Oraingo BASOTEK proiektuak
Gaur egun BASOTEK proiektu hauek ari da garatzen:
Lan ildoa: Eraikuntzan egurra erabiltzea
· Zuzkidurako egurrezko etxebizitzak
Proiektu honen helburua da alokairu publikoko etxebizitzak eraikitzeko kostuak optimizatzea, sistematizatuz, aurrefabrikatuz eta errepikatuz. Ikerketa eta esperimentazio lan bat da, eraikuntzako prozesu jasangarriak hobetzeko. 2019an zuzkidurako etxebizitzen eraikuntza proiektu estandar bat definitzeko lan egingo da, egurrez egina eta errepikagarria. 2020an lehen prototipoa eraiki eta baliozkotuko da EKKLren instalazioetan. Proiektuaren liderra Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzako Proiektuen Zerbitzua da, eta lehena eta geroa markatu nahi ditu Euskadiko etxebizitzen eraikuntzan. Proiektuaren koordinatzailea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza da, eta parte hartzen dute baita ere Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategiak (EKKL), Alokabide alokairuko enpresa publikoak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta BaskEgur egurra sustatzeko elkarteak.
· Erabakiak hartzeko tresna planta berriko egurrezko obraren proiektuan eta exekuzioan
Egurreko eraikuntzak praxi berri bat behar du proiektuaren zein exekuzioaren prozesuetan, eraikuntza konbentzionalean erabiltzen denaz oso bestelakoa. Egur hutsezko eraikuntza bultzatzeko helburuarekin, proposamen honetan hiru ardatz daude: prozesuak egiazki teknifikatzea, aurrez garatutako tresna informatikoak kasu erreal batean egiaztatzea, eta egurrezko eraikuntzaren benetako kostuen kalkulu konparatua, eraikuntza konbentzionalarekin alderatuta. Proiektua bi fasetan planteatzen da: lehenengoan prestazio handiko aplikazio informatikoak garatuko dira, eta bigarrenean lehen faseko planteamenduaren aplikagarritasuna eta ergonomia egiaztatuko dira. Lerroaren koordinatzailea Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura GETko ESMAARQ Ikerketa Taldea da (Arkitekturako Egurrezko Egiturak). Eta bazkideak dira Tecnalia, BaskEgur, Idom, ESMAARQ, AVANZARQ (Arkitekturako Aplikazio Aurreratuak, spin off).
Lan ildoa: Material berriak egurretik edo bere azpiproduktuetatik abiatuta
· Isolatzaile naturalak: aparra zerrautsetik abiatuta
Proiektuak zerrautsa erabili nahi du poliol bat lortzeko, hau da, beste produktu batzuen artean, eraikuntzako isolatzaile bat fabrikatzeko elementua. Poliol horrek industria petrokimikoak ekoizten dituen isolatzaileen antzeko ezaugarriak izango ditu. Proiektuaren bitartez, eraikuntzarako apar isolatzaile naturalagoak ekoiztearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatu nahi da, egur zerratuaren azpiproduktu bat erabiliz. Proiektuaren partaideak dira BASKEGUR (koordinatzailea), EHU/UPV, Ebaki, Isovas eta MasD (Hondakinak Balorizatzeko Ingeniaritza).
· Gutxiago kutsatzen duen pintura jasangarriagoa egur hondakinetatik abiatuta
Proiektuaren helburua da pintura jasangarriagoak eta toxikotasun gutxiagokoak lortzea, aldi berean, basoko hondakinak errebalorizatuz, egurraren balio kate osoa aprobetxatzeko, bioekonomia zirkularrera hurbilduz. Pintura horiek lortzeko behar diren produktuak inausketaren hondakinetatik ateratzen dira –zerrautsa, azalak eta abar–, izan ere, gaur egun balio gutxiko azpiproduktuak dira, zeinak batez ere energia sortzeko erabiltzen diren, konbustioaren bitartez. Produktu berri horiek gaur egun pinturak fabrikatzeko erabiltzen diren petrolioaren eratorriak ordeztuko dituzte, ingurumen inpaktua murriztuz. Proiektuaren koordinatzailea Tecnalia da, eta lehen fasean EHU/UPVk ere parte hartzen du.
· Egurra bezalako biomaterialetan oinarritutako eraikuntzako irtenbide lehiakorrak
BIOTOP proiektuak BIO etiketa duen eraikuntza sistema bat garatzea planteatzen du, prestazio handietakoa, bertako egurraren erabilera masiboan oinarrituta, ekoizpen industrializatu altua lortzeko. Eraikuntza sistemaren osagaiek ekoefizientzia maila handia lortu beharko dute (inpaktua murriztea, berriztagarriak, birziklatuak, birziklagarriak eta BIO moduan etiketatzeko modukoak). Material isolatzaile biobasatuarekin egituratutako egurrezko panelak erabiliko ditu, eta material toxikorik gabe tratatutako osagaiz estaltzeko aukera eskainiko du. Fabrikazioa industrializatua eta aurreratua izango da, prozesu integratu baten bitartez, ekonomia zirkularraren beharretara egokituta. Proiektuaren koordinatzailea EHU/UPVko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Bizi Kalitateko Ikerketa Taldea da, eta bertan parte hartzen du baita ere EHU/UPVko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumenekoaren Departamentuak.
Lan ildoa: Baso-egurraren baliabidea segurtatzea
· Landareen kalitatea eta onddoekiko erresistentzia hobetzea, konpost eta biochar bidezko nutrizioaren bitartez
Basoko landaketa baten arrakastan pisu itzela dauka landareen mintegiko produkzioaren faseak. Hasierako etapa horretan mintegian egindako kudeaketak landarearen kalitatea baldintzatzen du, eta, behin bere lekura aldatuta, arbolaren beraren etorkizunaren kalitatea. Mintegietan ongarri nitrogenatuen ohiko erabilerak eragin dezake landareak kalteberagoak izatea izurrite eta gaixotasunekiko, eta, horregatik, funtsezkoa da produktu alternatiboak aurkitzea.
Proiektu honekin lehengaiak aurkitu nahi dira, ekonomia zirkularraren kontzeptuaren baitan (konposta, biochar, eta abar), landareak mintegian hazteko substratu alternatiboa izan daitezen. Gainera, produktu alternatibo horiek erabiltzeak, konpostatzean sortzen diren mikroorganismoen laguntzarekin, aktibatu egiten du landareen defentsa sistema, eta landaketaren ondoren landare sendoagoak, erresistenteagoak eta portaera hobeagokoak lortzen dira. Proiektuaren koordinatzailea NEIKER da, eta EHU/UPVko Landare Biologia eta Ekologiako Departamentuak ere parte hartzen du.
Lan ildoa: Sektorearen lehiakortasuna hobetzea
· BASOA 4.0: baso-egurraren balio katearen digitalizazioa
Baso eta egurraren digitalizazioa da sektorearen erronka estrategiko nagusietako bat, izan ere, eraldaketaren elementu nagusiek azpisektoreen digitalizazioarekin eta bioekonomiaren garapenarekin dute zerikusia. Proiektuaren xedea ez da soilik teknologia digitalak barneratzea, baizik eta paradigma aldatzea, oso eskuzkoa eta analogikoa den sistema batetik, zeinak esperientzian oinarritutako kudeaketako preskripzioak dituen, datuak atzitzeko eta planifikazio digitaleko sistema batera, erabakiak hartzeko sistema berriekin.
Koordinatzailea BasKegur da eta partaideak VICOMTECH, HAZI eta TECNALIA.
Azken aldaketako data: