Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 2koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako 2013ko deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 84
  • Hurrenkera-zk.: 2113
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/05/02
  • Argitaratze-data: 2013/05/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan bilduta dauden aurreikuspenak bete eta garatuko dira 2013an. Orokorrean hartuta, agindu honetan ez dira errepikatuko adierazitako Dekretuko edukiak, baina diru-laguntzen deialdi horretara aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu beharko dituzte eduki horiek.

Dekretu horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen babesean, esku-hartze sozialaren jarduerak pertsona, familia eta talde guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babesteko eta sustatzeko jarduerak dira.

Aipatutako dekretuaren arabera, halaber, sustatze-lan horretan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bere berariazko erantzukizuneko ikuspegiak eta zeharkako politikak hartu behar ditu kontuan batez ere, hala nola gizarteratzearekin, familiarekin, haurrekin eta nerabeekin, immigrazioarekin, dibertsitate eta askatasun afektibo eta sexualarekin lotuta daudenak, baita desgaitasunarekin eta mendekotasunarekin, adinekoekin eta, bereziki, genero-berdintasunarekin lotuta daudenak ere.

Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzari laguntzen dio irabazi-asmorik gabeko erakundeek gauzatzen dituzten esku-hartze sozialeko jarduerak sustatzen, bereziki lurraldez gaindiko eremukoak direnak, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoan gauzatzen direnak.

Dekretu horretan aurreikusten diren diru-laguntza lineen artean honako hauek garatzen dira agindu honetan:

  1. Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.

  2. Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

    Era berean, laguntza-programa honek eskatzen duen izapidetze oro erakunde interesdunek modu telematikoz egiteko aukera mantendu eta aurreratu nahi da; horretarako, izapideak modu horretan egin ahal izateko prozedura bat jarriko da, betiere Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.

    Horren guztiaren arabera, honako hau

  1. Agindu honen xedea esku-hartze sozialeko eremuan gauzatzen diren jarduerak gauzatzeko diru-laguntzetarako 2013ko deialdia egitea da. Jarduera horiek pertsonen, familien eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestera eta sustatzera bideratuta daude, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira:

    1. gizarte-zerbitzuak.

    2. gizarteratzea.

    3. familien laguntza, sustapena eta babesa.

    4. haurrak eta nerabeak zaintzea eta babestea.

    5. etorkinen gizarteratzea eta, orokorrean, kulturartekotasuna, salbu eta gai juridikoetan babesari dagokionez.

    6. adinekoak zaintzea eta babestea.

    7. mendekotasun-egoeran, eta, orokorrean, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea eta babestea.

    8. askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, laguntza jasotzen duten jarduerek egokitu beharko dute esku-hartze sozialaren esparruarekin zerikusia duten arauetan eta plangintza estrategikoan jasotako printzipio eta jarraibideetara, batez ere honako hauetan jasotzen direnetara:

    1. 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

    2. 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa.

    3. 13/2008 legea, abenduaren 12koa, Familiei laguntzekoa.

    4. 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babestekoa.

    5. 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntariotzari buruzkoa.

    6. Ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako II. Euskal Plana.

    7. Immigrazioaren, Herritartasun eta Kultura Arteko Bizikidetasunaren Plana (2011-2013).

    8. Familiei laguntzeko erakunde arteko III. Plana.

    9. Gizarteratze aktiboko III. Euskal Plana (2012-2016).

  3. Deialdi honen bidez ez dira diruz lagunduko emakumeen aurkako indarkeriaren eremuan informazio, prestakuntza, sentsibilizazio eta prebentziorako garatutako jarduerak, hauei zuzendutako berariazko laguntzak egoteagatik. Diruz lagundu ahal izango dira emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei zuzendutako esku-hartze soziala xede nagusitzat duten jarduerak.

  4. Jarduerak gauzatzeko epea 2013ko ekitaldia da.

  1. Erakunde interesdunek aukera izango dute prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko, bitarteko telematikoak erabiliz.

  2. Izapidetze elektronikoa honako hauen bitartez arautzen da: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa; eta, 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa PLATEA onartzen duena.

  3. Eskaerak, deklarazio presentzialak, eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoan izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak honako egoitza elektroniko honetan daude: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu; Laguntzak eta Diru-laguntzak/Esku-hartze soziala atalean.

  4. Eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen prozeduraren hurrengo izapideetan erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke.

    Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

  1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

  2. Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkez daitezke, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

    Era berean, eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira honako egoitza elektroniko honetan: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu; Laguntzak eta Diru-laguntzak/Esku-hartze soziala atalean.

  3. Eskaerak eskabide normalizatu bidez egingo dira. Eskabide hori agindu honi erantsi zaio eta honako egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu; Laguntzak eta Diru-laguntzak/Esku-hartze soziala atalean.

  4. Eskaerak, 4. artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera, dagokion diru-laguntzaren lineari dagokion Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Zuzendaritza kudeatzailera igorri beharko dira.

  5. Erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  6. Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzako ordainketak eta zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.

  7. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, eskaeran bildutako erantzukizun-deklarazio baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

    1. Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla, eta, hala badagokio, lortu direla jakinaraztea.

    2. Itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren baten eraginpean ez dagoela edo prozedura hori amaitu duela.

    3. Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela administrazio- edo zigor-arloan zigortuta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin edo horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren eraginpean ez dagoela.

      Era berean, erakunde eskatzaileak adierazten du egia direla eskaeran bildutako datuak, eta laguntza hori eskatzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Diru-laguntzarako eskaera-orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  1. Jardueraren formulazio-memoria, agindu honen I-A eranskin gisa (Jardueraren formulazioa) eta I-B eranskin gisa (Jardueraren datu ekonomikoak) erantsi diren eskabide normalizatuen bitartez, behar bezala beteak eremu guztietan. Orri horiek Gizarte Politiken eremuan eskumena duen egoitza elektronikoan daude eskuragarri euskadi.net webgunean (www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu, Laguntzak eta Diru-laguntzak/Esku-hartze sozialak atalean). Eranskin horiek euskarri informatikoan erantsi beharko dira (ahal bada CDan).

  2. Erakundearen gastuen eta diru-sarreren balantzea 2012an.

  3. Lege-ordezkaritzaren egiaztapena, eskaera presentziala edo telematikoa sinatzen duen pertsona erakundearen estatutuen arabera ordezkaritza hori ez duen pertsona bat denean bakarrik eta esklusiboki. Egiaztapen hori erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak egin ahal izango du, euskadi.net webgunean Gizarte Politiken eremuan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz (www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu, Laguntzak eta Diru-laguntzak/Esku-hartze sozialak atalean).

  4. Erakundeak erregistratua ez badago edo Ogasuna eta Finantzetako Sailaren hirugarrenen Erregistroan bildutako bankuko datuak aldatu nahi baditu: eskabidea http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html helbidean ezarritako ereduari jarraikiz.

Eskaera kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak beharrezko irizten dion informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera balioestearren.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren garapenean deitutako laguntzen esparruan, berariazko koordinazio-mekanismoak antolatuko dira eskabideak oker aurkeztu diren kasuetarako, eskabidearen xedeak diru-laguntzarenarekin bat egiten ez duelako.

    Ildo horretatik, eskaera aurkeztu zaion laguntzen linearen erakunde kudeatzailearen iritziz laguntza horren xedea ez badator bat linea horrekin, baina eskaeraren xedea administrazio-erabakiaren aurreko fasean dagoen agindu honetan aurreikusitako laguntzen beste lineari egokitzen dela baderitzo, eskaera xede duen horretara gehien egokitzen den laguntzen linean sartzea erabaki ahal izango du. Eskaera hasiera batean aurkeztu zen lineako Zuzendaritza kudeatzaileak eskaera lekualdatuko du hori egokitzen den laguntzen linearen Zuzendaritza kudeatzailera.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako lekualdaketaren berri emango zaio erakunde eskatzaileari, hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat hartzen dituen alegazioak egiteko aukera izan dezan. Epe hori igaro bada, eta erakunde eskatzaileak aurka egin ez badu, linearen lekualdaketa onartutzat hartuko da.

Orokorki, ez dira diruz lagunduko janari eta edari gastuak, jai, gertakari eta edozein motatako aurkezpenetan, eta ezta edozein ospakizun edo otordu bazkide, langile edota boluntarioentzat ere.

Ordainketa zatika egingo da, % 70 ematen den unean ordainduko da eta gainerako % 30a, diru-laguntzarako onartua izan den eginiko gastuaren frogagiriak aurkeztutakoan.

  1. 50 puntu ego gehiagoko puntuazioa lortzen duten jarduerak soilik subentzionatu ahalko dira.

  2. Laguntzaren zenbatekoa 271/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan xehatutako bi distribuzio-faseen arabera zehaztu beharko balitz, ondoko formula erabiliko da fase aldakorrari dagokion zenbatekoa zehazteko:

    S = GSZ x (P-20)/100

    Izanik:

    S = Fase honetan jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa.

    GZS = Gehieneko Zenbateko Subentzionagarria.

    P = Balorazio Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

  1. Frogagiriak aurkezteko epea 2014ko otsailaren 28an amaitzen da.

  2. Agindu honetan Frogagiria Aurkezteko Orri gisa erantsi den eredura egokituko diren frogagiriak (euskadi.net-en(www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu egoitza elektronikoan eskuragarri, Laguntzak eta Dirulaguntzak/ Esku-hartze soziala atalean), dokumentazio osagarriarekin batera, dagokion diru-laguntzaren ildoari dagokion Enplegu eta Gizarte Politiketako Zuzendaritza kudeatzailera jo beharko dute.

  3. Frogagiria aurkezteko orriarekin batera agindu honen II-A eranskina (Jardueraren Memoria) eta II-B eranskina (Jardueraren memoria ekonomikoa) aurkeztu beharko dira, behar bezala beteak eremu guztietan. Orri horiek Gizarte Politiken eremuan eskumena duen egoitza elektronikoan daude eskuragarri euskadi.net webgunean (www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-home/eu, Laguntzak eta Diru-laguntzak/Esku-hartze sozialak atalean). Eranskin horiek euskarri informatikoan erantsi beharko dira (ahal bada CDan).

    1. B eranskinean justifikazio-kontu bat, hau da, gastua Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoaren parekoa egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizun-deklarazioa, eta deklarazio horretan dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion ehunekoa adierazten dira. Gastua justifikatzeko egiaztagiriek bat etorri beharko dute aurkeztutako aurrekontuaren kontzeptu guztiekin, eta aurrekontuaren guztizkoari dagokionez kontzeptu horietako bakoitzak duen ehunekoaren araberakoak izango dira.

  4. Aurrez aurreko modua aukeratuz gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztuko dira, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

    Era berean, justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.net, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

  5. Emandako laguntzaren kontura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak egikaritzeari lotuta egongo dira nahitaez. Gastu horiek justifikatzeko ondoren azalduko ditugun dokumentuak hartuko dira baliozkotzat, eta dokumentu horiek dagokion egunetik aurrera gutxienez bost urtez gorde eta eskura eduki beharko ditu erakundeak. Aipatutako dokumentuak honako hauek dira:

    1. Erakunde onuradunaren izenean emandako fakturaren bidez justifikatutakoak. Baliagarria izateko, faktura orok 2013koa beharko du izan.

      Arauarekiko salbuespenak fakturaziorik gabeko eragiketak, hartzailearen identifikazio-datuak fakturan biltzea nahitaezkoa ez izatea, jasanarazitako zerga-kuota eta aplikaturiko zerga-tasa fakturan propio ez jaso behar izatea, fakturak txartel zenbakituen taloitegiekin edo, halakorik ez bada, makina erregistratzaileek emandako txartelekin ordezkatzea, eta abar fakturazio-betebeharrak arautzen dituzten Foru Dekretuetan bildutakoak dira, edo, halakorik ezean, azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan.

    2. Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatuak, betiere finantza-erakundeek igorri eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

    3. Langileei dagozkien gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien originalen bitartez egiaztatzen direnak.

    4. Enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egindako eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaindu behar ez duten noizbehinkako lanen kasuan, gastuaren erakunde onuradun igorlearen ordezkariak sinatutako idazki bidez justifikatuko dira gastuak. Honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez idazki horrek: igorlearen eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren eta haren zenbateko osoaren deskribapena; hartzailearen «jaso izana» eta sinadura; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekiko PFEZa atxikipena.

    5. Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat har daiteke agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen xede diren eta boluntarioen laguntza duten jardueren esparruan. Finantzatu behar diren boluntarioen asegurua bi polizek osatu beharko dute, bata istripu-poliza izango da, eta bestea erantzukizun zibileko poliza; azkenekoaren kasuan, aseguratutako 300.506,05 euroko gutxieneko zenbatekoa izango du ezbeharragatiko eta aseguruaren urteko kuota bakoitzeko polizari atxikitako pertsona bakoitzeko. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, justifikazio-kontuan aseguru-entitateak edo aseguru-hartzaileak emandako ziurtagiria aipatuko da. Kontu horretan erakundeak bere boluntarioen alde kontratatu dituen aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dira gutxienez, eta aseguratutako pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa zehaztuko dira.

    6. Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko emandako maileguaren zenbatekoa eta xedea justifikatzen duen banku-dokumentua, eta baita lehen ordainketaren datara arte abonatutako interesak ere, baldin eta dirulaguntza hauek arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

  6. Diru-laguntza behar bezala aplikatu ote den egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuaren egiaztagiriak, lagin adierazgarriaren oinarriaren gainean, laguntza eman eta ondorengo bost urtetan egiaztatuko dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituen gainerako ikuskapenak, jarraipena eta kontrola alde batera utzi gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera, diru-laguntza linea horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantziazioa: esku-hartze sozialerako jarduerek pertsona, familia, talde eta komunitateekin, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatu eta babesteko jarduerek, eta batez ere esperimentazioa edo berrikuntza dakarten jarduerek.

Diru-laguntza linea horren barruko jarduerak finantzatzeko, 2013an 4.438.280 euroko zenbatekoa emango da gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

Gizarte Zerbitzutako Zuzendaritzari dagokio diru-laguntza linea horretan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.

Diru-laguntza linea horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

  1. Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna, ebaluagarritasuna eta izaera berritzailea barne: 20 puntu gehienez.

  2. Jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera esku-hartze minoritario batekoa izatea edota egoera horren garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua barne: 15 puntu gehienez.

  3. Familia- eta komunitate-ikuspegia aplikatzeko merezimendu bereziak, familia- eta komunitate-harremanen mesedetan izatea, familia- eta lan-bizitza bateragarri egitea, gurasotasun positiboa, etxeko eta komunitateko zaintza-eredu berriak eta esku-hartzeko hartzaileen parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 10 puntu gehienez.

  4. Esku-hartze sozialaren eremuaren eta beste eremu batzuen (hezkuntza- eta osasun-arloko esku-hartzea edo enpleguari buruzko esku-hartzea) arteko koordinazioa: 10 puntu gehienez.

  5. Lurraldez gaindiko jardueraren eremua edo eskala, eta horrela hartzen da kontuan lurralde historiko guztietako pertsonek jardueretan benetan parte hartzea edota erkidegoaren esparruan lankidetza-jarduerak egitea premiak, jardunbide egokiak edo proiektuaren xede den gaian egoki diren beste alderdiak identifikatzeko. Halabeharrez jardueretan lurralde historiko bateko baino gehiagoko lagunek parte hartzeak ez dio lurraldez gaindiko izaera ematen: 10 puntu gehienez.

  6. Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, baita ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntu gehienez.

  7. Jarduera Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 5 puntu gehienez.

  8. Jardueraren eta prestazioen, zerbitzuen, jardunen eta aribideko politika publikoen artean ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia esku-hartze sozialaren esparruan: 5 puntu gehienez.

  9. Jarduera egitea, hainbat erakunderen edo hainbat erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin: 5 puntu gehienez.

  10. Jardueran honako hauek sartzea: ekintza boluntarioaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa; baita erakundeak onura publikokoa edo gizarte-interesekoa izatearen deklarazioa bere esku izatea ere: 5 puntu gehienez.

  11. Merezimendu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntu gehienez.

  12. Jardueraren edo erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde pribatu batzuetatik lortzen duen ekimenaren ehunekoa: 5 puntu gehienez.

    Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

  1. Diru-laguntza linea horretan, ezin izango da 210.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

  2. Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Honako hauek hartzen dira zeharkako kostutzat: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne, baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egiteko.

  3. Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.3 artikuluaren arabera, diru-laguntza linea horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantziazioa: esku-hartze sozialaren eremuan ekintza boluntarioa areagotzera, partaidetza asoziatiboa garatzera, eta, bereziki, esku-hartze soziala gauzatzen duten erakundeak, sareak edo nagusiki autonomia-eremuko federazioak eraikitzera eta hobetzera bideratutako jarduerek.

Diru-laguntza linea horren barruko jarduerak finantzatzeko, 2013an 644.000 euroko zenbatekoa emango da gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

Familia eta Komunitate Politikako Zuzendaritzari dagokio diru-laguntza linea horretan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko zereginak egitea. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.

Diru-laguntza linea horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraikiz, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraikiz, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

  1. Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barnean hartuz: 25 puntu gehienez.

  2. Jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera esku-hartze minoritario batekoa izatea edota egoera horren garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua barne: 15 puntu gehienez.

  3. Jarduera hainbat erakunderen edo hainbat erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin gauzatzea, baita irabazi-asmorik gabeko erakundeak autonomia-eremuko erakundeen, sareen edo federazioen dinamika aktiboetan kokatzen laguntzea eta politika publikoen adierazpena, betearazpena eta ebaluazioa esku-hartze sozialaren eremuan kokatzen laguntzea ere: 10 puntu.

  4. Jardueran honako hauek sartzea: ekintza boluntarioaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa eta pertsona hartzaileek esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea; baita erakundea onura publikokoa edo gizarte-interesekoa izatearen deklarazioa bere esku izatea ere: 10 puntu.

  5. Lurraldez gaindiko jardueraren eremua edo eskala, eta horrela hartzen da kontuan lurralde historiko ezberdinetako pertsonek jardueretan benetan parte hartzea edota erkidegoaren esparruan lankidetza-jarduerak egitea premiak, jardunbide egokiak edo proiektuaren xede den gaian egoki diren beste alderdiak identifikatzeko. Halabeharrez jardueretan lurralde historiko bateko baino gehiagoko lagunek parte hartzeak ez dio lurraldez gaindiko izaera ematen: 15 puntu gehienez.

  6. Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, baita ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntu gehienez.

  7. Jarduera Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 5 puntu gehienez.

  8. Jardueraren eta prestazioen, zerbitzuen, jardunen eta aribideko politika publikoen artean ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia esku-hartze sozialaren esparruan: 5 puntu gehienez.

  9. Merezimendu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntu gehienez.

  10. Jardueraren edo erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde pribatu batzuetatik lortzen duen ekimenaren ehunekoa: 5 puntu gehienez.

    Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 12,5 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

  1. Diru-laguntza linea horretan, ezin izango da 35.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

  2. Ezin izango da emandako laguntzaren % 15 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Honako hauek hartzen dira zeharkako kostutzat: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne, baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egiteko.

  3. Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

Lehenengoa. Agindu honetan esanbidez aurreikusi ez den orori dagokionez, agindu honetan honako hauetan biltzen diren aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan biltzen direnak.

Bigarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 2a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)