Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
6457

AGINDUA, 2005eko abenduaren 20koa, Garraio eta Herri Lan sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoaren tarifa berriak onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoaren tarifen zenbait osagairen prezioak igo egin direnez, indarrean dauden tarifak ere igotzea komeni da.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumena erabiliz, eta bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo automobilez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen ekainaren 29ko 2/2000 Legearen 3. eta 17. artikuluak kontuan izanik, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Gidaria barne dela hamar plaza baino gutxiago eta VT motako garraio-baimena duten automobiletan egindako bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoarentzat gehieneko tarifa hauek onartzea, balio erantsiaren gaineko zerga barne dela:

III. tarifa: egunez (07:00etatik 23:00etara)

	Euroak

– Km	0,490556	

– Itxaronaldia, orduko	13,83	

– Gutxienekoa (1)	4,61	

Gutxieneko horrek 1.500 metroko ibilbidea hartzen du.

IV. tarifa: jai-egunetan eta gauez (23:00etatik 07:00etara)

	Euroak

– Km	0,542498	

– Itxaronaldia, orduko	14,54	

– Gutxienekoa (2)	5,06	

Gutxieneko horrek 1.500 metroko ibilbidea hartzen du.

2. artikulua.– 1. artikuluan adierazitako gehieneko tarifa horiek ez zaizkie aplikatuko, gidaria barne dela alokatutako ibilgailuekin errepidez egindako herriz kanpoko garraio zerbitzuei.

3. artikulua.– Zerbitzu bat kontratatzeak ibilgailu osoa alokatzea ekarriko du, eta zerbitzutzat, kontrakorik hitzartu ezean, ibilbide motzena hartuta abiapunturainoko zirkuitu itxia joko da.

Ordainpeko bide-azpiegitura bat erabiliz gero, helmugara iristeko ibilbideko bidesaria erabiltzaileak ordainduko du.

4. artikulua.– Lehenengo artikuluan jasotako tarifak taximetroak ezarritakoaren arabera kobratu beharko dira, ekainaren 29ko 2/2000 Legearen 17. artikuluan, urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren bidez onarturiko 2/2000 Legearen Erregelamenduaren 32. artikuluan, eta Garraio eta Herri Lan sailburuaren 1990eko urriaren 10eko Aginduan xedatutakoari jarraikiz, aipatu araudi horretan ezarritako salbuespenekin.

Taximetroa, urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren bidez onarturiko 2/2000 Legearen Erregelamenduaren 44. artikuluak ezarritakoaren arabera jarriko da martxan.

Urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren 4.h eta 32.1 artikuluetan xedatutakoa kontuan izanik, taxistek kasuan kasuko ordainagiria egin beharko dute horretarako jarria izango duten gailua erabiliz.

5. artikulua.– Baimena ematen da, tarifa aldatzeko ordua edo eguna iristen denean, III. tarifatik IV. tarifara, edo alderantziz, automatikoki aldatzen diren taximetroak erabiltzeko.

6. artikulua.– 1. artikuluan ezarritako IV. tarifa kobratzeko, lizentzia zein udalek eman duen, bertako organo eskudunak ezarritako jai-egunak hartuko dira halakotzat; zerbitzua beste udal batetik abiatuta emateko baimena dutenek ordea, bigarren udal horretan indarrean dagoen jai-egutegia bete beharko dute.

7. artikulua.– Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, ekainaren 29ko 2/2000 Legean ezarritakoaren araberako zigorrak jarriko dira.

XEDAPEN OSAGARRIA

Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio zuzendariari agindu hau eta aplikatu beharreko gainontzeko arauak interpretatzerakoan sortzen diren auziei buruzko erabakiak hartzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoko zerbitzuen tarifa berriak onartzeko Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2004ko abenduaren 10eko Agindua eta agindu honen kontrako beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio zuzendariari agindu hau garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko abenduaren 20a.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

NURIA LÓPEZ DE GUEREÑU ANSOLA.


Azterketa dokumentala