Hezkuntza Saila

kirurgia

iz. Gaixoak sendatzeko eskua edo tresna bereziak erabiliz, ebakuntzak egitea helburu duen medikuntzaren alorra.  v  Historia. Antzinatik erabili izan du gizakiak kirurgia, zaurietatik geziak eta erauzten zituenean. Mesopotamiako lehen zibilizazioetan eman ziren kirurgiari buruzko lehen arauak Hammurabiren legeetan; Egiptoko papiroetan eta marrazkietan kirurgia tresnen eta teknika aurreratuen berri ematen da, eta antzinako Indian 121 kirurgia tresnaren deskribapena eta ordu arte ezagutzen ziren ebakuntza teknika gehienak bildu ziren Susruta liburuan: kirurgia plastikoa (sudurrean, ezpainetan, belarrietan) eta zesareak egiten ziren, eta gorputz adarrak mozten. Zibilizazio klasikoaren kirurgia ezagutzak Greziako Hipokratesen Corpus hippocraticum liburuan bildu ziren; eragin handia izan zuen bilduma horrek Errenazimentua iritsi bitartean. Erromatarrek, beste gauza batzuen artean, etenak osatzen, eta neurismak eta trakeotomiak egiten zituzten. Erdi Aroan, XVI. mendea bitartean, ez zen aurrerapen askorik izan. Errenazimentuan, berriz, urrats handiak egin ziren. Leonardo da Vinci eta Andreas Vesalius disekzioak egiten hasi ziren, eta Leonardo Botallo frantsesak kirurgia teknikiei buruz ekarpen handia egin zuen.  v  Kirurgia modernoa. Ambroise Paré (1510-1590) frantses kirurgialaria hartzen da kirurgia modernoaren sortzailetzat. Gorputzaren disekzioan eta azterketa klinikoan oinarritu zuen lana; arteriak lotu zituen lehen aldiz, eta zauriak eta etena sendatzeko, eta gorputz adarrak mozteko teknika berriak asmatu zituen. Hala ere, esan daiteke XIX. mendearen erdialdean sortu zela benetan kirurgiaren aro modernoa, ordu arteko eragozpen nagusiei (oinazea, hemorragia, infekzioa eta shock-a) aurre egin ahal izateko teknikak asmatu zirenean, hain zuzen; izan ere, kirurgia tresna berriak egin ziren (Dupuytren), anestesia asmatu zen (W. Th. Mortonek eterra erabili zuen 1846an, eta Simpsonek kloroformoa 1847an), eta organismoa bakterio kaltegarrietatik babesteko neurriak (asepsia) hartu ziren (Pasteur, 1857-62an, eta Lister, 1865ean).  v  Gaur egungo kirurgia adar askotan bereizi da, eta adar horietako bakoitza gorputz atal edo gaitz jakin batzuez arduratzen da. Ebakuntza gelak, teknikak eta tresnak, asko hobetu dira: plastikozko eta silikonazko organoak jartzen dira organo kaltetuen ordez, orain dela gutxi ezinezkotzat jotzen ziren ebakuntzak egin daitezke (bihotzean eta garunean), laser izpiak edo tenperatura oso hotzak (kriokirurgia) erabiltzen dira gaitzak jotako ehunak desegiteko, etab.