101. zk., 2014ko maiatzaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (213 KB - 3 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2390
AGINDUA, 2014ko apirilaren 4koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Aldatu Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Aldatu Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2013ko martxoaren 11n, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, Aldatu Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Iam Agorria Ariznabarreta jaunak sortu zuen fundazio hori). Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2013ko maiatzaren 16ko eta 2014ko urtarrilaren 13ko idazkien bidez, dokumentazioan ikusitako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei, eta 2013ko maiatzaren 20an eta 2014ko otsailaren 20an, espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen.
Hirugarrena.– 2013ko maiatzaren 27an, azaroaren 27an eta 2014ko martxoaren 28an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak, fundazioaren helburuak zilegiak eta interes orokorrekoak zirela eta fundazioa ekonomikoki bideragarria zela egiaztatzeko bilerak egin zituen. Ondoren, fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen, 2014ko martxoaren 28an.
Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
Hauxe da Aldatu Fundazioaren helburua: etxebizitza, hezkuntza eta kontsumo arloetan izan diren aldaketa ikertzea. Horretarako, ikuspegi emozional eta ekonomikotik jasangarriak diren proiektuak sortzen ditu, eta proiektu horietatik ateratako emaitzak zabaldu, emaitza horiek uneoro eskura jarriz.
Etxebizitzak garestiak direnez, familia gehienek ezin dute etxebizitzarik eskuratu. Jasangarritasunaren ikuspegitik lehenbailehen aztertu beharra dago uraren eta elektrizitatearen etxeko erabilera eta kontsumoa. Horregatik guztiagatik, argi dago, batetik, etxebizitza-moldea aldatu behar dela, eta bestetik, gaur egungo etxebizitzen bizitza-zikloa aztertu behar dela.
Beraz, eraikuntza-moldeak aztertzea da fundazioaren helburuetako bat. Horrela, bizigarritasun-erreferente berriak lortu ahal izango dira, bai eta etxebizitza merkeagoak eta ekologikoagoak ere. Era berean, ekipamendu falta duten lekuetan, gaur egun gune mugatuak diren arren, aterabide jasangarriak abiarazi nahi dira, bertan bizigarritasuna bermatzeko (landa-lursailak, orubeak, garajeak, zerbitzurik gabeko garajeak dira leku haietako batzuk). Beste helburu bat da, hain zuzen ere, egitura handietan (baserriak, masiak eta industria-pabiloiak) dauden espazio txikiak egokitzea, bizitzeko modukoak direnak, hain zuzen.
Eraikuntza-moldean esku hartzen dutenen artean elkarreragina eta sinergiak sustatzea eta, ondorioz, eraikuntzarako material berriak erabiltzea. Horra fundazioak dituen beste bi helburu.
Azkenik, hitzaldietan oinarritutako pedagogia-eredu bat garatzea, etxebizitzarekin eta jasangarritasunarekin zerikusia duten gaiekiko sentiberatasuna handitzen joan delako.
Bosgarrena.– Estatutuetako 5. eta 6. artikuluek diotenez, fundazioaren egoitza Amorebieta-Etxanon dago, Bizkaian (Saratzu kalea 2), eta fundazioak Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen ditu, gehienbat, bere jarduerak.
Seigarrena.– Hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluak.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2023-02-25era arteko iraupena izango dute karguok):
– Lehendakaria: José Antonio Agorria Urquiaga jauna.
– Idazkaria: Amaia Agorria Ariznabarreta andrea.
– Bokala: Purificación Ariznabarreta Lejarazu andrea.
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK:
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplikatu beharreko gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea F-365, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Aldatu Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 2013ko otsailaren 25ean, Manuel Garcés Pérez notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 509) egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala. Eskritura hori 2014ko otsailaren 14ko eskritura publikoaren bidez zuzendu zen, notario berberaren aurrean (protokolo-zenbakia: 380).
Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 4a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.