Hezkuntza Saila

Larraga

Nafarroako erdi-hegoaldeko udalerria, Arga ibaiaren eskuinaldean (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean, Mendigorria, ekialdean, Artaxona eta Tafalla; mendebalean, Oteitza eta hegoaldean, Berbintzana eta Lerin. Garaiera, 414 m. 76,74 km2. 1999ko datuen arabera, 1.878 biztanle ditu (larragarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XVIII. mendean galdu zen. Industrian (eraikuntza, janari industria; langileen % 52) eta nekazaritzan (garia, garagarra, mahatsa, esparragoa, barazkiak; langileen % 31) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia. Industrian diharduen langile askok bigarren lanbidetzat du nekazaritza. Aipagarri dira Larragako hiribildua inguratzen zuten harresiaren hondakinak, XVIII. mendearen hasierako udaletxea, XVII eta XVIII. mendeetako armarriak dituzten etxeak (Mayorazgo etxea, Zabaltza etxea), Arga ibaiaren gaineko jatorri gotikoko zubia (XIV-XV. m.) eta XIII. mendeko jatorria duen San Migel parrokia eliza gotiko goiztarra (XVI. mendeko kapera gotikoak), XVIII. mendean Berpizkundeko moldeaz eraberritu zena.  v  Historia. Larraga Tarraga bide zen Plinio eta Ptolomeoren arabera (K.a. I. mendea). 1052. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Larragako herria. Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen eskutik jaso zituen berezko foruak 1193. urtean. 1845. urtean bihurtu zen udalerri. Hondamen handiak jasan zituen herriak lehen karlistadan (1833-1839), bertako harresiaren inguruko etxe guztiak suntsituak izan baitziren.