247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6453
416/2005 DEKRETUA, abenduaren 20koa, seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren indarraldia luzatzen duena.
2001eko uztailaren 3ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako eta 2001eko uztailaren 30eko erabakiak berretsitako seme-alabak dituzten familiei laguntzeko erakunde arteko Planaren helburu nagusia oztopo ekonomiko eta soziolaboralak kentzea da, familiek nahi adina seme-alaba edukitzeko aukera izan dezaten.
Besteak beste, Plana uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren bitartez gauzatu zen. Hain zuzen ere, plan horrek seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen ditu, eta familiei laguntzea du helburu, familia horiek jaiotzeagatiko edo adopzioagatiko seme-alaben kopuruak gora egiteak eragindako aparteko zailtasun ekonomikoei aurre egiteko aukera izan dezaten. Hala, aurreneko pausoa egin zen, Europan gizarte-arloan aurreratuago dauden herrialdeekin berdintze aldera.
Azken xedapenen artean bosgarrenak xedatutakoaren arabera, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren indarraldia 2005eko abenduaren 31n amaituko da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak laguntza horiei eusteko borondate irmoa azaldu du, harrera ona izan dutelako eta Planaren helburuak lortzeari begira eraginkorrak izan direlako, Planaren ebaluazio guztietan ikusi den bezala. Hortaz, Dekretu horren indarraldia luzatuko da, 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta, hala, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan aurreikusitako laguntzak emateko jarduerari jarraipena emango zaio.
Indarraldia luzatu zaion Dekretuaren bitartez diru-laguntzak ematen dira, eta, beraz, sustapen motakoa da Dekretu hori. Gizarte-laguntzaren, erkidego-garapenaren, emakumearen, eta haur, gazte eta adinekoen politikan Euskadirako Autonomia Estatutuaren 10.12 eta 10.39 artikuluek Euskal Autonomia Erkidegoari onartzen dizkiote eskumenen babesean eman da Dekretu hori.
Bestetik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretuak lehengo Gizarteratze Sailburuordetza eraldatu du. Hala, Gizarteratze eta Familia Sailburuordetza izena izango du hemendik aurrera, eta Familia Zuzendaritzari esleituko zaio laguntza horiek kudeatzeko eskumena. Eskumenen egokitze hori luzapeneko Dekretuan gauzatu da, azken xedapenaren bitartez.
Dekretu hori betez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenari jarraiki, aholku-organo interesdunei entzun ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko abenduaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren indarraldia luzatu da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan Gizarteratze sailburuordea aipatzen den guztietan Gizarteratze eta Familia sailburuordea hartuko da aintzat.
2.– Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan Gizarteratze Zuzendaritza eta Gizarteratze zuzendaria aipatzen diren guztietan, Familia Zuzendaritza eta Familia zuzendaria hartuko dira aintzat, laguntzaren organo kudeatzaile gisa eta organo horren arduradun gisa, hurrenez hurren.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emateko ahalmena dauka.
Bigarrena.– Dekretu hau argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko abenduaren 20an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.