101. zk., 2014ko maiatzaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (319 KB - 14 orri.)
- EPUB (403 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
2388
EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 21ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinen bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak diruz laguntzeko bideratutako laguntzetarako deialdia.
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizaki izatea izanik.
Baina eskubideak aldarrikatzeari eta eskubide horiek egiaz ezarri eta bermatzeko borrokari dagokionez, orain dela gutxi arte ez gara jabetu beharrezkoa dela giza eskubideen aldeko hezkuntzari buruzko lan sistematiko, koordinatu eta iraunkorra egitea.
Nazio Batuek bultzatutako eta Vienan 1993an egindako Giza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia hartu behar da inflexio-puntutzat. Konferentzia horren azken deklarazioan eta ekintza-programan zehatz-mehatz bildu zen giza eskubideei buruzko hezkuntza, gaikuntza eta informazio publikoa ezinbestekoak direla komunitateen artean harreman egonkor eta harmoniatsuak ezarri eta sustatzeko, baita elkar ulertzea, tolerantzia eta bakea bultzatzeko ere.
Vienako Konferentziaren ondorioz, NBEren Batzar Nagusiak, 1994ko abenduaren 23ko 49/184 Ebazpenean, Giza Eskubideen esferako hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkada izendatu zuen 1995-2004 aldia. Giza eskubideen esferako hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkadarekin hasitako lan eskerga horrek ez zuen denbora-mugarik ezarri nahi. Aitzitik, nazioarteko komunitatea mugiarazi nahi zuen, oinarri sendoak ezartzeko eta oinarri horien gainean etengabe eta iraunkortasunez aurrera egiteko. Horregatik, hamarkada amaitzean eta programaren emaitzak ebaluatu ondoren, egun indarrean dagoen jardun-programa berri jarri zen abian. 2004ko abenduaren 10eko 59/113 Ebazpenean, NBEren Batzar Nagusiak Giza Eskubideetan oinarritutako Hezkuntzarako Mundu Programa aldarrikatu zuen. Programa 2005eko urtarrilaren 1ean gauzatzen hasi zen, eta ondoz ondoko zenbait etapatan egituratu da, giza eskubideen esferako hezkuntza-programak sektore guztietan gauza daitezela sustatzeko.
Bestalde, bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren arloan, Euskadin garrantzi handia dauka toki-mailan egindako lanak. Horregatik, gobernu honen lehentasunetariko bat da udal-ekintzak bultzatzea, bakea sendotu eta bizikidetza eraikitzeko.
2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA) memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntzok jasotzeko deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez, zeinaren bidez 2014ko laguntzetarako deialdia iragartzen baita.
Orobat, 187/2013 Dekretuaren 20.3. artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du aipatu dekretuak).
Hori guztia kontuan izanda, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta toki-erakundeek giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak laguntzeko bideratutako diru-laguntzen 2014ko deialdia iragartzea, norgehiagoka-araubidearen arabera.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2014ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Diruz lagundu ahal izango dira bideratutako proiektuak sustatzea, zabaltzea eta gaitzea bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan, 1. artikuluan adierazi gisan, honako hauek, besteak beste: kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, seminarioak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzuneko produktuak, argitalpenak, hezkuntza-proiektuak, ikerketak eta dibulgazio-kanpainak.
4. artikulua.– Eskatzaileak.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.
5. artikulua.– Diru-hornidura.
Diru-laguntzen programa honetara hirurehun mila euro bideratu dira (300.000) , Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2014ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, udalek eta gainerako toki-erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/municipios-paz-convivencia-derechos-humanos/
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira:http://www.http://www.euskadi.net/misgestiones
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabidea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Orokorreko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaio (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
2.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetara; lurralde-ordezkaritzetara; bestelako erakunde laguntzaileetara. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere erabil daitezke.
Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan sartuta.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea, erantzukizunezko adierazpenak jasotzen dituena, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.net egoitza elektronikoan ere eskuragarri baitago.
Eskaerarekin batera honako dokumentazio aurkeztuko da:
a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko, udaleko edo toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria.
b) Proiektuaren edo programaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia. (II. eranskina).
c) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin behar da. (III. eranskina).
d) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza zehaztu beharko da, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Halakorik ez bada, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako beste laguntzarik jaso ez izanari buruzko zinpeko deklarazioa. (III. eranskina).
e) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen edota ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programa edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat. (II. eranskina).
9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
Epaimahai kalifikatzeko kideak hauek izango dira, 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri bezala:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, lehendakaria.
– M.ª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.
– Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.
– Lide Amilibia Bergaretxe Andrea, Gizarte Gaietako zuzendaria, bokala.
– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.
– Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.
– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.
10. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
Diru-laguntzak lehiaketa bidez eman edo ukatuko dira, eta, horretarako, irizpide ponderatu hauek hartuko dira kontuan:
1.– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. 20 puntu, gehienez.
2.– Kudeaketa-gaitasuna, proposatutako proiektuari dagokionez. 10 puntu, gehienez.
3.– Proiektuaren potentzial estrategikoa, haren egokitasuna, interes soziala eta izan ditzakeen hartzaileak. 20 puntu, gehienez.
4.– Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.
5.– Noraino koordinatu den hezkuntza-arloarekin eta elkarte-sarearekin, edo administrazio publikoren bat noraino sartu den proiektuaren garapenean. 10 puntu, gehienez.
6.– Aurrekontu argia eta egokia. 10 puntu, gehienez.
7.– Giza Eskubideen gaineko nazioarteko erakundeen esku-hartze ildo, estrategia eta helburuak noraino hartu diren kontuan eta noraino jokatu den haiekiko koherentziaz; batez ere, Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak hartutakoekin (www.ohchr.org): 10 puntu, gehienez.
8.– Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.
Diru-laguntza emateko beharrezkoa izango da, aurreko baremoei jarraikiz, gutxienez 45 puntu lortzea.
Gehienez hogeita bost mila eurorekin lagundu ahal izango da proiektu bakoitzeko (25.000).
11. artikulua.– Ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza gisa honetan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
b) Bigarren ordainketan, emandako diru-laguntzaren erabilera Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan zehazten den bezala.
2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.
12. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2015eko martxoaren 31n bukatuko da. Agiri horietan, IV. eranskineko edukiaz gainera, honako hauek zehaztuko dira:
1.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko fakturak eta ordainagiriak, originalak edo kopia konpultsatuak. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den (fakturek bat etorri beharko dute Fakturatzeko betebeharrak arautzen dituen araudia onartzen duen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuko 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin).
2.– Soldaten ordainagiri originalak edo kopia konpultsatuak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.
3.– Aldi baterako kolaborazioen gastuen ordainagirien kopia konpultsatuak, berriz, hartzailearen datuak zehaztuko dira, baita haren Nortasun Agiri Nazionalaren –NAN– zenbakia, ordaindutako lana, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren –PFEZ– atxikipena ere.
4.– Diruz lagundutako proiektuaren memoria xehea, besteak beste pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegiaren trataera azalduz.
5.– Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
6.– Izapidetzea bide telematikoz egiten bada, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da aipatu dokumentazioa.
7.– Izapidekete presentzialean zein telematikoan, Administrazioak, egoki baderitzo, agiria originalak eska daitezke.
Bide presentzialetik zein elektronikotik justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskura dira helbide elektroniko honetan: euskadi.net
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Orokorrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 21a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.