Hezkuntza Saila

Kirgizistan

(Izen ofiziala, Kirgiztar errepublika; Kirgizeraz, Kyrgyz Respublikasy). Asiako erdialdeko errepublika, Sobiet Batasun ohiko kidea eta 1991. urteaz geroztik Estatu Burujabeen Elkarteko kidea. 198.500 km2 eta 5.356.869 biztanle (2008, kirgizistandarrak). Mugak: iparraldean Kazakhstan; mendebaldean Uzbekistan; hegoaldean Tadjikistan, eta ekialdean Txina. Hiriburua: Bishkek (914.932 biztanle, 2008). Hiri nagusiak: Osh, Dzhalal-Abad, Tokmak. Etnia nagusiak: kirgizak (% 52,4), errusiarrak (% 21,5), uzbekak (% 13,2). Hizkuntza ofizialak: kirgizera eta errusiera. Erlijioak: musulmanak (xiitak % 30, sunniak % 79). Dirua: som-a. ■ Biztanleak. Kirgizistan da Sobiet Batasun ohiko errepubliken artean urbanizazio maila apalenekoa. Biztanle gehienak hego-mendebaldean eta Txu ibaiaren arroan bizi dira. Bizi itxaropena 49 urtekoa zen 1990eko hamarraldiaren hasieran, baina azken urteotan 68 ingururaino igo da. Etnia nagusiak kirgizak eta errusiarrak dira, baina uzbekek ere badute garrantzia. 1990ean arazo larriak sortu ziren kirgizen eta uzbeken artean, eta gaur egun ere tirabirak dituzte bien artean. Arazo nagusietako bat lurren pribatizazioak sortu du. ■ Ekonomia. Kirgizistan herrialde txikia da, eta oso menditsua (lurraldearen erdia baino gehiago dago 2.500 m-ko altueratik gorago). Jarduera nagusietako bat abeltzaintza da; nekazaritza haranetan bakarrik egin daiteke (fruta eta laboreak), baina hala ere garrantzi handiko jarduera da Kirgizistanen. Okela, artilea eta kotoia dira esportaziorako gai nagusiak. Nekazaritza-abeltzaintzak hartzen dute barne produktu gordinaren % 43, eta jarduera horietan dihardute langileen % 41-k. Lurpeko aberastasun ugari ditu eta meatzaritzan oinarritua da industria; urrea, merkurioa eta uranioa ditu Kirgizistanek. Sobiet Batasuneko kide izan zen garaian indar handia hartu zuen industriak, eta % 14rainoko hazkundea izan du azken urteotan; barne produktu gordinaren % 38 inguru eta langileen % 28 inguru hartzen ditu. ■ Sobiet Batasun ohiko herrialdeen artean, Kirgizistan da merkatu ekonomiara egokitzeko neurri aurreratuenak dituena. Ekonomia egonkortzeko neurriak hartu ziren lehenik, eta inflazioa 1994ko % 88tik % 15 ingurura jaitsi zen 1997rako. Estatuak bere esku zituen enpresa asko saldu ditu. Ekoizpenean beherakada nabarmena izan zen 1991n, baina 1995 ingururako berrindartzen hasi zen. 1996-1997. urteetako bilakaeran atzerriko inbertsioak izan ziren eragile aipagarrienak. Dena dela, gobernuak kanpo zorrari eta diru sarrera urriei aurre egiteko neurri gogorrak hartu behar izan ditu. ■ Gobernua eta administrazioa. 1993an idatzia da Kirgizistanen gaur egun indarrean den konstituzioa. Lehendakaria da estatuburua, eta Lehen Ministroaren ardurapean dago gobernua. Aginpide legegileari dagokionez, Batzar Legegileak eta Herri Batzarrak dituzte eskumenak. Karguak bost urtez behin aukeratzen dira. Lurralde antolaketari dagokionez, 6 barruti eta hiri bat bereizten dira. ■ Historia. Kirgizen lehenengo berriak K.a. II mendeko txinatar kroniketan agertzen dira. Herri nomada zen eta leinuetan banatuta zegoen, baina XVI. mende inguruan mendebalderantz emigratu zuten, eta etnia desberdin askoren arteko liskar iturri zen lurralde batean kokatu ziren. XVII. mendearen amaieran mongoliarrek konkistatu zuten lurralde hura, eta XIX. mendean Asiako erdialdeko Kokland estatuaren (gaur egun Uzbekistanen) agintepean gelditu ziren leinu haiek. 1876an Errusiako inperioaren babespeko herri bihurtu zen, eta azkenik errusiarrek eta ukrainarrek inbaditu zuten. 1916an kirgizak errusiarren kontra altxatu ziren; zapalkuntza handia bideratu zuen tsarrak haien kontra, eta Txinara ihes egin behar zuten kirgiz askok eta askok. Boltxebikeei aurre egin zieten, halaber, baina 1921ean Turkestango Errepublika Sozialista Sobietar Autonomoan sartu zuten, gaur Tadjikistan, Kazakhstan, Turkmenistan eta Uzbekistan errepublikak osatzen dituzten beste zenbait lurralderekin batera. ■ Kirgizistan errepublika autonomo bihurtu zen 1926an, eta 1936an Sobiet Batasunaren baitako errepublika. Sobiet Batasuna gainbehera etorri zenean, etnien arteko indarkeria piztu zen 1990ean. Gerra sortu zen uzbeken eta kirgizen artean, lurren banaketa zela-eta. Ehunka petsona hil zituzten borroka haietan, eta agintari sobietarrek Uzbekistan eta Kirgizistan arteko mugak itxi behar izan zituzten azkenean, bi errepubliken artean erabateko gerra saihestearren. 1991n independentzia aldarrikatu zuen Kirgizistanek, izenaren idazkera aldatu zuen, eta erreformak jarri ziren abian gobernuan eta ekonomian; Askar Akaiev aukeratu zuten lehendakari (bera zen hautagai bakarra), eta berriro hautatu zuten 1995ean. 1996an konstituzioan aldaketa batzuk egiteko erreferenduma egin zuen, besteak beste, bere aginpidea zabaltzeko helburuaz, eta onartu egin ziren, baina oposizioaren kontrako neurri gogorrak hartu zituen lehendakariak. 1998an, bere gobernuaren ahultasunaz jabeturik, Akaievek behin-behineko gobernu bat antolatu zuen, eta 1999ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Amangueldy Mouralievek hartu zuen gobernu berriaren gaineko ardura. Akaieven agintaldian egoera egonkor samarra izan zen Kirgizistanen, eta demokrazia eta liberalismoa ezartzeko ahaleginak egin ziren, baina ezin uka daiteke egoera ekonomikoa oso larria eta zaila zela; bizi maila oso apala zen eta horrek eragozpenak sortu zituen erreforma ekonomikoak ezartzeko, nahiz eta estatuaren enpresak pribatizatzeko neurri zorrotzak hartu ziren eta atzerriko inbertsioak erakartzeko saioak egin ziren, dirua egonkortu egin zen eta ekonomia hazten ari zen. Ekonomia egoera zailaz gainera, aipatzekoak dira etnien arteko liskarren arazoak eta demokrazia eta askatasun politikoak sendotzeko zailtasunak. 1997az gero drogak ekoizteko laborategiak agertzen ari ziren. 2000. urtean egin ziren legebiltzarrerako eta lehendakaritzarako hauteskundeak ez zituzten hauteskunde garbi eta asketzat hartu nazioarteko begiraleek. 2002ko martxoan, oposizioko politikari baten atxiloketagatik protestan ari ziren sei lagun hil zituen poliziak, eta horrek protesta handiak eragin zituen herrialde osoan. Akaiev lehendakariak konstituzioa erreformatu zuen 2003an, baina oposizioak ez zuen aintzat hartu erreforma hori. 2005eko hauteskundeak ere ez ziren begiraleen ustez askeak izan; manifestazio eta protesta handiak izan ziren kaleetan lehendakariaren dimisioa eskatuz; manifestariek lehendakariaren egoitza hartu eta Akaiev lehendakariak herrialdetik kanpo ihes egin behar izan zuen. Oposizioko alderdiek elkar harturik Kurmanbek Bakiev izendatu zuten lehendakari eta Lehen Ministro. Urte hartan bertan, Bakievek hauteskundeak irabazi zituen. 2006an, oposizioko taldeek kargu hartu zioten lehendakari berriari konstituzioari egin beharreko aldaketak abian jartzen ez zituelako. Gorabehera askoren ondoren, konstituzio berria 2007ko urrian onartu zen, baina salaketa larriak egin zituen oposizioak erreferendum horren garbitasuna zela eta. 2007ko abenduko hauteskundeen ondoren, Igor Chudinov izendatu zuten Lehen Ministro.
http://kyr.gov.kg/