3. zk., 2005eko urtarrilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
40
237/2004 DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, Barnealdeen Diseinua lanbide-arloan sartzen den arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-Mailako Teknikaria Dekorazio-Lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan Tituluari dagokion Goi-Mailako Heziketa-Zikloaren curriculuma ezartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremurako.
Hezkuntzaren kalitateari buruzko abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoak I. tituluan jasotzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak, araubide bereziko irakaskuntzetan sartzen diren Irakaskuntza Artistikoen barruan.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bigarren tituluak ezartzen du arte plastikoetan eta diseinuan sartzen direla arte aplikatuekin, lanbide artistikoekin, diseinuarekin (modalitate guztietan) eta kultura-ondasunen kontserbazioarekin eta berriztapenarekin zerikusia daukaten ikasketa guztiak. Bestalde, legeak dioenez, irakaskuntza horiek moduluen bidezko heziketa-zikloetan antolatuko dira.
Irailaren 1eko 1464/1995 Errege Dekretuak Barnealdeen Diseinua lanbide-arloan sartzen diren Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi-mailako teknikaria Altzariz Janztean, Arkitektura Iragankorrean, Erakusleiho-apainketan, Lorategiko Elementuetan eta Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan tituluak eta haiei dagozkien gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu.
Aipatutako errege-dekretuaren 1. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, hezkuntza-administrazioen ardura da goi-mailako heziketa-zikloen curriculuma ezartzea. Heziketa-ziklo horietan, betiere, gutxieneko irakaskuntzak barne hartuko dira.
Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoaren 8. artikuluak dioenez, curriculumean hezkuntza-sistemaren maila, etapa, ziklo, gradu eta modalitate guztietako helburu, eduki, metodo pedagogiko eta ebaluazio-irizpide oro sartzen da.
Titulu honen curriculumean, besteak beste, helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide-moduluak, lanbide-modulu bakoitzaren amaierako gaitasunak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak ezartzen dira, horiek antolatzeko jarraibideez eta zehazpenez gain.
Horren indarrez, Euskadiko Eskola Kontseiluak txostena emanda, eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez eta 2004ko azaroaren 30ean egindako bilkuran Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Irailaren 1eko 1464/1995 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Dekretu honek Barnealdeen Diseinuaren lanbide-arloan sartzen den Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-mailako Teknikaria Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan tituluari dagokion curriculuma ezartzen du.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketako lurralde-eremuan izango da aplikatzekoa.
3. artikulua.– Irakaskuntzen berariazko helburua.
Irailaren 1eko 1464/1995 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Dekretu honen 1. artikuluan adierazitako titulu ofiziala lortzera bideratutako irakaskuntzek, arte plastikoei eta diseinuari dagokienez, helburu hauek dituzte:
a) Ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa ematea, hizkuntza artistiko gisa eta kultur adierazpeneko baliabide gisa arte plastikoek duten garrantziaz jabetzeko eta euren sormena garatzeko gai izango diren moduan; eta horrek guztiak lanbide-jardunerako berekin dakartzan aukerez konturatzea.
b) Lanbide-arlo honetako Arte Plastikoetako eta Diseinuko tituluetan ikasleen lanbide-kualifikazioa bermatzea, euren lanbide-jardunean sortzen zaien edozein arazo konpontzeko eta prozesu teknikoen eta ikusmolde artistikoen bilakaerari egokitzeko beharrezko gaitasuna eta ezagutzak eskuratu ahal izateko.
4. artikulua.– Goi-mailako heziketa-zikloaren berariazko helburuak.
Era berean, irakaskuntza horien berariazko helburua da, goi-mailako heziketa-zikloa denez, ikasleei beharrezko prestakuntza ematea prestakuntzaldiaren amaieran gai izan daitezen:
a) Burutzapenaren prozesu teknikoak eta artistikoak proiektatu eta koordinatzeko.
b) Zuzentasun teknikoa eta adierazpen-sentikortasuna izango duten obrak proiektatu eta egiteko; horretarako, nortasun artistikoa, gaitasunak eta kultura plastikoa garatuz.
c) Euren jarduera artistiko profesionalarekin lotutako prozesu tekniko tradizionalen eta egungoen bidez beren lana egiteko gaitasuna emango dieten ezagutza zientifiko-teknikoak eta praktikoak erakusteko.
d) Diziplina anitzeko ikuspegiarekin, formen ikerketa garatzeko.
e) Euren lanbide-esparruaren antolamendua eta ezaugarriak, eta lan-munduratzeko oinarrizko mekanismoak ulertzeko; oinarrizko legeria profesionala eta laneko arriskuen prebentziorako mekanismoak ezagutzeko.
f) Heziketa-ziklo hau osatzen duten moduluetan eskuratutako edukien arteko loturak ezartzeko.
5. artikulua.– Curriculuma. Kontzeptua.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculumtzat ulertzen da ikastetxean emandako irakaskuntza, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea eta amaierako proiektua arautu behar dituzten helburu, eduki, metodo pedagogiko eta ebaluazio-irizpideen multzoa.
6. artikulua.– Ikastetxeko irakaskuntza.
1.– Ikastetxeko irakaskuntza moduluetan antolatuko da.
2.– Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen apirilaren 15eko 389/1992 Errege Dekretuan jasotzen diren "gai teoriko", "gai teoriko-praktiko" eta "klase praktiko" terminoen baliokidetzat hartuko da "modulu" kontzeptua.
3.– Curriculumari dagozkion moduluen helburuak eta edukiak eta horien ordu-banaketa Dekretu honen I. eranskinean zehazten dira.
4.– Ikastetxeko irakaskuntza egituratzen deneko moduluak irakasteko metodologia didaktikoak ikaslearengan esku hartu behar dueneko prozesuen ikuspegi orokorra eta koordinatua sustatu beharko du, eduki artistikoak, zientifikoak, teknologikoak eta antolamendukoak behar bezala barne hartuz.
5.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakiko ditu Dekretu honetan ezartzen den eta Barnealdeen Diseinua lanbide-arlokoa den Arte Plastikoetako eta Diseinuko Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan tituluari dagokion goi-mailako heziketa-zikloaren curriculumean barne hartutako moduluen eta lanbide-arlo bereko nahiz, hala badagokio, beste lanbide-arlo bateko goi-mailako beste heziketa-zikloetako moduluen arteko baliozkotzeak.
7. artikulua.– Prestakuntza praktikoaren fasea.
1.– Dekretu honek ezartzen duen heziketa-zikloaren curriculumak enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fase bat barne hartzen du. Fase horren helburuak hauek dira: curriculuma osatzen duten ezagutzak, abileziak eta trebetasunak osatzea, eta Dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan jasotako helburuak eta heziketa-ziklo bakoitzaren berezko helburuak lortzea.
2.– Prestakuntza-fase horretan titularitate publiko edo pribatuko erakundeetako praktikak nahiz akademikoki zuzendutako eta curriculumean bildutako lan profesionalak egin ahal izango dira, bai eta Estatuko edo nazioarteko truke-programen esparruan egindakoak ere.
3.– Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasean, Dekretu honen II. eranskinean adierazitakoari jarraitu beharko zaio.
4.– Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasetik guztiz edo zati batean salbuetsita geratu ahal izango dira heziketa-ziklo honekin zuzenean lotutako esparruan lan-esperientzia egiaztatzen dutenak.
8. artikulua.– Amaierako proiektua.
1.– Heziketa-ziklo honi dagozkion modulu guztiak burutu ondoren, ikasleak amaierako proiektua gainditu beharko du. Amaierako proiektuan, ikasleak egiaztatu egin beharko du Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-mailako Teknikaria Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan tituluaren lanbide-jardunerako exijitzen diren eskuratutako ezagutza eta metodo zientifikoak eta artistikoak menderatzen dituela.
2.– Helburu horrekin, ikasleak aipatutako tituluari dagokion proiektu bat egingo du, memoria batekin batera. Memoria horretan, bete beharreko behar funtzionalak, sozialak eta artistikoak, eta kalkulu teknologikoak, kostuari buruzkoak eta proiektatutakoa burutzeko beharrezkoak izango liratekeen baliabideenak jaso beharko ditu.
3.– Amaierako proiektua Dekretu honetan garatzen den curriculumaren araberakoa izango da, eta II. eranskinean zehaztutakoari jarraituz egin eta ebaluatuko da.
9. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-mailako Teknikaria Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan titulua lortzera bideratutako irakaskuntzak moduluka ebaluatuko dira, modulu bakoitzaren curriculumean ezarritako helburuak eta ebaluazio-irizpideak eta, heziketa-zikloaren helburuei dagokienez, ikasleak erakutsitako heldutasuna kontuan izanda.
2.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-mailako Teknikaria Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan tituluari dagozkion moduluen ebaluazio-irizpideak eta horien ordu-banaketa Dekretu honen I. eranskinean arautzen dira.
3.– Modulu bakoitzerako gehienez lau deialdi izango dira. Salbuespen gisa, bosgarren deialdi bat baimendu ahal izango da, ikasketak behar bezala garatzea galaraziko duen gaixotasunaren kasuan, edo kontsiderazio bera izango duten beste batzuetan.
4.– Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea eta amaierako proiektua II. eranskinean ezarritakoaren arabera ebaluatuko dira.
5.– Ikastetxeko prestakuntza-modulu guztiak, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea eta amaierako proiektua gainditu ondoren lortuko da Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-mailako Teknikaria Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan titulua.
6.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi-mailako Teknikaria Dekorazio-lanen Proiektuetan eta Zuzendaritzan tituluak zuzeneko sarbidea emango du zehazten diren unibertsitate-ikasketetarako, horiekiko lotura kontuan izanda.
10. artikulua.– Heziketa-ziklorako sarbidea, eskakizun akademikoekin.
1.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa-ziklo honetan sartu ahal izateko, ikasleak batxilergoko titulua eduki eta berariazko sarbide-proba bat gainditu beharko du.
2.– Berariazko proba horren egitura, edukia eta irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduaren bidez zehaztuko dira, ikasleak irakaskuntza horiek etekinez gainditzeko beharrezko ezagutzak eta gaitasunak egiaztatu ahal izan ditzan.
3.– Berariazko proba zenbait ariketek osatuko dute. Aipatutako ariketen edukiak eta ebaluazio-irizpideak Arte Batxilergoko curriculumera egokituko dira eta, horien bidez, ikasleak sorkuntza artistikoen eta funtzionalen aurrean duen ezagutza- eta sentikortasun-maila eta, heziketa-ziklo honi dagokionez, bere abileziak, trebeziak eta sormen artistikoa egiaztatu ahal izango ditu.
11. artikulua.– Sarbide-probarako salbuespenak.
Dekretu honen 10. artikuluan jasotako sarbide-proba egitetik salbuetsita egongo dira baldintza hauetakoren bat betetzen duten ikasleak:
a) Arte Batxilergoko titulua izatea eta, horren barruan, "Diseinuaren oinarriak" irakasgaia gainditu izatea. Horrez gain, Barnealdeen Diseinuaren lanbide-arloko ikasketekiko zuzeneko lotura kontuan izanda araubidez ezartzen diren bi jakintzagai gainditu beharko ditu.
b) Barnealdeen Diseinuaren lanbide-arloko beste heziketa-ziklo bateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi-mailako Teknikariaren titulua izatea.
c) 1986ko urriaren 21eko Aginduak modu esperimentalean zehaztutako Arte Batxilergoari dagozkion ikasketak bere osotasunean gainditu izatea.
d) Publizitate-marrazketako edo Ilustrazio Artistikoko espezialitateetan, Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako graduatu-titulua izatea.
12. artikulua.– Heziketa-ziklorako sarbidea, eskakizun akademikorik gabe.
1.– Aurreko artikuluetan jasotakoa gorabehera, ezarritako eskakizun akademikoak bete gabe posible izango da goi-mailako heziketa-ziklo honetan sartzea, proba bat gaindituz gero. Proba horretan, ikasleak irakaskuntza hauek etekinez egiteko heldutasun intelektuala eta berariazko abileziak dituela erakutsi beharko du.
2.– Bide horretatik sartu ahal izateko, hogei urte izatea edota Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua eduki eta hemezortzi urte izatea eskatuko da. Bi kasuetan, proba egiteko urte naturalean bete behar dira urteak.
3.– Proba horren egitura, edukia eta irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduaren bidez zehaztuko dira, ikasleak irakaskuntza horiek etekinez gainditzeko beharrezko ezagutzak eta gaitasunak egiaztatu ahal izan ditzan.
4.– Probak bi zati izango ditu: bata orokorra eta bestea berariazkoa. Probaren zati orokorra zenbait ariketek osatuko dute, Ariketa horien bidez, ikasleak heldutasun intelektuala egiaztatu ahal izango du, Batxilergoko funtsezko gaitasun linguistikoak, arrazoiketakoak eta ezagutzakoak menderatzen dituela erakutsiz. Berariazko zatia zenbait ariketek osatuko dute. Aipatutako ariketen edukiak eta ebaluazio-irizpideak Arte Batxilergoko curriculumera egokituko dira eta, horien bidez, ikasleak sorkuntza artistikoen eta funtzionalen aurrean duen ezagutza- eta sentikortasun-maila eta, heziketa-ziklo honi dagokionez, bere abileziak, trebeziak eta sormen artistikoa egiaztatu ahal izango ditu.
13. artikulua.– Ikaspostuak gordetzea.
1.– Sarbide-proba arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduan finkatuko dira eskuragarri dauden ikaspostuak gordetzeko ehunekoak, ikasleak irakaskuntza hauei ekin ahal izateko, bai proba gaindituz gero, bai eta dekretu honen 11. artikuluan jasotako salbuespen-kasuetan ere. Agindu horrek, era berean, ikaspostuak esleitzeko balorazio-irizpideak ezarriko ditu.
2.– Nolanahi ere, ikaspostuak gordetzeko ehuneko horiek heziketa-ziklo honetan sartzeko bi bideak bermatuko dituzte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua baimentzen dut, Dekretu honetan ezarritakoa aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko azaroaren 30ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
M.ª ANGELES IZTUETA AZKUE.
AZAROAREN 30EKO 237/2004 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
DEKORAZIO LANEN PROIEKTUAK ETA ZUZENDARITZA
1. TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA
Berariazko jardueretarako profesionalak gero eta gehiago eskatzen dira gaur egun. Horrek behartu egiten du lankidetzan edo soldatapean lan egin ahal izango duten espezialistak prestatuko dituen heziketa-zikloa egituratzera. Espezialista horiek goragoko mailakoek landutako proiektuak garatu nahiz maila honen berezko lanak (elementu bakanen diseinua, obra errazak, erreforma txikiak, etab.) egingo dituzte.
Horretarako, tituludunak araututako lanbide-jardunerako gaitasuna emango dioten ezagutzak izan beharko ditu, obren proiekzio, kudeaketa eta zuzendaritzaren esparruko berariazko atribuzioekin. Ezagutza horiek oinarrizko kultur prestakuntza, irudimena eta sormena garatu ahal izateko adierazpen artistikorako gaitasuna eta ondoren proiektuak burutzeko euskarri izango diren teknologiari buruzko ezaguerak biltzen dituzte.
Ikasketa hauek dekorazio-lanen proiektuetan eta zuzendaritzan goi-mailako teknikariak prestatzea dute helburu.
Izendapena: Arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako teknikaria Dekorazio-lanen proiektuetan eta zuzendaritzan.
Maila: Arte plastikoetako eta diseinuko goiko maila.
Zikloaren iraupena guztira: 1.950 ordu.
2. LANBIDE PROFILAREN DESKRIBAPENA
2.1. Lanbide-esparrua
– Profesional honek gaitasuna izango du maila honen berezko barne-diseinuko obrak proiektatu, kudeatu, koordinatu eta zuzentzeko, bai eta goragoko mailakoek landutako proiektuak egin, kudeatu eta koordinatzeko. Horretarako, goragoko mailako tituludunekin harreman zuzenean, proiekzio-lanak egiten parte hartuko du eta teknikarien lanak kudeatu eta koordinatuko ditu, bai eta proiektuak egiten parte hartzen duten lanbideetakoak ere. Profesional independente gisa ere lan egin dezake, maila honi dagozkion proiektuak garatzen.
– Profesional autonomo gisa, kooperatiba batean bazkide gisa nahiz soldatapeko gisa egingo du lan, barne-diseinuko, arkitekturako eta ingeniaritzako estudioetan, altzarigintza eta dekorazioko enpresetan, erakunde ofizialetan, etab.
2.2. Zeregin nagusiak
– Maila honi dagozkion dekorazio-lanen proiektuak garatu eta zuzentzea, horiek behar bezala burutzeko beharrezko ezagutzak eta teknikak aplikatuta.
– Formak, materialak eta dagokion arloaren berezko sortze-prozesuak ikertzea.
– Lanbide-esparru honen berariazko dokumentazio aztertzea.
– Taldean edo banaka, estudioetan nahiz lantegietan, proiektuaren irudikapen grafikoa egitea, kudeatu eta koordinatzeko aukerekin.
– Enpresa baten esparruan, haren eta goragoko mailako profesionalen (arkitektoak, ingeniariak, barne-diseinatzaileak, etab.) artean bitarteko gisa lan egitea.
– Emandako datuetatik edo elementuetatik abiatuta proiektuak ebaztea, enpresaren lehiakortasun-filosofia eta -ezaugarrietara edota goragoko mailako profesional batek emandako datuetara egokituz.
– Teknikarien lanak eta proiektuan parte hartzen duten lanbide edo antzekoenak koordinatzea.
– Bere esparruaren berezko lanen burutzapena koordinatzea.
– Materialen eta akaberen kalitatea baloratu eta alderatzea.
– Balorazioak eta txostenak egitea.
3. CURRICULUMAREN EGITURA
3.1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak
Helburua da ikaslea gai izatea:
a) Dekorazioaren lanbide-esparruko oinarrizko proiekzio-prozesuak aztertu eta garatzeko.
b) Proiektua itxuratu eta zehazpen plastiko eta tekniko aproposak aukeratu ahal izateko, lan-proposamenean planteatutako beharrak eta alderdi plastikoak, artistikoak, teknikoak, antolamendukoak eta ekonomikoak behar bezala baloratzeko, lan profesionalean emaitza egokiak lortzearren.
c) Proiektatu eta burutzeko prozesuan sortzen diren eraikitze-arazoak ebazteko.
d) Erabilitako materialen zehazpen teknikoak bereizteko.
e) Dekorazio-lanen proiektuekin eta zuzendaritzarekin lotutako formak, materialak, teknikak, sortze-prozesuak eta prozesu artistikoak ikertzeko.
f) Arlo honetan lanbide-jarduera arautzen eta baldintzatzen duen esparru legala, ekonomikoa eta antolamendukoa ulertzeko.
g) Erabilitako lan-prozesuek ingurumenean eragin kaltegarririk izan ez dezaten beharrezkoak diren prebentzio-neurriak ulertu eta erabiltzeko.
h) Sektoreko profesionalen prestakuntzan eta trebakuntzan ezinbestekoa den dokumentazio artistiko-teknikoa aztertu, egokitu eta, hala badagokio, sortzeko.
i) Gizartearen aurrerapen teknologiko eta artistikoaren ondoriozko egoera plastikoak, artistikoak, teknikoak eta kulturalak kritikoki aukeratu eta baloratzeko, bere kasa ikasteko gaitasuna garatu eta lanbidean behar bezalako bilakaera izatearren.
3.2. Irakaskuntzen ordu-banaketa
EGITURA OROKORRA ORDUAK GUZTIRA
Ikastetxean emandako moduluak 1.740
Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea 135
Amaierako proiektua 75
ORDUAK GUZTIRA: 1.950
3.3. Ikastetxeko prestakuntza:
3.3.1. Ikastetxean emandako moduluak irakasteko ordu-banaketa
Ordu-banaketak, ziklo hau osatzen duten modulu guztietarako, oinarrizko orduak eta ikastetxeko orduak ezartzen ditu. Modulu bakoitzaren oinarrizko orduak zikloa ematean ikastetxe guztiek bete beharreko ordu-banaketari dagozkio. Malgutasun-tarte bat utzi da, %15ekoa, ikastetxeak curriculum-proiektuak eta -programazioak landuz irakaskuntzen curriculuma garatu ahal izateko; proiektu eta programazio horien helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak, sekuentziazioa eta metodologia ikasleen ezaugarrietara eta inguruneak ematen dituen prestakuntza-aukeretara egokituko diren moduan (676/1993 EDaren 14. artikulua). Ordu-banaketarako malgutasun-tarte horri esker, ikastetxe bakoitzak moduluen orduak ezarri ahal izango ditu, oinarrizko orduetatik abiatuta eta titulurako ezarritako guztizko ordutegira iritsi arte aipatutako orduak osatuz.
Ikastetxeak, ikastetxearen orduei dagokien zutabean, moduluen ordu-banaketa ezarriko du. Ordu horiek oinarrizko orduak gehituz eta honako irizpide hauek errespetatuz lortuko dira: a) edozein modulu ezin izango da oinarrizko orduen %40 baino gehiago luzatu; b) lehen eta bigarren kurtsoei dagozkien moduluen orduen batura 900 eta 840 izango da, hurrenez hurren, ondorengo taulan agertzen denez.
MODULUAK 1. KURTSOA 2. KURTSOA
IKASTETXEKO ORDUAK OINARRIZKO ORDUAK IKASTETXEKO ORDUAK OINARRIZKO ORDUAK
Arkitekturaren eta bere ingurunearen historia 60 50
Barne-diseinuaren historia 56 50
Adierazpen bolumetrikoa I 60 50
Adierazpen bolumetrikoa II 56 50
Proiektuak 300 255
Proiektuak: lanen proiektuak eta zuzendaritza 336 283
Eraikitze-teknologia eta -sistemak 120 105
Eraikitze-teknologia eta -sistemak: lanen proiektuak eta zuzendaritza 224 188
Lan-prestakuntza eta -orientabidea 56 50
Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen artistikoaren teknikak 60 50
Irudikapen teknikoaren sistemak 120 105
Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak 180 150
Lanen proiektuei eta zuzendaritzari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak 112 93
Ikastetxearen ordu erabilgarriak 135 126
ORDUAK GUZTIRA: 900 900 840 840
3.3.2. Moduluen helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak
ARKITEKTURAREN ETA BERE INGURUNEAREN HISTORIA
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Arte plastikoen hizkuntza ulertzeko, bai ikusizko bai kontzeptuzko alderditik, eta bereziki espazio arkitektonikoak berezkoa duena, haren esanahia behar bezala baloratu eta jatorria eta bilakaera ezagutzearren.
– Adierazpenezko kontzeptuak garatu direneko ikus-kulturen testuinguruan kokatzeko; horien zehazpenean lagundu duten alderdi kultural, sozial, ekonomiko edo ideologiko guztiei buruzko ezagutza zabala eta aberatsa eskuratzeko baliabide gisa.
– Antzinako adierazpen artistikoak errespetatzeko, espazioari, denborari nahiz sentsibilitateari dagokionez urruti baditugu ere, eta egungo artearen burutzapenak baloratzeko, XX. mendeko kultura estetikoaren partetzat eta egungo barne-diseinuaren sorkuntzak biltzen dituen esparrutzat.
B) Edukiak:
– Espazio arkitektonikoaren eta ornamentazioaren kontzeptuak, arkitekturaren zehazpen-elementu gisa. Hiri-kulturak. Espazio arkitektoniko klasikoa: oinarrizko tipologiak eta ornamentu-hizkuntza. Lehen arkitektura kristaua.
– Espazio erlijiosoa eta espazio naturala kultura islamiarrean. Ideia erlijiosoaren zerbitzurako ornamentu-programak. Erdi Aroko gizartea: habitat publikoa eta habitat pribatua. Erdi Aroko hiriaren sorrera.
– Perspektiba Errenazimentuko espazio arkitektonikoan: alderdi erlijiosoa eta profanoa. Harmoniaren eta proportzioaren kontzeptuak. Quatrocento eta Cinquecento-ren ornamentu-sistemei buruzko konparaziozko azterlana. Italiaren ekarpena modalitate nazionaletan. Hirigintzaren kontzeptu berria eta haren sinbologia. Lorategi-espazioak. Etxebizitza erosoaren kulturaren definizioa.
– Eliz espazioa eta gorteko espazioa Barrokoan: dinamismoa-estatismoa. Giro eszenografikoa itxuratzeko arteen integrazioa: kanpoko eta barruko ornamentu-espazioak. Rococoaren programa espazialak eta dekoratiboak: ezaugarriak, eraginak eta giroen aniztea. XVII. eta XVIII. mendeko diseinatzaile handiak. Erret-manufakturak kredo estetikoaren zerbitzura. Hirigintza-sistematizazioa Europan.
– Industria-iraultzaren ondorioak artean eta arkitekturan. Iraultza burgesa: haren eragina arkitekturaren funtzionaltasunean eta Europako eta Amerikako hirigintzan. Eklektizismoa. Hiri tradizionaletik industria-hiria: etxebizitza hiritarraren bilakaera. Arkitekturari aplikatutako teknologia berriak: industriaren eta merkataritzaren beharrei erantzuteko konponbideak. Bizitegi-etxebizitza hiritarrak eta landetxeak.
– Modernismoa eta kontzeptu arkitektoniko tradizionalen berrikuspena: aurrekariak eta joera nazionalak, ornamentuen eta elementu osagarrien berrikuntza. "Art-decó"-ren ornamentu- eta giro-enuntziatuak. Arkitektura modernoaren bide berriak: giza habitatari buruzko azterlan arrazionala. Arkitektura berriaren gizarte- eta hirigintza-kontzeptuak. Europako eta Amerikako sortzaile handiak.
– XX. mendearen bigarren erdialdea. Material berriak eta teknologia berriak. Diseinu arkitektonikoa hiri-plangintzan. Arkitektura industrial, komertzial, kiroleko, erlijioso, etab.en planteamenduak. Etxebizitza eta gaur egun dituen beharrak. Hiri, bizitegi eta hiri-inguruko espazioak. Arkitektura herrikoia.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Arte plastikoen hizkuntza eta haren esanahiari, sorrerari eta bilakaerari buruz ezartzen den erlazio arrazoitua aztertu, ulertu eta erabiltzea.
– Zenbait ikus-obra irizpide pertsonalekin eta arrazoituekin adieraztea.
– Antzinako adierazpen artistikoak XX. mendeko eta egungo kultura estetikoarekin lotzea eta errespetuz antolatzea.
BARNE DISEINUAREN HISTORIA
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Barnealdeetako arkitekturaren eta dekorazio-arteen ikusmoldeak izandako aldaketak eta historian zehar horien erabilerek eta esanahiak izandako bilakaera ulertu eta baloratzeko.
– Dekorazio-arteak eta arte arkitektonikoak zehatz ezagutzea ahalbidetuko duen azterketa-metodoa erabiltzeko, aldi berean sentikortasun estetikoa eta irudimena garatuz.
– Mendebaldeko artearen estilo nagusietan gehien nabarmendu diren dekorazio-arteen adierazpenak bereizteko, horiek denboran eta espazioan kokatuta eta ondorengo etapetan iraun izatea baloratuta.
– Dokumentazioaren eta ikerketaren bidez, barnealdeetako diseinuaren eta dekorazio-arteen historiaren alderdiei buruzko denetako informazioa aztertu, alderatu eta interpretatzeko.
B) Edukiak:
– "Etxebizitza" kontzeptuaren bilakaera historian zehar. Kontzeptu historikoak eta gizarte-beharrak. Oinarri plastikoak eta estetikoak. Printzipio eta kontzeptu arkitektonikoen bilakaera. Barnealde baten egituran parte hartzen duten zientziak. Arte aplikatuen kontzeptua.
– Etxebizitza eta dekorazioa nekazari-zibilizazioetan. Mundu klasikoa. Egeoko munduaren dekorazio-aurrekariak. Arkitekturaren dekorazio-kontzeptua Grezian. Etxebizitza. Barne-espazioa Erroman: "etxeko" tipologia arkitektoniko hiritarra. Altzariak. Kanpoaldeko eta barnealdeko estaldura. Katakonba-dekorazioa.
– Erdi Aroko barnealdeak. Dekorazio-kontzeptua ekialdeko Erromatar Inperioan. "Ohiko" eraikuntzen eta barnealde islamiarren motak. Sinbolismo eskultorikoa eraikin erlijioso erromanikoetan. Barnealdeen bereizketa Berant Erdi Aroan: katedrala, hiri-jauregia, gaztelua eta etxebizitza burgesa. Altzari zibil eta erlijiosoak. Erdi Aroko arte aplikatuak: beiragintza eta estaldurako ehunak. Ornamentazio mudejarra.
– Errenazimendua. Bizimodu hiritar eta erlijioso berriak. Tipologia arkitektonikoa tea barnealdeko eta kanpoaldeko dekorazioa. Errenazimenduko altzariak eta barne-diseinuaren bestelako dekorazio-adierazpenak: estaldurak, burdin hesiak, tapiza, etab.
– Hizkuntza klasikoaren haustura. Arkitektura barrokoaren adierazpenak eta kanpoaldeko dekorazioa. Barnealde barrokoak: zibilak eta erlijiosoak. Forma artistikoak eta dekorazio-materialak. Altzari barrokoak joera nazionalen arabera. Erret-manufakturak. Barnealde rococoak: dekorazio-formak, aplikazioa eta zeregina.
– Dekorazio-estilo neoklasikoak. Giroen diseinua eta ordezkari nagusiak. Altzarigintza eta bere bilakaera. Eklektizismo erromantikoa: estilo victoriarra, estilo isabeldarra, Biedermeier estiloa. Barnealdeak eta altzariak joeren arabera. Altzarigintza esperimentala: Thonet-en ekarpena.
– Produkzio masiboko industria-objektuen hastapenak. Arte aplikatuak erreformatzeko mugimenduak Ingalaterran: William Morris eta Arts and Crafts. Horien hedapena Estatu Batuetan. Barnealde arkitektonikoen eragina.
– Barnealde modernistak. ezaugarriak eta adierazpenak. Giro organikoak: barnealdeen, kanpoaldeen eta altzarien dekorazioa. Modernismo geometrikoa: Sezesio-aren eta Glasgoweko eskolaren proposamenak: Hoffman eta Mackintosh. Barne-diseinuan egindako ekarpenak.
– Hizkuntza funtzionalak: habitat eta dekorazio arrazionalista. Altzari funtzionalak. "Abangoardien" ondorioak barne-diseinuan: kubismoa, futurismoa, espresionismoa, D’Stijil, konstruktibismoa, Bauhaus. "Arte-Decó" barnealdeak.
– Barnealde organikoak. Aurrekariak, idealak eta proposamenak. Frank Lloyd Whrigth-en nortasuna. "Prairie Houses" direlakoak. Barnealde-kanpoalde integrazioa. Altzari organikoa, Alvaro Aalto eta zuraren esperimentazioa.
– Nazioarteko estiloa: 1940-1960. Mugimendu modernoaren maisuen oinordetza: Le Corbusier, Mies Van der Rohe, Gropius. Materialen iraultza estalduretan eta altzarietan, eta horren eragina barnealdeetan: Charles Eames, Eero Saarinen eta Harry Bertoia.
– Barne-diseinuaren dekorazio-joerak hirurogeiko hamarkadan. Eragina pop arteko, arte zinetikoko eta Op Art-eko barnealdeetan. High-Tech eta Minimal joerak. Espazioaren ikusmoldea eta altzariak.
– Egungo joerak. Diseinu postmodernoa. Habitataren ikusmolde berria. Barnealde eklektikoak, funtzionalak eta esperimentalak. Nazioarteko joera nabarmenenak.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Erabileren bilakaera historikoa eta historian zehar izan duten esanahia aztertu eta ulertzea.
– Adierazpen artistiko desberdinak kronologikoki identifikatu eta kokatzeko bidea emango duten azterketa-metodoak erabiltzea.
– Estilo artistiko jakin batean lan adierazgarriak eta horietan eragina duten faktoreak sailkatzeko bidea emango duten bereizgarriak adieraztea.
– Ikusmolde artistikoak eta ezaugarri estilistikoak alderatu eta konparatzea, iraunkortasunak eta aldaketak antzeman ahal izateko.
– Barnealdeen diseinuaren kalitate estetikoa baloratzea, behaketaren eta azterketaren helburu gisa eta historian zehar giza taldeek izan duten bizimoduen adierazpen gisa.
– Barne-diseinuaren esparruko lanen aurrean arrazoitutako irizpide pertsonalak azaltzean terminologia egokia erabiltzea eta ideiak egokiro adieraztea.
ADIERAZPEN BOLUMETRIKOA I eta II
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Hiru dimentsioko objektuak eta espazioak behatzen, baloratzen eta sortzen jakitera bideratutako lan analitikoak egiteko.
– Bolumenak espazioan duen garapena arrazoitzeko, hiru dimentsioko hizkuntza plastikoa, eta ikus-komunikazioaren mekanismoak eta estrategiak behar bezala erabilita.
– Eskatutako eginkizunaren araberako adierazkortasun bolumetriko handiagoa lortzearren, material, teknika eta prozedura egokiak aukeratzeko.
ADIERAZPEN BOLUMETRIKOA I
B) Edukiak:
– Konfigurazioaren elementuak: forma eta proportzioa.
– Hiru dimentsioko formaren pertzepzioa.
– Hiru dimentsioko formak aztertzeko prozesuak.
– Naturaren formak.
– Forma eraikiak edo artifizialak.
– Ergonomiari eta antropometriari buruzko nozioak.
– Giza irudia.
– Hiru dimentsioko formaren egitura.
– Eraikuntza modularrak.
– Irudikapena: egitura, testura eta materia.
– Hiru dimentsioko hizkuntzaren adierazpen-elementuak.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Norberaren eta besteen sortze bolumetrikoaren prozesua aztertu eta laburtzea.
– Baliabideak arraituz erabiltzea, objektuak egin eta irudikatzeko hiru dimentsioko hizkuntza, estrategia eta mekanismo egokiak erabilita.
– Hiru dimentsioko objektuak egiteko garaian, materialak, teknikak eta prozedurak behar bezala aukeratzea.
ADIERAZPEN BOLUMETRIKOA II
B) Edukiak:
– Konposizioa.
– Espazioaren kontzeptua.
– Espazioari buruzko teoriak.
– Forma, bolumena eta espazioa.
– Konfigurazio espaziala.
– Espazioaren adierazpen-antolamendua.
– Masen antolamendua.
– Konposizio-erritmoak.
– Harmoniak eta kontrasteak.
– Ornamentazioa, ornamentu-unitateak eta -erritmoak.
– Maketaziorako hastapenak.
– Maketazio-materialen kontzeptua eta ezaugarriak.
– Maketak egiteko prozesua.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Materialak behar bezala erabiltzea eta horietarako prozedura egokiekin lan egitea.
– Material eta eskala egokiak erabilita hiru dimentsioko ideiak adieraztea.
– Maketa eraginkorrak egitea, arkitekturako eta barne-diseinuko proiektuen amaierako irudikapenerako eskatutako kalitatearekin.
PROIEKTUAK
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Behaketa, gogoeta eta irudimeneko ahalmenak erabiltzeko, horiek sormenez eta koherentziaz bereganatuz eta aplikatuz.
– Ezagutza teoriko-praktikoak esperimentaziorantz bideratzeko, prozesu-mekanismo egokiak erabiliz.
– Kontzeptuak erabiltzeko eta hautabidezko konponbideak baloratuko dituzten zirriborroetan ideiak gauzatzeko.
– Banakako lanetan eta taldekoetan proiektu-metodologia sistematikoak erabiltzeko.
– Proiekzioan nahitaezkoak diren kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko estrategiak erabiltzean oinarrizko maila erakusteko.
– Bizitzan garatutako gaitasunak sormenez laburtu eta aplikatzeko, azterketa eta proiektu-metodologia sistematikoki erabiliz "gutxieneko proiektua" gauzatzearren.
B) Edukiak:
– Obra paradigmatikoen azterketa kritikoa: formala, espaziala, funtzionala, konstruktiboa, semantikoa, estetikoa.
– Konposizioari buruzko gaiak eta horien aplikazioa sormenean: elementuak, loturak, diagrama/sintesia.
– Proiekturen diziplina- eta kultura-esparrua mugatzea.
– Hizkuntza grafikoaren oinarriak.
– Erabiltzaileen eta testuinguruen mota desberdinetarako aplika daitezkeen psikosoziologiari buruzko nozioak.
– Metodologiak eta prozesuak: heterogeneotasuna eta diziplinartekotasuna.
– Eskalen polarizazioa.
– Ingurune artifizialaren ekosistema: habitat eta osasun holistikoa bioaniztasunaren eta garapen iraunkorraren testuinguruan.
– Pluralismoa eta intenporaltasuna: kultur parametroak.
– Testuinguruan kokatzea: lekua/erabiltzailea, egiaztatutako errealitatea. Bizitako ingurunearen azterketa, proiektuan ingurune hiritarra inplikatuz eta aplikatuz.
– Zirkulazioa: esperientzia pertzeptibo sekuentziatua eta integratzailea.
– Argia: barruko/kanpoko eta natural/artifizial dialektika.
– Giroak.
– Kode deontologikoa. Proiektuari aplikatutako etika eta kontzientzia kritikoa.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Garatzen ari den proiekturako beharrezko informazioa eta dokumentazioa bilatzea.
– Hiru dimentsioko formen kontzeptuen artean ezarritako loturak eta horien irudikapen grafiko eta bolumetrikoaren arteko erlazioak ulertzea.
– Burutzapen praktikoaren garaian, diseinuaren, kontzeptuaren eta sormenezko ekarpenaren arteko lotura orekatua baloratzea.
– Lanaren garapenean erantzukizuna erakustea eta talde-lanean jarrera aktiboaz parte hartzea.
– Hizkuntza grafikoa lanak eskatutako beharretara egokitzea. Irudikapen-sistemen printzipioak eta kodeak ezagutzea eta ikasitako oinarri grafikoak aplikatzea.
– Norberaren lanean planteatutako ekarpenak argudiatzea eta ideiak arrazoituz defendatzea.
PROIEKTUAK: LANEN PROIEKTUAK ETA ZUZENDARITZA
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Lan-metodo arrazionalak ekartzeko.
– Informazioa eta dokumentazioa erabiltzeko eta hura egokiro aztertzeko.
– Barne-diseinuko aldez aurreko azterlanak eta aurreproiektuak behar bezala zehaztuko dituzten eskemak eta organigramak egiteko.
– Proposatutako ideiak adierazi ahal izateko, aurreproiektuak grafikoki irudikatzeko.
– Aurreproiektuak originaltasunez, sormenez eta irudimenez adierazteko.
– Beste moduluetan eskuratutako ezagutza teknikoak eta artistikoak behar bezala aplikatzeko.
– Adierazpen grafikoko baliabide originalak eta sormenezkoak erabiliz sormenezko proiektu bat egiteko, aurkezpenari eta amaierako maketazioari buruzko alderdiak azpimarratuz.
– Barne-diseinuari buruzko proiektu profesionala egiteko eta proiektuak berezkoak dituen alderdi tekniko eta konstruktibo guztiak ebatzi ahal izateko beharrezko dokumentazioa aurkezteko.
– Alderdi estetikoetatik, funtzionaletatik, legaletatik eta konstruktiboetatik proiektua ulertu ahal izateko beharrezko azalpen guztiak "memorietan" azaltzeko.
– Hizkuntza eta terminologia egokiaz lanak behar bezala azaldu eta defendatzeko.
B) Edukiak:
– Proiektuari buruzko teoria: metodologiaren, arrazionalizazioaren eta analisiaren azterlana. Kontzeptu estetikoak, forma eta eginkizuna. Espazioaren eta gizakiaren arteko elkarreragina. Arkitekturaren, dekorazioaren, diseinuaren eta artearen arteko elkarreragina.
– Adierazpen grafikoa: aurreproiektuaren esperimentazio grafikoa. Proiektuaren hizkuntza grafikoa zehaztu eta garatzea. Dekorazio-lanei buruzko proiektuaren irudikapen grafikoa. Sormena eta ekarpena irudikapenean.
– Proiektu teknikoa. Obra-zuzendaritzako proiektuaren irudikapen grafikoa. Egokitzapen teknikoa eta funtzionala. Proiektu teknikoaren antolamendua eta kudeaketa. Beste moduluetan ikasitako araudia aplikatzea. Proiektuaren aurkezpen profesionala.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Lan-metodoak behar bezala aplikatzea.
– Informazioa eta dokumentazioa erabiltzean hura behar bezala aztertzea.
– Funtzionamenduari buruzko eskemak eta organigramak behar bezala egitea.
– Funtzionamenduari buruzko eskemak behar bezala irudikatu eta adieraztea.
– Lanetan sentikortasun artistikoa, irudimena eta sormena erakustea.
– Beste moduluetan eskuratutako ezagutzak behar bezala bateratzea.
– Proiektuari egokitutako irudikapen eta aurkezpeneko baliabideak erabiltzea.
– Ikasitako ezagutza tekniko eta konstruktibo guztiak aplikatuko dituen proiektua egitea.
– Barne-diseinuko proiektu tekniko bat plano eta dokumentu guztiekin behar bezala adieraztea.
– Erabakitasunez eta hizkuntza tekniko egokiarekin ideiak adierazi eta azaltzea.
ERAIKITZE TEKNOLOGIA ETA SISTEMAK
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Materialen portaera mekanikoa ulertzeko.
– Eskaera mekaniko desberdinak bereizteko.
– Eskaera mekaniko horien aurrean materialek duten erantzuna arrazoitzeko.
– Egitura-tipologia desberdinak bereizteko.
– Konposizioaren eta egituraren arabera materialen nolakotasunak arrazoitzeko.
– Material baten kalitatea adierazten duten nolakotasunak eta horiei dagozkien unitateak adierazteko.
– Eraikuntzari buruzko arau teknologikoak erabiltzeko.
– Edukietan jasotako elementuen eraikitze-sistema tradizionalak erabiltzeko eta obrara eramateko.
– Eraikitze-sistema tradizionalen soluzioak diseinatzeko eta sistema horiek erabiltzeko.
B) Edukiak:
– Materialen portaera mekanikoa. Zurrunak, plastikoak eta elastikoak.
– Eskaerak. Konpresioa. Trakzioa. Flexioa. Tortsioa.
– Egitura-tipologiak.
– Egitura-elementu sinpleak.
– Sekzio eta material desberdinen erantzunak.
– Materialen zientziarako sarrera. Material ohikoenen fisika eta kimika: harrizkoak (harria, hormigoia, zeramika), metalezkoak, oreak eta mortairuak.
– Materialen kalitatea erabakitzen duten propietateak eta ezaugarriak. Unitateak, entseguak eta araudia.
– Eraikuntzari buruzko arau teknologikoak (EAT).
– Paramentu bertikal tradizionalak. Kanpoaldeak eta barnealdeak.
– Paramentu horizontalak. Forjatuak.
– Barneko eta kanpoaldeko arotzeria. Zura, aluminioa, altzairua, PVC.
– Paramentu bertikaletako estaldurak. Zarpeatuak. Estaliak. Txapaztatuak. Alikatatuak. Paneleztatuak. Ehunezkoak.
– Paramentu horizontaletako estaldurak. Zura. Harrizkoak (hidraulikoak, zeramikoak eta harri artifizialezkoak). Ehunezkoak. Jarraituak.
– Estalkien tipologia.
– Elementu bereziak: zoru-maila altxatzea: eskailerak.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Materiala behar bezala aukeratzea, haren propietateen eta ematen zaion erabileraren arabera.
– Materiaren eta formaren arabera eskaera-mota eta erantzun desberdinak erabiltzea.
– Arau teknologikoak erraztasunez erabiltzea.
– Konponbide tradizionalak erabiliz eraikitze-xehetasunak ebaztea.
ERAIKITZE TEKNOLOGIA ETA SISTEMAK: LANEN PROIEKTUAK ETA ZUZENDARITZA
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Luminotekniaren funts fisikoak, kontzeptuak eta unitateak, bai eta lanpara-motak eta horien ezaugarri, propietate eta erabilera egokiak, luminaria-motak eta erabilera bakoitzerako horien egokitzapena ulertzeko.
– Dekorazio-lanetan argiteria-instalazioak diseinatu, aurredimentsionatu eta gauzatzeko.
– Edukietan adierazitako instalazio eta egokitzapen sinpleak diseinatu eta aurredimentsionatzeko, eta instalazio eta egokitzapen konplexuagoak interpretatu eta gauzatzeko.
– Banantze-elementu bertikalen, esekitako elementu horizontalen eta zoru-mailaren aldaketen sistema ez-tradizionalen eraikitze-lana diseinatu eta ebazteko.
– Eraikuntzako eta amaierako akaberetako materialak ulertu eta aplikatzeko, eta inplikatutako industrialekin elkarrizketan aritzeko.
– Elementu berezien eraikitze-lana diseinatu eta ebazteko: barra, erakusleihoa, markesina eta eskailera ez-tradizionalak.
– Intereseko eta nahitaez bete beharreko araudia ulertzeko.
– Obran jasotako materialen eta elementuen kalitate-kontrola egiteko eta obra antolatzeko.
– Egitura errazak diseinatu eta aurredimentsionatzeko, eta finkatu eta ainguratzeko sistemak zuzen erabiltzeko.
– Dekorazio-proiektu baten aurrekontua egiteko.
B) Edukiak:
– Luminotekniarako sarrera. Funts fisikoak eta unitateak.
– Lanparak eta luminariak.
– Barnealdeen argiteria-instalazioak diseinatu eta aurredimentsionatzea.
– Iturgintza eta saneamendua.
– Ingurune-egokitzapena. Isolamendu termikoa. Berokuntza. Aire egokitua.
– Isolamendu akustikoa.
– Suteen aurkako babesa.
– Bestelako instalazioak: segurtasun-sistemak.
– Banantze-elementu ez-tradizionalak.
– Sabai aizunak. Esekitako elementuak.
– Zoru-mailaren aldaketa ez-tradizionalak.
– Amaierako akaberak. Pinturak, ehunak, plastikoak.
– Paneleztatzeak eta txapaztatzeak: zura, metala, harria.
– Finkatze-sistemak: mekanikoak eta itsaskorrak.
– Elementu bereziak: barrak, erakusleihoak, markesinak, eskailera ez-tradizionalak.
– Kalitate-kontrola. Araudia.
– Obraren antolamendua.
– Industria-prozesuak. Zura, metala, beira.
– Egitura sinpleak diseinatu eta aurredimentsionatzea.
– Neurketak eta aurrekontuak: kapituluen arabera obraren banaketa zuzena egitea. Profesional desberdinak antolatu eta koordinatzeko gaitasuna garatzea. Obran parte hartzen duen langile bakoitzaren lanaren hasiera eta amaiera kontrolatzea. Obra-unitateak eta neurketa-irizpideak zehaztasunez deskribatzea. Ordenagailu-programen erabilera azaltzea.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Luminotekniari buruz ikasitako kontzeptuak zuzen erabiltzea.
– Argiztapen-instalazioak aurredimentsionatzea.
– Egokitzapen-instalazio sinple bat egitea.
– Dekorazio-elementuen eraikitze-elementuak ebaztea, eraikitze-sistema ez-tradizionalak erabilita.
– Gremioei ideiak behar bezala adieraztea.
– Araudia behar bezala erabiltzea.
– Materialen kalitatea kontrolatzea.
– Proiektu batean finkapen-sistemak egitea.
– Aurrekontu erraz bat egitea.
BARNE DISEINUARI APLIKATUTAKO IRUDIKAPEN ARTISTIKOAREN TEKNIKAK
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Zirriborroaren eta apuntearen bidezko irudikapen grafikoa ulertzeko.
– Barne-diseinuko irudikapen artistikoaren teknika ezaugarrienak erabiltzeko, teknika eta prozesu horiek proiektuetan bertan aplikatuz.
– Irudikapen grafikoak sentikortasun artistikoaz, irudimenez eta sormenez garatzeko.
– Barnealdeen irudikapen artistikorako teknikak eta elementu osagarriak ulertzeko.
– Ordena eta txukuntasuna kontuan izanda proposamenak ebazteko.
B) Edukiak:
– Barne-espazioen eta altzarien esku hutsezko zirriborroa eta apuntea, barne-diseinuaren adierazpen-baliabide grafiko gisa.
– Barne-diseinuko proiektuen amaierako irudikapen-teknikak.
– Girotze-elementuak barne-diseinuko proiektuan: itzalak, landare-elementuak, giza irudia, osagarriak, etab.
– Dekorazio-proiektuaren elementuak eta irudikatzeko erak, lanaren maketazioa, errotulazioa, amaierako aurkezpena, etab.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Zirriborroak eta apunteak esku hutsez egitea, abileziaz, trebetasunez eta adierazmenez.
– Irudikapen artistikoaren teknikak behar bezala erabiltzea.
– Lan artistikoak sentikortasunez, irudimenez eta sormenez adieraztea.
– Sormenezko marrazkia osatzen duten elementuak behar bezala irudikatzea.
– Lan artistikoak txukun eta profesionaltasunez aurkeztea.
IRUDIKAPEN TEKNIKOAREN SISTEMAK
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Irudikapen teknikoaren funtsak adierazpenean eta planoen interpretazioan aplikatzeko.
– Proiektuak aurkeztu eta garatzeko aukeratutako sistemaren edo sistemen egokitasuna baloratzeko eta hautatzen jakiteko.
– Marrazkigintza teknikoaren berezko materialak behar bezala erabiltzeko.
– Sormen, irudimen eta sentikortasun artistikoa sustatuko dituzten lan-metodoak erabiltzeko.
B) Edukiak:
– Geometria lauaren eta espazialaren elementuak aztertzea. Eragiketa topografikoak planoan. Sareak eta mailak, lauak eta espazialak.
– Geometria deskriptiboa: definizioa. Irudikapen-sistemak.
– Sistema diedrikoa: kontzeptua. Elementu arkitektonikoen irudikapena.
– Sistema axonometrikoa: perspektiba isometrikoa. Cavaliere perspektiba.
– Sistema konikoa: perspektiba eta itzalak.
– Espezialitateko aplikazioen normalizazioa: funtsezko arauak. Zirriborroak. Krokizazio normalizatua. Akotazioa eta errotulazioa. Ebaketak eta sekzioak.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Plano tekniko desberdinak behar bezala interpretatu eta aztertzea.
– Lan egiten deneko sistemaren ezaugarrietara egokituz plano teknikoak egitea.
– Irudikapen-sistemak erabiltzea, kasuak kasu irudikapenaren interesetarako egokienak diren sistemak hautatu ondoren.
– Proiektuak txukun, profesionaltasunez eta entrega-epeak errespetatuz aurkeztea.
– Irudikapen teknikoaren materialak eta teknika erabiltzea, eta oinarrizko aurkezpen-arauak betetzea.
– Ideiak sormenezko irizpideei jarraituz adieraztea, irudimena eta sentikortasuna erakutsiz.
BARNE DISEINUARI APLIKATUTAKO IRUDIKAPEN INFORMATIKOAREN TEKNIKAK
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Material eta ekipo informatikoak behar bezala erabiltzeko.
– Ordenagailua sortze- eta produkzio-prozesuan aplikatzeko teknika gisa erabiltzeko.
– Programa informatikoak diseinu-proiektua jakinarazi eta kudeatzeko tresna gisa maneiatzeko.
– Lan profesionala errazten duten laneko metodo arrazionalak aplikatzeko.
B) Edukiak:
– Informatikarako sarrera. Sistema eragileak, sarrera eta irteerako gailuak, periferikoak, etab.
– CAD / CAM programetarako sarrera.
– Marrazketarako baliagarritasunak eta laguntzak.
– Objektuak izendatzeko metodoak.
– Objektu sinpleak marraztea.
– Objektuak editatzeko erak.
– Bistaratzeko metodoak.
– Geruzen kontrola.
– Marrazketa eta testuen edizioa.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Ordenagailuz lagundutako marrazketari eta diseinuari buruz bereganatutako ezagutza informatikoak planteatutako arazoak ebazteko erabiltzea.
– Egin beharreko lanerako baliabide informatiko egokia aukeratzea, emaitza, hedadura eta bestelako baliabideekin konbinatzeko aukera kontuan izanda.
– Eskuratutako ezagutza informatikoekin ideiak behar bezala azaltzea.
– Proiektuak txukun eta profesionaltasunez aurkeztea.
LANEN PROIEKTUEI ETA ZUZENDARITZARI APLIKATUTAKO IRUDIKAPEN INFORMATIKOAREN TEKNIKAK
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Irudikapen informatikoaren tekniken berezko trebetasunak eta abileziak aplikatzeko, norberaren lana hobeto garatzearren.
– Sortze- eta produkzio-prozesuetan, irudikapen informatikoaren teknikak lan-tresnatzat eta komunikazio- eta kudeaketa-baliabidetzat erabiltzeko.
– Irudikapen informatikoko lanak hiru dimentsiotan egiteko eta barne-diseinuko proiektuan aplikatzeko.
B) Edukiak:
– Ordenagailuz lagundutako diseinua. Puntuko programak eta programa bektorialak. Programa horiek eskaintzen dituzten aplikazioak, emaitzak eta aplikazio-esparruak. Marrazki-elementuak bi eta hiru dimentsiotan sortu, manipulatu, editatu eta aurkezteko funtzioak eta eragiketak. CAD sistemen barruan programen elkarreragina aztertzea: modelatua, argiztapena, materialak, animazioa eta render.
– Ordenagailuz lagundutako marrazketa. Lan-ingurunea, funtzioak eta ezaugarriak. Programa desberdinen kontzeptuak eta tresnak, marrazkiaren beharren arabera (irudi edo marrazki batean aplika daitezkeen manipulazioa, aplikazioak eta efektuak). Aplikazio-esparruak.
– Ordenagailuz lagundutako edizioa; sistemak, testu-prozesadorea, marrazkia, irudia, lagundutako diseinua (CAD)… biltzen dituen euskarri gisa. Programen aplikazio-esparrua, testua eta irudia manipulatzeko beharren eta lortu nahi den maketazioaren arabera.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Ordenagailuz lagundutako diseinuaren ezaugarriak, funtzioak eta baliagarritasunak ulertzea eta haren oinarrizko tresnak sortze- eta produkzio-prozesuetan erabiltzea.
– Eredu birtual errealistak sortzea, besteak beste, alderdi hauetan oinarrituta: argiak, testurak, perspektibak, koloreak…
– Irudikapen grafikoen interesetan laguntzeko tresna gisa, helburu orokorreko programak erabiltzea.
– Programen artean dokumentuak, marrazkiak, irudiak… elkar trukatzeko baliabideak eta formatuak erabiltzea, norberaren lanen eta aurkezpenen elementu aberasgarri gisa.
– Proiektuak txukun, profesionaltasunez eta finkatutako epeak errespetatuz aurkeztea.
LAN PRESTAKUNTZA ETA ORIENTABIDEA
A) Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
– Lanaren lege-esparrua eta lan-harremanen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak ulertzeko.
– Laneko osasunarekiko sentsibilizatzea, bai bizi-kalitatean bai eta produkzio-jardueraren kalitate-emaitzetan ere erabakigarria den heinean.
– Lanean sartzeko bide desberdinak ulertzeko, eta Estatuko eta erkidegoetako erakunde eta organismoek horretara zuzentzen dituzten laguntzak zein diren jakiteko.
– Elkarte-zereginak egiteko, lankidetza-jarrerak eta talde-lanean aritzekoak ere bereganatzearren.
– Tamaina txiki eta ertaineko enpresa bat antolatzeko eta horren produktuak merkaturatzeko beharrezko oinarriak ulertzeko, kontuan izanik produkzio- eta banaketa-faktoreak, merkataritza-harremanak eta esku hartzen duten alderdi juridikoak eta soziolaboralak.
– Espezialitatearen berezko trena juridikoak ulertzeko.
B) Edukiak:
· Komunak:
– Lan-harremanen esparru juridikoa: langileen estatutua eta sektoreko berariazko araudia.
– Laneko segurtasun- eta higiene-arauak.
– Lanean sartzeko sistemak. Teknikak. Lan-munduratzeko laguntzak ematen dituzten erakundeak.
– Ekonomiari eta merkatutekniari buruzko oinarrizko kontzeptuak.
– Enpresa. Enpresa-antolamenduaren eta kulturaren diseinua. Enpresen eredu juridiko desberdinen deskribapena eta ezaugarriak.
– Banako enpresaburua. Enpresa-jarduerari ekiteko izapideak. Enpresen administrazioa eta kudeaketa. Betebehar juridikoak eta fiskalak. Enpresak finantzatu eta laguntzeko programak.
– Produkzioaren, salmentaren eta banaketaren antolamendua enpresan. Kostuak aztertzeko eta kalitatea kontrolatzeko metodoak.
· Berariazko zuzenbidea:
– Diseinuaren babesa: jabetza intelektuala; jabetza intelektualaren erregistroa; kudeaketa-erakundeak; industria-jabetza; modelo eta marrazki industrialak eta artistikoak; erregistroa eta erregistro-prozedura.
– Berrikuntzen nazioarteko babesa.
– Zeinu bereizgarriak: marka, errotulua eta merkataritza-izena.
– Arau teknikoei buruzko informazioa. Industria ikertu eta garatzeko zentroak eta elkarteak.
– Dekoratzailearen antolamendu profesionala. Dekoratzaileen Elkargoa. Elkargoaren partaidetza jardun profesionalean.
– Proiektuen kudeaketa: baimenak, lizentziak, Elkargoaren oniritzia.
– Arauen hierarkia: legeak, dekretuak, ordenantzak…
– Dekorazio-lanen proiektuetan eta zuzendaritzan aplikatzekoa den berariazko araudia.
C) Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Laneko legeriaren eta araudiaren oinarrizko edukiak aztertu eta erlazionatzea.
– Laneko osasunari, segurtasunari eta higieneari buruzko araudia betetzeari garrantzia ematea.
– Lan-merkatuan sartzeko mekanismoak eta pertsonala hautatzeko teknikak bereiztea.
– Espezialitatearen berezko legeria erabiltzea.
– Enpresak abiarazi eta kudeatzeko simulazioetan printzipio komertzialak, ekonomikoak eta sozialak aplikatzea.
– Eginkizun desberdinak bateratzea eskatzen duten jardueretan bete-betean parte hartzea, malgutasunezko, lankidetzazko eta arauekiko errespetuzko jarrera erakutsiz.
– Eduki ekonomikoen, laboralen, marketing eta merkatutekniakoen, juridikoen edo enpresakoen inguruko berariazko terminologia zuzen erabiltzea.
– Lanbide-esparru hau zuzentzen duen berariazko araudia baloratzea.
4. IRAKASLE ETA IKASLEEN ARTEKO KOPURU ERLAZIOA
Irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen apirilaren 15eko (28ko BOE) 389/1992 Errege Dekretuaren 44. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako modulu hauei dagozkien irakaskuntzak emateko, irakasle eta ikasleen arteko kopuru-erlazioa gehienez ere 1/15 izango da:
– Proiektuak.
– Proiektuak: lanen proiektuak eta zuzendaritza.
– Eraikitze-teknologia eta -sistemak.
– Eraikitze-teknologia eta -sistemak: lanen proiektuak eta zuzendaritza.
– Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak.
– Lanen proiektuei eta zuzendaritzari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak.
Gainerako moduluei gehienez 1/30 ratioa aplikatuko zaie.
5. INSTALAZIOAK
Heziketa-ziklo hau eman ahal izateko, apirilaren 15eko (28ko BOE) 389/1992 Errege Dekretuan ezarritako instalazioak beharko dira.
Goian adierazitako errege-dekretuaren 40.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, heziketa-ziklo honen moduluak ondorengo ataletan sailkatuko dira:
Teoriko-praktikoak:
– Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen artistikoaren teknikak
– Adierazpen bolumetrikoa I eta II.
– Irudikapen teknikoaren sistemak.
– Proiektuak.
– Proiektuak: lanen proiektuak eta zuzendaritza.
– Eraikitze-teknologia eta -sistemak.
– Eraikitze-teknologia eta -sistemak: lanen proiektuak eta zuzendaritza.
– Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak.
– Lanen proiektuei eta zuzendaritzari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak.
Teorikoak:
– Arkitekturaren eta bere ingurunearen historia.
– Barne-diseinuaren historia.
– Lan-prestakuntza eta -orientabidea.
6. ARDATZ MODULUAK
Ardatz-modulutzat ezartzen dira horien curriculum-edukiak heziketa-ziklo honek kualifikatzen dueneko lanbide-profilari dagozkion zeregin adierazgarrienekin (Dekretu honen 2.2 atala) antzekotasuna duten moduluak. Halakotzat, honako hauek hartuko dira:
– Proiektuak.
– Proiektuak: lanen proiektuak eta zuzendaritza.
– Eraikitze-teknologia eta -sistemak.
– Eraikitze-teknologia eta -sistemak: lanen proiektuak eta zuzendaritza.
– Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak.
– Lanen proiektuei eta zuzendaritzari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak.
7. MAILAKAKO EDUKIAK DITUZTEN MODULUAK
Mailakako edukiak dituzten modulutzat honako hauek ezarri dira:
1. KURTSOA 2. KURTSOA
Arkitekturaren eta bere ingurunearen historia Barne-diseinuaren historia
Adierazpen bolumetrikoa I Adierazpen bolumetrikoa II
Proiektuak Proiektuak: lanen proiektuak eta zuzendaritza
Eraikitze-teknologia eta -sistemak Eraikitze-teknologia eta -sistemak: lanen proiektuak eta zuzendaritza
Barne-diseinuari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak Lanen proiektuei eta zuzendaritzari aplikatutako irudikapen informatikoaren teknikak
Bigarren kurtsoko moduluak kalifikatu ahal izateko, aurreko moduluan, hau da, lehenengo kurtsoari dagokion moduluan, kalifikazio positiboa lortu beharra dago, taulan adierazten denez.
8.– KORRESPONDENTZIAK
Ondoko modulu hauek lan-jardunarekin korrespondentzia eduki ahal izango dute:
a) Proiektuak.
b) Lan-prestakuntza eta -orientabidea.
AZAROAREN 30EKO 237/2004 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
1. ENPRESA, ESTUDIO EDO LANTEGIETAKO PRESTAKUNTZA PRAKTIKOAREN FASEA
1.1. BURUTZAPENA
– Ordu guztien zenbaketaren ondorioetarako, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren faseari (PPF) 135 ordu zuzendu zaizkio.
– Lantokietako prestakuntza praktikoaren fasean sartzeko, ikastetxean emandako lanbide-modulu guztietan ebaluazio positiboa lortu behar izango da.
– Hala eta guztiz ere, zikloaren ardura duen heziketa-taldeak fasea hau ikastetxeko prestakuntzan zehar edota hura amaitzean hasteko baimena eman ahal izango du. Azken kasu horretan, ikastetxeko prestakuntza amaitzen denetik praktikak bukatu arte gehienez ere ikasturte bat igaro ahal izango da.
1.2. HELBURUAK
Ikasleak gai izan beharko du:
– Prestakuntza akademikoa osatzearren errealitate profesionala bere gain hartzeko eta dagokion mailarekin bat etorriko den laneko zeregina betetzeko.
– Lan-munduarekin eta haren harreman sozial, laboral eta teknikoen sistemarekin harremanetan jartzeko.
– Ikastetxean jasotako ezagutzak enpresa- eta lan-errealitatearekin alderatzeko.
– Enpresarekiko harremanen bidez, lanbide-jardunerako beharrezko ezagutzak osatzeko, bai espezialitateari berari dagokionez bai merkatuko egoeran eta harremanetan, joera artistiko eta kulturaletan, lanaren antolamenduan eta koordinazioan, enpresa-kudeaketan, enpresa baten harremanetan, etab.
– Duten espezializazioagatik, kostuagatik edo berritasunagatik ikastetxearen esku ez dauden tresna, erreminta, aparatu edo makinei buruzko ezagutza teknikoak eskuratzeko.
– Produkzio-prozesuko faseetan bete-betean parte hartzeko, dagokion tutoretzapean edo zuzendaritzapean.
– Ikastetxeko prestakuntza teorikoan eta praktikoan jasotako ezagutzak eta abileziak aplikatzeko.
– Lan-munduan eta enpresaren sistema tekniko-sozialean sartzeko.
1.3. FASEAREN JARRAIPENA
Prestakuntza praktikoaren faseak irauten duen bitartean, ikasleak enpresan, estudioan edo lantegian garatutako jardueren jarraipena egin beharko du taldearen tutoreak. Jarraipen horri esker, fase honen helburuekiko ikasleak egindako aurrerabidea zein den jakin ahal izango da eta, aldi berean, garatutako jardueren litezkeen akatsak antzeman eta zuzendu ahal izango dira.
1.4.– EBALUAZIOA
1.– Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
– Enpresa osoaren funtzioei, faseei eta/edo produkzio-prozesuari buruzko multzoko ikuspegi koordinatua erakustea.
– Ikastetxean eskuratutako ezagutzak eta abileziak aplikatzea.
– Duten espezializazioagatik, kostuagatik edo berritasunagatik ikastetxearen esku ez dauden tresnak edo aparatuak behar bezala eta eraginkortasunez erabiltzea.
– Produkzio-prozesuaren faseetan interesa, ekimena eta partaidetza erakustea.
– Lantokiaren antolamendu-ezaugarrietara eta berezko egoeretara moldatzea.
– Lankideekiko errespetua erakustea eta taldean egindako lanean lankidetza baloratzea.
– Zuzendu zaion lana legezko araudiarekiko eta segurtasun-baldintzekiko jarrera erantzuleaz egitea.
2.– Arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako teknikaria Dekorazio-lanen proiektuetan eta zuzendaritzan tituluari dagokion zikloko heziketa-taldeak ebaluatuko du enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea, ziklo honetako fase praktikoari dagokion prestakuntzako irakaslearekin/tutorearekin koordinatuta.
3.– Lantokiak ikaslearen prestakuntza-arduradun bat izendatuko du bertako egonaldian zehar, eta horrek enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoari dagokion fasearen ebaluazioan lagunduko du. Horretarako, txosten bat egingo du, amaierako kalifikazioan ikastetxeko irakasleak/tutoreak kontuan hartuko duena.
4.– Enpresa, estudio edo lantegietako fase praktikoan kalifikazioa honela adieraziko da: GAI ala EZ GAI.
1.5. KORRESPONDENTZIA
Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasetik guztiz edo zati batean salbuetsita geratu ahal izango dira heziketa-ziklo honekin zuzenean lotutako lanbide-esparruan lan-esperientzia dutela egiaztatzen dutenak.
Lan-jardunarekin korrespondentzia ezartzeko, heziketa-zikloarekin lotutako gutxienez urtebeteko lan-esperientzia izatea egiaztatu beharko da, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren faseari dagozkion amaierako gaitasunak erakutsi ahal izateko.
Lan-esperientzia honako dokumentu hauen bidez egiaztatuko da, modu metagarrian:
a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo ikaslea afiliatuta dagoeneko lan-mutualitatearen ziurtagiria, ondokoa jasoko duena: enpresa, lan-kategoria (kotizazio-multzoa) eta kontratazioaren aldia, edota, hala badagokio, langile autonomoen erregimen bereziko kontratazioaren aldia; nahiz zuzenbidean onartutako beste edozein froga-baliabide.
b) Lan-esperientzia lortu deneko enpresaren ziurtagiria, zehazki ondokoa jasoko duena: kontratuaren iraupena, garatutako jarduera eta jarduera hori garatu deneko denboraldia. Norberaren konturako langilearen kasuan, hauek aurkeztuko dira: ekonomia jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren egiaztagiria.
Korrespondentzia ikaslearen espediente akademikoan, ebaluazio-aktetan eta ziurtagirien liburuan geratuko da jasota, SALBUETSI gisa.
2. AMAIERAKO PROIEKTUA
– Ordu guztien zenbaketaren ondorioetarako, amaierako proiektua egiteko faseari 75 ordu zuzendu zaizkio.
– Amaierako proiektua egiteko ez da beharrezkoa ikaslea eskolaratzea, ikastetxearen esparrutik kanpo egin daiteke eta. Ikasleari amaierako proiektua egitea errazteko, eta aldez aurretik hark eskatuta, ikastetxeak bertako instalazioak erabiltzeko aukera emango dio, ikastetxearen ohiko jarduna oztopatzen ez bada betiere.
2.1. HELBURUAK
Ikasleak gai izan beharko du:
– Proiektuaren plangintzan, garapenean burutzapenean eta aurkezpenean, heziketa-zikloan emandako irakaskuntzetan zehar eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoak eta artistikoak bateratu, laburtu eta aplikatzeko.
– Barnealdeen diseinuaren berezko esparruan duen profesionaltasuna erakusteko.
2.2. EDUKIAK
a) Informazioa: garatu beharreko proiektuari buruzko dokumentazio historikoa, teknikoa eta erreferentziazkoa bildu eta aztertzea.
b) Komnikazioa: ideien eta kontzeptuen garapen formala, zirriborro, proba, maketa, plano, ohar, etab.en bidez, dagokion proiektuaren eta espezialitatearen arabera, eta honako alderdi hauek barne direla:
– Alderdi funtzionalak: helburuak, garapena.
– Alderdi estetikoak: kalitate estetikoa eta interes formala.
– Alderdi teknikoak: amaierako produktua egiteko beharrezko materialak, zereginak eta denborak, eta kalitatea kontrolatzeko zehazpenak.
– Alderdi ekonomikoak: proiektuaren burutzapen materialerako kostuen gutxi gorabeherako kalkulua.
c) Burutzapena: proiektuaren burutzapen praktikoa, honako hauek barne direla:
– Uneko egoeraren, diseinuaren, eraikuntzaren eta instalazioen planoak.
– Amaierako memoria, atal hauek bilduko dituena: memoria, deskribatzailea, justifikaziokoa eta eraikuntzakoa.
– Aurrekontua.
Proiektuaren osagarri gisa, prototipoak, maketak, ikus-entzunezko aurkezpenak, etab. egin ahal izango dira.
2.3. GARAPENAREN FASEAK
Heziketa-zikloa osatzen duten modulu guztiak gainditu ondoren, ikasleak proiektu-proposamen bat aurkeztuko du. Bertan, egin nahi duen lanaren edukia jasoko da.
2.3.1. 1. fasea: proiektu-proposamena eta tutorea izendatzea:
c) Proiektu-proposamena:
– Ikasleak espezialitateari dagokion amaierako proiektu bat egin beharko du, ikasleak berak proposatutakoa edo ikastetxeak iradokitakoa. Proiektu horretan, prestakuntzan eskuratutako ezagutzak aplikatu beharko ditu.
– Epaimahaiak, hura onartzeko garaian, honako alderdi hauek kontuan hartu beharko ditu:
· Interes artistikoa eta teknikoa, originaltasuna eta dagokion benetako eskaerarekiko egokitzapena.
· Epeak betetzea: ezarritako baldintzetan obra egiteko benetako ahalbidea, horretarako beharrezko denbora eta eskura dauden instalazioak kontuan izanda.
b) Irakasleak/tutoreak:
– Proposamena onartu ondoren, heziketa-taldearen edota dagokion esparruan ospea duen profesionalen baten ardura izango da amaierako proiektuaren tutoretza. Azken kasu horretan, zikloko irakasle batek txostengile ofizial gisa jardungo du, zentro ofizialarekiko harremanetan ikaslea aholkatu eta hala eskatzen duten bideratze-faseetan hura ordezkatzearren.
– Ikastetxeak tutore bat edo gehiago eskainiko die halakorik ez duten ikasleei.
2.3.2. 2. fasea: amaierako proiektua inskribatzea:
Epaimahaiak proposamena onartu ondoren, amaierako proiektua inskribatuko da.
2.4. EPAIMAHAIAK IZENDATZEA
Proposamena onartzea eta amaierako proiektua ebaluatzea epaimahaiari dagokio. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
– Lehendakariak: ikastetxeko zuzendariak edo hark eskuordetzen duen irakasleak.
– Zuzendariak izendatutako gutxienez hiru mahaikidek, ziklo honetako irakasle izango direnek. Gainera, zuzendariak ikastetxez kanpoko profesional ospetsuren bat izendatu ahal izango du, Barnealdeen diseinuaren dagokion esparruan aditua izango dena.
– Ikastetxeko zuzendariak. Hitzez baina botorik gabe jardungo du eta bilkuren akta egingo du. Era berean, hala badagokio, proiektuak egiteko ikastetxeak ikasleen esku uzten dituen baliabideak lortu eta koordinatzeaz arduratuko da.
2.5. EBALUAZIOA
– Amaierako obra ebaluatu ahal izateko, aldez aurretik, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea gainditu behar izango da.
– Amaierako kalifikazioa lortzeko, ikasleak gehienez bi ikasturte izango ditu.
– Salbuespen gisa, epaimahaiak, amaierako proiektuaren tutorearen edota, hala badagokio, txostengilearen aldez aurreko txostenarekin, eta dokumentu bidez justifikatutako arrazoiengatik, aparteko deialdi bat ematea erabaki ahal izango du.
– Amaierako proiektuaren honako atal hauek ebaluatuko dira:
a) Informazioa.
b) Komunikazioa.
c) Burutzapena.
– Eranskin honen 2.1 atalean azaldutako helburuekin bat etorriz, ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
· Proiektuarekin zerikusia duten dokumentuak bilatu eta aztertzea.
· Proiektuak burutzean, heziketa-ziklo honen berezko teknikak kalitatez aplikatzea.
· Heziketa-ziklo honetako proiektuan sentikortasun artistiko-plastikoa erakustea.
· Zikloari dagozkion ezagutza teoriko-praktikoak eta artistikoak bateratzea.
· Bai planteamenduan bai eta proiektua burutzeko beharrezko konponbideetan ere sormena eta irudimena bilatzeko ahalegina erakustea.
· Proiektua epeekiko, dauden baliabideekiko, kostuekiko eta dagokion benetako eskaeraren exijentziekiko egokituta eta eraginkortasunez planifikatzea.
· Proiektua txukun eta profesionaltasunez aurkeztea.
· Amaierako memorian, terminologia egokia erabilita norberaren ideiak argudiatu eta defendatzea.
Ikastetxeak, bere jarduera-programan, positibotzat ebaluatutako amaierako proiektuen erakusketa barne hartuko du. Erakusketa horretan, ikastetxeko irakaskuntzaldian zehar egindako lanaren ideia emateko beharrezko material grafikoa bilduko duen dokumentazioa gaineratuko da, egindako lanaren erakusgarri izan dadin eta gainerako ikasleentzako erreferentzia gisa balio dezan.