Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko abuztuaren 3koa, Herrizaingoko sailburuarena, autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 172
  • Hurrenkera-zk.: 3980
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/08/03
  • Argitaratze-data: 2012/09/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Herrizaingoa; Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuaren bidez, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dira, larrialdiei aurre egiteko. Dekretu horretan zehaztu egiten da nolako jardueretan behar diren autobabes-planak eta zer baldintza bete behar den plan horiek egiteko. Baldintza horien artean, honako hau dago: dena delako jarduerak dituen arriskuen aurkako autobabesaz irizpena emateko gaitua dagoen teknikari batek idatzia eta sinatua egon behar du planak. Autobabes Planean adierazitako edukiak egiazkoak izatearen arduradun bakarrak dira hura izenpetu dutenak, eta administrazioak ez du egiaztapenik egingo homologazioa burutzeko.

Arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko jardueretan nahiz pertsonen bizia eta osotasun fisikoa babestu beharra dagoen larrialdiko eta babes zibileko egoeren hasierako jardueretan, erabakigarria da autobabes-planak baliagarri eta fidagarriak izatea. Hori dela-eta, ezinbestekoa da halako planak egiten dituztenek gaikuntza eta trebakuntza profesional egokia izatea, eta, horretarako, aproposa da gaikuntza hori egiaztatzeko beste era batzuk aurreikusi eta prestatzea.

Hori guztia kontuan hartuz, honako hau

Agindu honen xedea honako hau da: azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuarekin bat etorriz landu beharreko autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariak akreditatzeko modua finkatzea (azaroaren 2ko 277/2010 Dekretua, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituena, larrialdiei aurre egiteko).

  1. Agindu honetan aipatzen den akreditazioa honako hauek eskuratu dezakete:

    1. Unibertsitate-tituludunek, baldin eta hiru urteko esperientzia egiaztatzen badute jarduera hauetako batean: autobabes-planak egin, kudeatu, homologatu, mantendu eta gainbegiratzea, egun 277/2010 Dekretuaren 14. artikuluan jasotako homologazioaren beharra duten jarduera, zentro, eta establezimenduetan (azaroaren 2ko 277/2010 Dekretua, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituena, larrialdiei aurre egiteko).

    2. Unibertsitate-tituludunek, baldin eta horretarako gaitzen dituen prestakuntza badute, esaterako: segurtasun eta larrialdietako gradua, arriskua eta larrialdiak kudeatzeko masterra, edo gradu edo master parekideak, bai eta segurtasun-arloko edo arriskuak prebenitzeko bestelako titulazioak ere, betiere indarreko araudiaren aitortza eta aipatutakoen moduko kualifikazioa badute.

    3. Unibertsitate-tituludunek, baldin eta autobabes-planak egiteko goi mailako prestakuntza-ikastaro bat gainditzen badute. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo horrek aitortutako beste erakunde edo entitateren batek emandakoa izan behar du ikastaro horrek, betiere Eusko Jaurlaritzan babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzaren jarraibideekin bat etorriz.

  2. Era berean, autobabes-planak egiten prestakuntza edo esperientzia profesional egiaztatua dutenek ere akreditazioa eskuratu ahal izango dute, baldin eta hurrengo artikuluan aipatzen den balioespen-batzordeak dokumentazioa aztertu ondoren onespena ematen badie.

  3. Halaber, beste autonomia-erkidegoren baten administrazioak edo Estatuarenak emanda autobabes-planak egiteko akreditazioa eskuratua dutenei ere akreditazioa emango zaie, elkarrekikotasun-baldintzen arabera, betiere.

  1. Autobabes-planak egiteko teknikari gaitu gisa akreditatzeko interesa duen orok eskabidea aurkeztu beharko du, eta babes zibilaren eta larrialdien arloan eskumena duen zuzendaritzara bidali, baliabide telematikoak erabiliz. Nolanahi ere, 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein eratan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideok (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

  2. Eskabidearekin batera, eskatutako prestakuntza egiaztatzen duten tituluen kopia konpultsatuak aurkeztu behar dira, bai eta 2. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagirienak ere. Esperientzia frogatzeko, autobabes-planekin lotutako jardueren hartzaile izan diren kasuan kasuko titularrek, administrazio publikoek edo partikularrek egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, edo, hala behar izanez gero, elkargo profesionalek egindakoak.

    Eskabidean bertan, interesdunak berariaz adierazi beharko du emandako datuak eta aurkeztutako dokumentazioa egiazkoak direla. Akreditazio emateko beharrezko informazio edo dokumentazioa egiazkoa izan ezean, eskabidea baliogabea izango da ondorio guztietarako.

  3. Balioespen batzorde batek balioetsi egingo ditu aurkeztutako eskabideak. Honako hauek izango dira batzorde horretako kideak: Herrizaingo Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikariak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langileak.

  4. Aurkeztutako datuak egiaztatu ondoren gorabeheraren bat aurkituz gero, balioespen batzordeak horien berri jakinaraziko die eskatzaileei, eta hamar egun balioduneko epea emango die, eskatutako dokumentazio aurkeztu edo zuzentzeko.

    Epe hori bukatuta, dokumentazioa aurkeztu ez badute, interesdunek eskabidean atzera egin dutela ulertuko da.

  5. Behin dokumentazio guztia jasota, balioespen batzordeak aztertu, eta akreditazio-proposamen bat helaraziko dio Herrizaingo Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendariari, eta berorrek ebatziko du autobabes-planak egiteko teknikari gaituaren akreditazioa ematea ala ez.

  6. Eskabideak ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea dagokion dokumentazioa duela aurkeztu den egunetik aurrera.

    Interesdunari dokumentazioa aurkezteko edo zuzentzeko eskatu bazaio, epe hori bertan behera geratuko da, errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik hartzaileak bete beharrekoa bete arteko denboran edo, hala dagokio, horretarako emandako epea agortu arte.

  7. Ebazteko gehieneko epea bukatuta, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabideak administrazio-isiltasun bidez baietsi direla ulertuko da, alde batera utzi gabe presuntziozko egintzei buruz 30/1992 Legearen 62.f) artikuluan ezarritakoa (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

  8. Autobabes-planak egiteko teknikari gaitu gisa akreditatzen direnen datuak fitxategi batean sartuko dira. Herrizaingo Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko du fitxategi hori.

  1. Autobabes-planak egiteko akreditatutako teknikarien ezagutza eguneratze aldera, eta Herrizaingo Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak proposatuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aldiro autobabesari buruzko etengabeko prestakuntza-ikastaroak antolatuko ditu.

  2. Teknikariek gainditzen duten etengabeko prestakuntza aurreko artikuluko 8. paragrafoan aipatutako fitxategian jasoko da, interesdunak hala eskatuz gero.

Agindu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak agindua bera indarrean jartzeko eguna baino lehen betetzen dituzten pertsonek autobabes-planak egiten jarrai dezakete, haien akreditazio-eskabidea ebatzi bitartean. Eskabide hori, bestalde, agindua indarrean jarri eta, gehienez, hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dute.

Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, interesdun horiek eskabiderik aurkeztu ez badute, agindu honetan ezarritako ohiko bidetik akreditatuko dira.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 3a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.