Hezkuntza Saila

Lapierre, Dominique

Frantses idazle eta kazetaria (Chatelaillon, 1931). 17 urte zituela hasi zen kazetaritza lanetan, eta Le Monde egunkarian argitaratutako lehen artikuluari esker, Estatu Batuetan ikasteko beka bat lortu eta ekonomia politikoan lizentziadun egin zen. Urte haietan neska gazte frantses batekin ezkondu eta eztei bidaian oinarriturik Eztei bidaia munduan zehar liburua argitaratu zen 1953an. 1954an NATO erakundearen egoitza nagusian sarjentu interpretatzaile gisa soldadutza egiten ari zela, Larry Collins Estatu Batuetako kaporala ezagutu zuen, eta lagun handiak egiteaz gainera, literatura elkarte bat ere sortu zuten bien artean. Elkarte horren emaitza dira, besteak beste, Sutan al da Paris? (1964) liburua, Hitler-en artxiboak argitaratu ondorengo ikerketetan oinarritutakoa; Espainian Franco hil ondoren osoki argitaratu zen Edo doluz jantziko zara nigatik (1967), Manuel Benítez “El Cordobés” toreatzailearen bizitzari buruzkoa; juduek 1948an sortutako Israelgo estatuari buruzko O, Jerusalem! (1971) edota Gandhiri buruzko Gaur gauean askatasuna (1975) liburuak. 1985ean, urte batzuk Indian igaro ondoren, Alaitasunaren hiria argitaratu zuen Lapierrek, eta liburuarekin eta liburuan oinarrituriko filmarekin irabazitako diruaren zati handi bat Kalkutako fundazio bati eman zion, hiri hartan zeuden beharretarako. Geroztik liburu gehiago ere argitaratu ditu (Maitasuna baino handiagoa, 1990), kazetari lanak (“Eguberri eguna Kalkutan”, 1994) alde batera utzi gabe betiere.