3. zk., 2005eko urtarrilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
50
AGINDUA, 2004ko abenduaren 3koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Giza Eskubideen "René Cassin" Sariaren epaimahaia eta ebazpena jakinarazten duena.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko irailaren 1eko Aginduaren bidez (irailaren 9koa EHAA, 173. zk.), Giza Eskubideen "René Cassin" Saria deitzen duen 2003ko apirilaren 7ko Agindua 2004ko ekitaldian aplikatzeko egokitzen da.
Badira pertsona nahiz talde batzuk giza eskubideak defendatzen eta zabaltzen engaiatu direnak; lanean eta bizitzan jorratu duten bidea da horren erakusgarri. Deialdi honen helburua, hain justu, pertsona edo talde horiek saritzea eta egin dutena jendaurrean aitortzea da.
Sariaren izena René Cassin jaunaren oroimenez jarri da. Rene Cassin Baionan jaio zen, 1887ko urriaren 5ean; Lehen Mundu-gerran oso esperientzia latza izan zuen eta horrek barren-barrenetik eragin zion eta horren ondorioz, gerraren biktimen eta antzinako gudarien defendatzaile ausart bilakatu zen. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean funtsezko zeregina izan zuen. 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten giza eskubideen alde atsedenik hartu gabe buru-belarri ibili delako; sari hori Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.
Aipatutako 2004ko irailaren 1eko Aginduaren eranskineko 6.1 artikuluan jasotzen denez, epaimahai bat eratuko da saria merezi duten pertsona edo pertsonak aukeratzeko. Giza eskubideen edota horien balore eta printzipioen alorrean aitortutako izen ona duten pertsona ospetsuek osatuko dute, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua lehendakari izango duela, eta agindu baten bidez izendatuko da. Epaimahaiaren osaera epaitzarekin batera argitaratuko da.
Bestalde, aipatutako eranskinaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Saria emateko epaitza epaimahaiak hartuko du 2004ko abenduaren 10a baino lehen, egun horretan oroitzen baita 1948ko Giza Eskubideen De-klarazio Unibertsala. Beti ere, deialdi honetako esleipen-irizpideak eta saritutako pertsonaren garrantziak eta ibilbideak merezi duen balorazioa kontuan hartuta, epaimahaiak zintzoki dakienaren eta uste duenaren arabera erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu epaitzan. Salbuespenez, epaimahaiak hautagaien zerrendetan sartuta ez dauden pertsona edo entitateei eman ahal izango die saria, baldin eta, interes sozial eta humanitarioak tarteko, arrazoi justifikatuak badaude. Halaber, jarraitzen du 8. artikuluak, Epaimahaiak eman gabe utzi dezake saria, epaimahaikoen gehiengoak proposatutako pertsonak edo pertsonek saria merezi ez dutela uste badu. Epaimahaiaren epaitza apelaezina izango da, administrazio-bidea amaituko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren agindu batez. Hori gora-behera, saritutako pertsonari beren-beregi jakinaraziko zaio.
Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Epaimahaikideak.
Honakoak agintari eta pertsonak izan dira Giza Eskubideen "René Cassin" Sariaren epaimahaikideak:
Joseba Azkarraga Rodero jauna, epaimahaiburu gisa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua den aldetik.
José María Urkijo Azkarate jauna, epaimahaiko idazkari gisa, Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendaria den aldetik.
Carlos Garaikoetxea Urriza jauna.
José Antonio Ardanza Garro jauna.
Esther Larrañaga Galdos andrea.
Pierre Charriton Zabaltzagarai jauna.
Sylvia Gay Herrero andrea.
José Ignacio Lacasta Zabalza jauna.
Manuela Mesa Peinado andrea.
José M.ª Velez de Mendizábal Azkarraga jauna.
Arantza Urretabizkaia Bejarano andrea.
Nekane San Miguel Bergaretxe andrea.
Gorka Landaburu Illarramendi jauna.
José Ángel Cuerda Montoya jauna.
2. artikulua.– Epaitza.
2004ko azaroaren 25ean, Giza Eskubideen "René Cassin" sariaren epaimahaia bildu da saria esleitzeko. Eta aho batez erabaki du saria Koro Erdozia Lasa andreari ematea, kontuan harturik Giza Eskubideen alde egindako lan luzea, Giza Eskubideen baloreak sustatzeko izandako jardunbidea eta bere ibilbideak gizartean utzi duen arrastoa eta eragina, eta Giza Eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 3a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.