Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2005eko urtarrilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
48

260/2004 DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, EITBNET, S.A. Sozietate Anonimo Publikoaren kapital-zabalkuntzan partaidetza izateko, Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca Ente Publikoari baimena emateko dena.

Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 44.2 artikuluan xedatzen denez, Jaurlaritzak zuzenbide pribatuko erakunde publikoei baimena eman diezaieke edozein eratako sozietateak sortzeko edo horietan parte hartzeko, erakunde horien aurrekontuen kargura, baldin eta Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta enpresa menpe duen saileko sailburuak elkarrekin hala proposatzen badute.

2004ko azaroaren 17an, EITBNET, S.A. Sozietate Anonimo Publikoaren Batzar Nagusi Unibertsalak sozietatearen kapitala zabaltzea erabaki zuen hirurogeita bost mila (65.000,00) eurotan, hamar (10) euroko balio nominaleko sei mila eta bostehun (6.500) akzio berriren jaulkipena eginez.

Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca, S.A. bazkide bakarra denez gero, aipatu sozietatean bazkide bakarra izateagatik akzio berriei dagokienez dituen eskubideez baliatuz, lehen idatz-zatian zehaztutakoarekin bat etorriz, eta, akzio berriak eskuratzeko, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar duenez.

Azkenik, Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa den Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca Kultura Sailari atxikita dago.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio eta Kultura sailburuen proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko abenduaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca Ente Publikoari baimena ematea EITBNET, S.A. Sozietate Anonimo Publikoaren kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Zabalkuntza hori hirurogeita bost mila (65.000,00) eurokoa da, eta hamar (10) euroko balio nominaleko sei mila eta bostehun (6.500) akzio berriren jaulkipenaz egiten da.

Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca Ente Publikoak hartutako partaidetza burututako zabalkuntzaren %100ekoa da; beraz, Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca Ente Publikoak aipatutako zabalkuntzaren ondoren sozietatean duen partaidetza ehun eta hogeita hamar mila (130.000,00) eurokoa da, hamahiru mila (13.000) akziotan banatua, hamar (10,00) euro balioa duelarik akzio bakoitzak. Horrek Sozietatearen kapitalaren %100 egiten du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen denetik harako ondorioak izango ditu.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko abenduaren 21ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala