Lauda, Niki
(Jaiotza izena, Nikolaus Andreas). Austriar auto gidaria (Viena, 1949). Formula 1eko gidari moduan, 1968an hasi zen automobilismoan, eta hurrengo urteetan Formula 3 eta 2n aritu zen. Formula 1eko lasterketei dagokienez, hasieran March taldearekin parte hartu zuen (1971-1972 urteetan), eta gero BRM (1973), Ferrari (1974, 1975, 1976 eta 1977), Brabham (1978-1979) eta McLaren (1982-1985) taldeekin. 1974an lehen garaipenak erdietsi zituen Ferrarirekin Espainia eta Holandako Sari Nagusietan, eta 1975ean lehen aldiz izan zen Formula 1eko munduko txapelduna. 1976an bizitza galtzeko zorian egon zen Alemaniako Sari Nagusian izandako istripuagatik, eta erredura orbainak geratu zitzaizkion aurpegian, baina hurrengo urtean munduko txapeldun izan zen bigarren aldiz. 1979an Brabham-Alfa taldean zegoela Formula 1 utzi eta Lauda Air bere hegazkin konpainiako lanetan murgildu zen, baina bi urte geroago konpainiak porrot egin zuen, eta berriro ere lasterketetara itzultzea erabaki zuen. 1984an hirugarren aldiz irabazi zuen Formula 1eko Munduko Txapelketa, baina hurrengo urtean betirako utzi zuen automobilismoko lehiaketa nagusia.