Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2005eko urtarrilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
51

264/2004 DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, Aiako Udalak, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Aiako Santiago auzoko espaloiaren proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Aiako Udalak, 2004ko uztailaren 21ean eta 2004ko irailaren 8an egindako osoko bilkuretan hartutako erabakiez, jendaurrean jarri ziren lehendabizi, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Aiako Santiagoko espaloiaren proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2004ko urriaren 19ko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Proiektuaren helburua da Aiako Santiago auzoa Orioko hirigintza irizpideetan sartzea, 750 metro inguruko oinezkoentzako espaloi baten bidez. Izan ere gaur egun ibilbide hori GI-3710 errepidearen bidebazterretik egin behar izaten da, horrek auzokideentzako dakarren arrisku larriarekin. Auzoa Orioko herrigunetik hurbil dagoenez, eta Aiako herrigunetik berriz, hain urrun egonik, Oriok eskaintzen dizkie Santiagoko auzokideei behar dituzten zerbitzuak, ikastetxea, polikiroldegia, trena etab.

Gaur egungo biztanle kopurua (180 biztanle) gehitu egingo da alde horretan epe laburrean egiteko asmoa dagoen hirigintzako garapena dela eta. Bestalde, behin betiko onartu da Aiako Arau Subsidiarioak aldatzeko espedientea ere, non babes ofizialeko 14 etxebizitza eraikitzea aurreikusten baita; horrez gain, Aurrelaburpen fasean dago 48 etxebizitza eraiki eta industriako 3.900 m2 lurzoru garatzea aurreikusten duen Arau Subsidiarioen berraztertzeko dokumentua.

Era berean, egingo diren lur mugimenduak zerbitzuko sare berrian sartzeko aprobetxatuko da; uraren fibroporlanezko sarea metalezko hoditeriaz ordezkatu eta (sare orokorrera kateatzeko) saneamendu sarea ere egingo da, gaur egun ez baitago.

Proiektu honetako lanak bere gain hartu ditu Ingurumen Ministerioaren menpeko Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak, eta horretarako Udalari eragindako lurrak eskura ditzala eskatu dio. Adierazitako guztiarengatik, eta herritarrek Gi-3710 errepidearen bide bazterrean izaten duen arriskua arintzeko, proiektua burutzeko beharrezko lurrak ahal den azkarrena eskuratu behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko abenduaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Aiako Santiago auzoko espaloiaren proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Aiako Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 21ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala