247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
6454
417/2005 DEKRETUA, abenduaren 20koa, sustapen ekonomikorako zenbait laguntza-linea ezartzen dituen Dekretua seigarren aldiz aldatzen duena.
Sustapen ekonomikorako zenbait laguntza-linea ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntza-programak ezartzea du helburu. Ondoren, zenbait arlo eraginpean hartu dituzten aldaketa bat baino gehiago izan ditu, eta aldaketa horiei esker egungo programetan atzemandako hainbat hutsune zuzendu dira eta garatzen ari diren premia berriei erantzuteko programa berriak hartu dira barnean.
Zehazki esanda, premia berriek eragindako laguntza-programa berri bat gaineratu nahi da industria-arloan Dekretu honetan. Nazioartekotzeko Estrategien Programa da, gogoeta estrategikoari eta kanpoko sustapen-planei laguntzekoa (Interbide programa).
Horren ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko abenduaren 20an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– 7 bis artikulua gehituko zaio sustapen ekonomikorako hainbat laguntza-linea ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuari, eta honela idatzia geratuko da artikulu hori:
«7 bis artikulua.– Nazioartekotzeko Estrategien Programa, gogoeta estrategikoari eta kanpoko sustapen-planei laguntzekoa. Interbide programa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresen kanpo-lehiakortasunaren hobekuntza sustatuko da, nazioarteko jarduera hasi eta sendotzeko aukera babestuz berraztertze eta gogoeta estrategikoen bidez, baita euskal enpresa eta produktuen nazioartekotze-planak abiaraztearen bidez ere.
2.– Itzultzekoak ez diren diru-laguntzak izango dira laguntza horiek, onarturiko gastuen kostuaren % 50eko gehieneko mugarekin aholkularitza-laguntzak direnean gogoeta estrategikorako eta nazioartekotzearen plangintzarako, eta onarturiko aurrekontua egiteko kostuaren % 50eko mugarekin Nazioartekotze Plana gauzatzeko laguntzak direnean, muga horren mailaketa eta Dekretu hau garatzeko araudian, hala badagokio, zehazten den proiektu eta onuradun bakoitzeko diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa aparte utzi gabe.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETEak) baliatu ahal izango dituzte laguntzak.
4.– Laguntzak ordenari jarraiki egingo dira, espedientea osatzen den unearen arabera.
5.– Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez egingo da laguntzen deialdia.»
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko abenduaren 20an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.