Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2005eko urtarrilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
42

AGINDUA, 2004ko abenduaren 22koa, Garraio eta Herri Lan sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan errepideko bidaiari-garraio publikoaren barruan, bederatzi jarlekutik gorako eskatu ahalako zerbitzuetarako, eta erabilera bereziko zerbitzu erregularretarako tarifak igotzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoan bederatzi jarlekutik gorako ibilgailuetan egiten den errepideko bidaiarien herri arteko garraio publikoetan, eskatu ahalakoetan zein erabilera bereziko erregularretan, kostu-egitura osatzen duten zenbait elementu aldatu egin dira. Hortaz, eta arloko hainbat elkartek hala eskatu dutenez, bidezko da indarrean dauden tarifak igotzea.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumena erabiliz, eta Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 4.1 eta 48. artikuluak kontuan izanik, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien herri arteko garraio-zerbitzu publiko, eskatu ahalakoetan zein erabilera bereziko erregularretan honako formula hau aplikatu beharko da gehieneko tarifa lortzeko:

P = 0,758096 + 0,013652 n

kontuan izanik:

P = ibilgailuaren prezioa kilometroko, eurotan

n= baimenduriko jarleku kopurua

Agindu honetan ezarritako arauei jarraikiz bete beharreko tarifa horri, araudiaren arabera dagokion Balio Erantsiaren gaineko Zerga gehitu beharko zaio.

2. artikulua.– Eskatu ahalako garraio publikoetan tarifak erreferentziazkoak dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Gehieneko tarifa lehenengo artikuluan ezarritakoa izango da.

2.– Gutxieneko tarifa, gehienezko tarifaren %85 izango da.

3.– Ibilbide motzetan (egun bereko zerbitzuetan) tarifa ezarri ahal izateko, ibilgailua zenbat denbora (ordu) erabiltzen den honela kalkulatuko da:

a) Egun osoko zerbitzua: tarifa ezartzeko, gutxienez hamar ordu (bederatzi, erabiltzaileari dagozkionak, eta beste ordubete, zerbitzua behar bezala burutzeko, hutsik egin beharreko ibilbidearengatik), eta orduko hogeita hamar (30) kilometro kontatuko dira.

Zerbitzua ezarritako gutxieneko iraupena baino gehiago luzatzen bada, gutxieneko ordu horietatik aurrerako orduko edo ordu laurdena baino gehiagoko zatikiko, hogeita hamar (30) kilometro kontatuko dira.

Garraio zerbitzuan egindako kilometroak bidaiak iraun duen orduengatik kontatutako kilometroak baino gehiago badira, benetan egindako kilometroak hartuko dira aintzat tarifa ezartzekoan.

b) Egun erdiko iraupena duen zerbitzua: egun erdiko iraupena duen zerbitzutzat hartzen da, gehienez ere, 5 ordu iraun eta egun berean antzeko beste zerbitzu bat egiteko aukera ematen duena.

Zerbitzu mota horren tarifa ateratzeko, 5 ordu hartuko dira kontuan.

4.– Egun bat baino gehiago irauten duten bidaietan eguneko 300 kilometro kontatuko dira, gutxienez, eta horretarako bidaiaren amaieran egindako kilometro guztiak zenbatu eta bidaiak iraun duen egun kopuruarekin zatituko da; 300 kilometro baino gutxiago ateraz gero, ezarritako gutxienekoa hartuko da aintzat.

5.– Aurreko arauen arabera ezarritako prezioetan ez dira sartzen ez bidaia-sariak, ez tunelak igaro edo ontziratzeagatiko ordainketak, ez eta gidariaren mantenu eta ostatu gastuak ere. Gidariak laguntzaile bat behar izanez gero, ez dira sartuko haren ordainsari eta gizarte segurantzagatiko gastuak.

3. artikulua.– Bidaiarien erabilera bereziko garraio publiko erregularren tarifak ere erreferentziazkoak dira, eta ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Gehienezko tarifa. Lehenengo artikuluan jasotako formula aplikatuz lortuko da.

Apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, laguntzailea eramatea derrigorrezkoa denean, eta hura jartzea garraiolariari dagokionean, aipatutako tarifari eguneko 39,173698 euro gehitu beharko zaizkio, laguntzailearen ordainsari eta gizarte segurantzako gastuetarako.

2.– Gutxieneko tarifa. Gehienezkoaren %85 izango da.

3.– Tarifa ezartzeko, joateko nahiz itzultzeko egindako bidaiak kontatu eta kilometrotara pasatuko dira.

Horretarako, joateko zerbitzutzat, bidaiarik eskolara edo lantokira eramateko zerbitzua hartuko da, eta, itzultzekotzat, haietatik etortzekoa; kilometroak, berriz, honela kontatuko dira:

Bi bidaia:

Bat joateko eta beste bat itzultzeko=115 km.

Lau bidaia:

Bi joateko eta beste bi itzultzeko=180 km.

Sei bidaia:

Hiru joateko eta beste hiru itzultzeko=210 km.

Zortzi bidaia:

Lau joateko eta beste lau itzultzeko=265 km.

Hamar bidaia:

Bost joateko eta beste bost itzultzeko=270 km.

Hamabi bidaia edo gehiago:

Sei joateko eta beste sei itzultzeko= 275 km.

4.– Tarifa ezartzeko, arau hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Zerbitzuan benetan egindako kilometroak aurreko puntu horretan jasotakoak baino gehiago badira, tarifa ezartzeko, benetan egindakoak hartuko dira kontuan.

b) Lantegi berean txandaka lan egiten dutenentzako zerbitzuetan, ibilgailu berak txanda batekoak utzi eta beste batekoak hartzen dituenean, egindako kilometroei %50 gehitu beharko zaizkie.

c) Larunbat edo-eta jai egunetan egin behar den bidaiarien erabilera bereziko garraio erregularretan, aurreko paragrafoko kasua ez bada, behintzat, egun horietan egindako kilometroei %50 gehituko zaie.

5.– Artikulu honetako arauak erabilita ateratako prezioak gorabehera, bestelakoak jarri ahal izango dira, baldin eta, dauden ibilgailuen eskaintza eskaerarekin bat ez badator eta, hortaz, bidaiariak ibilgailuen jarlekuak baino nahikoa gutxiago badira —hau da, autobusen jarlekuen kopuruaren %60 baino gehiago betetzen ez bada–; edo-eta garraio-lana egin behar den inguruaren ezaugarri bereziengatik, hau da, bai biztanle gutxiko gune sakabanatu gaizki komunikatuak direlako, bai inguru horretan garraiolaririk aurkitzen ez delako, gaitz gertatzen bada finkatutako tarifekin zerbitzurik kontratatzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariari Agindu hau eta ezarri beharreko gainontzeko arauak interpretatzerakoan sor daitezen auzien gaineko erabakiak hartzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Euskal Autonomia Erkidegoko bidaiariak errepidez garraiatzeko bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuetan ematen diren zerbitzu publiko diskrezionaletarako zein erabilpen bereziko erregularretarako erreferentziazko tarifak ezartzen zituen Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2004ko urtarrilaren 15eko Agindua eta Agindu honen kontrako beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio zuzendariari Agindu hau garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 22a.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala