Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2005eko martxoaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
986

EBAZPENA, 2004ko abenduaren 22koa, Energia zuzendariarena, gas naturala banatzeko sare baten instalazioak baimentzeko eskaerari buruzkoa. Hau da sarearen izena: "Ondarroako B presio ertaineko banaketa-sarea eta erregulazio eta neurketarako tokia. 1. proiektu aldatua".

Erref. GUD-Ond CG -B 2003/26 JCE/IZU

Pilar Urruticoechea Uriarte andreak, Euskadiko gas baltzua, S.A.ren izenean eta erakunde horren ordezkari gisa, 2003-04-04an baimena eskatu zuen Bizkaiko Lurralde Historikoko Ondarroako udalerrian gas naturala banatzeko sarearen instalazioak eraikitzeko. Hau da sarearen izena: "Ondarroako B presio ertaineko banaketa-sarea eta erregulazio eta neurketarako tokia. 1. proiektu aldatua".

Espediente honi buruzko ebazpena ematerakoan, aurrekari hauek kontuan hartu eta aipatu beharko dira:

AURREKARIAK:

Bat.– Euskadiko Gas Baltzua, S.A.k egindako eskaera jendaurrean jarri zen eta iragarkia argitaratu zen 2003ko irailaren 16ko EHAAn, 2003ko abuztuaren 13ko BAOn eta 2003ko irailaren 30eko Deia eta El Correo egunkarietan, eta Ondarroako Udalari bidali zitzaion, iragarki-oholean ikusgai egon zedin 2003ko urriaren 14tik azaroaren 7ra bitartean, bi egun horiek barne. Ez zen ez arrazoibiderik ezta proiektu lehiakiderik aurkeztu.

Bi.– 2003ko abenduaren 31n egindako eskritura publikoaren bidez, Naturcorp Multiservicios, S.A.k xurgatuta bat egin zuten "Naturcorp Multiservicios, S.A." kide bakarreko sozietateak, Gas de Asturias, S.A. kide bakarreko sozietateak, Euskadiko Gas Baltzua, S.A.k, Gas Figueres, S.A. kide bakarreko sozietateak eta Donostigas, S.A. kide bakarreko sozietateak.

Hiru.– Era berean, Naturcorp Multiservicios, S.A.k gas-banaketaren negozioari dagokion ekoizpen-jarduera ekarri eta entregatu zuenez, 2003ko abenduaren 31ko eskritura publikoaren bidez Naturcorp Redes, S.A.U. enpresa eratu zen; eta, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa betez, hori Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinarazi zitzaion, Euskadiko Gas Baltzua, S.A.ri emandako administrazio-titulartasun guztiak Naturcorp Redes, S.A.U. enpresaren esku zeudela kontuan har zezan.

Lau.– Naturcorp Redes, S.A.U. sozietateak "Ondarroako B presio ertaineko banaketa-sarea eta erregulazio eta neurketarako tokia. 1. proiektu aldatua" izeneko proiektuaren eranskina aurkeztu zuen (sarrera-eguna: 2004-11-22), trazaduraren aldaketa bat eginda, gasaren sareko interferentziak ekiditzeko eta Zaldupe zonaldeko polikiroldegi berriko lanak.

Halaber, Naturcorp Redes, S.A.U.k ondorengo erakunde hauen lizentziak edo baimenak aurkezten ditu: Ondarroako Udalarenak, Kosten Zuzendaritza Nagusiarenak, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailarenak, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarenak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuarenak.

Hona hemen, orain, ebazpen honen

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Bat.– Energia zuzendaritza da espediente honen ebazpena emateko eskumena duen organoa, halaxe baitago xedatuta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen urriaren 16ko 223/2001 Dekretuan (EHAA, 2001-10-24koa).

Bi.– Gasa banatzeko sareak eraiki baino lehen administrazioaren baimena behar da, honako hauen arabera: urriaren 7ko 34/1998 Legea, Hidrokarburoen Sektoreari buruzkoa (BOE, 1998-10-08koa); Gas Erregaien Zerbitzu Publikoaren Arautegia, urriaren 26ko 2913/1973 Dekretuak onetsia (BOE, 1973-11-21ekoa); ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua (EHAA, 1998-06-26koa), eta abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua, gas naturalaren garraioa, banaketa, merkaturatzea eta hornidura eta gas naturalaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena (BOE, 2002-12-31koa).

Hiru.– Espedientearen izapideetan eta beraren edukian aipatutako legeek ezarritako baldintzak bete direla egiaztatu da.

Aipatutako legeak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ikusirik, honakoa

EBATZI DUT:

Bat.– Naturcorp Redes, S.A.U., sozietateari baimena ematea etxeetarako eta merkataritzarako gas naturalaren banaketa-sarea jartzeko Ondarroako udal mugapean. Hau da sarearen izena: "Ondarroako B presio ertaineko banaketa-sarea eta erregulazio eta neurketarako tokia. 1. proiektu aldatua"; eta hauek dira sarearen ezaugarriak:

A presio handiko sarea:

Lehendik dagoen Deba-Mutriku-Ondarroa sarean egingo da A presio handiko hartunea, sarrera-balbulatik hasi eta erregulazio eta neurketarako tokiko sarreraraino. Karbono-altzairuzko 2"-ko API-5L-GrB hodia izango da, 10 m luze, eta gehienez 16 bar-eko presioa izango du.

Erregulazio eta neurketarako tokia

Bi lineaz osatuko da. Linea bakoitzak gehienez 2.000 Nm3/h-ko emaria izango du. Linea bakoitzak modulu hauek izango ditu: iragazketa-moduluak, presioa erregulatzekoak eta neurketa-modulua by-pass batekin.

Gehienez ere sarrerako presioa 16 bar izango da eta irteerakoa 4 bar. Karbono-altzairuzko 4"-ko API-5L-GrB hodia jarriko da irteera-balbularaino, 10 metrorainoko luzeran.

B presio ertaineko sarea

Erregulazio eta neurkertarako tokitik irten, Zaldupen, eta Artibai ibaiaren ertzeko bideari jarraituz joango da hodia, jatorrizko proiektuko sarearekin bat egin arte; Artibai ibaia gurutzatuko du Zaldupeko zubitik eta ibaiaren bi aldeetan hirigune osora hedatuko da, Kariñazpi auzotik portuaren beste muturreko Arta alderaino.

Instalazio horien aurrekontua bederatziehun eta hogeita hamazortzi mila zortziehun eta laurogeita hamazortzi euro eta laurogeita hamabi zentimokoa da (938.898,92).

Sarearen eta hartuneen taxuera zehatza eta ezaugarri teknikoak honako agiri hauetan daude: aurkeztutako memorian eta proiektuaren planoetan eta horren eranskinean.

Bi.– Baimen hau ondoko baldintzen pean dago:

1.– Gasa banatu behar den eremuaren mugak eta eskatzaileak eremu horretan sarea zabaltzeko hartutako konpromisoak proiektuko eta beraren eranskineko memorian eta planoetan zehaztu dira.

2.– Naturcorp Redes, S.A.U., sozietateak hamazortzi mila zazpiehun eta hirurogeita hamazazpi euro eta bederatziehun eta hirurogeita hamazortzi zentimoko (18.777,978) fidantza jarri beharko du 2 hilabete igaro baino lehen, baimen honetan berretsi duen konpromisoak dakartzan betebeharrak beteko dituela bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Fidantza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Gordailu Kutxa Orokorrean jarriko da, eskudirutan, Estatuko baloreetan edo banku-abalen bitartez, uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, edo aseguru-kontratu baten bidez. Azken aukera honen kasuan, aseguru-kontratua ematen duten aseguru-etxeek 1954ko abenduaren 16ko Legearen eta aseguru pribatua antolatzeari buruzko abuztuaren 2ko 33/1984 Legearen menpe eta Espainia EEEri atxikitzeko Itunaren ondoriozko konpromisoak egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren menpe egon beharko dute. Instalazioak egiteko baimena eman eta bertan ezarritako epean instalazioak eraiki ondoren, eta eskumena duten lurralde-organoek aipatutako instalazioak abian jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren itzuliko zaio fidantza Naturcorp Redes, S.A.U., sozietateari.

3.– Instalazioak egiteko epea 24 hilabete baino gutxiagokoa izango da, baimena aldizkari ofizialetan argitara ematen den azken egunetik hasita.

4.– Instalazioak osorik edo zati batez martxan jartzeko akta formalizatzen denetik zenbatuta 30 egun igaro baino lehen, gasa haietatik bideratzen hasi beharko du Naturcorp Redes, S.A.U. sozietateak.

5.– Instalazioek Gas Erregaien Sare eta Hartuneen Arautegia eta horrekin bat datozen xedapenak bete beharko dituzte. Arautegi hori Industria Ministerioaren 1974-11-18ko Aginduaren bidez onetsi zen eta 1983-10-26ko, 1984-07-06ko eta 1998-05-29ko aginduen bidez aldatu zen.

6.– Banaketa-sarearen adar bakoitzak bere giltza izango du besteetatik bereizteko.

7.– Sareak hartuneak egiteko giltzak izango ditu, beharrezkoak diren lekuetan, eraikineko giltza nagusia erabili behar ez izatea posible izan arren.

8.– Gasaren arloan egiten diren teknologi aurrerapenei egokitu ahal izateko moduan diseinatu behar dira instalazioak, horrela hornidura malguago eta seguruagoa lortzeko.

9.– Instalazioaren transmisioa eginez gero, horren berri eman beharko zaio hasierako baimena eman duen agintaritzari.

10.– Gas erregaien hodi bidezko hornidura eskatzen duten kontsumitzaile guztiei egingo zaie, proiektuaren eremu geografikoan baldin badaude, eta arauz ezarritako segurtasuneko eta kalitateko baldintzak beteko dira.

Hiru.– Baimendutako instalazioak ondoko proiektu honen arabera egin behar dira: "Ondarroako B presio ertaineko banaketa-sarea eta erregulazio eta neurketarako tokia. 1. proiektu aldatua" eta eranskina, J. Ignacio Villanueva Ortueta industri ingeniariak sinatuak eta Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak ikus-onetsiak, hurrenez hurren 2003-01-27an 300 zenbakiarekin eta 2004-11-04an 300-03 zenbakiarekin.

Lau.– Baimen hau jaso arren, obra hauek egiteko baimen edo lizentzia gehiago behar badira (udalarenak, lurralde-erakundeenak zein bestelako erakundeenak), horiek ere eskuratu beharko ditu eskatzaileak.

Bost.– Inola ere ez da ulertuko baimen hau monopolio erregimenean eman dela, eta ez du eskubide esklusiborik ematen.

Sei.– Martxan jartzeko akta jaso ahal izateko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Bizkaiko Lurralde Bulegoan: obra zuzendaritzaren ziurtagiriak, proben aktak, ukitutako erakundeen baimenak eta "as built" planoak, gas sarearen egoera eta sarea beste zerbitzuekin nola gurutzatzen den zehazten dutenak.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortu eta, ondorioz, beraren aurka interesatuak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Administrazio eta Plangintzako Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpen honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 22a.

Energia zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala