Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko otsailaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, aurrekontuak aldatzeko espedienteen agiri eta izapideei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1166
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/02/21
  • Argitaratze-data: 2012/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ogasun

Testu legala

Aurrekontuak aldatzen dituen espedienteen agiri eta izapideei buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 4ko Aginduak tratamendu arrazoizko eta azkarra ezarri zuen, baita aurrekontuen eta finantzen alorreko legezkotasunari egokiturikoa ere, aurrekontuak aldatzeko moten inguruan, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudia aplikatu behar zitzaien erakundeentzat.

Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoak ere sartu dira 1/2011 Legegintzako Dekretuak araututako eremuan.

1998ko ekainaren 4ko Agindua ordeztuko duen agindu hau, beraz, aurrekontuak aldatzeko espedienteen agiri eta izapideei buruzko erregulazioa 1/2011 Dekretutik eratorritako araudi-aldaketetara egokitzeko egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoen aurrekontuen aldaketak ere sartzeko. Era berean, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legeari ere egokitu zaio, baita Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuari ere.

Azaldutakoa kontuan izanik, honakoa

Aurrekontuen aldaketei buruzko administrazio-espedienteekin erabiliko da agindu hau. Aldaketok, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren arabera (aurrerantzean EAATB), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontuan zein administrazioko organismo autonomoen, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen, merkataritzako organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuetan gauzatu beharko dira.

Erakunde hauen aurrekontuak aldatzeko proposamenetan honako agiri orokor hauek jasoko dira beti:

  1. Azalpen-memoria, honako alderdi hauek jasoko dituena:

    1. Aurrekontua aldatzeko beharraren justifikazioa, eragindako programetan duten eragina adieraziz. Berariaz aipatu beharko dira aldaketa horrek programa bakoitzeko helburuetan, ekintzetan eta adierazleetan sor ditzakeen aldaketak.

    2. Proposatzen den aldaketa mota, horrek eragiten dien kredituak (aurrekontu-kontzeptuetan jarrita) aditzera emanez. Behar izanez gero, bereizi egingo dira ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak.

    3. Proposatutako aldaketaren oinarri diren lege-xedapen edo akordioak. Zehaztu egin beharko da aldaketa hori EAATBn eta/edo indarrean dagoen ekitaldi ekonomikoari edo beste ekitaldi batzuei dagokien Aurrekontuen Legean oinarritzen den.

    4. Proposatutako aldaketaren arrazoizkotasuna, eragindako kredituei eta finantziazioari buruz, kuantifikatzen duen azterlan ekonomikoa.

  2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren nahitaezko txostena, eta kasu bakoitzean bidezkotzat jotzen diren txostenak.

  3. Aplikagarriak diren kontabilitate-agiriak.

Aurreko atalean adierazitako agiri orokorrez gain, honako agiri edo argibide gehigarri hauek erantsiko edo gehituko zaizkio espedienteari aurrekontuen aldaketa-mota bakoitzeko:

  1. Kredituen transferentziak (EAATBren 66.etik 74.era bitarteko artikuluak).

    Horrelako kalifikazioa duten kredituetako soberakinen adierazpena erantsiko da, organo eskudunak sinatuta.

    Transferentziaren ondorioz izandako aldaketaren emaitzatik kreditu berria ateratzen den zehaztu beharko da.

    Administrazioko organismo autonomoei edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoei transferitu beharreko zuzkidurak gutxituko dituzten kreditu-transferentzien kasuan, erakunde horietan kredituak gutxitzeari buruzko kontabilitate-agiriak edo, partzuergoen kasuan, agiri egokiak erantsi beharko dira.

  2. Aldaketak eskumenen eta/edo zerbitzuen mailan (EAATBren 75.etik 81.era bitarteko artikuluak).

    Eskuratuz gero, eskumen eta/edo zerbitzu berriari dagozkion gastuen eta diru-sarreren egoera-orriak erantsiko zaizkio espedienteari, eskumenak eta/edo zerbitzuak eskualdatu diren ekitaldi ekonomikoa amaitu arte gelditzen den epealdian.

    Halaber, Transferentzietarako Bitariko Batzordearen Akordioa ere erantsiko zaio.

  3. Kredituak gaitzea (EAATBren 82.etik 85.era bitarteko artikuluak).

    Aurreikusi gabeko diru-sarreren eraginkortasuna edo ekarpenei buruzko konpromiso irmoak eta horiek aurrekontuan duten aplikazioa egiaztatzeko agiriak gehituko zaizkio.

    Arau honetako 2. artikuluan adierazitako memorian, EAATBren 82. artikuluko 2. zenbakiaren a) letratik f) letrara arte aintzat hartutakoen artetik lortutako diru-sarrera dakarren eragiketa ere zehaztuko da.

  4. Kredituak eranstea (EAATBren 86.etik 91.era bitarteko artikuluak).

    EAATBren 86. eta 87. artikuluak aplikatuz erants daitezkeen kredituak eransteko eskabidea ere aurkeztuko da, eransteko kasu zehatza adieraziz. Kredituok zein gastutan erabiliko diren ere jasoko da eskabidean.

  5. Kredituak birjartzea (EAATBren 92. artikulua).

    EAATBren 92.2 artikuluan jasotzen den kasuan, diru-sarreren eraginkortasuna egiaztatzeko agiriak erantsiko dira.

  6. Kreditu gehigarriak (EAATBren 93.etik 96.era bitarteko artikuluak).

    1. EAEko Administrazio Orokorraren aurrekontuan.

      Arau honetako 2. artikuluan adierazitako memorian, berariaz aipatu beharko da ezinezkoa dela gastuari aurrekontuaren bidez aurre egitea EAATBn araututako aurrekontu-aldaketen arabera. Proposatutako gastuaren beharrizana edo urgentzia ere justifikatu beharko dira.

      Gastu publikorik handiena finantzatzen duten bitarteko edo baliabideak zehaztuko dira eta, halaber, horrek konpromiso-kredituak jaso behar dituen ala ez ere zehaztuko da.

    2. Administrazioko organismo autonomoen edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetan.

      Aurreko a) atalean eta EAATBren 95.3 artikuluan azaldutakoaz gain, dena delako organismoaren edo partzuergoaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian jasotako ordainketa-kreditu guztiekiko eskatutako kreditu gehigarriak dakarren ehunekoa adieraziko da, eta pilaketa bidez kalkulatu den ala ez.

  7. Proiektuak ez egitea (EAATBren 101. artikulua).

    Honako hauek zehaztuko dira: eragindako sekzioen kopurua; horren ehunekoa baimendutako kapital-eragiketetan, eta berariazko programei eragiten dien ala ez. Aurrekontuen arloan eskumena duen sailak izenpetutako memoria erantsiko zaie agiri horiei, eta bertan, ekonomia eta gizarte-egoeraren arabera proiektuak ez egiteko aholkua emango da.

    EAATBren 101.3 artikuluan jasotzen den kasuan, fondoak, eragindako kredituak hasiera batean baimendu zireneko helburu berdinetarako erabili direla justifikatzen duten agiriak bidali beharko dira.

  8. Hitzarmen-araubidea (EAATBren 102.etik 108.era bitarteko artikuluak).

    Arau honetako 2. artikuluan adierazitako memorian, hitzarmenean adierazten diren proiektu zehatzak aipatuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena diren ala ez.

    Hitzarmenaren kopia erantsiko da.

    Horretaz gain, eta bidezkoa bada, hitzarmenak izenpetzeak dakartzan konpromiso-kredituen ehunekoa ere adieraziko da.

Aurreko artikuluetan esandakoari kalterik egin gabe, ondorengo ataletan adierazten diren kredituen araubideari dagokionez, honako berezitasun hauek bete beharko dira:

  1. «Hainbat sailetako gastuak» programako kredituen atxikipena.

    Sail interesdunak bere sailari atxikitzearen beharrizana justifikatu beharko du, kasu bakoitzari dagozkion agiriak aurkeztuz horretarako. Aurrekontuaren kontzeptuan aurreikusitakoaren arabera egingo da atxikipena, nahiz eta kontabilitatea «Hainbat sailetako gastuak» sekzioan bereizita egiteko aukera ere egin daitekeen.

  2. Kreditu orokorra erabiltzeko araubidea (EAATBren 20. artikulua).

    Arau honetako 2. artikuluan deskribatutako agiriez gain, kreditu orokorreko transferentzia eskatzen duen sail, organismo edo partzuergoak justifikatu egin beharko du ezin duela bere kredituak berregokitzearen bitartez finantzatu.

  3. Berriz esleitzeko moduko kredituak (EAATBren 20. artikulua).

    Aurrekontuaren aldetiko jarraipena egitegatik berriz esleitzeko modukotzat kalifikatutako kredituak, dena delako sail, organismo edo partzuergoko organo eskudunak hala ezarri duelako, eta aukera hori babesten duten xedapenen arabera, horri buruzko berariazko adierazpena aurkeztuko du, xedapen honetako 2. artikuluan aipatutako agiri orokorrekin batera.

  4. Kreditu-zabalkuntzak (EAATBren 24.etik 26.era bitarteko artikuluak).

    Halakotzat kalifikatutako kredituak zabaltzeko eskabidean, zabalkuntza horren beharrizana aipatu beharko da. Halaber, EAATBren 24. eta 25. artikuluetan aipatutakoen arteko kasu zehatza zehaztuko da.

  5. Kreditu aldakorrak (EAATBren 27. artikulua).

    Kreditu horiek eta horien oinarri diren akordioak zehaztean parte hartzen duten moduluek izandako aldaketen egiaztagiriak erantsiko dira.

  6. Konpromiso-kredituen aldaketak (EAATBren 30., 31. eta 73. artikuluak).

    1. EAATBren 30.3 artikulua aplikatzea.

      Eragindako konpromiso-kredituak urteka aldatzea eta banatzea zehaztuko da.

    2. EAATBren 31.1 artikulua aplikatzea.

      Konpromiso-kredituak sortu edo gehitzeak eragindako urterokoak zehaztuko dira.

    3. EAATBren 31.2 artikulua aplikatzea.

      Gauzatzean egindako atzerapenak justifikatu behar dira.

    4. EAATBren 73.3 artikulua aplikatzea.

      Kreditu-transferentzietarako ezarritako baldintzak beteko dira.

  7. Behin-behineko kredituak (EAATBren 119. artikulua).

    EAATBn xedatutakoaren arabera landutako egiturari dagokion programa independentea erantsi beharko zaio espedienteari, eta dituen gorabehera guztiak zehaztu beharko dira.

    Ordainketak ezin direla atzeratu aipatu beharko da. Era berean, aipatu beharko da behin-behineko kredituek zein ehuneko duten dena delako entearen gastuen egoera-orrian baimendutako ordainketa-kredituen barruan.

Merkataritzako organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuak aldatzeko proposamenetan honako agiri orokorrak jasoko dira beti:

  1. Azalpen-memoria, honako alderdi hauek jasoko dituena:

    1. Aurrekontuak aldatzeko beharraren justifikazioa, aldaketa horrek aurrekontuaren memorian islatutako urteroko helburuetan duen eragina adieraziz.

    2. Proposatzen den aldaketa mota, horrek eragiten dien aurrekontu-kontzeptuak aditzera emanez. Behar izanez gero, bereizi egingo dira urteko zuzkidurak eta gerorako konpromisoen zuzkidurak.

    3. Proposatutako aurrekontu-aldaketaren oinarri diren lege-xedapenak. Zehaztu egin beharko da aldaketa hori EAATBn eta/edo indarrean dagoen ekitaldi ekonomikoari edo beste ekitaldi batzuei dagokien Aurrekontuen Legean oinarritzen den.

    4. Proposatutako aurrekontu-aldaketaren arrazoizkotasuna, eragindako zuzkiduneri eta finantziazioari buruz, kuantifikatzen duen azterlan ekonomikoa.

  2. Kasu bakoitzean bidezkoak diren txostenak.

  3. Kapital eta/edo ustiapen-aurrekontuko aldaketa, euskarri informatikoan.

  1. Aurreko atalean adierazitako agiri orokorrez gain, honako agiri edo argibide gehigarri hauek erantsiko edo gehituko zaizkio espedienteari aurrekontuen aldaketa-mota bakoitzeko:

    1. EAATBren 97.1 eta 97.2 artikuluetan araututako aurrekontu-aldaketei dagokienez, mugaduntzat hartutako kontzeptuen artean handitzen direnak aipatu beharko dira aurreko artikuluan aipatutako memorian.

    2. EAATBren 97.3 artikuluan araututako aurrekontu-aldaketei dagokienez, hasieran baimendutako gerorako konpromisoen artean handitu nahi den ehunekoa zehaztu beharko da aurreko artikuluan aipatutako memorian.

    3. EAATBren 98.1 artikuluan araututako berariazko kasurako, diru-sarrerak handitu izanaren egiaztagiriak eta horiek hasieran aurreikusitakoen gainean duten ehunekoa erantsiko dira.

    4. EAATBren 98.2 artikuluan araututako berariazko kasurako, dena delako entearen aurrekontu guztiak zenbatean gehituko diren zehaztuko da (ehunekoa). Honela kalkulatuko da aurrekontuaren guztizkoa: kapital-aurrekontua gehi ustiapen-aurrekontua ken ekitaldiaren emaitza.

  2. Merkataritzako organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuetan egindako aldaketek ente horiek Administrazio Orokorretik, Administrazioko organismo autonomoetatik edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetatik jasotako transferentziei eragiten badiete, aurreko artikuluetan xedatutakoaren araberakoak izango dira espedienteetako agiriak, artikulu horiek aplikatu beharko baitira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak aldatzeari buruzko proposamen-espediente guztiak Kontrol Ekonomikoko Bulegora igorriko dituzte sailek, aurreko artikuluetan aipatutako agiriekin batera. Bulego horrek, bidezkoa den kontu-hartze kontrola egin ondoren, hala dagokionean, aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzari emango dio horren berri. Espedientea administrazioko organismo autonomo batean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergo batean, merkataritzako organismo autonomo batean, zuzenbide pribatuko ente publiko batean, sozietate publiko batean edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio batean hasi bada, atxikita dagoen sailera bidaliko du erakunde horrek, arestian ezarritako prozedurarekin jarrai dezan.

  2. Aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzak bidezko txostena egingo du. Horretarako, espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten, datu eta agiri guztiak eskatu ahal izango dizkio espedientea hasi duen organoari. Halaber, proposamena bidaliko dio onesteko eskumena duen organoari.

  3. Aurrekontuaren aldaketa onetsi ondoren, aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzak horren berri emango dio kontabilitate arloan eskumena duen organoari, honek prestatu eta gauzatu dezan.

  4. Aurrekontuaren aldaketa onetsi ezean, espedientea sailari itzuliko zaio eta honek, hala badagokio, dagokion erakundeari igorriko dio.

  5. Aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzari dagozkion onespenak eta aldeko txostenak bidezko kontabilitate-agirietan harpidetzearen bidez burutu ahal izango dira, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

  6. Berariazko formalizazioa behar duten aurrekontuen aldaketei buruzko arau-xedapeneko proiektu guztiak eta akordio-proposamen guztiak aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzak idatziko ditu, organo eskudunari bidaltzeko, honek ondoren onetsi ahal izan ditzan.

  1. Informazioa eguneratutakoa, etengabea eta kanpoko kontrol-organoekin eta legebiltzarrarekin legez ezarritako kasuetan izandako harremanetatik eratorritako beharrizanei egokitutakoa izan dadin, Aurrekontuen Aldaketei buruzko Erregistroa egongo da. Erregistro horren egitura, ezarpena eta kudeaketa Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren esku egongo da.

  2. Aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzak laguntza emango du Erregistroa ezarri eta kudeatzeko.

Legez ezarritakoak izan eta aurreko artikuluetan jaso gabe dauden aurrekontu aldaketak, agindu honetan adierazitako agiri orokorrez gain, kasu bakoitzerako ezar daitezkeen beste agiri batzuekin izapidetuko dira.

Agindu hau indarrean sartzen denean indargabetuta geratuko dira bertan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki Aurrekontuak aldatzen dituen espedienteen agiri eta izapideei buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 4ko Agindua (123. zenbakiko EHAA, 1998ko uztailaren 2koa).

Lehenengoa. Baimenak.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendaritzari baimena eman zaie, dagozkien eskumenen barruan, agindu hau garatzeko beharrezko instrukzioak emateko, baita beharrezko formatuak ezartzeko eta hori gauzatzeko instrukzioak emateko ere.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 21a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.