Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6460

Ebazpena, 2005eko azaroaren 15ekoa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena. Honen bidez ebazten da Transportes Pesa, S.A.–ren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailu egin eta argitaratzea (hitzarmen kodea zk. 8600212).

AURREKARIAK:

Aipatutako hitzarmena 2005eko urriaren 25ean aurkeztu zen Zuzendaritza honetan, Enpresarien zuzendaritzak eta bere Enpresa-batzordeak, langileen ordezkapenean, 2005eko irailaren 28an sinaturik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Langileen Estatutu Legearen 90.2 artikuluak, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea (1995-03-29ko BOE) aurreikusten duen eskuduntza lan agintaritza honi dagokio, urriaren 18ko 315/2005Dekretuko 17.f artikuluak –Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena (2005-10-27ko EHAA)- dionarekin bat etorriz eta martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuarekin (1981-04-02ko EHAA) eta maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuarekin (1981-06-06ko BOE) -hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoak- lotuta.

Bigarrena.– Sinatutako hitzarmenak betetzen ditu lehen aipatutako Langileen Estatutu Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako baldintzak.

Horren ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmen Kolektiboen Erregistroaren Gipuzkoako Lurralde Atalean inskribatu eta gordailu egiteko agintzea eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitara dadin xedatzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, administrazio-bidea amaitzen ez duena, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 114 artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 15a.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.

«TRANSPORTES PESA, S.A.» ENPRESAREN

HITZARMEN KOLEKTIBOA 2005. ETA 2006.

URTEETARAKO

I. KAPITULUA
ALDERDI OROKORRAK

1. artikulua.– Alderdi negoziatzaileak.

Batetik, Enpresako Zuzendaritzaren ordezkariek eta bestetik, Gipuzkoako Enpresa-batzordeko kideek, Bizkaiko langileen ordezkariek eta Vitoria-Gasteizko lanlekuko langileen ordezkariak negoziatu dute hitzarmen kolektibo hau.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

Enpresak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetan dituen lanleku guztietan aplikatuko da hitzarmen kolektibo hau.

3. artikulua.– Langileen eta funtzioen eremua.

Hitzarmen hau enpresako plantillako langile guztientzat da, bai egun lanean diharduten langile finko, behin-behineko eta bitartekoentzat, bai eta hitzarmena indarrean dagoen bitartean sartzen direnentzat ere.

4. artikulua.– Indarraldia eta hitzarmena salatzea.

Hitzarmenaren iraupena bi urtekoa da, bere indarraldia 2006ko abenduaren 31 arte luzatuko da eta 2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta atzeraeraginezko ondorioak izango ditu.

Hitzarmen hau bere epemuga baino hilabete bi lehenago joko da salatutzat, besterik gabe. Enpresako Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du langileen ordezkotzak hitzarmenaren aurreproiektua aurkeztu eta hurrengo 15 egunen barruan hurrengo hitzarmenerako negoziaketekin hasteko.

Aurrekoa gorabehera, hasierako indarraldia edo luzapenena bukatu ondoren, araudi-hutsunea gertatuz gero, arautzen jarraituko du arauei nahiz betebeharrei dagokienez, harik eta hitzarmen ordezko bat egiten den arte.

5. artikulua.– Konpentsatzea eta irenstea.

Ezartzen diren itundutako baldintza guztiak enpresan aurretik arautuak zeudenekin konpentsa daitezke, itun bidez edo enpresak bere aldetik emandako hobekuntzekin, hobekuntza horien arrazoiak hauek izan daitezkeelarik: lege aginduak zein jurisprudentzia, hitzarmen edo itun sindikal edo beste edonolakoak, bakarkako kontratuak, ohitura edo beste edozein.

Hitzarmen honen izaera kontuan harturik, bihar-etzi emango diren lege-xedapenen ondorioz ordainketa-kontzeptu guztietan edo batzutan aldaketa ekonomikoak eragiten badira, hitzarmen honetan onartutako igoerek irentsi egingo dituzte eta, beraz, eraginkorrak izateko, hitzarmen honetako baldintza ekonomikoen guztirakoa gainditu beharko dute.

Ezartzen diren hobekuntzak ezingo dira irentsi, ordea, eduki ekonomikorik ez badute eta legezko aginduz goragoko mailako arauetan onetsiak badira.

6. artikulua.– Berme pertsonalak.

Hitzarmen honetan itundutakoa orokorrean hobetzen duten baldintza pertsonalak errespetatu egingo dira.

II. KAPITULUA
LANA ANTOLATZEA ETA ORDAINTZEA

7. artikulua.– Lana antolatzea: printzipio orokorra.

Lanaren antolaketa tekniko eta praktikoa Enpresako Zuzendaritzari dagokio, aplikagarri diren legezko arau eta xedapenen barruan.

8. artikulua.– Ordainsariak jasotzeko modua.

Likidatutako hilabetearen hurrengo hilabeteko 8rako ordainduko dira soldatak, hilaren hasierako egunetan aparteko jaiegunak pilatzearen ondorioz ezinezkoa denean salbu; kasu horretan, nominaren kontzeptu finkoak, 8aren aurreko egun baliodunean ordainduko dira.

Langileek ordainketak banku-transferentzien bidez jasoko dituzte, langile bakoitzak Enpresarekin bat izendatutako aurrezki kutxa edo bankuko kontu korrontean.

9. artikulua.– Hitzarmeneko oinarrizko soldata.

Soldaten taulako 1. eranskinean aipatzen diren lanbide-kategoriek, hitzarmeneko oinarrizko soldata gisa, eranskinean adierazten dena jasoko dute. Hileko oinarrizko soldata enpresan altan izandako egunen arabera ordainduko da, indarrean den araudiarekin eta hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Gidari-hartzaileen kasuan, zehazki, oinarrizko soldatarekin beren kategoriako egiteko eta obligazioez gain, zerbitzuari ekiteko beharrezkoak diren lanak ere ordainduko zaizkie, hala nola: mailak berrikustea, pneumatikoen egoera, airea egitea, ibilgailuaren kontrol nagusienak ondo dabiltzan ikustea, ibilgailua erregaiz betetzea, kontrol agiriak eta txartelak prestatzea eta ibilgailua irteera-guneraino eramatea lanlekua dagoen herriaren barruan.

Soldatako kontzeptu hori zerbitzua uzteko lanagatik ere ordaintzen da, hala nola: ibilgailua iritsiera-gunetik herriko lanlekura eramateagatik, ibilgailua zein egoeratan uzten den ikusteagatik, ibilgailua erregaiz betetzeagatik, kontrol agiriak eta txartelak ixteagatik eta eguneroko partea egiteagatik egindako zerbitzuan gertatuko gorabehera guztiekin.

Egiteko horietan emandako denbora ez da azaltzen zerbitzuko grafiko eta ordutegietan; ordainketa soldatako kontzeptu horretan sartuta dago.

10. artikulua.– Antzinatasun plusa.

Hitzarmen honetako langileei gehitu egingo zaie aldizka antzinatasun osagarria, enpresan betetako zerbitzu-aldiagatik: % 5eko biurteko bi izango dira eta % 10eko bost bosturteko. Lanbide-kategoria bakoitzarentzat, soldaten taulako eranskinean adierazitako oinarriak kontuan hartuz aplikatuko dira ehunekook.

Antzinatasunagatiko gehigarri pertsonalaren hasierako eguna langilea enpresan sartzen den lehenengo eguna izango da. Antzinatasuna zenbatzeko enpresan lan egindako aldia hartuko da kontuan. Kontratua, lanpostua gordetzeko eskubideaz, etenda egon den hilabeteak eta egunak ere lan egindako moduan zenbatuko dira; langilea borondatezko eszedentzian egon den aldia, ordea, ez da zenbatuko.

Gehitze horiek enpresan emandako urteen arabera zenbatuko dira, duen lanbide taldea edo kategoria gorabehera. Etenik eta hutsunerik gabe emandako zerbitzuak ere kontuan hartuko dira, lan hori behin-behineko hainbat kontratuz egin bada ere, proba-aldia barne dela.

Lanean emandako urteek dakarten gehitze biurtekoa edo bosturtekoa bete ondorengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera kobratuko dira.

Kategoria aldatzen bada, osagarri pertsonal hori kalkulatzeko eta ordaintzeko oinarria kategoria berriari dagokiona izango da.

11. artikulua.– Aparteko ordainsariak eta mozkinetako partaidetzakoak.

Ordainsari horiek hitzarmeneko oinarrizko soldaten hilabete baten parekoak izango dira, antzinatasunagatiko hileko plusak gehituta. Uztailaren 25aren eta martxoaren 25aren aurreko hiru lanegunetako edozeinetan ordainduko dira, hurrenez hurren. Abenduaren ordainsaria 15ean ordainduko da.

Ordainsariak seihileko naturalen arabera eman eta kalkulatuko dira: uztaileko aparteko ordainketarako, urtarriletik ekainerako hilabeteak kontatuko dira; abenduko apartekorako, uztailetik abendurakoak eta mozkinen partaidetzakorako, aurreko urte naturala.

Lanean urtean zehar hasten diren edo lana urtean zehar uzten duten langileei, lan egindako aldiaren arabera hainbanatuta ordainduko zaizkie ordainsariak. Horixe bera egingo zaio Langileen Estatutuko 45.1 artikuluan adierazitako arrazoi bategatik lan–kontratua eten zaion langileari. Hala ere, partaidetzako ordainketarako, hainbanaketa hori, Langileen Estatutuko aipatu 45. artikuluko 1) zenbakiko c) eta e) letretan adierazitako kasuetan ez da egingo, EIren egoera hori lan–istripuagatik edo amatasunagatik izan denean salbu.

12. artikulua.– 2005 eta 2006 urteetako ordainsarien igoera.

2005erako, hitzarmen honetako kontzeptu ekonomiko guztiek KPIak Euskal Autonomia Erkidegoan 2004an izan duen igoera gehi ehuneko 1,00a jasotzen dute. Ondorioz, kontzeptu ekonomikoen igoera guztira % 4,20koa izan da.

2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, hitzarmen honetan jasotzen diren kontzeptu ekonomiko guztiek KPIak Euskal Autonomia Erkidegoan 2005ean izan duen igoera gehi ehuneko 1,00a izango dute.

13. artikulua.– Lanaldia.

Bidaiariak errepidez garraiatzen dituen «Transportes Pesa, S.A.» enpresako langile guztientzako lanaldia ondoren datorrena izango da, onuragarriagoa den bakarkako itunen bat edo lanaldi partzialeko kontratua sinatu denean salbu:

a) Bulegoetako taldearentzat.

2005ean, egunero 7 ordu eta 30 minutukoa izango da goiz eta arratsaldeko lanaldian, eta 2006an, 7 ordu eta 26 minutukoa goiz eta arratsaldeko lanaldian, astelehenetik ostiralera arteko lanegunetan, urte guztian zehar, ekainetik irailerako hilabeteetan salbu; horietan, astelehenetik ostiralera, lanegun bakoitzean 8:00etatik 14:00etara lan egingo da.

b) Tailerretako taldearentzat.

2005ean urte osoan lanaldia 7 ordu eta 30 minutukoa izango da eta 2006an 7 ordu eta 26 minutukoa, astelehenetik ostiralera lanegunetan; lan egin beharreko larunbat goizetan, berriz, 2005ean hiru ordu eta berrogeita bost minutukoa eta etenaldirik gabekoa izango da eta 2006an hiru ordu eta berrogeita hiru minutukoa, langile bakoitzak bi larunbatetik batean egingo duelarik lan.

Larunbat goizez lan egiten dutenek hurrengo astean egun erdi libre edukiko dute eurek aukeratzen duten egunean; ordu horiek pilatu ere egin ahal izango dituzte eta, horrela, larunbateko goiz biren truke, lanegun oso bat hartu ahal izango dute libre. Dena den, tailerreko arduradunarekin batera erabakiko da egun hori noiz hartu.

Abenduaren 24an eta 31n goizeko txandan bakarrik lan egingo da; horrela, tailerretako langileek egun bi horietatik batean baino ez dute lan egingo, dagokien asteko txandaren arabera.

Auto-garbitzaileek 2005ean 7 ordu eta 30 minutuko lanaldia edukiko dute egunero eta 2006an 7 ordu eta 26 minutukoa. Hilero, hilabete bakoitzean dauden igande, jaiegun eta lanerako larunbat adina egun edukiko dituzte atsedenerako, hurrengo artikuluan ezarritako atseden-egunen hileko kopuruaren arabera; dena dela, eskuarki, igande eta jaiegunetan atsedena hartuko dute, eta bi larunbatetik batean ere bai, igande eta jaiegunetan lan egiten den lanlekuetan egun horietan dagoeneko lan egiten duten langileek edo kontratatzen direnek izan ezik.

Halabeharrez, ezarritako orduez kanpoko lana egiten bada, langileak aukera bi hauetako bat erabiltzeko eskubidea edukiko du: batetik, egindako lana konpentsatzeko, proportzio honen arabera: 4 ordura arte lan egin bada: 4 atseden-ordu; 2005ean, 4 ordu eta 7 ordu eta 30 minutura arteko lanagatik (edota 26 minutura artekoagatik 2006an): atseden-egun bat. Beste aukera da lanean egindako benetako orduak aparteko orduen moduan ordaintzea. Bestalde, ezarritako orduez kanpoko lana egiten bada atsedenaldi egunetan, beti ere langilearen nahiaren arabera, aukera bi izango dira: a) konpentsaziozko atsedenaldiak izango ditu, proportzio honen arabera: 3 ordura arte lan egin bada: 4 atseden-ordu; 2005ean, 3 ordu eta 7 ordu eta 30 minutura arteko lanagatik (edota 26 minutura artekoagatik 2006an): atseden-egun bat, b) ordaindu egingo da, kasu bakoitzaren arabera, atsedenaldia hartu gabeko egun erdia edo egun osoa.

Tailerretako langileak 15 minutuko atsedena izango dute lanaldian, baldin eta ordutegi jarraituan lan egiten badute eta 4 ordutik gora, goizeko txandetan nahiz arratsaldekoetan.

c) Ustiaketako taldearentzat eta ustiaketaren zuzeneko zerbitzuan diharduten administrarientzat.

2005ean, 7 ordu eta 30 minutuko lanaldia izango dute, eta ekonomia–ondorioetarako bakarrik, iraupen laburragoa dutenak kontatuko dira 7 ordu eta 30 minutuko lanalditzat eta, hilabete bakoitzean dauden igande, jaiegun eta lanerako larunbat adina atseden-egun egongo da hilero, ondorengo artikuluan ezarritako hilabete bakoitzeko kopuruaren arabera. Lanaldia 2006ko uztailaren 1etik aurrera 7 ordu eta 26 minutukoa izango da.

Lanaldia edo grafikoak, honakoak izango dira: etengabekoak goizez edo arratsaldez, edo etena dutenak. Gidarientzat, grafiko etengabeek ez dute hasieratik 11 orduko epealdia gaindituko. Goizeko grafiko etengabeak 04:30etik 15:30era ezarriko dira. Arratsaldeko grafiko etengabeak 12:30etik 23:30era ezarriko dira. Hala ere, ustiaketako beharrak direla–eta, grafikoren bat 23:30ak baino geroago ere amaitu daiteke, hasieratik 11 ordu gainditu gabe betiere. Grafiko horiek, zerbitzuak jarri aurretik, grafikoen batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan.

Etengabeko grafikotzat jo ezin diren lanaldi eta grafiko guztiak hartuko dira etena duten grafikotzat. Grafiko zatituak bi lansaio jarraitu edukiko dituzte —benetako lanarena edo presentziarena— eta gutxienez bi ordu edukiko dituzte bazkaltzeko. Bazkaltzeko bi orduko etenaldia 11:45etik 15:15era bitartekoa izango da, bai etena langileak lan egiten duen herrian egiten bada, bai beste herri batetan egiten bada. Nolanahi ere, beti hartu beharko da kontuan jatorduari buruzko artikuluan ezarritakoa. Maiatzaren 25ean grafiko zatituen portzentaia, enpresako guztiari dagokionez, % 37koa denez, trafiko-sailak gutxituko ditu arian-arian % 30a lortu arte.

Hitzarmen honetako langile guztiek egun bat gutxiago lan egiteko eskubidea edukiko dute. Lanik gabeko egun hori zerbitzuen eta atsedenaldien hilabeteroko egutegietan jasota gera dadin, langileak gozatu nahi duen hilabetearen aurreko hilabetearen lehenengo hamabostaldian eskatu beharko du egun hori. Egun hori ezingo dute batera hartu lanleku berean diharduten langile bik edo gehiagok. Gidarientzat eta leihatilazainentzat, ordea, lanik gabeko egun hori datozen artikuluetan zehazten den atsedenen hileroko kontaketan sartuta dago.

Halaber, Enpresa-Zuzendaritza eta langileen ordezkariek osatutako batzorde mistoa sortuko da, bi alderdiek adostutako osaera duena, egun adostutako eguneko lanaldiaren ordez urteko lanaldia ezartzeko azterlana egiteko.

14. artikulua.– Lan egutegia, urteko jaiegunak eta atseden egunen banaketak.

Urteko jaiegunak erabakitzeko, indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituko zaio eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Egutegia erabiliko da, aurreko artikuluan langile talde bakoitzarentzako lanaldiari buruz azaldutakoaren arabera.

Horrela, bulegoetako eta tailerretako taldeentzat, aipatu lan egutegi horri egokituko zaio urteko egutegia, langile bakoitzak bere lanlekua dagoen herriko jaietako jaieguna edukiko duelarik eta urteko oporraldian dauden jaiak ospatutzat joko direlarik.

a) Hileroko jai eta atseden egunen egutegia.

Behin-behineko langileek, ustiaketako zuzeneko zerbitzuko administrariek, ustiaketa taldeko langileek (Bilbo eta Donostia-San Sebastiángo gidari-hartzaile eta leihatilazainek izan ezik) eta auto-garbitzaileek, 2005eko hilabete bakoitzeko atseden koadro honen arabera bakoitzari dagokion lan egutegia izango dute:

2005	Larunbatak	Igandeak	Jaiegunak	GUZTIRA

Urtarrila	4	5	1 eta 6	11

Otsaila	4	4	--	8

Martxoa	4	4	6, 8 eta 25	11

Apirila	5	4	--	9

Maiatza	4	5	2	10

Ekaina	4	4	--	8

Uztaila	5	5	25	11

Abuztua	4	4	15	9

Iraila	4	4	--	8

Urria	5	5	12	11

Azaroa	4	4	1	9

Abendua	5	4	6 eta 8	11

GUZTIRA	52	52	12	116

Atseden egun horiei, lurralde bakoitzeko jaieguna eta lanleku bakoitzari dagokion lekuko jaieguna erantsiko zaizkie; 2005erako, hauexek izango dira hain zuzen ere:

Gipuzkoan: atseden-egun bat gehiago irailean (9, osteguna)

Bizkaian: atseden-egun bat gehiago uztailean (4, astelehena)

Araban: atseden-egun bat gehiago apirilean (28, astelehena)

Donostia-San Sebastiánen: atseden-egun bat gehiago urtarrilean (20, osteguna)

Arrasaten: atseden-egun bat gehiago ekainean (24, ostirala)

Berriatuan: atseden-egun bat gehiago maiatzean (9, astelehena)

Bilbon: atseden-egun bat gehiago abuztuan (26, ostirala)

Mallabian: atseden-egun bat gehiago otsailean (9, asteazkenean)

Vitoria-Gasteizen: atseden-egun bat gehiago abuztuan (5, ostirala)

Zumarragan: atseden-egun bat gehiago uztailean (1, ostirala)

Goiko atseden egunen konputuan ezarritako atseden egunak langilearen oporretan suertatzen badira, egun horiek hartutzat emango dira.

Langileren bat egun kopuru zehatz baterako kontratatu bada eta egun horiek ez badatoz bat hilabete jakin bateko egun guztiekin, langile horiek bi atseden egun hartzeko eskubidea izango dute, batez beste, lan egindako bost eguneko. Halaber, kontratuak dirauen bitartean astelehen eta ostirala bitartean dauden jaiegunak adina atseden egun ere hartu ahal izango dituzte. Langilea larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteko kontratatu bada, berriz, bi atseden egun hartzeko eskubidea izango du, batez beste, lan egindako bost eguneko. Edonola ere, atseden egunak kontratuaren iraupenean sartuta ez badaude edo langileari dagokion atseden-aldia egun osoekin bat ez badator, azken kitapenean gozatu gabeko atseden-aldi horiek ordaindu egingo zaizkie, hitzarmen honetako 14. artikuluan kontzeptu horretarako ezartzen den zenbatekoaren arabera.

b) Urteko jai eta atseden egunen egutegia.

Gidari-hartzaileei eta Bilbo eta Donostiako zentroetako leihatilazainei, kontratu finkoa badute, urteko atsedenen hainbanaketa hau aplikatuko zaie dagokien heinean: urte guztiko larunbatak (52, 2005ean), urte guztiko igandeak (52, 2005ean), 2005eko jaiegunak (14), aurreko artikuluko azken lerroaldean aipatzen den «lanik gabeko eguna». Ondorioz, 119 egun ateratzen dira urtean eta urteko hilabete gehienetan atsedenaldi kopuru beretan banatuko dira, honela, alegia:

Urtarrilean: 10 atsedenaldi

Otsailean: 9 atsedenaldi

Martxoan: 10 atsedenaldi

Apirilean: 10 atsedenaldi

Maiatzean: 10 atsedenaldi

Ekainean: 10 atsedenaldi

Uztailean: 10 atsedenaldi

Abuztuan: 10 atsedenaldi

Irailean: 10 atsedenaldi

Urrian: 10 atsedenaldi

Azaroan: 10 atsedenaldi

Abenduan: 10 atsedenaldi

Hileroko egutegian finkatutako atseden egunak oso-osorik errespetatuko dira, ezohiko egoeren ondorioz aurreikusi ezin diren kasuetan salbu. Aurreikusi ezineko kasu horietan, hileroko egutegian agertzen den edozein atseden egun kendu aurretik, enpresak erreserbara jotzeko aukera kontuan hartuko du, une horretan balego, edo zerbitzu horiek borondatez betetzera, edo ibilgailuak akuratzera edo beste irtenbide batetara; aukera guzti horiek agortu ondoren eta besterik ezean deuseztatu ahalko da lehen emandako eskubidea.

Lanleku bakoitzeko trafiko-buruzagiari jakinarazi eta gero, lanbide maila bereko langileek hileroko egutegian jarritako atseden egunak elkarren artean trukatu ahal izango dituzte, trafiko-buruzagiak, aparteko arrazoiak direla kausa, pentsatutako aldaketa onartzen ez duenean izan ezik. Hala ere, gidariek ezingo dute 9 egun baino gehiago lan egin jarraian eta lanaldi bat amaitu eta hurrengoa hasteko gutxienez 9 ordu iragan beharko dute.

Langileen artean atseden egunak borondatez aldatzen direnean, egun hori izendaturik zuen langileak gozatutzat joko du enpresak lan–ondorio guztietarako, eta lana ere, izendatua zuen langileak egindakotzat.

Hileko egutegiak indarrean dirauen aldian, aurreikusitako atseden egunen bat edo batzuk deuseztatzea beharrezko gertatzen denean, hilabete horretan libre gelditzen diren egunen artean beste atseden egun bat hartzeko aukera emango zaio langileari edo hurrengo hilabeterako edo hilabetetarako beste atseden egun bat gehiago eskatzeko, edo egun hori oporraldiari eransteko, edota egunari dagokion diru-zenbatekoa jasotzeko.

Hilabete baten barruan gozatu gabeko atseden egun baten balioa 84,19 eurotan ordainduko da. Diru-zenbateko hori edozein langileri aplika dakioke, bere lanbide maila gorabehera.

Aurreikusi diren absentziak, atseden egunak eta arauzko oporrak alegia, lanlekuetako langile-plantillek nahiko ongi betetzen dituztenez gero, gozatu ez diren atseden egunak egiturakotzat jotzen dira.

15. artikulua.– Zerbitzuak eta atseden egunak izendatzea.

Langileek hilabete bakoitzeko zerbitzu eta atseden egunen izendapena 10 egun lehenago jakin beharko dute.

Grafiko eta atseden-egunak errotazioz eta hurrenkera koerlatiboz izendatuko dira lanleku bakoitzeko talde bakoitzeko langileen artean, baina irizpide hori betetzeko nahiko entitaterik ez duten lanleku edo taldeetako langileak ere txandatu egin beharko dira.

Grafikoak eta atseden egunak jartzeko errotazio modu hori, hurrenkera koerlatiboan egingo dena alegia, astekako ziklotan ezarriko da lanleku bakoitzeko langileen talde bakoitzarentzat. Ziklo bakoitzeko asteak adina langile egongo dira talde bakoitzean. Grafikoak edo langileak gehitu zein gutxitzen badira, errotazioa eta zikloa gertakizun dauden aldaketetara egokitu beharko dira. Zikloak eta euren errotazioak langileen ordezkariei eskuratuko zaizkie benetako aplikazioa eduki baino 20 egun lehenago, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

Lana eta atseden egunak banatzeko printzipio orokor horren bitartez, lanleku edo talde bakoitzeko langileen arteko aldeak saihestu nahi dira, bai lan–kopuruari eta bai diruari dagokienez.

Atseden egunak, oro har, binaka jarriko dira. Atseden-egun batzuen eta beste batzuen artean gutxienez lanegun bi egongo dira, atseden-egun bakarra ematea saihestuko dela. Kontuan izanik, hala ere, asteko egun bakoitzerako grafiko asko daudela, irizpide hauek erabiliko dira hilabeteko atseden-egunak jartzerakoan: binaka izendatuko dira ahal bada; ezinezkoa gertatuko balitz hori, hiru atseden-eguneko taldeak izendatuko lirateke; hala eta guztiz ere, egun bakarreko atsedenak jarri beharko balira, gehienez ere 15 izango dira, langile bakoitzaren 11 lan-egutegietan, eta 2 hilean.

Atseden egun solte bakarra izendatzen bada, atseden egunaren aurreko eguneko lana bukatu eta hurrengo egunekoa hasi arte, 36 ordu igaroko dira, jarraian, lanik gabe, salbu eta atseden egun soltea urteko 14 jaiegunetako bat bada. 36 ordu jarraiko atsedena ematea ezinezkoa bada, falta den denbora atseden laburragoko dieta gisa ordainduko da.

Hilean behin derrigorrez hartu beharko da asteburuko (larunbata eta igandea) atsedena. Asteburu bateko atsedenaldia baino gehiagokoa hartu ahalko balitz hilean, asteburu horiek talde bakoitzeko kideei dagokien heinean banatuko lirateke. Ondorioz, langile bakoitzak, hileko hamaika egutegietan beste 9 atseden-asteburu izan beharko ditu gutxienez urtean zehar. Horrek dakarrena da urtean 20 asteburuko atsedenaldia izango duela. Oporraldia ez da kontu horietan sartuko. Arau orokorra denez, hiru asteburu osoetako bat izendatuko da. Hiru asteburuetatik asteburu oso bat izendatu ezin izatea gertatuz gero, dagokion lanlekuko langileen ordezkariari jakinaraziko zaio aurretik. Langilea, edozein arrazoirengatik, bajan baldin badago, gozatutako asteburutzat zenbatuko zaizkio lan-egutegiaren arabera dagozkionak, aldi horretan aktiboan egon balitz bezala.

Gidariek ez dute sekula 9 egun baino gehiagotan lan egingo jarraian.

Baldin eta langile bat, urtean zehar, behin-behineko kontratua izatetik lan-kontratu mugagabea izatera pasatzen bada, hilak dituen adina larunbat, igande eta jaiegunak hartuko ditu jai, urte bukaera arte eta ez zaio aplikatuko atseden-egunak hartzeko dagoen urteko jai eta atseden-egunen egutegia. Hurrengo urteko urtarriletik aurrera bai ordea, orduan atseden-egunak hitzarmen kolektibo honen 14. artikuluaren b) idatz-zatian zehaztutako urteko jai eta atseden-egunen egutegiaren arabera hartuko ditu.

Langileen ordezkarien gehiengoa bat etortzen bada eta enpresari kostu gehiagorik sortzen ez bazaio, beste grafikoen eta atsedenaldien banaketa bat hitzartu daiteke lanlekuetako lantalde bakoitzarentzat. Bat etortze hori idatziz aurkeztu beharko zaio Enpresaren Zuzendaritzari, aldez aurretik langileen ordezkarien gehiengoak behar bezala izenpetuta.

16. artikulua.– Benetako lanaren aldia eta presentziako aldia.

Gidari-hartzaileen lanaldiaren kontaketa egiterakoan, benetako lanaren aldia eta presentziako aldia bereiziko dira.

Benetako lantzat hauek joko dira: gidari–hartzaileek ibilgailua gidatzen erabilitakoa; halaber, etengabeko grafikoetan, hogeita hamar minututik beherako etenaldiak eta etena duten grafikoetan, hogei minututik beherako etenaldiak.

Presentziako alditzat hauek joko dira: ondorengo artikuluen arabera, itxarote aldiak, espektatibak, zaintza edo erreserba zerbitzuak, zerbitzurik gabeko bidaiak, matxurak, bideko otorduak, eta, langilea, benetako lan horiek egin ez arren, enpresaren esanetara dagoen aldia.

Presentziako orduak ez dira kontuan hartuko benetako lanaldiaren barruan, eta aparteko orduen kopuruaren ondorioetarako ere ez dira kontatuko, baina asteko batez bestekoa ezingo da izan 20 ordu baino gehiagokoa.

Presentziako orduak, edo ordu normalak, soldaten taulari buruzko eranskinean adierazitako zenbatekoen arabera ordainduko dira.

Presentzia aldietako garraioak izaera berezia eta propioa duenez gero, kontzeptu horretan ordaindutako diru-zenbatekoak Gizarte Segurantzan ordu normal gisa kotizatuko dira, egiturazko aparteko orduen apartatuaren barruan.

17. artikulua.– Aparteko orduak.

Hitzarmen honetako alderdi negoziatzaileen arteko adostasunez, lanaldiari buruz hitzarmen honetako 13. artikuluan lanbide-kategoria bakoitzarentzako itundutako ordu kopurua edo aldia edo benetako lanaren aldia gainditzen dutenak izango dira aparteko orduak. Legez ez dira apartekoak izango, enpresa-mailan baizik, zentzu horretan ez baita aparteko ordurik egiten.

Salbuespenez, gidariek, izendatutako grafikoa normal burutzen dutenean eta presazko arrazoiengatik edo trafikoagatik beste zerbitzuren bat egin behar dutenean, jarritako grafiko hori amaitu baino lehen edo ondoren, «bigarren grafikoan» emandako denbora honakoa izango da: Trafikoko buruzagiak enpresaren zerbitzupean jartzea erabaki dezanean hasiko da bigarren grafikoa; bolantean egindako ordu guztiak hartuko dira kontuan eta aparteko ordu legez ordainduko dira; «bigarren grafiko» horren presentzia-denbora % 100 zenbatuko da, eta ordaindu, presentzia orduek duten balioaren arabera ordainduko dira oso-osorik.

Lehenengo grafikoaren azkenetik bigarrenaren hasierara arte, edo alderantziz, igarotako denbora ez da aintzakotzat hartuko, baldin eta grafiko bi horien artean denbora hori ordubetetik gorakoa bada. Hala ere, grafiko bien arteko aldia ez bada ordubetera iristen, itxaronaldi legez hartuko da ehuneko berrogeita hamarra; ehunetik ehunekoa izango da, baldin eta grafiko bien arteko denbora 30 minutukoa edo gutxiagokoa bada. Grafiko bien arteko denbora, halaber, kontuan hartuko da jatordurako, horretaz geroago xedatuko dena aplikatuko dela. «Bigarren grafikoa» hasteko edo amaitzeko denbora ere kontuan hartuko da afaltzeko dietarako, eta bai gosaltzeko eta afaltzeko denborarako, eta bai atsedenaldi laburragoagatik legokiokeen kalte-ordainerako.

«Bigarren grafikoa» lehenengo grafikoaren presentzia-aldian egiten denean, benetan egindako lana hartuko da kontuan eta aparteko ordu legez ordainduko da lehenengo grafikotik kanpo. «Bigarren grafiko»aren presentzia-aldia ehuneko ehun zenbatuko da, eta ordaindu, presentzia orduen balioaren arabera, oso-osorik ordainduko da lehenengo grafikotik kanpo.

Aparteko orduak sartzea enpresak berak proposa dezake nahi izanez gero eta langileak libre izango dira hori onartzeko, bideko matxuren eta konponketen kasuan edo behar bezala egiaztatutako presazko beharretan salbu.

Urtean ezingo dira aparteko 80 ordu baino gehiago sartu; ordu horiek zenbatzeko ez dira kontuan hartuko istripuak edo aparteko eta presazko kalteak prebenitzeko edo konpontzeko egindakoak, ez eta enpresari ezin leporatu zaizkion gorabeherek sortutakoak ere.

Aparteko ordu horien ordainketa soldaten taulari buruzko eranskinean, horretarako egindako zerrendan, kategoria bakoitzarentzat ezarritakoa izango da eta guztiak egiturazkotzat edo halabeharrak sortutakotzat joko dira.

18. artikulua.– Grafikoak eta erreserbako aldiak.

Zerbitzuan egon daitezkeen beharrei egoki erantzuteko behar diren erreserbak egingo ditu enpresak. Ildo horretan, erreserbako grafiko osoak eta zerbitzu konkretuetarako erreserbak egin ahal izango dira arauzko grafikoen barruan.

Erreserbako grafiko osoak grafikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta talde bakoitzaren hileko egutegietan agertu behar dira; erreserbako grafikoak errotazioz eta koerlatiboki beteko dira hor sartzen diren langileen artean eta etenaldiko lanaldia denean, eten bakarra izango dute otordua egiteko.

Erreserbako grafiko osoetan emandako aldi guztia, zerbitzu bat egiten denean egin daitekeen lanerako benetako aldiarena salbu, presentziako alditzat joko da ehuneko ehunean, eta aldi horretan, langilea enpresaren esanera egongo da.

Erreserbako grafikoen presentziako aldi guztia (7 ordu eta 30 minutu 2005ean eta 26 minutu 2006ko uztailaren 1etik aurrera), ez da hitzarmen honetako 16. artikuluan adierazitako presentziako gehieneko ordu-kopuruaren zati izango.

Grafiko arruntek erreserba bat baino ez dute izango; horiek ere presentziako alditzat joko dira ehuneko ehun eta grafikoko beste aldiei erantsiko zaizkie.

19. artikulua.– Itxarote aldia.

Grafikoaren etenaldiak itxarote alditzat joko dira, 30 minututik gorakoak badira, etenik gabeko grafikoetan. 30 eta 60 minutuko etenak 30 minutuko presentzia–aldi gisa zenbatuko dira. 60 minututik gorako aldiak baino ez dira ehuneko berrogeita hamar zenbatuko.

Zatikatutako grafikoetan, 20 minututik gorako etenak joko dira itxarote-alditzat, bazkaltzeko etena ez badira, eten hori lanlekutik kanpoko herriren batean bazkaltzeko izan ezik, kasu horretan aldi hori ere itxarote-aldi moduan zenbatuko baita. Zatitutako grafiko horietan 30 minututik beherako itxarote-aldiak ehuneko ehun zenbatuko dira; 30 minututik gorakoak, aldiz, ehuneko berrogeita hamar zenbatuko dira.

Edozein motatako grafikoetan, 30 minututik gorako etenetan gidariak ibilgailua zaindu beharra baldin badu, presentzia–alditzat zenbatuko dira ehuneko ehun. Itxarote–aldietan lapurretarik gerta ez dadin, enpresak hitza ematen du neurriak hartuko dituela hori saihesteko.

Gidari-hartzaileek lau ordu eta erdi baino gehiagoz ezin dute etenik gabe gidatu. Geldiunearen iraupenak 45 minutukoa izan behar du gutxienez eta gidaketa aldian zehar zatitu egin daiteke, gutxienez 15 minutuko aldietan. Geldialdi edo atseden hori itxarote-alditzat joko da etengabeko 20 minutu gainditzen baditu zatikatutako grafikoetan edo 30 minutu etenik gabeko grafikoetan. Geldialdietan ezingo da gidatu.

Presentziako edo itxaroteko alditzat jotako aldiak, benetako laneko aldiari batuta, 2005ean 7 ordu eta 30 minutuko eta 2006ko uztailaren 1etik aurrera 26 minutuko itundutako lanaldi normala gainditzen badute, hitzarmen honen 16. artikuluan zehaztutako moduan ordainduko dira.

20. artikulua.– Pizgarriak.

Enpresako langileek 2004-12-31ra arte jasotako pizgarriak % 4,20 igoko dira 2005ean. Langile guztiei urteko 12 hilabeteetan ordainduko zaizkie.

21. artikulua.– Hartzailearen plusa.

Gidari-hartzaileak, gidariaren eta kobratzailearen lanak aldi berean betetzen dituenean, bere kategoriari dagokion dirusariaz gain, hilero 257,12 euroko plusa jasoko du 2005ean, urteko 12 hilabeteetan.

Behar den moduan oinarritutako kasuetan eta enpresaren beharrei erantzuteko, gidari-lanak baino egiten ez dituenean, osagarri hori gorde egingo zaio.

22. artikulua.– Auto lagungarriak.

Gidari-hartzaileek, hartzaile diren aldetik, zerbitzuko ibilgailu bat baino gehiago ziurtatzen dutenean eguneko 3,43 euro jasoko dituzte 2005ean, eta beren lan kategoriari dagozkion lanak bete beharko dituzte ibilgailu guztietan.

23. artikulua.– Igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko plusa.

Eguneroko lanaldia igande edo jaiegunetan egiten duten langile guztiek «Jaiegun-plusa» jasoko dute. Plus horren zenbatekoa 25 eurokoa izango da 2005ean lan egindako igande edo jaieguneko.

2006an igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko plusaren zenbatekoa 28 eurokoa izango da.

24. artikulua.– Fardeleria-plusa.

Fardeleria-plusa 5,45 eurokoa izango da eguneko, eta fardel–zerbitzua izendatuta duten grafikoak egiten dituzten gidari-hartzaileei ordainduko zaie. Fakturatutako fardelak eta enkarguak leihatilatik autobusera eta autobusetik leihatilara eramateko obligazioa eta ardura izango dute; eta horrela egingo dute bai jatorrian, bai bideko guneetan eta bai destinoan.

Bestalde, destinoan entregatzeko jaso dituzten fardelak eta enkarguak autobusean fakturatzeko obligazioa dutenez gidari–hartzaileek, fakturazio horrengatik bildutako guztiaren % 10 jasoko dute fardeleriaren plus legez. Ez da horrela izango, ordea, jada aurreko lerroaldeko fardel-plusa jarrita duten grafikoen barruan egiten denean.

Fardeleria-plusa jarri gabe duen edozein grafiko burutzen badute gidariek, eta fardelak fakturatu badituzte autobusean destinora iristerakoan entregatzeko, baina ezinezkoa egiten bazaie entrega egitea fardelak eskuratu behar dituena azaldu ez delako, autobusean gordeko dituzte eta gidariek ez dute ezelako erantzukizunik izango fardelen trasladoarekiko eta ardurarekiko; nahi badute, hala ere, fardelok leihatilatik hurbilenean entrega ditzakete.

25. artikulua.– Gaueko plusa.

Lanaldian gutxienez hiru ordu gauez (22:00etatik 06:00ak artean) ematen dituzten langileek berariazko ordainketa bat edukiko dute gaueko plus gisa. Hori hitzarmeneko oinarrizko soldataren % 25ekoa izango da. Langile horiei ez zaie aplikatuko hitzarmenaren 31. eta 33. artikuluetan jarritakoa, gosari eta afarietarako kalte-ordainei dagokienez.

26. artikulua.– Gaueko zerbitzuak.

Aldundiek enpresari gaueko zerbitzua ematea eskatzen diotenean, enpresak lehenbailehen jakinaraziko die langileen ordezkariei jasotako eskaria eta egin beharreko grafikoen aurreikuspena. Grafiko horiek lanaldi etengabekoak izango dira eta gidatzeko eta atsedenaldiko gehienezko denborari buruz hitzarmen honen 19. artikuluan ezarritakoa jasoko dute.

Gaueko grafikoek beste grafiko guztiek bezalako trataera izango dute oro har erakunde barnean, ondorio guztietarako. Zerbitzua, laneko egutegian jasotako gaueko grafikoari dagokion eguneko lanalditzat hartuko da beti.

Gaueko grafikoa egiteak ez dakar galerarik atsedena hartzerakoan zeren hilabete horretan hartzekoak beti errespetatuko baitira. Gaueko zerbitzua bete ondoren, hurrengo zerbitzua beste gaueko grafiko batekoa izango da, horrelakorik balego, eta gehienez ere elkarren segidako bi gaueko zerbitzuak eta bi edo hiru atseden egun.

Liskar edo istiluak direla-eta gaueko zerbitzuak eguneroko normaltasuna hausteko moduko aldaketak jasango balitu, enpresak, langileen ordezkariekin ados jarrita, zerbitzua normaltasunez ematea bermatuko duten neurriak hartuko ditu.

Ez da gaueko zerbitzurik egongo abenduaren 24an eta 31n.

Gaueko zerbitzuengatik gidari-hartzaileak diru konpentsazioa edo egun librea hartzea aukeratzeko eskubidea izango du, ondoren zehazten den modura:

a) Diru-konpentsazioa: gidari-hartzaileak 97,16 euro jasoko ditu gaueko zerbitzu bakoitzeko.

Diru-konpentsazio horrek kontzeptu aldagai guztiak hartzen ditu, hala nola gidari-hartzaileak erabili duen ibilgailua barrutik garbitzea.

b) Atseden-konpentsazioa: gidari-hartzaileak egindako gaueko zerbitzuko egun bateko atseden-konpentsazioa izango du eta atseden-konpentsazio hori ematen zaion hilabetean dagozkion atseden-egunei gehituko zaie.

27. artikulua.– Joan-etorri bereziak.

Lineako grafikoak normalean Donostiako lanlekutik egiten dituzten gidariek, zerbitzu hori hasi edo amaitzen den tokia eta bukaera edo hasierako tokia desberdinak direnez, kalte-ordain moduan 44,12 euro jasoko dute hilero, oporraldi edo baja-aldietan salbu. Grafiko horiek noizean behin egiten dituzten kasuan, bidaia-gastuetarako 2,09 euro jasoko dute laneguneko.

Urazurrutia kaletik Hurtado de Amézaga kalera arteko trasladoaren ondoriozko ekonomia-eskubideak aitortzen zaizkie orduan enpresan zeuden Bilboko lanlekuko gidariei. Konpentsazio legez bidaia-gastuetarako 44,12 euro jasoko dute hilabeteko; salbuespen izango dira oporraldiak edo lan-bajako aldiak.

Lana Frantzia kaleko Gasteizko Autobus Geltoki zaharrean hasi eta amaitzen duten gidari finkoek, bestalde, gaur egungo autobus-geltokitik kanpo Gasteizen autobusak aparkatzeko mugitu behar izateagatik, 44,12 euro hileko jasoko dituzte konpentsazio legez bidaia-gastuetarako. Oporraldiak eta laneko bajen aldiak salbuetsi egingo dira.

28. artikulua.– Lanlekuz aldatu gabeko mugikortasun geografikoa.

Lan egiten duen egoitzatik kanpo aldian behin egiten diren zerbitzuak hartzen ditu mugikortasun horrek: langile bakoitzak gehienez lau egun eman ditzake hilabeteko, beste lanleku batzuetako grafikoak egiten. Horrelakoetan, Zuzendaritzak bere esku du, hilabeteko egutegian grafikoen errotazioa aintzat hartuz, lekuz aldatu behar duten langileei enpresari benetan kosturik gutxien ekarriko dion grafikoa edo zerbitzua jartzea; hori bai, enpresaren hitzarmen honetako 15. artikuluan esandakoa betez.

Egoera horietan, enpresako ibilgailuak gidatuz leku batetik bestera joanez langileak eman dezan denbora benetan egindako lantzat joko da ondorio guztietarako. Lekuz aldatze hori bidaiari legez egiten badu enpresaren ibilgailuetan, lekuz aldatze horretan emandako denbora guztia presentziako denbora legez hartuko da, ehuneko ehunean. Lekuz aldatze horiek, bidaiari moduan, enpresaz kanpoko ibilgailuetan egiten badira, orduan ere presentziako denbora legez joko da ehuneko ehunean lekuz aldatze horretan emandako denbora; enpresak ordainduko ditu bidaiako gastuak.

Langileak lekualdatzeok bere kontura egitea onartzen badu, 0, 27 euroko kalte-ordaina jasoko du egindako kilometroko. Lanaldia hasteko edo amaitzeko ere beharlekua hartuko da kontuan, ondorio guztietarako. Hala ere, lekualdatzea zenbatzeko, benetan erabilitako denbora hartuko da kontuan.

Lanaldi barruan langilea bere ibilgailua erabiliz lekuz aldatzen bada laneko gorabeherak direla-eta, 0,27 euroko konpentsazioa jasoko du kilometroko.

29. artikulua.– Mugikortasun geografikoa lanlekuz aldatuz.

Enpresak behin betikoz lantokia lekuz aldatzen badu, baina aldaketa honek langilea behartzen ez badu bizilekuz aldatzera Langileen Estatutuko 40. artikuluan arautzen diren suposizioetatik kanpo gelditzen da, eta beraz, egoera honek ukitutako langileek, hilero enpresatik ondoren zehazten denaren araberako kopurua jasoko dute:

a) Langilea bere ibilgailuz doanean lantokira, lan egiten duen egunetan gehiegiz egiten duen kilometro bakoitzeko 0,22 euro. Joan-etorri bat kontatuko da eguneko bere etxetik lantoki berriraino, denbora berean bere etxetik lehengo lanlekura egin beharko zituzkeenari dagokionez. Nolanahi ere, bi punturen arteko distantzia neurtzeko errepideen sareko ibilbide motzena hartuko da kontuan, bidesaria ordaintzea eskatzen dutenak alde batera utzita.

b) Langileak garraio-zerbitzu publiko erregularra erabiltzen duenean lantokira joateko, bere etxetik lanleku berrira joateko erabiltzen dituen garraio-zerbitzu publiko horietako txartelen eta lehen bere etxetik aurreko lantokira joateko erabiltzen zituen txartelen salneurrien arteko aldea, lan egiten duen egunetan eta eguneko joan-etorri bat kontatuz.

c) Joan-etorria, guztia edo zati baten, enpresako ibilgailua gidatuz edota ibilgailu horretan bidaiari modura egiten denean, ibilbideak zero kostua izango du, enpresak langileengandik garraioagatik diru-kopururen bat jasotzen badu izan ezik. Kasu horretan, aurreko b) puntuan txartelei buruz adierazitakoa ezarriko da.

Aurreko idatz-zatietan aipatzen den dirua jasotzeko eskubidea iraungi ahal izango da enpresa eta langilea ados jartzen badira, elkarrekin hartutako erabakian finkatutako zenbatekoa langileari ordaintzeko ordainketa bakar baten bidez.

30. artikulua.– Autobusak garbitzea.

Bilboko, Mallabiko eta Donostiako lanlekuei atxikiriko gidari-hartzaileek autobusak garbituko dituzte eta horregatik 7,03 euro ordainduko zaie 2005ean lan egindako eguneko; langile horiei, hilero gutxienez 21 egun ziurtatuko zaizkie, gutxieneko hori ordea, 21 egun baino gehiago lan eginda ere, garbiketengatik hilero ordainduko den gehieneko kopurua izango da.

Grafikoren baten edo zerbitzu konkreturen baten beharrak eraginik ibilgailu osoa garbitu behar duten gidari-hartzaileei 7,03 euroko diru-zenbateko bera ordainduko zaie, edo diru-zenbateko horren erdia barrualdea bakarrik garbitzen badute, beti ere, aurreko paragrafoan aipatutako hileko 21 garbiketen ordainketako mugaren barruan.

Hori bestetara hedatuz, leihatilako lanak egiten dituzten langileek leihatilari erantsirik dauden lokalak garbitzen dituztenean, 2005. urtean zehar 3,52 euro jasoko dute garbiketa hori egiten duten egun bakoitzeko eta hori, horri dagokion leihatila bakoitzean, langile bakar bati emango zaio egun batean.

Autobusak gidariek garbitzen dituztenean, lan horrek izaera estruktural eta espezifikoa duenez gero, kontzeptu horretan ordaindutako diru-zenbatekoak kotizatu egingo dira Gizarte Segurantzan aparteko ordu estrukturalen barruan.

31. artikulua.– Atseden laburragoagatiko dieta.

Hitzarmen honetan gidatzeko eta atsedenerako aldiei buruzko arauak ezartzen direnez, eta arau horiek, beren osotasunean hartuta, Europako Batasunean indarrean dagoen araudikoak baino onuragarriagoak direnez langileentzat, asteko atseden egunak eta lanaldien arteko atseden egunak orain arte bezala eta hitzarmen honetan sartuta jarraituko dute, EBeko legeria hertsiki erabili gabe. Horrela, lanaldien artean, gutxienez 12 orduko atsedena egongo da etenik gabe.

Irizpide horietara objektiboki egokitu daitekeen grafikorik ez dagoenean eta langileak, berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, lanaldi biren artean etenik gabeko 12 orduko atsedenik hartzerik ez daukanean, 12 orduetarako falta den aldia dieta legez ordainduko zaio. Horren arabera, 2005ean hauexek izango dira dieta modura jasoko dituzten diru-kopuruak: 5,12 euro orduko 2. mailako ofizial eta administrari laguntzaileek; 4,90 euro orduko tailerretako taldeak; 6,42 euro orduko ikuskatzaile kategoriakoek; 6,23 euro orduko gidari-hartzaileek eta 4,90 euro orduko faktoreek, leihatilazainek, morroi espezializatuek eta morroiak.

Zerbitzuaren ondorioz, Urteberri eta Eguberri egunetan lana egin behar duten langileek diru-konpentsazio bat jasoko dute eta horren zenbatekoa negoziatu egingo da.

32. artikulua.– Gastuetarako dieta.

Zerbitzua dela eta, lan–egoitzaren herritik ateratzen diren langileek sortzen zaizkien gastuetarako dieta bat jasotzeko eskubidea edukiko dute, zerbitzu hori betetzeak bere ohiko egoitzaren herritik kanpo bazkaltzera, afaltzera edo gaua pasatzera behartzen baditu.

Dieta horien zenbatekoa, 10,68 eurokoa izango da bazkarirako eta afarirako; 12,21 euro gaua pasatzeko eta dieta osoa denean, 33,55 euro eta, salbuespenez, dieten zenbatekoa bikoitza izango da grafikotik kanpoko eskatu ahalako zerbitzuetarako.

33. artikulua.– Gosarirako aldia.

Zerbitzu bat goizeko seiak baino lehenago hasten denean, ordu hori baino lehenago betetzen den lanaldia gosariko dieta legez ordainduko da, orduko 8,49 euroko proportzioan.

34. artikulua.– Bazkaria egiteko aldia.

Bazkari aldirako arau hauek bete beharko dira:

a) Etenik gabeko grafikoetan: horietakoren bat 12:30ak baino lehenago hasten bada, bazkariko dieta osorik ordainduko da; eta, etenik gabeko zerbitzua 15:30a baino geroago amaitzen bada, bazkariko dieta osoa ordainduko da. Etenik gabeko grafikoa 12:30etan hasten bada, bazkarirako dieta erdia ordainduko da (60 minutuko otordu-denboraren parekoa) 5,35 euro orduko, eta 12:35 eta 13:00ak bitartean hasten bada, 13:00ak arte falta den denbora dieta erdiaren proportzioan ordainduko da, 5,35 euro orduko.

b) Etena duten grafikoetan, lanaldia zatitzea edo zerbitzua gutxienez ordu batez bazkarirako etetea 11:45etik 15:15era bitartean egingo da, eta ordu bi emango dira horretarako.

Etena duten zerbitzu horietan, 11:45etik 15:15era bitartean bazkaltzeko gutxienez ordubete ez badago, bazkarirako dieta osoa ordainduko da; eta hori, langileak, bere lan-egoitzatik kanpo jan behar izanagatik, dieta osorako eskubidea badu ere bai; kasu horretan, bere lan-egoitzatik kanpo bazkaltzearren dagokion dietaz gain, beste dieta bat ere izango du.

Zatitutako lanaldi edo zerbitzu horietan, halaber, bazkarirako den bigarren ordua osatzeko behar den denbora 5,35 euro ordainduko dira orduko, dieta erdiaren heinean.

35. artikulua.– Afaria egiteko aldia.

Zerbitzuren bat 22:00ak eta 23:00ak artean amaitzen bada, 22:00etatik aurrerako aldia 10,68 euro orduko proportzioan ordainduko da afariaren dietaren zenbatekoa, eta, zerbitzua 23:00etan edo geroago amaitzen bada, dieta hori osorik ordainduko da.

36. artikulua.– Moneta erabiltzeagatiko kalte-ordaina.

Moneta erabiltzeagatiko kalte-ordainagatik, gidari–hartzaileek eta faktoreek 0,93 euro jasoko dituzte lan egindako eguneko.

Leihatilazainek eta inoren diruak jasotzen dituzten guztiek, berriz, 2,48 euro jasoko dituzte lan egindako eguneko. Enpresako beste langile batzuen dirua bankura eramateagatik, 1,77 euro jasoko dituzte lan egindako eguneko.

37. artikulua.– Zerbitzuak eta grafikoak aldatzea eta ibilbideak baloratzea.

Lanaren antolaketa teknikoa eta praktikoa Enpresako Zuzendaritzari dagokio eta honek beretzat gordetzen du zerbitzuak eta grafikoak aldatzeko ahalmena, indarrean dauden lege xedapenen barruan.

Zerbitzuren bat aldatzeko administrazio baimena behar bada, baimen horren idazkia jaso ondoren, langileen ordezkariei aldaketaren berri eman beharko zaie.

Grafikoen aldaketek iraupen jakin bat izango dutela aurreikus daitekeenean, Enpresako Zuzendaritzak langileen ordezkariei, grafikoen batzordeko kideei, grafiko berriak jakinaraziko dizkie 15 egun lehenago, grafikoak aztertzeko aukera eta iritzia emateko aukera izan dezaten, zuzendaritzak grafikoen gainean hartzen dituen erabakiak gorabehera.

Hala ere, aurreikusi ezinezko gorabeherek eraginda ere grafikoak aldatu egin daitezke. Hona hemen, azalpen modura, aldaketak: emakida baldintzen barruan bidaiak gehitzea edo gutxitzea; lagungarrizkoak; beste enpresetako lan ordutegien aldaketen ondorioz, bidaiari kopurua gehitzea edo gutxitzea; urtaroen arabera, erabiltzailek gehitzea, hori ezin aurreikusi daitekeela; langileen gaixotasun, baimen eta bajak etab. Aldaketa horiek gertatzen direnean, hitzarmen honetako artikuluetan lanaldiari eta atseden-egunari buruz xedatutakoa kontuan eduki beharko da, eta langileei eta beren ordezkariei jakinarazi egin beharko zaizkie zazpi egun lehenago.

Trafikoagatik, matxurengatik edo arrazoi sendoengatik, jarritako grafikoa ez bada guztiz gauzatzen aurreikusitako moduan, edo gauzatze hori arrazoi horiexengatik amaierarako aurreikusitako denbora baino gehiago luzatzen bada, benetan egindakoa ordainduko da; benetan egindako lanerako eta presentziarako ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

Bestalde, gidari bati jarritako grafikoaren denbora murriztu egiten badu enpresak, adierazitako arrazoirik egon gabe, eta grafiko horretatik kendutako zatia beste gidari bati jartzen bazaio, lehenengo gidariak eskubidea izango du grafiko horretan aurreikusitako ez-ohiko denborak kobratzeko.

Ibilbideak baloratzeari dagokionez, indarrean dauden ibilbideen aldakuntzak behar besteko aurrerapenarekin aurkeztuko zaizkio langileen ordezkariei.

Langileen bi ordezkarik eta Trafiko Saileko bi ordezkarik egin beharko dituzte ibilbide berriak horien balorazioa egiteko.

Hitzarmen hau izenpetzeagatik bakarrik, langileek printzipio horiei espresuki ematen diote adostasuna; horrek ez du esan nahi, ordea, zerbitzu horiek betetzean sor daitezkeen ekonomia mailako zein bestelako ordain-sariren bati uko egiten zaionik; halaber, Enpresako Zuzendaritzaren ekimena errespetatzeko konpromisoa hartzen dute, ekimen hori lehentasunezkotzat jotzen baita.

Edozein kasutan, Langileen Estatutuko 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, langileari lan baldintzak funtsean aldatu egiten bazaizkio eta ondorioz bere burua kaltetutzat jotzen badu, lan kontratua hausteko edo horri dagokion kalte ordaina jasotzeko langileak daukan eskubideak indarrean jarraitzen du.

III. KAPITULUA
LANARI BURUZKO BESTE ALDERDI BATZUK

38. artikulua.– Laneko jantziak.

Enpresari itxura bateratua emateko eta jendearekiko errespetuaren adierazle, laneko jantziak erabiltzea nahitaezkoa izango da ustiaketako zuzeneko zerbitzuan dauden langile guztientzat. Horretarako, enpresak langileei uniforme bi emango dizkie urteko lehenengo hiruhilabetean, bat udakoa eta bestea negukoa. Hona hemen zehaztuta:

– Gidari-hartzaileei: mahuka laburreko alkandora bi, mahuka luzeko alkandora bi, praka-pare arin bat eta beste bat lodiagoa, jertse bat eta jaka bat, azken janzki horrek, salbuespenez, hiru urterako balioko duelarik; lohihartzeko bat ere entregatuko zaie, hori eskatzen eta behar duten gidariei; halaber, ibilgailuak garbitzea agindu zaien gidariei, urte bitik behin, uretarako bota-pare bat entregatuko zaie.

Gidari-hartzaile guztiei eta beren eginkizuna betetzeko beharrezko duten langile finko edo behin-behinekoei Enpresak lan-poltsa bat eskuratuko die.

Leihatilazain eta faktoreei: gidariei bezalaxe edo horren kidekoa leihatilazain emakumeei, txamarra salbu, beharrezkoa ez bada.

– Ikuskatzaileei: lau alkandora, traje oso bat eta uretarako eta berotzeko janzki bat, urte birako balioko duena.

– Tailerretako langileei, auto garbitzaileak barne: lohihartzeko bi eta bota pare bat urte bakoitzeko lehenengo bi hilabeteen barruan. Uretako janzki bat ere emango zaie, eskatzen duten langileei; zahartzen denean, ordezkoa emango zaie. Halaber, beroki bat ere emango zaie, hiru urterako balioko duena.

Janzkien eredu edo motak, Enpresako Zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien oniritzia eduki beharko du.

Lanak janzki horietan hondaketa nabarmena sortzen duenean, beste batzuez aldatuko dira hondatutakoa entregatu ondoren.

39. artikulua.– Kontsulta medikoak eta laneko osasuna eta segurtasuna.

Kontsulta medikoak lanorduetatik kanpo ezin direnean egin eta horretarako erabili diren orduak egiaztagiriaz ziurtaturik badaude, horretan sartutako orduak enpresak ordainduko ditu.

Une horretan indarrean den legedia orokorrak laneko segurtasun eta osasunaren alorrean eta hitzarmen honek gai horri buruz emandako berariazko xedapenek ezartzen dituzten eskubide, betekizun eta ardurak bere gain hartuko dituzte Enpresako Zuzendaritzak eta langile guztiek.

Alor honetan, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak dituen egitekoen artean, laneko segurtasun eta osasunari buruzko biurteko plan bat prestatuko da, eta aldi horretan egin beharrekoak jasoko dira bertan. Batzorde hori, bestalde, Enpresako Zuzendaritzako ordezkariek eta langileen legezko ordezkariek osatuko dute.

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legearen arabera, laneko egitekoek berez dituzten arriskuak kontuan hartuta, enpresako langile guztiek aldiro beren osasunaren zainketa bermatuta izan dezaten, Enpresa Zuzendaritzak, urteko lehenengo hiru hilabeteen barruan, urterako azterketa mediko bat eskainiko die nahi duten eta eskatzen duten langile guztiei. Azterketaren kostuak ez dituzte langileek ordainduko. Azterketa medikoa egiteko izena ematen dutenei azterketa lanegunetan egitea erraztuko die enpresak.

40. artikulua.– Prestazioen osagarria eta kudeaketa, aldi baterako ezintasunaren kasuan.

Enpresako Zuzendaritzak eskubidea du, indarrean den araudiak horretarako bide ematen baitio, egokitzat jotzen duen mutua aukeratzeko, lan-istripu eta lanbide-gaixotasunetarako legezko estaldurak kontratatzerakoan. Enpresako Zuzendaritzak egoki baderitzo mutua aldatzeari, aldez aurretik jakinaraziko die langileen ordezkariei bai erabaki hori, bai aukeratutako mutuaren izena.

Halaber, Enpresako Zuzendaritzak eskubidea du, indarrean den araudiak horretarako eskubidea ematen baitio, Gizarte Segurantzako Mutualitate Laguntzaileekin estaldura hau kontratatzeko: gaixotasun arrunt eta lanetik kanpoko istripuengatiko kontinentzia arruntek sortutako laneko aldi baterako ezintasunagatiko diru-prestazioa, eta kontingentzia horiei dagokienez, entitate kolaboratzaile horiek altak eta bajak emateko eta langileen osasun-kontrola egiteko. Enpresak, aukeratutako mutualitatea kontratatu baino lehen eta denbora nahikoaz, mutualitatearen izena eta dituen estalduren ezaugarriak jakinaraziko dizkie langileen ordezkariei, egokitzat jotzen dutena alegatu dezaten.

Aldi baterako ezintasunagatiko baja-egoeretan legezko prestazioak gaur egun bezala gordetzen badira, egoera horretan dauden langileei Enpresak diru-zenbateko hauek ordainduko dizkie:

a) Gaixotasunagatiko AEn: lehenengo 20 egunetan: prestazioa kalkulatzeko erabili den oinarriaren ehuneko 65, eta bajaren 21. egunetik hasita, oinarri beraren ehuneko 95; beraz, enpresaren kargura izango da osagarria, bajaren lehenengo hamabost egunei dagokiena, 16.etik 20.erako egunetan % 5, eta 21. egunetik hasita ordaindutakotik % 20.

b) Lan istripu edo amatasunagatiko AEn: lehenengo baja egunetik: legezko prestazioa kalkulatzeko erabili den oinarriaren ehuneko 100; beraz, ordaindutakoaren % 25ari dagokion osagarria Enpresaren kargura izango da.

41. artikulua.– Istripu pertsonalen saileko aseguru poliza.

Istripuetarako taldekako eta osagarrizko aseguru poliza bat izenpetuko du enpresak. 24 ordu hartuko ditu eta hitzarmen hau indarrean den egunetik enpresan alta hartuta dauden langile guztientzat izango da aplikagarri. Egun horren ostean lan istripuren bat, edo lanekoa ez dena (bihotzekoa barne), eduki dezatenentzat izango da baliagarria.

Ezbehar eta zenbateko hauek estaliko ditu aseguru horrek:

– Heriotza, erabateko ezintasun iraunkor eta ezintasun iraunkor osoko kasuetan, eskuduntzadun erakundeak edo lan-jurisdikzioak onetsitakoa bada: 42.070,85 euro, 2004ko otsailaren 16ra arte, aseguru polizaren epemuga baita. Egun horretatik aurrera arrisku berak estali eta 48.000 euroko kapitala aseguratuko duen poliza berria sinatuko da.

– Partezko baliaezintasun iraunkorrak, gorpuzkiak edo gaitasunak galduz, baina aurreko paragrafoan adierazitako ezgaitasunetan sartzen ez direnak polizan ezarritako baremo eta ehunekoen arabera indemnizatuko dira, eta oinarritzat, 42.070,85 euroko aseguratutako kapitala hartuko da 2004ko otsailaren 16ra arte, aseguru polizaren epemuga baita. Egun horretatik aurrera arrisku berak estali eta 48.000 euroko kapitala aseguratuko duen poliza berria sinatuko da.

Aseguru horri dagokion prima enpresak ordainduko du, erdia langileek ordaindu beharko duten arren. Ondorioz, enpresak langile bakoitzak urtero ordaindu behar duenaren hamabirena kenduko die hilabeteroko nominatik.

Kasuan kasuko gertaeraren eguna, aseguratutako kapitala eta aseguru-etxea zehazteko, istripuren bat gertatuz gero —lanekoa izan edo ez—, bihotzekoa barne dela, kontuan hartuko den eguna istripu hori gertatu zen eguna izango da; ondorioz, eskatuko den kalte-ordaina egun horretan indarrean dagoena izango da eta une horretan poliza itunduta duen aseguru-etxearen kontura izango da, legeak ezar dezan subsidiaritatearen kalterik gabe.

42. artikulua.– Lizentziak.

Lizentziaren arrazoia gertatu, eta hurrengo lanegun jarraituak erreferentziatzat hartuz kalkulatuko da lizentzien iraupena. Hala ere, lanaldia hasita badago, hurrengo lan egunetik hasi beharko da kontatzen.

Dena dela, langilearen ezkontzagatiko lizentziarako, egun naturalak hartuko dira kontuan. Interesatuak eskatuz gero, egun horiek ezkontzaren eguna baino lehenagotik kontatu ahal izango dira.

Salbuespen moduan, f), g) eta h) paragrafoetan jasotako lizentzietarako, egoera hori sortu den egunetik hasita 7 egun naturaleko tartea edukiko du langileak lizentzia hori erabiltzeko.

Lizentziak hartzeko, langileek aurretiaz eskatu beharko dizkiote kasuan kasuko arduradunari. Lizentzia hartzeko alegatutako gorabeherak egon badaudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.

Eskatutako baldintzak bete ezean, edo alegatutako arrazoia gezurra bada edo langileak arrazoiaren funtsa aldatu badu, diziplina-erantzukizuna edukiko du.

Norbere gauzetarako eskatutako lizentziak emateko, kasuan kasuko arduradunari nahikoa denboraz jakinarazi beharko zaio.

Lizentziak baldintza horiek bete gabe eskatuz gero, lizentzia hartzeko eskubidea galdu egingo da. Hala ere, egoera bakoitzean, gizatasunez jokatuko da eta egoera hori konpentsatuko duten akordioak hartu ahal izango dira. Lizentziak ez dira inoiz diruz konpentsatuko.

Ordaindutako lizentzia hauek emango dira:

a) Langilea ezkontzeagatik: 18 egun natural.

b) Gurasoak, seme-alabak eta anai-arrebak ezkontzeagatik: egun natural 1 eta, 3 egunetaraino luza daitekeena, distantzia 150 km-tik gorakoa baldin bada eta, horietatik 2, soldatarik gabekoak izango direla. Ezkon-ahaideei ere aplikagarri izango zaie lizentzia hau.

c) Ezkontideak haurra izateagatik: 2 lanegun, 5 egunetaraino luza daitezkeenak; horietatik 3 azkenak, soldatarik gabekoak izango dira.

d) Ezkontidearen edo seme-alabaren baten heriotzagatik: 4 lanegun.

e) Aitaren, amaren edo anai-arrebaren baten heriotzagatik: 2 lanegun, 5 egunetaraino luza daitezkeenak, distantzia 150 km-tik gorakoa baldin bada. Ezkon-ahaideei ere aplikagarri izango zaie lizentzia hau.

f) Ezkontidearen edo seme–alabaren bat, gaixotasun larriren batengatik, osasun erakunderen batetan sartzeagatik: soldatadun 3 lanegun, 6 egunetaraino luza daitezkeenak eta azken 3 egunak soldatarik gabekoak izango direla.

g) Ezkontide edo seme–alabaren baten gaixotasun larriren batengatik, osasun erakunderen batetan sartu gabe: soldatadun 2 lanegun, 5 egunetaraino luza daitezkeenak eta azken 3 egunak soldatarik gabekoak izango direla.

h) Amaren, aitaren edo anai-arrebaren baten gaixotasun larria edo ebaketa kirurgikoagatik: soldatadun lanegun bi, 5 egunetaraino gehigarriak eta azken 3 egunak soldatarik gabekoak izango direla. Ezkon-ahaideei ere aplikagarri izango zaie hori.

i) Aitonaren, amonaren edo biloben heriotzagatik: lanegun 1; ezkon-ahaideei ere aplikagarri izango zaie hori.

j) Etxebizitzaz aldatzeagatik: lanegun 1.

k) Dokumentu publikoak izapidetzeko beharrezko den denbora, horien izapidetzea langileak berak egin behar badu eta lanorduez kanpo egiterik ez badago.

Horrekin jarraituz, eta azalpen modura, hauek joko dira aurreko lerroaldean aipatutako eginbehartzat: NAN, gida-baimena eta pasaportea ateratzea eta berritzea, erakunde ofizialetako egiaztagiriak eta erregistroak, epaitegietako zitazioak eta abar.

l) Seme-alaben bataio edo lehenengo jaunartze kasuetan, atseden egun bat egun horretan jarriko da.

f), g) eta h) idatz-zatietan aipatutako ahaideen gaixotasun larrien kasuan, eta gaixotasunak jarraitu egiten badu eta behar den moduan justifikatzen bada, langileak bigarren lizentzia bat eskuratzeko eskubidea edukiko du. Lizentzia iraupen berekoa izango da, eta lehenengo lizentzia amaitu eta 30 egunera hartu ahal izango da, baina, bigarren lizentzian ezingo da aplikatu ohiko bizilekuaren distantziagatiko epe-luzapena.

Ezkontzeke egon arren bikote bizitza egiten dutenak ere sartzen dira artikulu honetako a) idatz-zatian, baldin eta egoera hori erroldatze-ziurtagiriaren eta udalak emandako elkarbizitza-agiriaren bidez frogatzen bada. Elkarbizitza hasi eta hurrengo 40 egunetan baliatu ahal izango dira a) idatz-zatian adierazten den lizentzia eskubideaz. Lizentzia horretaz ezingo dute berriz gozatu bikotekidearekin ezkonduz gero, beste bikote batekin elkarbizitza hasiz gero, ez eta ezkonduz gero ere, aurreko lizentziatik gutxienez bost urte igaro artean; bikotekidea hil eta elkarbizitza barri bati ekinez gero edo ezkonduz gero, aldiz, lizentziarako eskubidea egongo da.

Ezkontzako loturarik gabe bikote bizitza egiten duten langileek ere eskatu ahal izango dituzte artikulu honetako lizentziak; beraz, era berean jardungo da ezkontidearekin zein bikotekidearekin. Elkarbizitza hori erroldatze-ziurtagiriaren eta udalak emandako elkarbizitza-agiriaren bidez egiaztatu beharko da, beharrezkoa izango delarik elkarbizitzaren egonkortasuna ezkontzaren parekoa izatea.

43. artikulua.– Oporrak.

Donostiako eta Bilboko lanlekuetako gidariek eta leihatilazainek, 31 egun naturaleko oporrak edukitzeko eskubidea daukate. Gainontzeko langileek 27 laneguneko oporrak edukiko dituzte, lanerako larunbatak barne direla.

Oporrak urte naturalean gozatuko dira. Lanera urtean zehar sartzen diren langileek edukiko dituzten oporrak lan egin duten aldiaren arabera kalkulatuko dira.

Oporrak oinarrizko soldataren, antzinatasun-plusaren, hartzaile-plusaren eta pizgarrien arabera ordainduko dira, langileak plus horiek edukiz gero.

Enpresak, langile guztien oporraldia zehaztu baino lehen, talde bakoitzeko langileei eta lanleku bakoitzean, oporrak noiz hartuko dituzten proposatuko die, nahiko denboraz, langileen ordezkariei, oporraldi horiei buruz egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Urteko oporrak hartzerakoan lehentasunezko edo bereizkeriazko tratamendurik egon ez dadin, Enpresako Zuzendaritzak eta langileen ordezkariek txandak eratuko dituzte, langileek, enpresako Zuzendaritzak proposatutako epealdien artetik, beren oporraldien aukera egin dezaten. Urteko oporrak aukeratzeko aldiak txandakakoak izango dira lanleku bakoitzeko talde bakoitzeko langileen artean.

Ekainetik irailera bitartean hartu beharko dituzte euren oporrak langile guztiek. Aldi baterako kontratua duten langileek urteko edozein hilabetetan har ditzakete dagozkien oporrak.

Oporraldien egutegia urteko lehenengo hiruhilabetekoaren barruan egingo da. Langileak oporrak noiz hartu behar dituen lehenengo opor eguna baino hilabete bi lehenago jakin behar du.

44. artikulua.– Gidatzeko baimena berriztatzea. Gidatzeko baimena kentzea.

Gidatzeko baimena berriztatzea.

Lanean jarduteko gidatzeko karneta beharrezko duten langileei «D» motako gidatzeko baimena eta eskolako baimena berriztatzeko tasak ordainduko dizkio Enpresak. Tasa horiek karnetari eta test psikoteknikoari dagozkienak baino dira.

Hala ere, hitzarmen honen menpe zatiko jubilazioa hartu duten eta behin-behineko kontratua duten langileei ez zaizkie tasa horiek ordainduko.

Gidatzeko baimena kentzea.

Enpresako gidariren bati administrazioak nahiz epaileak hartutako erabaki irmo baten bidez gidatzeko baimena aldi baterako kentzen bazaio, ez da, besterik gabe, lan–harremana indargabetuko. Arau hauek erabili beharko dira:

a) gidatzeko baimenaz gabetzearen iraupena edozein izanda ere, enpresak beheragoko edo goragoko maila duen lanpostu batetan jarri ahal izango du langile hori, lanpostu horri dagokion soldata eskuratuko duela.

Aurrean esan dena aplikatzeari enpresak ezinezko baderitzo, gidatzeko baimena kentzen denean, hileko 1.256,05 euro eskuratzea bermatuko duen poliza baten ituna egin beharko du aldez aurretik; primaren zenbatekoa, enpresak eta langileek erdibana ordainduko dute.

Enpresak maila goragoko ez apalagoko lanposturik aurkitzen ez badu eta aurreko idatz-zatian aipatutako polizarik ere egin ez badu, derrigorrez ordaindu beharko dizkio 1.163,53 euro hilero, langilea gidatzeko gidabaimenik gabe dagoen bitartean.

b) Dena dela, gidabaimenik gabeko aurreneko 31 egunak arauzko opor–egunez alda daitezke, eta adierazitako obligazioak 32. egunetik aurrera azalduko dira berriz ere.

c) Administrazioak edo epaileak hartutako ebazpen baten ondorioz gidabaimenik gabe gelditzen den gidariak gidabaimena kendu diotela eta zenbat denborarako kendu dioten adierazi beharko dio Enpresako Zuzendaritzari, kontratua edozein arrazoirengatik (ABE, oporrak, ea.) etenda eduki arren.

Gidabaimena kendu zaion egun zehatza idatziz jakinarazi ez izanaren ondorioz, zerbitzuak gida-baimenik gabe ematerakoan sortzen dituen kalte guztien erantzule izango da gidaria.

d) Gidariari berriz ere gidabaimena kentzen badiote, zergatia eta iraupena gorabehera, enpresatik bota egin dezakete eta lan–kontratua indargabetuta geldituko da.

Gidabaimena kentzeko arrazoi izan den delitua urte natural berean behin baino gehiagotan gertatzea izango da kaleratzearen kausa.

45. artikulua.– Langileak lanpostua uztea eta aurreabisurako epea.

Enpresa borondatez utzi nahi duen langileak gutxienez 15 egun lehenago adierazi beharko du hori. Horren jakinarazpena idatziz egingo da eta enpresak hori jaso egin duela izenpetu beharko du agiri batean eguna adieraziz.

46. artikulua.– Garaiz aurretiko erretiroa 64 urterekin eta derrigorrezko erretiroa 65 urterekin.

Langileren batek 64 urte bete eta eskubide pasiboen ehuneko ehunarekin erretiratu nahi badu, eta enpresak lanpostu hori mantendu nahi badu, langile horren ordez beste bat hartuko du; ordezko hori, langabeziagatik dauden edozein prestazio ekonomikoren baten eskubideduna izango da edo lehenengo lanaren bila ari den gaztea, gai horri buruz indarrean dauden arauak bete beharko direlarik beti.

Langileren bat 65 urtera heltzen denean eta erretiroko pentsioaren % 100 hartzeko behar diren urteak kotizatu baditu, erretiratu egin beharko da eta, ondorioz, 65 urte betetzen dituen egunean bertan behin betiko baja hartuko du enpresan.

47. artikulua.– Erretiro partziala, lanaldi partzialeko lan-kontratuarekin eta txanda-kontratu bati lotua.

1999ko urtarrilaren 15ean, ugazaberiak eta sindikatuek «Enpleguari buruzko akordioa» sinatu zuten Lan Harremanen Kontseiluan. Akordio horretan, besteak beste, Plantillak ordezteko eta berritzeko lanbidearteko akordioa jaso zen, gure gizarteak jasaten duen langabezia maila altuari aurre egiteko.

Lanaldi Partzialeko Lanaren eta lan-egonkortasunaren sustapenaren inguruan lan-merkatua hobetzeko premiazko neurriak ezarri zituen azaroaren 27ko 15/1998 Errege Lege-Dekretua garatu zuen urtarrilaren 29ko 144/1999 Errege Dekretua onartu ondoren, Plantillak ordezteko eta berritzeko lanbidearteko akordioaren Batzorde Parekideak txanda-kontratua lanbidearteko akordio horren barruan sartzea erabaki zuen, baldintza batekin: sartzen den langile berriari lanaldi osoko kontratu mugagabea egingo zaio.

267/1999 eta 444/1999 dekretuen bitartez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak laguntza-neurriak ezarri zituen txanda eta/edo ordezte kontratuen bitartez plantillak berritu edo ordeztu nahi dituzten enpresentzat.

Gai horren inguruan, Transportes Pesa, S.A. enpresako Zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek akordio bat sinatu zuten, 2000ko otsailaren 3an, plantillak berritzeko eta ordezteko. Akordio hori hitzarmen kolektibo honen barruan jaso da, eta klausula hauek izango ditu:

1) Txanda-kontratua arautzen duten 15/1998 Errege Lege-Dekretua eta 144/1999 Errege Dekretua indarrean dauden bitartean aplikatu ahal izango da akordio hau. Gaur egungo arauak aldatu edo arau berriak onartzen badira, ordezkatzeko kontratudun zatiko jubilazioa arau berriei egokitzeko negoziazioan aritzeko hitza ematen dute bi alderdietakoek.

2) 60 urte betetzean, Enpresako langile guztiek izango dute eskubidea erretiro partziala hartzeko eta lanaldi partzialeko kontratua egiteko, 15/1998 Errege Lege-Dekretuaren eta 144/1999 Errege Dekretuaren arabera.

3) Horretarako, langileak Enpresako Zuzendaritzari erretiro partziala hartzeko eskaria egingo dio. Eskaria 60 urte bete baino bi hilabete lehenagotik egin daiteke, 61 urte bete arte.

4) Langileak ahal den erretiro partzial handiena hartuko du eta, aldi berean, lanaldi partzialeko kontratua sinatuko du enpresarekin. Kontratua lanaldiaren %15erako egingo da. Enpresak, une horretan, txanda-kontratu bat sinatuko du lanik gabe dagoen pertsona batekin. Hori guztiori zein egunetan egingo den Enpresako Zuzendaritzak eta erretiro partziala hartzen duen langileak adostuko dute.

5) Erretiro partziala eta, ondorioz, lan-harremana, urtarrilaren 29ko 144/1999 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera amaituko da.

6) Erretiro partziala hartu duen langileak dagokion pentsioa jasoko du Gizarte Segurantzatik, bere egoerari aplika dakiokeen indarreko araudiaren arabera. Enpresak, berriz, lanaldi partzialeko kontratu berriari dagozkion ordainsariak ordainduko dizkio, lanaldiaren %15ari dagozkionak, alegia.

7) Enpresak konpromisoa hartzen du erretiro partziala hartu duen langileari 8. klausulan zehazten diren ordainsari gordinen ehunekoak bermatzeko. Horretarako, kasu bakoitzean, ordainsari-osagarri bat ezarriko du. Horren zenbatekoa horrela kalkulatuko da: batetik, erretiro-pentsio gordinari lanaldi partzialeko kontratuaren ordainsari gordina gehituko zaio eta, bestetik, lanaldi osoko lanaren urteko ordainsariari aipatutako eskalan jasotako ehunekoak aplikatuko zaizkio; emaitza bien artean alderik badago, alde hori izango da osagarriaren zenbatekoa.

Ordainsari-osagarri hori 12 hiletan ordainduko da une bakoitzean, lanaldi osoko urteko ordainsari gordin teorikoak hartuko dira erreferentziatzat, horiei langileak joan-etorriengatik, garbiketa-plusagatik, dietengatik edo beste edozein aparteko kontzepturengatik jasotzen zituen ordainsariak kenduta.

8) Aurreko puntuan bermatzen den soldataren ehunekoa % 95ekoa izango da erretiro partziala hartzeko momentuan Gizarte Segurantzan 30 urtez edo gehiagoz kotizatu duten langileentzat. Ehuneko hori jaisten joango da erretiro partziala hartzeko momentuan izandako kotizazio-aldia gutxitzen den neurrian. Zehazki, puntu bat kenduko da sei hilabeteko aldi bakoitzeko, eskala honen arabera:

– Ehuneko 95, 30 urtetan edo gehiagotan kotizatu bada.

– Ehuneko 94, 29 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 93, 29 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 92, 28 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 91, 28 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 90, 27 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 89, 27 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 88, 26 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 87, 26 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 86, 25 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 85, 25 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 84, 24 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 83, 24 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 82, 23 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 81, 23 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 80, 22 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 79, 22 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 78, 21 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 77, 21 urtetan kotizatu bada.

– Ehuneko 76, 20 urte eta sei hilabetetan kotizatu bada.

– Ehuneko 75, 20 urtetan kotizatu bada.

9) Erretiroa hartu duenaren ordez hartzen den langileari lanaldi osoko kontratua egingo zaio erretiratu denari 65 urte betetzeko falta zaion denboragatik. Hala ere, enpresak konpromisoa hartzen du behin-behineko txanda-kontratu hori txanda-kontratu mugagabe bihurtzeko, sinatu eta hortik bi hilabetera. Ordezko langileari enpresan bere kategoriarako ezarritako lan-baldintzak aplikatuko zaizkio.

48. artikulua.– Hil den langilearen alargunarentzako kalte-ordainak.

Enpresan alta egoeran dagoen langile bat hiltzen bada, ezkontide alargunak edo horretan agintea duen organoak alarguntza-pentsioa aitortzen dion pertsonak, 3.087,93 euroko kalte-ordaina eskuratuko du heriotzagatik.

49. artikulua.– Doako bidaiak enpresako zerbitzuetan.

a) Enpresako langileentzat eta horien senideentzat.

Enpresako zuzendaritzak emandako arauen barruan enpresaren zerbitzuez doan baliatu nahi duen langileak, bere ezkontideak, seme–alabek eta bere kontura bizi diren senideek enpresaren identitate-txartela eduki beharko dute enpresak horretarako ahalmena ematen dien adierazgarri.

Langilearen edo bere ezkontidearen Gizarte Segurantzako kartilan onuradun legez sartuta dauden seme-alabak eta familiartekoak joko dira «bere kontura» bizi diren pertsonatzat; langileek euren familiaren egoeraz PFEZ-n urtero egiten duten aitorpena ere kontuan hartuko da.

b) Langileen alargun eta umezurtzentzat.

Enpresan altan zeuden garaian hil zirenen alargunek ere doan erabil ditzakete enpresaren zerbitzuak; alargun diren bitartean balia daitezke zerbitzu horietaz, eta enpresako langileen senideen baldintza berak edukiko dituzte.

Enpresan altan zeuden garaian hil zirenen seme-alabek, halaber, doan erabil ditzakete enpresaren zerbitzuak. Erabiltzeko eskubide horrek 25 urte bete arte iraungo du.

c) Enpresako pentsionistentzat.

Erretiratuek edo erabateko edo guztizko baliaezintasun iraunkorra dutenek eta horien ezkontideek enpresak dituen zerbitzuez baliatzeko txartela eduki dezakete, eskatzen badute, arau honen arabera: inolako mugarik gabe «hiriko» edo inguruetako zerbitzuetan, eta «lineakoak» edo ibilbide luzekoak deitutakoetan joan-etorriko bidaia bi hilabeteko.

50. artikulua.– Kontratazio berriak.

Enpresako Zuzendaritzak langile berriren bat kontratatzeko asmoa duenean, langile horrekin bete nahi duen lanpostuaren berri emango du iragarpen-oholean, enpresan dauden langileei lanpostu horien berri emateko.

Hitzarmen hau indarrean dagoen aldian, aldi baterako laneko enpresetako langilerik ez kontratatzeko hitza ematen du enpresak.

Hitzarmena izenpetu ondoren egiten diren lan-kontratu berrietan, lanlekua irmotzat joko da. Kontratu horietan ez da egongo inongo klausularik lanleku irmotik kilometro jakin batzuen erradioaz lanlekua hedatzeari buruz.

Batzorde Iraunkor Misto bat eratuko da, Zuzendaritzaren ordezkariez eta langileen hiru ordezkariz osatua, lanleku bakoitzeko plantillak azter ditzan, zerbitzu eta emakiden erregulartasunaren arabera, lanpostu finkoak kontratu finkoa duten langileek bete ditzaten.

51. artikulua.– Langileen prestakuntza.

Enpresako Zuzendaritzak langileen prestakuntza ahalik eta gehien sustatu nahi duenez, prestakuntza pertsonala eta profesionala osatzea eta garatzea nahi duten langileei aukera hori emateko prest dago.

Bide horri jarraituz, mekanikariek eta auto-garbitzaileek autobusak gidatzeko baimena lortzea bultzatuko da. Halaber, Eskola Graduaren Egiaztagiria lortzeko, hizkuntzak ikasteko, mekanikako ezagutzak berziklatzeko eta ohiko erabilera duten informatika–programetako ezagutzak berziklatzeko bideak erraztuko dira, bai eta errepideko zirkulazioari buruzko ezagutzak lortzeko eta garraioei buruzko legeria ezagutzeko edo langileari interesgarri zaion beste edozein ikasketa egiteko ere.

Ildo horretatik Prestakuntzarako Batzorde Mistoa osatuko da. Zuzendaritzako ordezkariek eta langileen hiru ordezkarik parte hartuko dute. Prestakuntzaren alorrean dauden premiak aztertuko dituzte eta batzuentzat zein besteentzat interesgarriak diren ikastaroak zehaztu.

Batzorde horrexek zehaztuko ditu ikastaro horietan parte hartzen duten langileentzako lizentziak eta beste edozein konpentsazio.

Prestakuntza egitasmoak gertatzea, izapidetzea eta interpretatzea dagokionean Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioan ezarritako termino eta baldintzei egokituko zaizkie.

52. artikulua.– Berme sindikalak.

a) Arau orokorrak:

Gai horri dagokionez, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan eta Langileen Estatutuko 61.etik 81.era arteko artikuluetan agindutakoa beteko da, bai ordezkapen kolektiborako eskubideei zein langileek biltzeko duten eskubideei dagokienez.

b) Segurtasun eta Higienerako Batzordea eta prebentziorako ordezkariak:

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea aplikatuz, Gipuzkoako Enpresa Batzordeak eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen ordezkariek hiru kide izendatuko dituzte prebentziorako ordezkari izan daitezen. Segurtasun eta Osasun Batzordea prebentziorako hiru ordezkariek eta, Enpresako Zuzendaritza ordezkatuz, beste hiru kidek osatuko dute.

c) Ordezkapen orduei eta dietei buruzko kasu bereziak:

Gipuzkoako Batzordeko kideek eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen ordezkariek batzarra duten egunen batean, egutegiaren arabera kide horietakoren bati atseden-egunez baliatzea suertatuz gero, egun hori konpentsatu egingo zaio, langileak aukera izango duela hil horretan bertan beste egun bat hartzeko, ahal izanez gero, edo hurrengo hileko egutegian atseden egun bat gehiago hartzeko, edota konpentsazio hori dirutan jasotzeko, hartu gabeko atseden gisa.

Gipuzkoako Enpresa Batzordeak, Bizkaiko eta Gasteizko langileen ordezkariek, Bitariko Batzordeak eta Segurtasun eta Higiene Batzordeak batzarrak egin beharragatik edo, ordezkaritza sindikala dela kausa, beste eratako bileraren bat egin beharragatik bazkaria kanpoan egiten dutenean, enpresak ordainduko du bazkari horren kostua, egin diren gastuak justifikatu ondoren. Kostu horren muga hitzarmen honetako 28. artikuluan bazkaritarako finkatzen den kuotaren balioa izango da.

Halaber, ordu sindikalen kredituaz baliatuz, Gipuzkoako Enpresako Batzordeko kideek eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen ordezkariek batzarra egin behar badute, eskubidea izango dute egun horretarako izendatuta zeukaten lana burutzeagatik emango zitzaien guztia eskuratzeko. Dietengatik ez da bikoiztasunik emango, aurreko paragrafoan esan denari dagokionez.

d) Atal sindikalak:

Enpresako langileen artean, gutxienez % 35eko afiliazio–kopurua daukaten atal sindikalak onartuko dira. Eratutako atal sindikalek, aipatutako afiliazioa betetzen dutenek, ordezkari sindikal bat edukitzeko eskubidea izango dute. Kasuan kasuko sindikatuko federazioak egingo du ordezkariaren izendapena eta Enpresako Zuzendaritzari horren berri eman beharko zaio idatziz.

Era honetan izendatutako ordezkari sindikalek Enpresako Batzordeko kideek dituzten eskuduntza eta berme berak edukiko dituzte. Hala ere, egiteko sindikalak betetzeko ordaindutako orduen kreditua 80 ordukoa izango da hileko.

Sindikatu bakoitzak, egiteko sindikal espezifikoak ondo bete ahal izateko, sindikatuko hautagai-zerrendan aukeratuak izan diren Gipuzkoako Enpresako Batzordeko kideei edo Bizkaia eta Gasteizko Langileen Ordezkariei dagozkien lanorduak, ordezkari sindikalari eman ahal izango dizkiote lanaldi osoa bete arte.

e) Organo negoziatzaile bakarra:

Enpresaren barruan Gipuzkoako Enpresa Batzordea eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen ordezkariak edo atal sindikalak izango dira organo negoziatzaile bakarrak, langileek gehiengoz horrela erabakitzen badute, baina ezinezkoa izango da aldi berean organo negoziatzaileek bikoiztuta egotea. Aholkulari sindikalak, euren lanbidea gorabehera, enpresako Hitzarmen Kolektiboa negoziatzerakoan bertan egon ahal izango dira.

f) Zehapenak jakinaraztea:

Enpresak langilearentzako diziplina–alorreko neurriren bat hartzearekin batera, Gipuzkoako Enpresako Batzordeari edo Bizkaiko eta Gasteizko langileen ordezkariei emango die horren berri, kasuan kasu, bai eta langilea partaide deneko atal sindikalari ere; gertatutakoa eta jarritako zigorra adieraziko du jakinarazpen horretan.

g) Kuota sindikala kobratzea:

Langileak kuota sindikala nomina-bidez kobratzea nahi badu, idatziz eta berariaz eskatu beharko dio enpresari.

53. artikulua.– Hitzarmena zaintzeko eta interpretatzeko Batzorde Parekidea.

Hitzarmen honetako artikuluetan agindutakoa aplikatzerakoan eta ulertzerakoan, hitzarmen honi loturik dauden alderdien artean sor daitezkeen zalantzak eta eztabaidak, horretarako sortuko den Batzorde Parekidearen iritzipean jarriko dira eta batzorde horrek hartuko du ebazpena, zeina derrigorrez betebeharrekoa izango den. Batzordeko kide, hauek izango dira: langileen aldetik, lau bokal, Gipuzkoako Enpresa Batzordeko kide edo Bizkaiko edo Gasteizko langileen ordezkari izango direla, eta Enpresako Zuzendaritza ordezkatuz, lau ordezkari.

Alde batak eta besteak Preco II-ren bitartekaritza onartzen dute hitzarmen honen eremuan sor daitezen gatazka kolektiboak bideratzeko.

54. artikulua.– Ordezko legeak.

Hitzarmen honetan arautu ez diren alor guztiei indarrean dauden legeetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Indarrean den legeria gorabehera, lan-kategoriak eta beren funtzioak definitzeari eta hutsegite eta zehapenei dagokienez, hitzarmen kolektibo baten balioa izango duen Barne Araubiderako Erregelamendu batez ordezkatzen ez den bitartean (horrek kategoriak, egitekoak, hutsegiteak eta zigorrak jasoko ditu), 2000ko azaroaren 24ko arbitraje-epaia aplikatuko da. Epai hori 2001eko otsailaren 24ko EAOn argitaratu zen eta Lan eta Gizarte Segurantza ikuskatzaileak, Errepideko Garraioen Enpresentzako Lan Ordenantza indargabetua ordezkatzeko negoziazio-prozesutik sortutako auziaren gainean.

Batzorde misto bat eratzen da, Zuzendaritzako ordezkariez eta langileen hiru ordezkariz osatua, hitzarmen honen indarraldian Barne Araubiderako Erregelamendua ezar dezan. Erregelamendu horretan, aipatu diren gaiak, hots, kategoriak, funtzioak, hutsegiteak eta zigorrak jasoko dira nahitaez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Hitzarmen hau indarrean den aldian, enpresak hitza ematen du Langileen Estatutuko 40., 51. eta 52.c artikuluetan arrazoi objektiboengatik leku-aldatze, kanporatze kolektibo eta kontratua indargabetzeari buruz jarritakoa ez erabiltzeko, alderdiek bestelakorik erabakitzen dutenean salbu.

Enpresak artikulu horiek aplikatzeko benetako arrazoiak daudela ikusten badu, langileen legezko ordezkariei jakinaraziko die akordio bat lortzeko, eta kontsultak egiteko 21 egun emango ditu, jakinarazpenaren egunetik hasita. Aldi horretan akordiorik lortzen ez bada, Preco II-an ezarritako prozeduren pean jarriko da erabakia, eta horrela ebatziko da artikulu horiek aplikatzea bidezkoa den edo ez, bai eta artikuluok aplikatzeko baldintzak ere. Erabakia loteslea izango da.

Bigarrena.– Hitzarmen honen ekonomia-ondorioak ekainaren nominatik aurrera aplikatuko dira zuzenean. Nomina hori 2005eko uztailaren 8an jasoko da.

2005eko urtarrilaren 1etik langileek jasotako diru–kopuruen eta hitzarmen honen ondorioz, aplikatzen denetik hasita, dagozkien diru-kopuruen arteko aldeak, 2005eko irailaren 30 baino lehenago ordainduko dira.

Donostia-San Sebastián, 2005eko irailaren 28a.

I. ERANSKINA
2005EKO SOLDATEN TAULA EUROTAN

Kategoria	Hileko oinarrizko 	Urteko oinarrizko	Antzinatasun 	Aparteko 	Ordu arruntaren

	soldata 	soldata	oinarrizkoa	orduaren balioa	balioa

					

BULEGOAK	 	 	 	 	

Negoziatuko burua	1.103,18	16.547,70	848,68		

1. ofiziala	1.088,78	16.331,70	824,53		

2. ofiziala	1.069,76	16.046,40	810,13	9,35	

Admin. lagun.	1.019,49	15.292,35	772,06	9,35	

					

TAILERRAK	 	 	 	 	

Tailerreko burua (Talde burua) 	1.203,50 	18.052,50 	1.002,09 	 	

1. ofiziala	1.088,78 	16.331,70 	824,53	10,89	

2. ofiziala	1.069,76	16.046,40	810,13	10,89	

3. ofiziala	1.041,62	15.624,30	788,86	9,35	

Koipeztatzailea/auto garbitzailea	1.019,49	15.292,35	772,06	9, 35	

Peoi espezializatua	1.019,49	15.292,35	772,06	9,35	

Peoia	916,10	13.741,50 	693,99	9,35	

					

USTIAKETA	 	 	 	 	

Trafikoko l. burua	1.337,19	20.057,85	1.080,15 		

Trafikoko 2. burua	1.270,31	19.054,65	993,36		

Trafikoko 3. burua	1.208,56	18.128,40 	911,39		

Kontrolatzailea	1.208,56	18.128,40 	911,39		

Ikuskatzailea	1.103,18	16.547,70 	848,68	9,35	6,53

Gidari/hartzailea	1.256,05	18.840,75 	784,93	9,35	6,34

Faktorea	1.019,49	15.292,35 	772,06	9,35	5,12

Leihatilazaina	1.019,49	15.292,35 	772,06	9,35	5,12

Sehi espezializatua	1.019,49	15.292,35 	772,06 	9,35	4, 90

Sehia	916,10	13.741,50 	693,99	9,35	4,90

					

					

					

LEHENGO BERGARESA 	 	 	 	 	

Negoziatuko burua	1.323,78	19.856,70 	1.038,24		

1. ofizial administraria	1.143,92	17.158,80 	 	 	

II. ERANSKINA

2005EKO BALORE EKONOMIKOEN LABURPENA
KATEGORIA GUZTIAK

– 20. artikulua: Hileko pizgarriak (bider 12) 		

Langileek 2004-12-31n jasotzen zituzten pizgarriak ehuneko 4,20 igoko dira.		

		

– 14. artikulua: hartu gabeko atseden eguna: 		

Laneguna zein jaieguna izan	84,19	

		

– 23. artikulua: igandetan eta jaiegunetan lan egiteagatiko plusa:	25, 00	

		

– 30. artikulua: autobusaren garbiketa		

Garbiketa erdia (eta leihatila)	3,52	

Garbiketa osoa	7,03	

		

– 36. artikulua: moneta-kalteordaina (laneguneko)		

Faktoreak	0,93	

Leihatilazainak	2,48	

Jasotako dirua bankura eramateagatik	1,77	

		

– 30etik 35era arteko artikuluak: Dietak:		

Gosaltzeko aldia (orduka)	8,49	

Bazkaria	10,68	

Bazkaltzeko denbora ez edukitzea (orduka)	5,35	

Afaria	10,68	

Afaltzeko denbora ez edukitzea (orduka)	10,68	

Gaua pasatzea	12,21	

Egun osoko dieta	33,55	

		

– 31. artikulua: lan-etenaldi txikiagotarako dieta (orduka):		

2. ofiziala eta administrari laguntzailea:	5,12	

Tailerrak	4,90	

Ikuskatzailea	6,42	

Faktoreak, leihatilazainak, sehi espezializatua eta sehia	4,90	

		

– 28. eta 29. artikuluak: kilometroak		

– Lanaldian norbere autoan egindako joan-etorria:	0,27	

Lanlekuz aldatu eta bertara joateko norbere autoa erabiltzeagatik	0,22	

		

– 48. artikulua: Hil den langilearen alargunarentzako kalte-ordainak.	 3.087,93	

		

GIDARI-HARTZAILEAK		

– 21. artikulua: hartzailearen hileroko plusa (bider 12)	257,12	

– 22. artikulua: lagungarriak (eguneko)	3,43	

– 24. artikulua: fardelak (egindakoak eguneko)	5,45	

– 26. artikulua: gaueko zerbitzuak:	97,16	

– 27. artikulua: joan-etorri bereziak:	44,12 	2,09

– 31. artikulua: lan-etenaldi txikiagoak (orduko)	6,23	

– 36. artikulua: Moneta kalte-ordaina:	0,93	

– 44. artikulua: gidabaimena kentzea	1256,05	


Azterketa dokumentala