XVIII. mendeko lapurtar idazlea. Uztaritzeko eta Basusarriko erretore izan zen. 1775ean, Testament Çaharreko eta Berrico Historioa argitaratu zuen, M. Royaumont-en obraren itzulpena. Itun Zahar eta Berriko kontakizunak dira bi liburukitan banatuak, eta azken liburukian zenbait santuren bizitza ere agertzen da. Bestalde, Parisko Liburutegi Nazionalean bada eskuizkribu bat Larregirena, D´Estaing Jaun Contearen Laudorioac izenburukoa. P. Lafitteren ustez, Larregirena izan daiteke Cantico izpiritualac (1763) izeneko beste liburuxka bat ere.