Hezkuntza Saila

Kirin

Txinako ipar-ekialdeko probintzia, Mantxurian. 187.000 km2. 22.580.000 biztanle (1983). Hiriburua: Txangtxun. Mugak: iparraldean Txinako Heilungkiang probintzia, ipar-ekialdean, Errusiako Siberiako Primorsky Kray probintzia, hegoekialdean Ipar Korea, eta hegoaldean Txinako Liaoning probintzia eta Barne Mongolia. Hiru lurralde bereizten dira: ekialdean Txangpai mendiak, erdian Mantxuriako ordokia, eta mendebalean goi-ordokia. Oso klima hotz gogorra da; neguan bost hilabetez ibaiak izoztuta egoten dira. Biztanle gehienak han txinatarrak dira (% 90); % 6 korearrak eta % 3 mantxuak. Biztanleriak hazkunde handia izan du, Txinako beste lurraldeetako etorkinez batez ere. Nekazaritzako produkzio nagusiak garia, basartoa, arroza, artoa, kaoliang-a eta tabakoa dira. Abere hazkuntzak eta basogintzak ere garrantzi handia dute. Oso industria garatua dago, Txangtxun eta Kirin hirien inguruan batez ere: autoak, autoentzako gaiak, elektrizitate gaiak, makineria, papera, kimika gaiak.