Artistentzako eta kultura-arloko profesionalentzako etorkizuneko aukerak
2018ko irailean, Diputatuen Kongresuaren osoko bilkuran, Artistaren Estatutuari buruzko txostena onetsi zen, legegintzako ibilbide-orritzat jotzen dena. Behatokiak azterketa bat eskaini dio proposamenari, egungo arauketaren eta etorkizuneko aukeren informaziozko deskribapen sintetikoa egiteko eta arazoa testuinguruan kokatzeko helburuarekin, sektoreaz eta Estatuko testuinguruaz haraindi.
Hasteko, txostenak arte-lanaren berariazkotasuna aletzen du; hain zuzen, lanaren behin-behinekotasuna eta kolektiboaren heterogeneotasuna direla-eta, zaila da egungo legegintzatestuinguruan sartzea. Arazo horrek zenbait diskriminazio dakartza zergen, gizarte-babesaren eta lan-babesaren ikuspuntutik; hortaz, legeria berriaren beharra justifikatuta dago. Jarraian, Artistaren Estatutu Berriaren proposamenaren edukia laburbiltzen da eta egin daitezkeen aurrerapenen arloan EAErako dauden aukeren berri ematen da. Begirada osatzeko, nazioartean atzemandako elementu esanguratsuenak aztertzen dira. Gogoetarako elementu berriak dakartzaten ekimenak dira. Horretarako, halaber, garrantzitsua da kontuan hartzea Artistaren Estatutu Berriaren inguruko arazoa ongizate-estatuen konfigurazioari buruzko eztabaiden eremuan kokatzen dela. Izan ere, arte- eta kultura-lanaren legezko esparruak ezin dira herrialde bakoitzaren historia eta kultura instituzionaletatik banandu politika publikoei (lan-arlokoei, zerga-arlokoei…) dagokienez. Horregatik, kapitulu bat eskaintzen zaio kontuari buruzko ikuspegi zabalari, ongizate-estatuez, lan-merkatuez eta Europaz hausnartzeko asmoz.
Ondorioetan, sektorerako eta EAErako aukerak laburbiltzen dira eta zerga-sistemaren eta gizarte-babesaren arloan jarduteko aukerak planteatzen dira, sektorea antolatzearen garrantzia bistatik galdu gabe.
Hitz batean, "Artistaren Estatutu Berriaren" helburuak zera izan behar du: artistek eta kultura-arloko profesionalek bidezko lan-baldintzak eta bizi-baldintzak dauzkatela ziurtatzea, baita gainerako langileen eskubide (eta betebehar) berberak ere; Artistaren Estatutua ez da inola ere pribilegioa. Asmoa ez da zehazki "arteaz bizi" ahal dela ziurtatzea; aitzitik, horretan aritzea, lanaldi osoan zein ez, modu erregularrean zein ez, beste edozein aukera bezain irisgarria izatea nahi da, sortzaileak zigortzea saihestuz. Hori bereziki garrantzitsua da kulturaren balio publikoa aintzat hartuta: haren onura sozialen alde egin nahi bada, sorkuntza artistiko eta kulturalaren baldintza egokiak ziurtatu behar dira.
Artistentzako eta kultura-arloko profesionalentzako etorkizuneko aukerak [pdf, 400 kbB]