Hezkuntza Saila

Laudio

Arabako iparraldeko udalerria, Bizkaiarekin muga egiten duena (Arabako Kantaurialdea). Mugak: iparraldean Okondo eta Arrankudiaga (Bizkaia), ekialdean Arrankudiaga eta Orozko (Bizkaia), eta mendebal-hegoaldean Okondo eta Aiara. Garaiera, 120 m. 37,67 km2. 1997ko datuen arabera, 19.746 biztanle ditu (laudiarrak). Industriari erabat emandako udalerria da, eta biztanleriak behera egin du azken urteotan. Arabako bigarren hiria da jende kopuruari dagokionez. Auzo nagusiak: Areta, Gardea, Larra eta Larrazabal-Olarte. Ibaizabal ibaia igarotzen da udalerritik hego-mendebaletik ipar-ekialderantz. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 4.136 euskaldun, 4.477 ia euskaldun eta 11.032 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (beiragintza, altzairugintza, hodiak, kimika industria, elektrokimika) eta zerbitzuak dira. Lantegi handiak daude Laudion, Aceros de Llodio S.A. (altzairugintza) eta Vidrieras de Llodio S.A. (beiragintza) besteak beste. Aipagarri dira 1757. urteko San Pedro parrokia eliza, Santa Maria del Yermo santutegia, San Bartolome ermita, XIX. mendeko San Inazio ermita, Santa Luzia ermita gotikoa, XV. mendeko Ugartetarren dorretxea, Erdi Aroko Cartuja jauregia (XVIII. mendean eraberritua), Altube ibaiaren gaineko Anunzibai edo Lehoiak izeneko zubia eta Ibaizabal ibaiaren gaineko Vitorica zubi erromanikoa.  v  Historia. X. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Laudiko herria eta garai hartan, Bizkaiko Jaurerriaren barne zelarik, Gaztelako konderriaren mende zegoen. X. mendearen bukaeran Arabaren gobernupean zegoen. Gaztelaren mende egon zen, berriro ere, 1332. urtetik 1491. urtea arte.