Euskadiko Kultura eta Sormen Industrietako mugaketa kontzeptuala eta definizioa
Azterlanean EAEko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) kontzeptu-esparrua mugatu eta zehaztu nahi da. Asmoa da azterketaren xede izango diren sektoreak hautatzea, argudioak emanda, eta definizioak ematea berorien helmena mugatzeko.
Eztabaidaren atze-oihal modura, kultura-sektorearen izaera hedakorra dago, eta, hortaz, hari mugak jartzeko zailtasuna. Eztabaida hau garatzearekin batera, eta berorren ondorioz, jarduera gehiago erantsiz joan dira, bai kultura-sektorearen balio ekonomikoa kontabilizatzeari dagokionez, bai estatistika kulturalaren informazioan. Eta kultura sektorea mugatzearen zailtasunari sormen-industrietarako hedapena gehitzen bazaio, erronka are handiagoa da.
KSIen definizioa inklusiboagoa edo baztertzaileagoa izan daiteke, ez dago adostasun garbirik, eta litekeena da inoiz ez egotea, aurreikuspenen arabera, haiek osatzen dituzten sektoreak eta azpisektoreak zabalduz joango baitira, errealitate ekonomiko, sozial, kultural eta teknologikoa eraldatuz joan ahala. Izatez, kultura-sektoreak bizi izan du jada antzeko prozesu bat, XX. mendearen erdialdean kultura-politikak instituzionalizatu zirenetik.
Hala ere, eztabaida oraindik itxi ez den arren, azterketan erreferente diren organismoak KSI sektorearen perimetroa markatzen duten koordenatuak marrazten ari dira. Hala UNESCOk nola European Statistical System Network on Culture (ESSnet-Culture) deituak proposatutako eredu kontzeptualek mugatzen, zehazten eta planteatzen dituzte KSI sektorea aztertzeko tresna estatistiko harmonizatuak.
Txosten honetan EAEn KSI sektorea aztertzeko eredu kontzeptual baten diseinua dago jasota. ESSnet-Culturek planteatzen dituen jarraibide eta gomendioetatik abiatuta –bera baita erreferentzia estatistiko nagusia europar esparruan–, ereduak bere egiten du tradiziozko kultura-sektorearen gune gogorraren karakterizazioa eta sormen-sektoreetara hedatzen du ekintza eremua. Tresna praktikoa eta bideragarria izateko asmoarekin diseinatu da. KSItzat hartzen direnen definizio global batean oinarritutako eredu abstraktua proposatu ordez, metodo induktiboa erabili da, alegia, industria zehatzen azterketatik abiatuta, sektoreetako bakoitzean zer neurtu eta nola neurtu proposatu da, harik eta EAEko KSIentzat esparru orokor bat eratzea lortu den arte. Diseinua gidatu duen asmoa bikoitza da:
- Existitzen diren baldintzatzaileetatik eta errealitatetik abiatzea, KSIak aztertzeko erreferentziako ereduetan oinarriturik eta sektoreak EAEn dituen berezitasunak ezagututa.
- EAEko KSIen adierazgarria izateaz gainera, nazioarteko alderagarritasuna ahalbidetzen duen esparru edo marko bat proposatzea.
Hala, berorren baliagarritasuna, alde batetik, analitikoa izango da, KSI sektoreari buruzko ikerketa orientatzeko balioko baitu estatistikaren ikuspegitik eskatzekoak diren sendotasun- eta alderagarritasun-irizpideen arabera; bestalde, marko gisa balioko du politika publikoak gidatzeko eta EAEko KSIek osatzen duten enpresa-sareari buruzko erabakiak hartzeko.