Hezkuntza Saila

kirol

iz. Gorputz ariketa berezkoa duen jarduna; bereziki, jokoa, bakarka edo taldean egiten dena; jardun horren era berezi eta arautuetako bakoitza.  v  Oro har, kiroltzat jotzen dira jolasa edo lehiaketa helburu duten ekintzak, eta gorputzaren ahalegina edo gaitasuna eskatzen dutenak. Kirola banaka egin daiteke nahiz taldeka. Kirolaren helburu nagusia gaitasun fisikoak iraunaraztea eta handitzea da, baita arintasuna, mugimendua edo indarra areagotzea ere. Kirolak, bestalde, gogoaren ezaugarri jakin batzuk indartzen ditu, ausardia, iraupena etadiziplina, adibidez. Bestalde, kirol ekintza antolatu guztien helburua markak haustea edo aurkakoari nagusitzea da. Horregatik, aldi jakinetan, lehiaketak edo txapelketak antzolatzen dira mundu osoan. Bi kirolari mota nagusi bereizten dira. Batetik, zaletua, edo kirola gustuz egiten duena, eta bestetik, profesionala, dirua irabazteko helburuarekin aritzen dena. Baina batzuetan, zaila da bien arteko bereizketa garbia egitea.  v  Hist. Kirol guztietan ekintza fisikoa da nagusi. Kirola ehizaren oinarrizko elementuetatik eratorri zela uste da, eta geroago zibilizazioaren aurrerabidearekin gizarte harreman, indarraren erakusketa eta jolas ekintza bihurtu zen. Antzinako egiptoarrek eta txinatarrek, adibidez, kirola egiten zuten, baina aurrerabiderik handiena Grezian gertatu zen. Greziako jokorik ospetsuenak Olinpiar Jokoak izan ziren, lau urtez behin egiten zirenak. Kirol modernoa XIX. mendean sortu zen Europan. Hiri handien sorrerak ekintza fisikoak egiteko gogoa piztu zuen, eta biztanleria egonkor bihurtzeak taldeak sortzea eta lehiaketak antolatzea bultzatu zuen, betiere araudi bati eta tokiko edo herriko erakundeei lotuta (federazioak, batzordeak). Izadiarekin harremanetan egoteko asmoarekin, baita bizikletaren, automobilaren eta gisako asmakuntzen ondorioz ere kirol berriak sortu ziren (eskia, mendizaletasuna…). Komunikabideen aurrerapenak hedatu zirenean, burdinbide, errepide edo hegazkinari esker, kirol elkarteak sorrarazi zituen herrialdeetan eta nazioartean. Olinpiar Jokoak berriz ere 1896. urtean antolatu ziren, Pierre de Coubertin frantses baroiari esker, eta nazioarteko lehiaketei bultzada handia eman zitzaien honela.