Argitalpen-data: 2017/01/31
Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzeko "Arima bizia berreskuratu" kanpaina aurkeztu dute ENEEKek eta Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritza eta ENEEKen elkarlanari esker 2014tik Euskadik Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko Plan Estrategiakoa dauka.
Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak, eta Roman Bengoa, ENEEKeko (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) presidenteak, Arima Bizia Berreskuratu kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan. Kanpainaren helburua gertuko produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea da eta otsailaren 23ra arte mantenduko da. Ekintza berri hau Euskadiko Nekaritza Ekologikoa Sustatzeko Plan Estrategiakoaren parte da.
Arima Bizia Berreskuratu kanpianarekin Eusko Jaurlaritzak eta ENEEKek bertako produktu naturalez osatutako elikadura osasuntsua aldarrikatu nahi dute. Hain zuzen ere, kontserbagarri eta kimikorik gabeko elikagaien sustapena “Arima Bizia” kanpainarekin hasi zen 2016ko urrian Gasteizen, Bilbon eta Donostian garatu ziren merkatu ibiltarietan. “EKO produktuen kontsumoa pertsonen osasunari on egiteaz gain, gizarte eta ingurumeneko kalitatea hobetzen du -aniztasun biologikoa, animalien ongizatea, eta euskal nekazaritza eta paisaiaren ondarea bermatuz" adierazi du ENEEKeko presidenteak.
Bittor Oroz Sailburuordearen hitzetan “Eusko Jaurlaritzak konpromiso estrategikoa dauka nekazaritza ekologikoaren garapenarekin, produktuen transformazioarekin eta merkaturatzearekin. Etorkizuneko nekazaritza ekologikoaren garapena bermatzeko herrialde bezala hiru ardatz nagusi landu behar dira: ekonomikoa, jasangarria eta soziala.”
“Kontsumitzaileek -adierazi du Orozek- bertakoak eta osasuntsuak diren produktuak eskatzen ari dira, hain zuzen ere produktu ekologikoen ezaugarriak; eta beraz merkatuan azaldu den aukera hori aprobetxatu behar da”.
Nekazaritza Ekologikoaren Sustapen Plana
Euskadiko azalera ekologikoa %1 baina zerbait handiago da. Oraindik ere maila apala izanik, azkeneko urteetan hazkunde tasa EBko eta Estatuko batezbestekoa baino handiagoa izan da bai azalaren baita agenteen zenbatekoan.
2009an 244 agente zeuden eta gaur egun aldiz 518 daude. Agente horien artean nekazariak, abeltzainak, transformatzaileak eta saltzaileak daude.
Kontsumitzaileen alorrean, Euskadin 3.000 familiek egunero produktu ekologikoak kontsumitzen dituzte.
Egoera hau hobetzeko helburuarekin. 2004tik Euskadik Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko Plan Estrategikoa dauka. Eusko Jaurlaritzaren eta ENEEK elkarlanaren ondorioa da eta 2014-2020 Landa Garapenaren Programaren ardatzetako bat da. Helburuen artean 800 agentera iristea (produktore eta saltzaileen artean) eta produktu ekologikoen kontsumoa bikoiztea daude.
Helburuak lortzeko, laguntza ekonomiko desberdinak sortu dira alor desberdinetan: aholkularitza teknikoa, merkataritza jarduerak, nekazari eta abeltzain gazteak sustatzea, kalitate desberdindua sustatzea, ekoizpen ekologikorako laguntza teknikoa, etab. I+G+b alorrera ere inbertsioak zuzendu dira, Neiker-Tecnalia eta Azti-Tecnaliako ikerketa-lerro esperimentaletara hain zuzen ere.
Kanpainako jarduerak
“Arima bizia berreskuratu” kanpainaren helburua bikoitza da: alde batetik, bertako eta garaiko produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea da eguneroko elikadura osasuntsuagoa izan dadin. Eta bestetik, produktu ekologikoak saldu nahi dituzten saltokien presentzia ENEEKen areagotzea.
Produktu ekologikoen kontsumitzaileentzat martxan jarri diren ekintzen artean %100 digitala den kanpaina aurkitzen da. ENEEKeko webgunean eta sare sozialetan (facebook.com/ENEEKeko) egunero produktu ekologikoz osatutako saski bat zozketatuko da datozen hogei egunetan.
Urtarrilaren 31etik otsailaren 19ra arte egunero izango diren zozketan parte hartzeko kontsumitzaileek www.arimabizia.eus atariko formularioa bete beharko dute. Garaiko barazkiak, kontserbak, zukuak, etab. jasoko dituzte saski bakoitzean irabazleek. Egunero, goizeko 10etan, ENEEKeko Facebookeko orrialdean eta kanpainako webgunean iragarriko dute zein den irabazlea, eta saskia kanpainako edozein saltokitan jasotzeko aukera izango dute.
Asteburu EKO baten zozketa ere aurreikusita dago. Lurdeian (Bizkaia) bi pertsonentzako ostatua, jarduera gastronomikoak, bisitak, etab. gozatzeko aukera izango dute arima bizia berreskuratzeko. Zozketan parte hartzeko, kanpainako saltoki batean produktu ekologiko baten erosketa egin beharko da. Erosketarekin batera, zozketan parte hartzeko papera emango diote kontsumitzaileari. Asteburu EKOaren zozketaren inguruko informazio guztia Arima Biziaren webgunean www.arimabizia.eus aurkitu daiteke.