Euskal Autonomia Erkidegoko 2004-2005 Baso Inbentarioaren landa-lanak eta kabinete-kalkuluek zuhaizti ezberdinen izakin eta hazkunde zurgaiak balioesteko beharrezko datuak ematen dituzte espezieen, diametro-moten eta esparru administratiboen (Lurralde Historikoak eta EAE) arabera.
Kopuru horiekin, EAE da zutikako egur-kopuru erlatibo handiena duen erkidego autonomoa, hau da, zuhaitzez estalitako hektareako batez besteko izakin handienak dituena, Nafarroaren gainetik (118 m3/ha). Araba da izakin absolutu eta erlatibo txikienak dituen Lurraldea, eta baita hostozabalak nagusi diren bakarra ere.
Izakinak (m3)
Araba
Gipuzkoa
Bizkaia
EAE
Koniferoak
5.644.380
13.803.288
14.997.221
34.444.889
Hostozabalak
9.788.965
6.685.903
3.896.749
20.371.617
ESPEZIEAK GUZTIRA
15.433.345
20.489.191
18.893.970
54.816.506
Batez besteko izakinak (m3/ha)
109
157
152
138
Izakin gehien dituen espeziea radiata pinua da, 26.328.723 m3 (EAEko guztizkoaren %48); kopuru horretatik %50 Bizkaian dago. Jarraian pagoa dator, 8.278.223 m3 (EAEko guztizkoaren %15); kopuru horretatik %60 Araban dago. Ondoren haritz kanduduna, 2.803.015 m3 (EAEko guztizkoaren %8); kopuru horretatik %40 Gipuzkoan dago. Aipatu hiru espezie horiez gain, 2 milioi m3 baino gehiago hartzen dituen bakarra pinu gorria da, 2.443.636 m3, ia denak Araban.
Orain arte egindako lau Baso Inbentarioetan, lehen aldiz EAEko mendien izakin zurgaiak 50 milioi m3 baino gehiago dira, eta lehen aldiz, halaber, radiata pinuaren portzentajea guztizko izakinen %50 baino txikiagoa da.
Bolumen bateratu handieneko geruzak haga- edo tantai-basoen egoeran diren radiata pinukoak dira: 314 m3/ha Bizkaian, 270 Gipuzkoan 246 Araban. Haien ondotik, beste konifero batzuk ageri dira, horiek ere haga- edo tantai-basoen egoeran, hala nola laritza Gipuzkoan, pinu gorria, bakarrik edo larizio pinuaz (pinus nigra), Araban, larizio pinua Gipuzkoan edo hazkunde ertaineko koniferoak Bizkaian: geruza horiek guztiak 200 m3/ha inguruan dabiltza. Jarraian datozenak Araba eta Gipuzkoan haga- edo tantai-basoen egoeran diren pago-geruzak, 180 m3/ha inguruz. 9 geruza horiek, Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaitzez estalitako azaleraren herena baino gehixeago hartzen dutenak, guztizko izakinen 2/3 baino gehiago dira.
Hazkundeak
Urteko hazkundeei dagokienez, guztizko kopurua 3.831.250 m3/urte da, %46 Bizkaian eta %39 Gipuzkoan. Izakin gehien dituen espeziea radiata pinua da, 2.297.780 m3/urte (EAEko espezieen guztizko hazkundearen %60); kopuru horretatik %54 Bizkaian dago. Haien ondotik eukaliptoak datoz, 253.223 m3/urte (EAEko guztizkoaren %7), eta pagoa, 217.991 m3/urte (guztizkoaren %6).
Hain zuzen ere Bizkaiko eukalipto-geruza da hazkunde bateratu handienekoa (27,5 m3/ha/urte), eta haren atzetik haga- edo tantai-basoen egoeran diren beste batzuk, hala nola radiata pinuarenak hiru Lurraldeetan eta Douglas izeiko nahiz larizio pinuko geruzak Gipuzkoan (guztiak 17 eta 22 m3/ha/urte bitarte).
Azken hamarkadako baso-ustiapenek, urteko 1,5 eta 2 milioi m3 bitartekoak, urteko hazkundearen erdia baino ez dute hartzen. Gainera, gehienbat tantai-basoen egoeran diren radiata pinuko azaleran egindako baso-soilketak direnez, azalera-mota horretan dira akaso nabarmenen. Hala ere, espezie horren guztizko zutikako izakin zurgai bateratuak hazi egin dira 1996az geroztik; Inbentario hartan, haga- edo tantai-basoen egoeran ziren radiata pinuko geruzen batez besteko bolumenak Bizkaiko 274 eta Arabako 218 m3/ha artean zebiltzan. Espezie horren guztizko izakinek 1996 eta 2005 artean izan duten hazkundeak (21,8 milioi m3-tik 26,3 milioira) agerian uzten du soilketak soilketa pinudi horietan gero eta egur gehiago dagoela.
Hazkundearen kapitalizazioa zutikako izakin gisa edo, bestela esanda, biomasaren metaketa egur gisa, ia baso-ustiapenik gabe, are nabarmenagoa da hostozabalen masa naturaletan. Horren haritik, esanguratsuak dira haga- edo tantai-basoen egoeran diren pago-geruzen batez besteko kopuruak Araban eta Gipuzkoan: gaur egun 180 m3/ha inguruko batez besteko izakinak dituzte; kopuru hori geruza horien 1996ko batez besteko izakinak (135 m3/ha inguru) eta geruza horien urteko batez besteko hazkundeak (5 m3/ha/urte inguru) batzearen emaitza da. Esan liteke, datu horiek oinarri harturik, pagadietan egurraren erauzketa, baso-ustiapen gisa, ia hutsa dela.
Izakinen alderaketa
2005eko Baso Inbentarioaren ezaugarri garrantzitsu batzuk nabarmen litezke 1996ko aurrekoarekin alderatuz, izakin zurgaien kopuruei dagokienez:
Mendian izakinak dezente hazi dira, Basonet sareko datuek jada aditzera eman zuten moduan. 9 urtetan bakarrik, izakin zurgaiak 41,6 milioi m3-tik 54,8 milioira hazi dira.
Haien azalerak behera egin duen bezala, koniferoen izakinen garrantzi erlatiboak ere behera egin du EAEko izakin zurgaien guztizkoan: %67tik %63ra jaitsi da.
Koniferoen izakinak %24 hazi dira, eta hostozabalenenak %47.
Azaleran behera egin duen arren, radiata pinua da oraindik ere izakin handienak dituena (26,3 milioi m3), eta haren garrantzi erlatiboa EAEko izakin zurgaien guztizkoan %40tik %48ra pasa da. Horren esplikazio gisa, basogintzako jarduerak azken mozketan jasandako beherakada eta pinudi gazteko azalera handi bat inbentarioan sartu izana aipatu behar dira.
Pagoak, azalera mantendu badu ere, zutikako bolumena nabarmen areagotu du, 6 milioi m3-tik 8,3 milioira pasa baita.