Euskarazko antzerki sorkuntzako emakumeen eta gizonen egoera EAEn
Urte hauetan zehar, Kultura Auzolanean plangintzak, emakume gisa sailkatuen presentzia ikertu du hainbat esparrutan. Adibidez, ikusizko eta ikus-entzunezko arteei dagozkien ikerketa kuantitatibo zein kualitatiboak gauzatu izan ditu esparru horretan.
Aurreko ikerketek argi erakusten dute emakumeek gisa sailkatuek dituzten ageriko arazoak kulturaren munduan zein sormenaren espazioan sartzeko, bertan mantentzeko eta ikusgarritasuna lortzeko. Baita, sormenari dagokionean, esparru laborala zein bizitza pertsonala uztartzeko dituzten zailtasunak ere.
Sormenarena, gurean aspalditik krisian dagoen eremu bat dela esan dezakegu. 2008an krisialdi ekonomikoa hasi aurretik ere, sormenaren eta kulturaren espazioak prekarietatea bizi zuen. Izan ere, kultur lana oso ezaugarri bereziak dituen esparru bat da, baina ezaugarri espezifiko horiek ez dira espainiar legeetan jasotzen (Frantzian egoera ezberdina da), eta horrek asko zailtzen du lana behar bezala aurrera eramatea. Kultur langileen jardunak intermitentzia du ezaugarri nagusi (beste hainbaten artean). Baina, intermitentzia hori ez da jasotzen ez ogasunean ezta gizarte segurantzan ere. Horrek esan nahi du, oso ezaugarri ezberdinak dituen arren, beste lanbide batzuk bezala tratatua dela kutur lana. Beraz, lege horiek ez dira egokitzen kultur langileen beharrizanetara, eta egoera ez-egokitu honek lan baldintzak asko kaskartzen ditu.
Horrek guztiak argi erakusten du espainiar legeek orain arte ez diotela kultur lanari lekurik eman. Zorionez, 2018-12-28an onartu zuten parlamentuan, errege dekretuz, artistaren estatutuaren lehen neurri multzoa. 60 lege bere baitan biltzen dituen proposamen honen lehen urratsak onartu ziren orduan, eta, horiekin, aplikazioa gehi beste lege guztien onartzea espero daiteke aurrerantzean. Dena den, hemendik aurrerakoa ez dago ziurtatua (aldaketa politikoak) eta honen aplikazioak emango du bere denbora. Aurrerapauso handia da, hala ere, basamortuko ibilbide gisan bizi izan den kultur lanaren aitortzaren bidean.
Euskarazko antzerki sorkuntzako emakumeen eta gizonen egoera EAEn [pdf, 1,9 MB]