Hezkuntza Saila

Lehmann, Rosamond

Britainiar eleberrigilea (Bourne End, Buckinghamshire, Ingalaterra, 1901 - 1990). Aita idazlea zuen, eta amak historiari buruzko ikerketa garrantzitsuak egin zituen. Rosamond-en arreba bat antzezle ospetsua izan zen, eta anaia idazlea. Hamazazpi urte zituela Cambridgera joan zen ikasketak egitera. Garai horretakoa da Hautsa (1927) lana, zeinean Judith Earle gazteak bere harremanetan izan zituen esperientzia mingarriak kontatzen dituen. Lan hark berehala eman zion ospea. Bigarren eleberria 1930ean argitaratu zen: Musika ohar bat. Lan horretan axolagabetasunean bizi diren bi bikoteren erreakzioak azaltzen ditu. 1932an Dantzara gonbidapena argitaratu zuen, zeinetan lehenengo aldiz dantza batera gonbidatzen duten neska baten zirrarak agertzen dituen. Eleberri horri jarraipena eman zion Bihozgabetasunak lanarekin: aurreko eleberriko protagonista ezkondu egiten da, eta ezkontzak huts egin ondoren, ezkondurik dagoen adiskide baten maitale bihurtzen da. Balada eta iturria (1944) eleberri ederrean, neskatxa baten begiradaren bidez, ondoko etxeko familiaren gorabeherak kontatzen ditu. 1958an Lehmannen alaba, Sally, hil egin zen poliomelitisak jota. Gertaera izugarri horren ondoren, esperientzia psikologiko gogorrak bizi zituen idazleak, eta Beltxarga egunsentian: barne bizitzaren atalak lanean ezagutarazi zituen. Parapsikologiari buruz sortu zitzaion interesak idazketatik urrundu zuen eta 1976an idatzi zuen azkeneko liburua, Itsasoko zuhaitza.