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke EAEn kokatuta dauden honako erakunde hauek:

– Prestakuntza-erakundeak eta unibertsitateak.

– EAEn Langileen Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Hitzarmena sinatu duten enpresa-erakundeak eta sindikatuak.

– Gizarte-ekonomian esanguratsuak diren konfederazioak, federazioak eta erakundeak.

– Langile autonomoen elkarteak.

– Sektorean ordezkaritza duten enpresa-erakundeak eta sindikatuak –betiere Sindikatu Askatasunaren 11/1985 Lege Organikoan eta Langileen Estatutuan ezarritakoarekin bat etorriz–, eta estatuko negoziazio kolektibo sektorialaren esparruan sortu eta babestutako erakunde parekideak.

Erakunde bat EAEn kokatuta dagoela ulertuko da, baldin eta EAEn lantoki finko eta operatibo bat badauka, hau da: lantokiak benetan jardunean egon behar du, eta diruz lagundu nahi diren ekintzak gauzatzeko bezainbeste baliabide material izan (azpiegitura, instalazioak eta tresneria); halaber, lantoki horretara atxikitako langileak nahikoak izango dira eta gaitasuna izango dute kasuan kasuko plana osorik kudeatzeko. Deialdi honen 13.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz prestakuntza-ekintzak kontratatzeko baimena duten erakundeak badira, finantzatutako prestakuntza-plana programatzeko eta koordinatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak izan beharko dituzte gutxienez.

Halaber, teleprestakuntza-modalitatean eskaintzen diren profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntzaren kasuan, onuradun izan daitezke Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak modalitate horretarako akreditatutako prestakuntza-erakundeak, baldin eta lankidetza-hitzarmen bat izenpetua badute EAEn kokatuta dagoen eta modalitate presentzialean halako ziurtagirietarako akreditatuta dagoen prestakuntza-erakunderen batekin.

2.– EAEko langile guztiek parte hartu ahal izango dute diruz lagundutako ekintzetan. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendetasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin erlazioan finantzatzen den prestakuntza-eskaintzan parte hartu ahal izango dute, betiere Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeetan egiten badute.

Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileek deialdi honen hirugarren artikuluko bigarren paragrafoko a) eta e) idatzi-zatietan aurreikusitako planetan parte hartu ahal izango dute, gehienez ere plan bakoitzaren parte-hartzaileen ehuneko 10eko proportzioan.

Deialdi honetan aurreikusitako ekintzetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langile langabeen parte-hartzea planean parte hartzen duten pertsonen % 40koa izango da gehienez. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira baldin eta trebakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakunde pribatuei ematen zaizkien laguntzak prestakuntza-premia bereziak dituzten edo lanbide-txertaketa edo birkualifikazioa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako berariazko programak finantzatzeko erabiliko dira. Ildo horretatik, parte hartzen duten langileen % 70ek honako talde hauetakoren batekoa izan beharko du nahitaez: enpresa txiki eta ertainetako langileak; emakumeak; terrorismoaren biktimak; genero-indarkeriaren biktimak; 45 urtetik gorakoak; kualifikazio txikiko langileak; desgaitasuna duten pertsonak; langabetu gazteak; iraupen luzeko langabetuak; edo gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskua dutenak.

3.– Finantzaketa jaso dezaketen ekimenak 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta gehienez ere 2015eko ekainaren 30ean amaituko dira.

3. artikulua.– Prestakuntza Planak eta Erakunde Titularrak.

1.– Prestakuntza Plantzat hartuko da prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen gaitasunak nabarmen hobetzen direla.

2.– Erantzun beharreko helburuak, prestakuntzaren esparrua edo izaera eta erakunde titularrak zein diren aintzat hartuta, prestakuntza-plan mota hauek ezartzen dira:

a) Sektore arteko prestakuntza-planak, langileei prestakuntza eskaintzen dietenak jarduera ekonomikoaren hainbat sektoretako zeharkako gaitasunetan eta gaitasun horizontaletan.

Prestakuntza-plan horien titularrak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-erakundeak eta unibertsitateak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketari buruzko Lanbide arteko Akordioa sinatu duten enpresa- eta sindikatu-elkarteak ere.

Prestakuntza-erakundeei dagokienez, beren Estatutuen helburuen artean prestakuntza barne hartu behar dute, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortuta egon behar dute prestakuntza-ekintza bilduta dagoen prestakuntza-espezialitateetan.

Era berean eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu ez baditu ere, deialdi honen helburuekin bat datorren prestakuntza-eskaintzaren bat egiten badute eta prestakuntza mota hori kudeatzeko nahikoa irakasle eta esperientzia egiaztatu badute. Adierazitako guztia justifikatzeko, eskaerarekin batera txosten bat aurkeztuko da, lortutako esperientzia justifikatuz eta eskura dauden baliabideen azalpena eginez. Txostenak hamaikagarren artikuluko a) idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera baloratuko dira, eta hiru ekitalditan egiten diren deialdietarako baliozkoak izango dira.

Era berean, mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalengana zuzendutako prestakuntzari dagokionez, prestakuntza-erakunde titularrak izango dira Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeak.

b) Sektoreko prestakuntza-planak, produkzio-sektore jakin bateko langileak gaitasun jakin batzuetan prestatzera bideratuak. Gaitasun espezifikotzat joko dira sektorekoak ez diren edo beste jarduera-sektore batzuetara eskualdatu ezin diren beste izaera bateko planetan eskuratu ezin direnak.

Plan hauen titularrak izan daitezke aurreko a) idatzi-zatian adierazitako erakundeak, dagokion sektorean ordezkaritza duten enpresa- eta sindikatu-elkarteak, eta estatuko negoziazio kolektibo sektorialaren esparruan sortu eta babestutako erakunde parekideak.

c) Produkzio-sektore berekoak izan gabe, kooperatiba, lan-sozietate eta gizarte-ekonomiako enpresa eta erakunde biko edo gehiagoko langileak eta bazkide-langileak barne hartzen dituzten prestakuntza-planak, betiere haien izaera juridikotik ondorioztatutako edo zeharkako izaera duten beharretatik ondorioztatutako prestakuntza-eskaerei erantzuten dietenak; Euskal Autonomia Erkidegoan nahikoa finkatuta dauden gizarte-ekonomiako konfederazioek, federazioek eta erakundeek titularizatu ahal izango dituzte plan horiek.

d) Langile autonomoei zuzendutako prestakuntza-planak; horien titularrak izan daitezke sektore arteko langile autonomoen elkarteak eta Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 21.5 artikuluan bildutako erakundeak, betiere EAEn egoitza iraunkorra eta operatiboa baldin badute. EAEn finkapen handiagoa duten autonomoak ordezkatzen dituzten elkarteek lehentasuna izango dute.

e) Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-planak, horien titularrak izanik prestakuntza-zentro publiko edo pribatuak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza emateko akreditatuta daudenak Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan (Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan) edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan. Titularrak kreditatu gabeak badira, edo profesionaltasun-ziurtagiri berriei lotutako prestakuntza-ekintzak, 2013ko ekitaldiko deialdiaren ondoren argitaratuak, emango dituzten titularrak badira, ezohiko moduan eta behin-behineko izaeraz deialdi honetarako, Lanbidek titular horiek kreditatuko ditu «Erantzukizunpeko Adierazpena» prozeduraren bitartez, eta adierazpen hori Zentroko Legezko Ordezkariak sinatu eta eskaerarekin batera aurkeztu beharko du.

Erantzukizunpeko Aitorpen horretan bildutako alderdiak egiazkoak direla egiaztatu beharko du erakunde eskatzaileak, eta, orobat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek aztertuko dituzte, diru-laguntza eman aurretik aztertu ere.

Teleprestakuntzaren modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak emateko, zentroek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren egiaztapena izan beharko dute.

4. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honen ondorioetarako, prestakuntza-ekintzatzat hartuko da helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakaste- eta ikaste-prozesua, langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzera bideratuta dagoena, baita horien lanbide-eguneratzea eta -espezializazioa hobetzera ere.

Ez dira finantzatuko nagusiki prestakuntza-prozesu bat (irakaskuntza-ikaskuntza) garatzea helburu ez duten ekintzak.

2.– Orokorrean, prestakuntza-planetan barne hartutako prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzeko. Salbuespen gisa, beste muga batzuk ezarri daitezke eskarian behar bezala justifikatzen denean. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.

3.– Prestakuntza-ekintzak honako modalitate hauetako batean eman behar dira: presentziala, ez-presentziala edo mistoa.

a) Prestakuntza presentzialtzat jotzen da, ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.

b) Prestakuntza ez presentzialtzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Prestakuntza ez-presentziala teleprestakuntza bidez eman ahalko da soilik, eta ekintzarako proposaturiko ordu kopurua behar bezala justifikatu beharko da.

b.1.– Prestakuntza ez-presentziala ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da.

b.2.– Deialdi honi begira, prestakuntza ez-presentzialtzat hartuko da Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza. Baliabideetako Ikastetxetzat hartuko da banakako ekipamendu didaktikoa duen instalazioa; parte-hartzaileak hara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, han, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

b.3.– Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak:

1) Prestakuntza gauzatzeko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:

a) Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.

b) On-line eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren eta ikaslearen beraren oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa, on-line prestakuntzaren jarraipena egiteko. Eskuliburua deskargatu eta off-line kontsultatu ahalko da.

c) «On-line» ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleentzako prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin; gainera, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak bildu behar ditu.

– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzeko aukera eman behar die, eta, halaber, bermatu behar du plataformaren banda-zabalera berdina izango dela ikastaldiaren etapa guztietan.

d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.

e) Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.

f) Edukiak editatzea eta aldatzea.

g) Astean, 7 egunez eta 24 orduz erabilgarri izatea.

2) Honako komunikazio-tresna hauek ere eduki beharko ditu:

a) Foroak: foro anitzak eta aldiberekoak ireki, itxi eta kategorizatzeko aukera, eta gutxienez 4 Mbs-ko fitxategiak igotzekoa.

b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko gutxienez txat-kanal bat irekitzea.

c) Mezu elektronikoak: tutoreak jasotako mezu guztiak antolatzeko eta etiketatzeko aukera izango, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukera ere.

d) Ekitaldi-egutegia: egutegi bat behar da, ikastaldiak hartzen dituen hilabeteak bilduta, pertsonalizatua eta interaktiboa.

e) Informazio-gunea: tutore eta ikasleek aukera izango dute editatzeko ikastaldiari buruzko informazioa, albisteekin eta webguneekin lotutakoa.

f) FAQak: galdera ohikoenei buruzko informazioa.

g) On line erabiltzaileak: etengabe ikusi ahal izango da zein diren konektatuta dauden ikasleak.

h) Lantaldeak: egoki iritzitako lantalde guztiak sortzeko aukera.

i) Kalkulaturiko denborekin ebaluazio objektiboak sortzeko aukera.

3) Plataforma administratzeko, honako eskakizun hauek bete beharko dira:

a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea, non Eusko Jaurlaritzak, Lanbidek eta Hobetuzek aditzera emango baitute jardueraren finantzaketak izaera publikoa duela.

b) Backupak aldizkakotasun nahikoa izango du, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatzeko.

c) Ikasleen eta egiten dituzten jardueren erregistroak, eta txostenen edizioa.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eta Hobetuzi –erakunde horren entitate laguntzaile gisa– baimena ematea, dagokion klabearen bidez, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena burutu dezaten.

e) Plataformaren kudeaketa-gida bat edukitzea.

f) Arazoak konpontzeko laguntza teknikoa, 24 orduan erantzuteko ahalmenarekin.

g) Bideoko, audioko eta bit-mapen irudiko formatuei euskarria ematea, multimedia formatuan edukiak eskaintzeko modua izateko ikaskuntza- eta ebaluazio-jardueretan.

4) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa garatzen duten prestatzaileen jardunaren plangintza izan beharko du erakunde onuradunak.

b.4.– Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileen betekizunak eta funtzioak:

Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia beharko dute izan modalitate horretan.

Teleprestakuntzako modalitatearen jarraipena eta kalitatea bermatzeko, 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzen kasuan, 30 ikasleko, astean 10 orduko gutxieneko dedikazioa ezarriko zaio tutore-prestatzaileari prestakuntza-ekintzaren plangintzan.

Dena den, eta 10 ordutik beherako prestakuntza-ekintzei dagokienez, tutore-prestatzailearen dedikazioa ikasleko gutxienez 20 minutukoa izango dela bermatuko da.

Parte hartzen duten 70 ikasleko tutore bat izan beharko da gutxienez.

Tutore-prestatzailearen funtzioak honako hauek izango dira gutxienez:

a) Prestakuntza-taldeko ikasleen harrera plana garatzea prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera.

b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak egitean, materialak erabiltzean eta ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnak erabiltzean prestakuntza-ekintzetan aurreikusiriko ahalmenak eskuratzeko.

c) Ikasleen partaidetza sustatzea gogoeta- eta debate-jarduerak proposatuz, banakako zereginak eta talde-lana antolatuz eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.

d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bidez, aurreikusitako plangintzari atxikita.

e) Parte-hartzaileak ebaluatzea, ezarritako irizpideen arabera, eta dagozkion ebaluazio-proben antolamenduan eta garapenean parte hartzea.

f) Prestakuntza-jarduerak antolatzeko, kudeatzeko eta garatzeko ardura duten gainerako taldekideekiko koordinazioa eskatzen duten jarduera guztietan parte hartzea.

g) Prestakuntza mistotzat jotzen da, irakaskuntza modalitate presentzialaz eta ez-presentzialaz baliatuz emandako prestakuntza denean, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den orduen ehunekoan.

4.– Prestakuntza-ekintza presentzialak taldean antola daitezke, gehienez ere 20 parte-hartzailek osatutako taldeak osatu ahal direlarik; talde bakoitzean 25 ikasle onartuko dira, salbuespen moduan, behar den bezala justifikatzen bada. Prestakuntza-ekintza ez presentzialetan, parte hartzen duten 70 ikasleko irakasle bat izan beharko da gutxienez. Ekintza mistoen kasuan, aipatu mugak errespetatuko dira, kasuan kasuko prestakuntza-modalitatearen arabera.

5.– Lehentasunezko prestakuntza-arloak dira enpresaren nazioartekotzeari, ekintzailetzari, berrikuntzari eta produkzio-prozesuen garapen teknologikoari lotutakoak.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak Hobetuz Fundazioaren egoitzetan aurkeztuko dira:

– Arabako Lurralde Egoitza: Dato 14-16, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Egoitza: Kale Nagusia 35, 6. solairua, 48009 Bilbao.

– Gipuzkoako Lurralde Egoitza: Manterola 4, 1. solairua, 20007 Donostia.

Era berean, eskaerak aurkeztu daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan.

Eskaera horiek paperean aurkeztuko dira, bai eta Hobetuz Fundazioak www.hobetuz.com web-orrian deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan ere.

Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

2.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean irekiko da, eta 2014ko irailaren 19an amaituko da.

6. artikulua.– Eskaerak egiteko baldintzak.

Eskaeretan honako hauek jasoko dira:

a) Eskatzailearen edo haren ordezkariaren izena, egoitza soziala, helbidea eta harremanetarako telefonoa.

b) Hala dagokionean, ordezkaritza hori egiaztatzen duen jatorrizko agiria, edo Hobetuzek edo fede-emaile publiko batek konpultsatutako kopia.

c) Eskatzailearen eta ordezkariaren, horrela denean, NANaren edo identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

d) Erakunde eskatzailearen behar bezala legeztatutako estatutuen kopia, fede-emaile publikoak konpultsatua, edo, Hobetuzek egiaztatu ahal izateko, jatorrizko dokumentuarekin batera aurkeztua.

e) Erakundea dagokion administrazio-erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

f) Laguntzaren xede den prestakuntza-plana, hurrengo artikuluan adierazten diren baldintzak beteta.

g) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeen kasuan, txosten baten bidez egiaztatu beharko dute erakunde eskatzaileak gaitasun teknikoa duela diru-laguntzaren xede den plana egoki kudeatzeko; txosten horretan adieraziko dute zein prestakuntza-espezialitatetan duten egiaztatutako esperientzia eta nolako baliabide materialak eta giza baliabideak dituzten espezialitate bakoitzari lotuta.

h) Diru-laguntzen bikoiztasuna eta prestakuntza-ekintzetarako gain finantzaketa saihestearren, eskatzaileak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, beste diru-sarrera edo laguntza publiko osagarririk ez duela jasotzen adieraziz (4. eranskina).

i) Titularraren erantzukizunpeko adierazpena, non aitortuko duen ez dagoela murgilduta administrazio publiko batek prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko ezein prozeduratan edo itzuli egin dituela eskatu zaizkion zenbatekoak (4. eranskina).

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

k) Erantzukizunpeko-adierazpena, egiaztatzen duena erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zigor penalik edo administrazio-zigorrik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

l) Ordezkaritza-erakundeek edo erakunde parekideek aurkeztutako planak badira –hau da, gizarte-ekonomiarekin, langile autonomoekin edo sektoreko planekin lotuta dauden planak–, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du nolako ordezkaritza edo ezarpena duen planaren xede den eremuan.

m) Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan ziurtatu gabeko prestakuntza-planen titularrek, eta 2013ko deialdiaren ondoren argitaratu diren profesionaltasun-ziurtagiri berriei lotutako prestakuntza-ekintzak emango dituztenek, prestakuntza-ekintza horiek emateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituztela dioen erantzukizunpeko aitorpena ere aurkeztu beharko dute.

n) Onuraduna baldin bada Etengabeko Lanbide Heziketari buruzko Euskal Akordioa sinatu duen erakunde bat, gizarte-ekonomiako edo autonomoen taldeko ordezkaritza-erakunde bat edo sektore jakin bateko ordezkaritza-erakunde bat, prestakuntza-ekintzak kontratatu nahi dituena, gutxienez ere hiru eskaintza eskatzeko obligazioa bete duela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, betiere kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren munta txikiko kontratuen zenbatekoa.

ń) Onuraduna EAEtik kanpoko prestakuntza-erakunde bat baldin bada, teleprestakuntzako modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza emateko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren akreditazioa duena, akreditazio hori aurkeztu beharko du. Horrekin batera aurkeztu beharko du EAEn kokatuta dagoen eta modalitate presentzialean halako ziurtagirietarako akreditatuta dagoen prestakuntza-erakunderen batekin izenpetutako lankidetza-hitzarmena.

7. artikulua.– Prestakuntza-planei dagozkien betekizunak.

1.– Prestakuntza-planek honako hauek bildu behar dituzte:

a) Plana egiteko arrazoiak.

b) Planak zein esparrutara bideratzen diren, eta planetan bildutako prestakuntza-eskaintza zenbateraino egokitzen zaien kasuan kasuko jarduera-esparruaren edo -sektorearen beharrizanei.

c) Prestakuntza Planaren helburuak eta edukiak.

d) Planean garatuko diren prestakuntza-ekintzak, espezialitateen arabera multzokatuta eta horretarako landutako inprimaki eta aplikatiboetan eskatzen den xehakapena eginda; horrekin batera, adieraziko da ekintza horietatik zein dagoen 4.5 artikuluan zehaztutako lehentasunezko lau arloetako baten barruan.

e) Prestakuntza-ekintzen kostuari buruzko aurreikuspena.

f) Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

g) Prestakuntza-ekintzak garatzeko instalazioak eta bitartekoak. Titularra prestakuntza-erakunde bat edo unibertsitate bat bada, finantzatutako prestakuntza-ekintzak zentroko bertako langileek bakarrik emango dituzte, eta xede horretarako eskuragarri dauden ohiko ekipo propioekin eta erabakitako instalazioetan egingo dute. Salbuespenak onartuko dira, betiere behar den bezala justifikatzen badira eskaera-inprimakietan. Salbuespen horiek prestakuntza-ekintzaren espezifikotasunak eta berau eskaintzeko irakasle propioak beti ezin edukitzeak eragindako egoerak izango dira bereziki.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeek, gainera, beren esperientzia egiaztatzen duen txostena aurkeztu beharko dute, eta han adierazi nolako baliabideak dituzten, betiere hirugarren artikuluko 2. paragrafoaren a) idatz-zatian, laugarren lerrokadan, adierazitakoari jarraituz.

h) Identifikatu beharko da zeinen ardura izango den prestakuntza-ekintzak garatzea, horien jarraipena eta kontrola egitea eta prestakuntza-plan bakoitza ebaluatzeko erabiliko diren irizpideak eta metodologiak zehaztea.

i) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

2.– Prestakuntza-zentroek eta unibertsitateek –haietako bakoitzak– bi prestakuntza-planetarako bakarrik eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak: bata, katalogo modularrari lotutako prestakuntzarena; eta bestea, berriz, katalogo horretan bilduta ez dagoen prestakuntzarena, sektoriala edo sektore-artekoa izan beharko duena.

8. artikulua.– Parte-hartzaileen betekizunak.

1.– Deialdi honetako bigarren artikuluan aipatzen diren pertsonek prestakuntza-planetako ekintzetan parte hartzea eskatu ahal izango diete plan horien erakunde titularrei, eta, eskaera egiteko eta parte hartzeko konpromisoa adierazteko, deialdi honetarako prestatutako dokumentu normalizatua erabiliko dute (eskaeraren 2.C eranskina). Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta egonez gero, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte parte-hartzaileek (34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituena).

Parte-hartzaileak eskaera-agiriaren eta parte hartzeko konpromiso-agiriaren kopia bat jasoko du. Jatorrizko agiria erakunde titularrak gordeko du, Hobetuzek edo kontrola egiteko beste erakunderen batek egiten dituen egiaztapenetan aurkezteko.

Deialdi honen 13.3 artikuluan adierazitakoaren arabera, parte hartzeko eskaeretan/konpromisoetan adierazitako datuak Hobetuzi jakinarazi behar zaizkio ezarritako epeen barruan eta Hobetuzek xede horrekin utzitako baliabideak erabiliz.

Erakunde eskatzaileak edo prestakuntza-ekintzak eskaintzeko ardura duen pertsonak aukeratuko ditu langile parte-hartzaileak, betiere hautapen-mekanismoen gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatuz. Parte-hartzaileak aukeratzeko, hautaketa-proba bat egingo da hala eskatzen duten prestakuntza-ekintzetan, hain zuzen ere jarduera hori baliatuko dutela ziurtatzeko eta, egiazki, kualifikazioa emango duten ekintzen helburuak lortzeko beharrezko aurretiazko ezagueren zer maila duten jakiteko, eta, hala dagokionean, eskatu egingo dira lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailetako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluetako prestakuntza jasotzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak.

Era berean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren alorreko legean xedatutakoa betetzeko, hautaketa-prozesuetan emakumeen parte-hartzeari lehentasuna emango zaio.

2.– Parte-hartzailea prestakuntza-ekintzatik kanpo geratuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25etik gorako portzentajean bertaratzen ez bada.

3.– Langile batek ezingo du behin baino gehiagotan parte hartu prestakuntza-ekintza berean.

9. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Erakunde bakoitzari gehienez ere emango zaion laguntza honako irizpide hauen arabera erabakiko da:

a) Kudeaketa-gaitasun ziurtatua. Deialdi honen aurreko bi ekitaldietan langileentzako etengabeko prestakuntza-planak kudeatu dituzten eskatzaileei dagokienez (Hobetuzek finantzatutako planak), esleituko zaien gehienezko laguntza erabakitzeko, kontuan hartuko da nolako gauzatze-maila lortu zuen erakunde eskatzaileak, deialdi horietan jaso zuen diru-laguntzari dagokionez. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeen kasuan –deialdi honen 3.2.a) artikuluan jasota daude–, gehieneko laguntza zehazteko, aintzat hartuko da irakasteko baimentzen den gehieneko ordu kopurua, zeina zehaztuko baita justifikazio-memorian egiaztatutako gaitasun teknikoari buruzko balorazioa oinarri hartuta.

b) Prestakuntza-erakundeek eta sektorean ordezkaritza duten enpresa-erakundeek eta sindikatuek titularizatzen dituzten prestakuntza-planetarako –hirugarren artikuluko bigarren paragrafoaren a) eta b) idatzi-zatietan jasota daude–, 3.060.000 euroko partida bat izango da. Zenbateko horretatik, % 20 gorde egingo da hirugarren artikuluko 2.e) idatzi- zatian jasotako prestakuntza-planak emateko eskabidea aurkeztu ez duten titularrentzat.

c) Hirugarren artikuluko 2. paragrafoko c) eta d) idatzi-zatietan jasotako prestakuntza-planetara 450.000 euroko partida bideratuko da. Kopuru hori banatu egingo da aipatutako artikuluko 2. paragrafoan adierazitako irizpideen arabera onartzen diren eskaeren artean.

d) Hirugarren artikuluko 2.e) idatz-zatian barne hartutako prestakuntza-planetara 5.400.000 euroko partida bideratuko da.

Ez bada erabat agortzen b), c) edo d) idatzi-zatietan aurreikusitako partidaren bat, soberakinak aipatutako beste partidetan sartuko dira, partida bakoitzean izandako eskaeren guztizko bolumenaren arabera.

2.– Deialdi honetan onartu diren prestakuntza-ekimenetako bakoitzari eman beharreko finantzaketak gehieneko finantzaketa izaera izango du, eta honako era honetan zehaztuko da:

a) Ordu kopurua biderkatuz parte-hartzaile kopuruarekin eta hamargarren artikuluaren arabera dagokion moduluaren zenbatekoarekin.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, zeinek zehaztuko baitu finantza daitekeen gehieneko zenbatekoaren ehunekoa, aurkeztutako eskaerak eta eskura dauden funtsen zenbatekoa ikusita ezartzen diren tarteak kontuan izanik, hamaikagarren artikuluaren arabera.

c) Ekimen mota bakoitza finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen kasuan, beste batean soberakinak daudelako izan daitekeen gehikuntza barne, baliabide horiek ez badira nahikoak eman beharreko diru-laguntza guztiak emateko, azken banaketa hainbanaketa bitartez egingo da.

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

Diru-laguntzak zehazteko aplika daitezkeen gehienezko modulu ekonomikoak (parte-hartzaile bakoitzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzeko kostua) jarraian adierazitakoak izango dira, betiere prestakuntzaren modalitatea eta maila kontuan hartuta:

a) Profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratuta ez dauden prestakuntza-ekintzak:

(Ikus .PDF)

Irakaskuntza presentzialeko modalitatearen kasuan, «Oinarrizko mailako» modulua zeharkako ikasgaiei edo ikasgai generikoei buruzko prestakuntza ematen denean aplikatuko da, hain zuzen oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna eskaintzen denean.

«Goi-mailako» modulua aplikatuko da, prestakuntzan espezializazioa eskatzen duten ikasgaiak ematen direnean eta/edo programazioko edo zuzendaritzako gaitasunak garatzeko gaikuntza ematen denean.

Modalitate presentzialaren goi-mailako modulu ekonomikoa ehuneko 50era bitartean areagotu daiteke prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, betiere euren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta finantzaketa handiagoa behar bada.

Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu eeialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren ehuneko 5.

Aipatutako salbuespenak aplikatzeko, eskaeretan adierazi beharko dira ekintza bakoitzean dauden berezitasunak. Eskaerak ebatzi ondoren ezin izango da onartu salbuespen bakar bat ere.

b) Profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratuta dauden prestakuntza-ekintzak:

(Ikus .PDF)

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako planen balorazio teknikoa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Esperientzia eta baliabide materialak. Atal honetan, honako hauek hartuko dira kontutan:

– Erakunde titularrak langileak prestatzen aurretik duen esperientzia.

– Erakundeak finantzaketaren xede diren prestakuntza-espezialitateetan aurretik duen esperientzia.

– Plana eta prestakuntza-espezialitate bakoitza garatzeko eta gauzatzeko bitarteko materialak eta pertsonalak, propioak edo beste inorenak.

– Plana osatzen duten elementuen kalitatea eta koherentzia, eta planak barne hartzen dituen prestakuntza-ekintzak.

– Ezarritako kalitate-sistema (jarraipen-mekanismoak, ikaskuntzaren ebaluazioa eta kontrola, eta prestakuntza-ekintzen ziurtapena).

Justifikazio hori egiteko, eskaera behar bezala betetzeaz gain, horretarako egoki iritzitako agiri guztiak aurkeztu daitezke.

Irizpide horri 40 puntu emango zaizkio, plana baloratzeko guztira emango diren 100 puntuetatik. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu ez dituen prestakuntza-erakundeek aurkeztutako eskaeren kasuan –hirugarren artikuluan jasota daude erakunde horiek–, gaitasun teknikoa justifikatzeko memoriaren balorazioan 20 puntura iristen ez direnak ez dira finantzatuko.

b) Planaren prestakuntza-eskaintza zenbateraino egokitzen den xede duen esparruaren edo sektorearen beharrizanetara. Atal honetan, honako hauek baloratuko dira:

– Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen eta lan-merkatuak dituen prestakuntza-premien arteko egokitasuna.

– Beharrizan hori justifikatzen duen azterlanen bat egotea.

– Aurkeztutako ekintzak xede dituzten langileentzat lehentasunezkoak direla justifikatzea.

– Ekintzak bat etortzea 4.5 artikuluan adierazitako lehentasunezko arloekin.

Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako prestakuntza-planetan, baloratu egingo da aurkeztutako eskaintza partzial metagarria bat datorren prestakuntza-premiekin, zehazki, lan-esperientzian edo prestakuntza-bide ez-formaletan eskuratutako Gaitasun Profesionalak Egiaztatzeko prozeduraren bidez hautemandako premiekin. Lehentasuna izango dute, halaber, honako profesionaltasun-ziurtagiri hauek eskuratzeko prestakuntza-ekintzek: izurriteak, garbiketa industriala, arreta soziosanitarioa, eta hitzarmen kolektiboei eta ziurtagiri profesionalei lotutakoak.

Atal hau justifikatzeko, eskaera behar bezala betetzeaz gain, egoki iritzitako agiri guztiak aurkeztu daitezke.

Irizpide horri 40 puntu emango zaizkio, plana baloratzeko guztira emango diren 100 puntuetatik.

c) Planaren diseinuan prozesu integral bat barne hartzea. Horren bitartez langileei orientazioa eta aholkularitza emango zaie prestakuntza-ekintzaren aurretik, bitartean eta ondoren. Era berean, bereganatutako gaitasunen ebaluazioa eta alderaketa egingo da. Eskaeran, zehaztu beharko da atal honetan nor arituko den lanean eta nolako atazak burutuko diren.

100 puntutik 20 emango zaizkio irizpide horri.

d) Hobetuzek aurretik kudeatutako deialdien gauzatze-maila. Irizpide hori 10 puntu arte haztatuko da hala positiboki nola negatiboki, eta inoiz ere ez da zenbatuko guztizko 100 puntuak gainditzeko.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute finantzaketarik lortuko.

12. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Behin eskaerak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa, eta, orobat, ohartarazi egingo zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko da aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partez onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagozkion ebazpenak eman ditzan.

3.– Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du eta interesdunei jakinaraziko die.

Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, baita parte-hartzaile kopurua, ordu kopurua eta finantzaketa ere.

Interesdunak 10 eguneko epea izango du emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko, zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen egunetik hasita. Epe hori igarotakoan, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Era berean, ebazpena Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan argitaratuko da, bai eta www.lanbide.net eta www.hobetuz.com web-orrietan ere.

4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da, organo horretan, hilabeteko epean interesdun bakoitzari ebazpena jakinarazten zaion egunaren biharamunetik; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5.– Ebazteko eta jakinarazteko epea gehienez 6 hilabetekoa izango da, eta, epe hori amaituta jakinarazpenik jaso ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

6.– Diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena jaso ondoren, eta behar den aurrerapenarekin, laguntzaren onuradunak eskatu ahal izango du finantzatutako planean aldaketak sartzeko, baldin eta aldaketok finantzatutako ekintzen edukiari buruzkoak edo ekintzak gauzatzeko erari eta/edo epeei buruzkoak badira. Aldaketa-eskaera hori idatziz egingo da, eta behar bezala arrazoitu beharko da. Lanbideko zuzendari nagusiak eman beharko die onespena aldaketa horiei.

Parte-hartzaileen kopuruari edo irakaskuntzaren modalitateari eragiten dioten aldaketak direnean, baimendu ahal izango dira baldin eta ez badute murrizten hasierako eskaeran lortutako balorazio teknikoa.

7.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du onuradunen eta emandako diru-zenbatekoen zerrenda.

13. artikulua.– Prestakuntza-plana gauzatzea.

1.– Ematen den diru-laguntza aurkeztutako prestakuntza-planak gauzatzeko erabiliko da.

2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Talde edo ekintza bakoitza hasi aurretik, titularrak honako alderdi hauen berri jakinarazi beharko dio Hobetuzi:

– Hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez, prestakuntza emango den lekuari, prestakuntza emango duen erakundeari, eta ekintzaren datari eta ordutegiari buruzko datuak.

– Era berean, beranduenez ere prestakuntzaren bigarren egunean, prestakuntza-ekintzan parte hartzen dutenek betetako eskaera- eta konpromiso-agiriko datuak.

Ikastaldia amaitu eta gehienez ere 30 eguneko epean, titularrak jakinarazi beharko du zein diren amaitu duten parte-hartzaileak, eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi beharko du.

Betebehar horiek betetzeko, Hobetuzek aplikazio bat jarriko du titularren esku, bere webgunean (www.hobetuz.com). Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik zenbatzen hasi eta 30 egun igaro ondoren, eta horixe izango da prestakuntza-plana gauzatu dela justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra.

Betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza ez egindakotzat hartuko da, planaren justifikazioaren ondorioetarako.

4.– Ekintza presentzialetan, titularrek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Prestakuntza-ekintza ez presentzialen kasuan, berriz, titularrak prestatu beharko du parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko dokumentazioa.

Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio, Hobetuzek ezarritako ereduaren araberakoa, eta bertan gutxienez adierazi beharko dira ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, ekintza zer egunetan garatu den, eta jasotako prestakuntza-orduak, hala dagokionean era presentzialean eta ez-presentzialean emandako orduak zehaztuz.

Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari dagozkion prestakuntza-planetan eta -ekintzetan –deialdi honetako hirugarren artikuluko 2.e) idatiz-zatian aurreikusita daude–, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, Hobetuzek eska dezakeena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

Parte-hartze ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean, gehienez.

Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

5.– Onuraduna baldin bada Etengabeko Lanbide Heziketari buruzko Euskal Akordioa sinatu duen erakunde bat, gizarte-ekonomiako edo autonomoen taldeko ordezkaritza-erakunde bat edo sektore jakin bateko ordezkaritza-erakunde bat edo entitate parekide bat, deialdi honen kontura finantzatutako prestakuntza-ekintza guztiak gauzatzea kontrata dezake, behin bakarrik.

Erakunde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko ditu, baldin eta kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan munta txikiko kontratuetarako ezarritako zenbatekoa.

Era berean, erakunde onuradunak aurretiazko baimena eskatu beharko du diru-laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua onuradunari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatutakoa denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, hori aurkeztu eta 20 eguneko epearen barruan ez bada esanbidez ebazten.

Ez dira hirugarrenak azpikontratatuko, jardueraren kostua areagotuz, baldin eta jarduerari balio erantsirik gehitzen ez bazaio.

6.– Diru-laguntzaren onuradunak bitarteko propioak erabili beharko ditu finantzatzen den prestakuntza-planaren programazioa eta koordinazioa egiteko, eta, edozein kasutan, bere gain hartuko du hura garatzeko erantzukizun osoa, betiere eskumena duten erakundeek jarraipen- eta kontrol-funtzioak gara ditzaten bermatuz.

7.– Langileek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste langile batzuk sartu ahal izango dira haien ordez. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

8.– Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, istripuetarako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat egin beharko da, prestakuntza-ekintzetara joatean gerta daitezkeen istripuak estaltzeko, honako hauek barne hartuta: eskolak ematen diren tokira egindako joan-etorriak («in itinere»), eta, hala badagokio, ikasleek, prestakuntza-ekintzen osagarri, enpresetara edo bestelako tokietara egiten dituzten bisitaldiak.

Polizaren iraupena bat etorriko da prestakuntza-ekintzaren iraupenarekin, eta, orobat, estali egingo du prestakuntza gauzatzean parte-hartzaileek eragindako kalteak. Alde horretatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez du inolako erantzukizunik izango. Ildo horretatik, hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila prestakuntza-ekintza gauzatzean sortutako gastutzat hartuko da.

Aseguru-poliza prestakuntza-ekintza bakoitzerako propio sinatu ahal izango da, edo prestakuntza-ekintzen multzo baterako. Modu batera zein bestera egin, polizak zehatz jasoko du noiz hasi eta noiz mugaeguneratzen den, zein den prestakuntza-ekintzaren identifikazio-zenbakia, zenbat ikasle parte-hartzaile sartzen diren aseguruan, eta zein diren kontratutako estaldurak. Istripuen kasuan, gutxienez honako hauek estaliko dira: istripuak eragindako heriotza; istripuak eragindako ezintasun iraunkor absolutua eta istripuak eragindako ezintasun iraunkor partziala –baremoaren arabera ezarriko da–; eta istripuetan osasun-laguntza ematea, eskola-aseguruen estalduraren adinakoa.

Parte-hartzaile batek ezingo du inola ere prestakuntza-ekintza bat hasi, istripuetarako aseguru-poliza harpidetu gabe dagoela.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Hobetuz fundazioak ordainduko du diru-laguntza, eta, ordainketa bakoitzaren aurretik, onuradunak aurkeztu beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta/edo kasuan kasuko gizarte aurreikuspeneko erakundearekiko betebeharrak egunean dituela dioten ziurtagiri eguneratuak.

2.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, honako era honetan:

a) Lehen ordainketa, diru-laguntza osoaren % 50ekoa, ebazpenaren unean. Lehen ordainketa hori 180.303,64 eurotik gorakoa bada, titularrak bankuko abala aurkeztu beharko du, ebazpenarekin batera adieraziko diren jarraibideak kontuan izanik, edo bestela plana gauzatzerakoan dagoeneko sortutako gastuen justifikazioa, justifikatu gabeko gainerakoak kopuru hori gainditzen ez badu.

b) Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerakoari dagokiona, Hobetuzen justifikazio-memoria aurkeztu eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikatzeko onartutako kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak.

1.– Honako hauek izango dira kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak:

A) Prestakuntza-jardueraren zuzeneko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak. Horien barruan sartzen dira: soldatak, gizarte-aseguruak, dietak eta joan-etorriak egiteko gastuak.

Gastu horiek behar den bezala zehaztuta adierazi behar dira, kasuan kasuko jarduera bakoitzak hartutako orduak zehaztuz.

b) Ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak. Horiek kalkulatzeko, kontabilitate-arauetan onartutako amortizazio-irizpideak jarraituko dira. Era berean, ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak alokatzeko gastuak jasoko dira, interesak kanpoan utzita.

Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira, eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.

c) Bitarteko didaktikoen gastuak edota material didaktikoak eskuratzeko gastuak, bai eta planeko prestakuntza-ekintzak egiteko erabilitako bitartekoak ere, babes eta segurtasunerako materiala barne hartuta. Era berean, teleprestakuntzari dagokionez, kontuan hartuko dira prestatzaileek eta parte-hartzaileek erabilitako komunikabideei egotzi ahal zaizkien kostuak.

Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.

d) Alokairu finantzarioaren gastuak, interesak kanpo, edo prestakuntza-planaren garapenean erabilitako gelak, tailerrak eta gainerako azaleren amortizazioa. Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekintzak irauten duen denboragatik egotziko dira.

Amortizazio-gastuak kalkulatzeko, oro har onartuta dauden kontabilitate-arauak jarraituko dira; gainera, Sozietateen gainerako Zerga arautzen duen Araudiak onartutako taulen araberako amortizazio-metodoa aplikatuko da.

e) Parte-hartzaileen istripu-asegurua.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira, eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

f) Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen garraio-, mantenu- eta ostatu-gastuak, betiere foru-araudian lokomozio eta dieten gastuei lotutako PFEZaren esparrurako ezarritako mugak errespetatuz.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

g) Prestakuntza-ekintzak antolatzeko eta ezagutzera emateko publizitate-gastuak.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuak aurkeztu behar dira.

B) Prestakuntza-jarduerarekin erlazionatutako kostuak:

a) Kanpoko zein barruko laguntza-langileen kostuak eta plana kudeatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren kostu guztiak, langileei orientazioa eta aholkularitza ematekoak barne.

b) Beste zenbait kostu: argia, ura, berogailuak, mezularitza, posta, garbiketa, zaintza eta beste batzuk, planaren gauzatzearekin erlazionatuta daudenak baina aurretik aipatu ez direnak.

Kostu horiek guztiak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio erakunde onuradunak, onartutako kontabilitateko arau eta printzipioetan adierazitako moduan eta, betiere, kostu horiek jarduera egin den aldikoak badira.

Prestakuntza-jarduerarekin lotutako kostuen baturak ezingo du gainditu prestakuntza-ekintzaren kostuen ehuneko 10, salbu eta 4.5 artikuluan adierazitako lehentasunezko arloei zuzenean lotuta dauden prestakuntza-ekintzak ematen badira; kasu horretan % 15ean jarriko da muga. Era berean, batura hori % 15era artekoa izan daiteke, diru-laguntzaren onuradunak ez badu jarduera hori azpikontratatzen.

C) Diruz lagundu daitezkeen beste kostu batzuk:

Prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioak eta kontrolak eragindako kostuak. Onuradunak diru-laguntzaren % 1 eta % 5 artean bideratuko du xede horretarako.

Edozein kasutan, kostu diruz lagungarriak kostu errealak izango dira, hau da, benetan egin eta ordaindu diren eta fakturen edo kontabilitate-dokumentu baliokideen bitartez justifikatu diren kostuak.

16. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak garatzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte onuradunek, aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera.

Kostuak justifikatzeko, zuzenbidean baliagarriak diren froga-dokumentuak edo fakturak aurkeztuko dira, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin eta Hobetuzek kostuak justifikatzeko emandako jarraibideekin bat etorrita.

Kanpoko erakunde bat kontratatzen bada, erakunde horiek egindako fakturek xehakapen nahikoa izan beharko dute, hau da, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko adinakoa.

2.– Laguntzen likidazioa ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren arabera egingo da, deialdi honetan ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoak aintzat hartuta. Likidazio-zenbatekoa inola ere ezin da izan handiagoa hasiera batean onartutako diru-laguntzarena baino.

Prestakuntza gauzatu ondoren, diru-laguntza zehaztu ahal izateko, ekintza presentzialetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada. Halaber, modalitate ez-presentzialean emandako prestakuntza-ekintzetan, pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu eta prestakuntza ez-presentzialari buruzko gainerako betekizunak bete baditu. Betekizun horiek Hobetuzen web gunean argitaratuko dira deialdia EHAAn argitaratzen den egun berean, onuradun eta parte-hartzaile guztiak jakitun egon daitezen.

Baldin eta parte-hartzaileren batek prestakuntza-orduen % 25 eman ondoren uzten badu prestakuntza-jarduera, prestakuntza-jarduera hasten duten parte-hartzaileen kopurua % 15 desbidera daiteke gehienez ere prestakuntza-jarduera bakoitzeko; hasitako parte-hartzailetzat hartuko da ikastaroko orduen lehen laurdena (% 25) gainditu duena.

Langabezian dauden pertsonen kasuan, lana aurkitu dutela-eta ekintza uzten badute, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ulertuko da baldin eta prestakuntza-jardueraren ehuneko 25 gutxienez eginda badute.

3.– Dagokion azken likidazioa egiteko, 2015eko irailaren 15a baino lehen onuradunak inprimaki normalizatuetan honako agiri hauek bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu:

a) Burututako eta bere garaian hasi zela jakinarazitako prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaiera-ziurtagiria (burutzapena).

b) Plana amaitu dela ziurtatzen duen agiria. Bertan zehaztuko dira burututako prestakuntza-ekintza guztiak.

c) Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa, deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera.

d) Honako alderdi hauek egiaztatzen dituen dokumentazioa: kontratuen zenbatekoak gainditzen baldin badu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak munta txikiko kontratuetarako ezarritako zenbatekoa, gutxienez ere hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete dela, eta hornitzaileak aukeratzerakoan ekonomia- eta efikazia-printzipioak kontuan izan direla.

e) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza edozein modalitetan ematen duten erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko dute, non adieraziko baitute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari aurkeztu diotela emandako prestakuntza gauzatzeari eta ebaluatzeari buruzko dokumentazio guztia (dokumentazio horretan bildu egingo da ikasleek lortutako emaitzak, ebaluazio-txostenak eta -aktak...), hau da, profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko araudian eskatzen den dokumentazioa.

4.– Parte-hartzaile hauek baino ez dira kontuan hartuko: aurkeztutako gauzatze-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten eta deialdi honetako hamahirugarren artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartuta dauden parte-hartzaileak.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, diru-laguntzaren azken likidazioko ebazpena emango da.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da, deialdi honetako 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

6.– Behin betiko likidazioaren ondorengo 20 eguneko epean, onuradunak aurkezteko moduan izan behar ditu laguntza emateko kontuan hartutako ordainketei dagozkien ordainagirien jatorrizko agiriak edo, hala badagokio, horien fotokopia konpultsatuak.

7.– Diru-laguntzaren onuradunek 4 urteko epean gorde beharko dituzte, diru-laguntzaren amaierako likidaziotik hasita, bai diru-laguntzaren oinarri den jarduera gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, bai eta jasotako funtsen erabilerari buruzko ziurtagiriak ere.

Diru-laguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu dokumentazioaren kopia bidali beharko du Hobetuzera desagertu baino lehen.

17. artikulua.– Laguntzarako eskubidea lortzeko eta eskubide horri eusteko baldintzak.

Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta horri eusteko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:

1.– Aurreko deialdietan jasotako zenbatekoak itzuli izan, hala eskatu bazaio.

2.– Laguntza jasotzea ekarri duen prestakuntza-jarduera egitea, betiere deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera. Kontzeptu horrengatik esleitutako funtsak zertarako eman ziren, horrexetarako erabili beharko dira, eta ez beste ezertarako.

3.– Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea ekarri duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza amaitu ondoren; hartara, egiaztatu ahal izango da ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela.

4.– 18. artikuluan ezarritako kontrol- eta jarraipen-jardunak onartzea.

5.– Onartutako ekimena jakinarazteko eta hedatzeko argitalpenetan nahiz bestelako zabaltze-bideetan aditzera eman beharko da ekintzak burutu direla Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako langileei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2014ko deialdiaren esparruaren barruan, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logoak jarri beharko dira; hori guztia, erraz ikusteko moduko tokian.

18. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Diru-laguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitateari buruzko ebaluazioa eta kontrola egin beharko dute, eta, horretarako, diru-laguntzaren % 1etik % 5era bitarteko kopurua erabiliko dute. Ebaluazio- eta kontrol-jarduera horiek prestakuntza taldeen ehuneko 5ean egingo dira gutxienez.

Edonola ere, talde batek prestakuntza-ekintza amaitzen duenean, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdesorta bete beharko dute, eta onuradunek galdesortako azken itemaren batez besteko puntuazioa sartu beharko dute asistentziaren jarraipena egiteko aplikazioan.

2.– Laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Hobetuzek, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Kontroleko Bulegoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko eta parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

1) Finantzatutako ekimena gauzatu izanari edo ekimen horren bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzea eta igortzea ere. 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko.

2) Hobetuzi jakinaraztea beste erakunde batzuetatik diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

3) Jarduera presentzialetan, bertaratuen eguneroko parte bat egitea eta Hobetuzen esku jartzea.

4) Prestakuntza-ekintza ez-presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa gordetzea. Era berean, kontrola egiteko beharrezkoak diren informazioa eta bitartekoak eskainiko dira eta, hala dagokionean eta Hobetuzek eskatzen badu, gakoak emango dira, diruz lagundutako prestakuntzari buruzko informaziorako sarbide telematikoa ahalbidetzeko.

3.– Hobetuzek Auditorien Urteko Plana ezarriko du, deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko. Plan horren barnen sartuko dira Hobetuzek egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera aukeratzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak.

19. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

1.– Onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko zaizkie laguntza ordaintzen den unetik, honako kasu hauetan:

– Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea. Oro har, xedea bete ez dela ulertuko da, baldin eta, aurkeztutako eta onartutako datuak kontuan hartuta, ez bada lortzen prestakuntza orduen eta prestakuntza jasotako pertsona kopuruaren arteko biderketaren % 35eko burutzapena, gutxienez, eta era berean, lehentasunezko arloetan gauzatu beharreko ekintza-kopuruari buruz ebazpenean adierazten den ehunekoa betetzen ez bada.

– Jarduera egin izana nahiz laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana ez justifikatzea.

– Diru-laguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrekin batera, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko da. Horretarako, Hobetuzek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuko ditu dagokion espedientea, errekerimendu-idazkia eta, hala badagokio, alegazioak, ebazpena emateko proposamenarekin batera. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Borondatezko epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-zenbatekoak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrera publikotzat hartuko dira.

20. artikulua.– Datuen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatuta dagoena betez, laguntza-eskabidea betetzeak berekin ekarriko du interesdunak baimena ematea datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategietan sartzeko. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean gauzatu daitezke (Kale Nagusia 35 - 6.a, 48009 Bilbao), baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan ere.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erakunde laguntzailea izendatzea.

1.– Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da Deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aipatutako 52. artikuluak dioenez, deialdi honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.

2.– Laguntza-deialdi hau finantzatzeko funtsak 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta emandako laguntzen guztizko zenbatekoaren % 44ren baliokidea izango da funts horien gehieneko zenbatekoa. Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko dizkio funts horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, erakunde laguntzailea baita hura, betiere deialdiko laguntzak ematen dituen ebazpena hartu ondoren. Gainerakoa 2015eko ekitaldian transferituko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Deialdi honetan zehaztutakoez gain, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak honako betebehar hauek izango ditu:

– Funtsak amaierako erakunde onuradunen artean banatzea.

– Laguntzei esker prestakuntza-ekintzak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.

– Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean, 2015eko abenduaren 30a baino lehen, eta honako alderdi hauek zerrendatuta aurkeztea: amaierako onuradunen izen-abizenak, emandako laguntzak, egindako ordainketak eta, oro har, funts horiekin egindako prestakuntza-jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

– Funtsen kudeaketari dagokionez, egiaztatze-jarduerak onartzea, zehazki Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jarduerak.

– Deialdietan aurreikusten diren ez-betetzeetako bat gertatuz gero, onuradunei diru-laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, betiere kasuan kasu ematen diren ebazpenetan adierazitakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta deialdian aurreikusten den itzulketa-prozeduraren ondoriozko funtsak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Betebeharrak betearaztea.

Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ez da eskatuko deialdia argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileek denbora-arrazoiak direla medio bete ezin izan duten betekizunik.

Halakoetan, aplikagarriak izango dira Lanbideren 2013ko maiatzaren 15eko Ebazpenean ezarritako irizpide orokorrak. Ebazpen horren bitartez, argitara ematen da Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2013ko ekitaldiko deialdia, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartua.


Azterketa dokumentala