Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2010eko abenduaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun eta Kontsumo Saila
6400

EBAZPENA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Kontsumoko zuzendariarena, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei 2011. urtean diru-laguntzak emateko deialdia jakinarazten duena.

2010eko otsailaren 17ko Aginduak (2010eko otsailaren 24ko EHAA) toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko programa arautzen du, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko.

Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2011ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman behar dira. Osasun eta Kontsumo Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, deialdi hau ebaztea Kontsumoko zuzendariari dagokio.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako eskumena erabiliz, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- 2010eko otsailaren 17ko Aginduak kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei eman beharreko diru-laguntzen programa garatu zuen (2010eko otsailaren 24ko EHAA); hain zuzen ere, 2011ko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

2.- Helburu hori betetzeko, 1.008.600 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:

a) 888.600 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuen funtzionamendua eta jarduerak; alegia, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak eta gune eta zerbitzuon argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jarduerak.

b) Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuak ordaintzeko 100.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da.

c) 20.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko.

3.- Diru-laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke -laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik betiere-, kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Osasun eta Kontsumo Sailak beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri eman behar da Kontsumoko zuzendariaren ebazpen bidez.

2. artikulua.- Eskakizunak.

Erakunde eskatzaileek, 2010eko otsailaren 17ko Aginduan iragarritako laguntzak jasotzeko (2010eko otsailaren 24ko EHAA), onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.- Eskabideak eta epea.

1.- Kontsumo Zuzendaritzan eta www.euskadi.net interneteko helbidean lortu ahal izango da eskabide-eredua.

2.- Eskaerak eta gainerako agiri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Kontsumo Zuzendaritzan aurkeztu edo hara bidali beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan.

3.- Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2011ko otsailaren 15ean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.- Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.

Kontsumoko zuzendaria,

ANA MARÍA COLLÍA POSADA.


Azterketa dokumentala