Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Nafarroako Foru Komunitateko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta

Atala

Biztanleriaren parte-hartze kulturalaren argazki zehatza ematen duten adierazleak lortzea du helburu. Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren 15 urteko edo gehiagoko pertsonei egindako 1.350 elkarrizketak osatzen dute lagina. Bizileku-udalerriaren tamainaren araberako ordezkagarritasuna ziurtatzen du laginak, baita sexuaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren araberakoa ere, eta horrek parte-hartze kulturalaren banaketa soziala zein den jakitea ahalbidetzen du, biztanleria-talde guztien arabera.

Aurkezten den txostena deskribatzailea da. Inkestaren informazioaren aberastasunak bide ematen du praktika jakin batzuen azalpenean sakontzeko emaitzak lantzeko, biztanleriaren segmentu espezifikoei zuzendutako azterketak egiteko, beste ingurune batzuekin begirada konparatuak izateko, eta abar. Emankorra izango dela aurreikusten dugun sorta bateko lehenengo azterlana da, beraz.

Duela hamar urte egindako aurrekari bat du azterlanak: 2007-2008 aldiko Euskal Herriko kultura- ohiturei, -praktikei eta kontsumoari buruzko inkesta, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako estatistika-eragiketen artean lehena. Biztanleriaren kultura-praktika nagusien azkeneko hamarkadako bilakaeraren irakurketa alderatua egiteko ezinbesteko ardatza da. Sei kapitulutan aurkezten da informazioa. Lehenengo kapituluan, erabilitako laginari buruzko zehaztapenak jasotzen dira.

Bigarren kapituluak, biztanleriak parte-hartze kulturalaren inguruan dituen jarrerei, horri ematen dion garrantziari, duen informazioari, kulturak lotura sozialak sortzeko duen eraginari eta pertsonak kultura-praktikak egitera bultzatzen dituzten motibazioei buruzko adierazleak jasotzen ditu.

Hirugarrenean, antolatutako kultura-praktiken xehetasuna jasotzen da, tipologien arabera: praktika eszenikoak eta musikalak, ikus-entzunezkoak, irakurketa-praktikak eta erakusketetara bisitak.

Laugarren kapituluak elkarteetako parte-hartzea eta amateur mailako praktikak deskribatzen ditu, arte-jarduerak egiteari dagokionez, zein arte- eta kultura-ezagutzak eta -abildadeak eskuratzeari eta alor horietako prestakuntzari dagokionez.

Praktika digitalen ezaugarri diren adierazleetan sakontzen du bosgarren kapituluak; praktika horiek funtsezkoak dira gaur egungo parte-hartze kulturala ezagutzeko.

Euskarazko parte-hartze kulturala deskribatzen du seigarren kapituluak. Praktika ezberdinetan eragina duten beste aldagai batzuez gain, arreta berezia eskaintzen zaio euskararen lurralde ezberdinen arteko alderaketari.

Amaitzeko, grafiko xehatuen eranskin osoa eta inkestaren fitxa teknikoa ditu txostenak.