Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura-ohitura digitalak: joerak eta gakoak

Atala

Kultura-ohitura digitalen gaia Kulturaren Euskal Behatokiaren jardun-planean zegoen lehenagotik ere, Covid-19a ustekabean agertu baino lehen. Iritzi hedatu baten arabera, Covid-19ak digitalizazio-dinamiketan sakontzea ekarri du berekin, azeleragailu moduko bat izan da, eta beraz, planteatutako txostenak garrantzi berezia hartu du, pandemiak markatutako gidoi batekin: nola eragingo du Covid-19ak eraldaketa digitalean?

Lehenik eta behin argi utzi beharra dago azterlan honen xedea eszenatoki digitalaren ezaugarriak azaltzea dela, herritarren, publikoen, kultura-ohituren ikuspegitik. Batzuetan beharrezkoa izan da sektoreari, eskaintzari eta agenteari buruzko gaiak azaltzea, baina hori ez da, berez, txosten honen hausnarketaren xedea. Kultura-ohitura digitaletan jarri dugu begirada.

Bigarrenik, aldez aurretik adierazi dugunez, Covid-19aren ustekabeko agerraldiak arreta berezi bat eskatzen du bilakaera berriena aztertzeko. Izan ere, oraindik ez gaude Covid-19aren ondoko eszenatoki batean, pandemian murgilduta jarraitzen baitugu. Normaltasunera itzultzeko aukera izango dugu, soil-soilik, egoera egonkortzen denean eta agente guztien espektatibak nolabait aurreikusteko moduan egongo garenean, eguneroko portaera barne.

Hortaz, zaila da planteatutako galderari erantzun ziur bat ematea, baina nolanahi ere arrazoizko aurreikuspen eta funtsezko alderdi batzuk aurrera ditzakegu eszenatoki digitalari dagokionez. Hori egiteko, begirada espezifiko bat txertatu da, konfinamenduaren aurreko zein oraingo datuekin.

Une honetan konfinamendu mota desberdinak eta mugitzeko murrizketa gogorrak dira nagusi, eta, gauzak horrela, presentzialitatea eta interakzio fisikoa parentesi bat dira nolabait, nahitaezko proba-laborategi edo esperimentu moduko bat alegia, kultura-ohitura digitalak zein ingurune digitalaren potentzialitate eta mugak baldintza errealetan behatzea ahalbidetzen duena.

Esperimentu batean ez bezala, ordea, kasu honetan Covid-19aren ondoko testuingurua ez da, inondik inora, aurrekoaren berdina izango: prozesu honetan aldaketak gertatzen ari dira, egiturazko mailan eta maila indibidualean. Hala eta guztiz ere, orainak ez du balio etorriko dena iragartzeko: etorkizunean berriz ere aukera gehiago izango dira mugikortasunerako, presentzialitaterako eta interakzio fisikorako.

Horregatik, Covid-19aren ostean zer geratuko den galderari zentzuzko erantzun bat eman ahal izateko, orain gertatzen ari dena lehenago gertatzen ari zenarekin orekatu beharra dago nahitaez, etorkizunerako begirada bermatuz Covid-19aren aurreko testuinguruan zein une honetan eskuragarri dauzkagun datu eta ebidentzietan oinarrituta.

Horixe da txosten honen asmoa: oraindik perspektiba nahikorik ez badugu ere etorkizun digitaleko eszenatokiak argi eta garbi aurreikusteko, dakigunetik abiatuta iradoki ditzakegu jada kulturarako etorkizun digitalaren gakoak, eta sektoreak gako horiek landu beharko ditu aldaketa digitalean eragiteko, behatzaile soil bat izatea alde batera utzita.

Kultura-ohitura digitalak: joerak eta gakoak [pdf, 800 kB]