Hezkuntza Saila

klasiko

izond. Ereduzkoa gertatzen dena, batez ere, zaharra izanik. || Antzinateko Greziako eta Erromako antze edo kulturari jarraitzen diona, edo haren eragina duena.  v  Estetikaren ikuspegitik, klasikoaren ideia perfekzioari loturik dago, eta edozein alditako edo arte motako obrarik onenak adierazteko erabiltzen da. Aldi berean, arte estilo batek heldutasuna edo goren puntua iristen dituen aldiari deritza klasiko; primitibotzat hartzen den aldiari jarraitu ohi zaio eta, hasierako indarra galdurik, gehiegikerian erortzen den barroko, manierista edo dekadentea esan ohi zaion aldiaren aurrekoa izaten da.  v  Klasikoak. Lit. Literaturaren historian, bikaintasunagatik onespen orokorra jaso duten idazleak, aldiak edo generoak dira. Formaren perfekzioa, gaien unibertsaltasuna eta arrazoiaren, argitasunaren eta ordenaren nagusitasuna dira klasikoen ezaugarriak. Greziako literatura klasikoak hainbat genero biltzen ditu: poesia (Homero, Hesiodo, Pindaro); filosofia (Platon, Aristoteles); antzerkia (Eskilo, Sofokles, Euripides, Aristofanes); historia (Herodoto, Tuzidides, Xenofonte); oratoria (Isokrates, Demostenes). Literatura latino klasikoa K.a. I. mendetik K.o. I. mendera hedatzen da. Idazle handienen artean prosa idazleak (Zizeron, Julio Zesar, Salustio, Tito Livio, Tazito, Plinio biak, Kintiliano) eta poetak (Lukrezio, Horazio, Virgilio, Ovidio, Lukano, Juvenal) daude. Europako literatura nazionalen aldi klasikoak, zenbaitetan oso garbi zehaztu ezin badira ere, nahiko ezagunak dira. Italian XIV. mendeko idazleak hartzen dira klasikotzat: Dante, Petrarka eta Bocaccio. Frantzian XVII. mendeko idazle multzoa nabarmentzen da: N. Boileau, P. Corneille, J. Racine, F. de la Rochefoucauld, J. de la Fontaine, Molière, B. Pascal. Ingalaterrako aro klasikoa XVII-XVIII. mendeei dagokie, J. Dryden-en (1631-1700) eta S. Johnson-en (1709-1784) bitartekoari alegia. Alemanian higikunde klasikoaren idazle nagusiak G. Lessing (1729-1781), F. Schiller (1759-1805) eta J. W. Goethe (1749-1832) dira.  v  Euskal literaturan klasiko izatea hizkuntza eredu egokiari eta antzinakotasunari lotua egon da. Klasikoak dira 1545. urtetik, Etxeparek bere Linguae Vasconum Primitiae agertu zuenetik aurrera, euskaraz idatzi duten idazleak, XIX. mendearen bukaeraraino, behintzat; eta handik hona, hizkuntza eredu egokia eskaini duten zenbait. Euskalkiei dagokienez, lapurtera, Leizarragak eta Sarako eskolako idazleek landu zuten literatura hizkera hartu izan da klasikotzat.  v  Musika klasikoa. 1750 eta 1830. urte bitartean idatzi zen musikari deitzen zaio klasiko, barrokoko musikaren ondorengoari, nahiz eta zenbaitetan mugak hain zehatzak ez izan. Musikari nagusiak Haydn, Mozart, Gluck eta Beethoven izan ziren. Lehen aldiz musikaren historian, tresnetarako musikak hartu zuen ahozko musikak baino garrantzi handiagoa, eta orkestra eta kamerako taldeak (harizko laukotea, hirukotea eta boskotea) nagusitu ziren. Barroko garaiko azken aldiko polifonia korapilatsuei erantzun nahian, doinua nagusi zen egitura homofonikoek garrantzia hartu zuten. Egituraren aldetik, musika klasikoaren ezaugarri nagusia soiltasuna eta argitasuna dira; musika esaldiak barrokoak baino laburragoak eta mugatuagoak dira. Forma nagusiak sonata, harizko laukotea, sinfonia eta kontzertua dira.