Hezkuntza Saila

Larresoro

Lapurdiko erdialdeko udalerria, Uztaritzeko kantonamenduan. Mugak: iparraldean Uztaritze eta Jatsu, ekialdean Kanbo eta Haltsu, mendebalean Ezpeleta eta Uztaritze, eta hegoaldean Ezpeleta eta Itsasu. Garaiera, 60 m. 10,76 km2. 1999ko datuen arabera, 1.359 biztanle (larresoroarrak). Larressore du izen ofiziala. Auzo nagusiak: Portuita, Xerrenda eta Inthalatzara. Errobi ibaiak mugatzen du udalerriaren iparraldea. Euskara, behe-nafarrera. Ekonomia jarduera nagusiak industria eta zerbitzuak dira; dena dela herriak ez du nekazari izaera galdu.  v  Historia. Sanctus Martinus de Larressore edo St-Martin de Ribeire Longue izenez ageri zen Larresoroko herria Erdi Aroko dokumentuetan. 1776 arte Kanboko parrokiari lotua egon zen Larresorokoa. 1672an Dendarietako prioretxea sortu zuten herrian eta 1733an Larresoroko apaizgaitegia sortu zuen Jean Daguerre abateak. Frantziako Iraultza garaian itxirik egon bazen ere 1818an berriro zabaldu zituen ateak, 1906an behin betiko desagertzeko.