Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta
Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Herriko parte-hartze kulturalaren Inkestaren emaitzak ezagutarazi nahi ditu. Azterlan zabala da, lurraldeari dagokionez –EAEko, Nafarroako Foru Komunitateko zein Ipar Euskal Herriko biztanleen kultura-praktikak aztertzen baititu–, bai eta alderdi kontzeptualari dagokionez ere, laguntzarekin, bisitekin, irakurketarekin eta kultura-jarduera ezberdinak ikustearekin edo entzutearekin lotutako praktikak, osagai pertsonal sortzaileagoa duten amateur mailako praktikak eta prestakuntza, eta kultura-edukiei lotutako praktika digitalak hartzen baititu kontuan.
Helburua da biztanleen parte-hartze kulturalaren argazki xehatua emango duten adierazleak eskuratzea. Euskal Herrian bizi diren 15 urtetik gorako 6.296 laguneko lagin adierazgarri bati aplikatu zaio inkesta. Administrazio-eremuaren (EAE, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ipar Euskal Herria), udalerriaren dimentsioaren, sexuaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren arabera haztatu da inkesta; horrek aukera ematen du, biztanleria-taldeen arabera, parte-hartze kulturalaren gizarte- banaketa ezagutzeko.
Aurkezten den txostena deskribatzailea da, lau txosteneko sortako lehenengoa, EAE, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ipar Euskal Herriari buruzko berariazko ikuspuntuak jasotzen dituena. Gainera, inkestako informazioaren aberastasunak praktiken azalpen, berariazko biztanle-segmentuei bideratutako analisi, beste ingurune batzuekiko alderaketak eta beste hainbat alderdi sakonago interpretatzeko bidea ematen du. Emankorra izango dela aurreikusten dugun sorta bateko lehenengo azterlana da, beraz.
Badago aurrekari bat, orain dela hamar urte egin zena: Euskal Herriko kultura-ohitura, -praktika eta -kontsumoen inkesta 2007-2008, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako lehenengo estatistika- operazioa. Biztanleriaren kultura-praktika nagusien azkeneko hamarkadako bilakaeraren irakurketa alderatua egiteko ezinbesteko ardatza da.
Sei kapitulutan aurkezten da informazioa. Lehenengo kapituluan, erabilitako laginari buruzko zehaztapenak jasotzen dira.
Bigarren kapituluak, biztanleriak parte-hartze kulturalaren inguruan dituen jarrerei, horri ematen dion garrantziari, duen informazioari, kulturak gizarte-loturak sortzeko duen eraginari eta pertsonak kultura-praktikak egitera bultzatzen dituzten motibazioei buruzko adierazleak jasotzen ditu.
Hirugarrenean, antolatutako kultura-praktiken xehetasuna jasotzen da, tipologien arabera: praktika eszenikoak eta musikalak, ikus-entzunezkoak, irakurketa-praktikak eta erakusketetara bisitak.
Laugarren kapituluak elkarteetako parte-hartzea eta amateur mailako praktikak deskribatzen ditu, arte-jarduerak egiteari dagokionez, zein arte- eta kultura-ezagutzak eta -abildadeak eskuratzeari eta alor horietako prestakuntzari dagokionez.
Praktika digitalen ezaugarri diren adierazleetan sakontzen du bosgarren kapituluak; praktika horiek funtsezkoak dira gaur egungo parte-hartze kulturala ezagutzeko.
Euskarazko parte-hartze kulturala deskribatzen du seigarren kapituluak. Praktika ezberdinetan eragina duten beste aldagai batzuez gain, arreta berezia eskaintzen zaio euskararen lurralde ezberdinen arteko alderaketari.
Amaitzeko, grafiko xehatuen eranskin osoa eta inkestaren fitxa teknikoa ditu txostenak.
- Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta [pdf, 4,60 MB]
- Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta. Laburpena [pdf, 550 kB]
- Enquête sur la participation culturelle au Pays Basque [pdf, 5,90 MB]
- Enquête sur la participation culturelle au Pays Basque. Synthèse [pdf, 830 kB]
- Survey of Cultural Participation in the Basque Country. Summary [pdf, 540 kB]