Hezkuntza Saila

Klitemnestra

Mit. Antzinako Greziako mitologiaren arabera, Ledaren alaba, Zeusek beltxarga baten gisa harekin egonik hark eman zituen arrautzetako batetik jaioa. Tantalorekin ezkondu zen lehenik, eta hura hil zelarik, Agamenonekin. Agamenonek Troiako bidaian arrakasta izateko Ifigenia jainkoei opari gisa eskaini zienean, Klitemnestra Egistorekin batu zen. Agamenon Kasandrarekin itzuli zenean Troiatik, Klitemnestrak eta Egistok biak hil zituzten. Oreste, Agamenonen semeak, hiltzaile biak hil zituen. Historia hori Homerok Odisea-n, Eskilok Agamenon-en eta Koefore-etan, Sofoklesek Elektra-n eta Euripidesek Elektra-n eta Ifigenia Aulis-en obran agertu dute.