Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Ikusiker (2023-2024): Txosten orokorra

Txosten honetan aurkitu daitezke 2023-2024 ikasturtean, Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako gazteen eta UPV/EHU eta UPNA/NUPeko ikasleen ikus-entzunezko eta IKTen kontsumoen inguruan egindako ikerketaren emaitzak.

Euskal Herriko gazteek dauzkaten ikus-entzunezkoen kontsumoak eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilerak aztertzen ditu Ikusiker ikerketak.

Digitalizazioak ekarri dituen kontsumo modu berrietan, gazteak izaten ari dira bereziki aitzindari. Ikus-entzunezko produktuen kontsumitzaile oparoak dira eta funtzio askotarako erabiltzen dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT): entretenitzeko, komunikatzeko eta baita informatuta egoteko ere. Txosten honek kontsumo horien ikuspegi zabala ematen du, Bigarren Hezkuntzako (11-17) eta Unibertsitateko (18-23) ikasleei luzatutako galdetegietatik lortutako datuetan oinarrituta. Era honetan, maila desberdinetan egindako ikerketek, batzuen eta besteen praktika nagusiak nabarmentzeaz gain, hezkuntza-ibilbidean aurrera egin ahala joera horiek nola garatzen diren hobeto ulertzeko aukera ematen dute.

Ikusiker egitasmoa martxan dago 2018-2019 ikasturtetik, eta UPV/EHUko NOR taldeak, EITBk, Kulturaren Euskal Behatokiak eta Tabakalerak gauzatzen dute, tokian tokiko ikasketa-zentroekin elkarlanean. Ikusiker ikerketari buruzko informazio gehiago www.ikusiker.eus webgunean aurkitu daiteke.