Hezkuntza Saila

Le Brun, Charles

Frantses margolaria eta dekoratzailea (Paris, 1619 - Paris, 1690). Poussinen jarraitzailea izan zen, eta klasizista hura bezala, baina Le Brunek apaingarri gehiago erabili zuen bere lanetan. 1642an Erromara joan zen eta han ezagutu zituen Italiako Berpizkundeko eta Barrokoko maisuen obrak. 1648an parte hartu zuen Frantziako pintura eta eskulturako errege akademiaren sorreran. 1650-1660 urteetan egin zituen bere koadro ospetsuenak: Afaria Simonen etxean; Séguier kantzelierra, eta 1662an Frantziako lehen margolari eta geroago Frantziako artegintzaren arduradun nagusi izendatu zuen Colbert ministroak. Aipagarri dira, koadroez gainera, Le Brunen tapiz sailak (Urtaroak, Alexandroren guduak, Luis XIV.aren historiak) eta Louvreko museoan (Apoloren galeria) eta Versaillesko jauregian (Ispiluen galeria) egin zituen dekorazio lanak.