Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

6/2008 LEGEA, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 4080
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2008/06/25
  • Argitaratze-data: 2008/07/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 25eko 6/2008 Legea, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei Buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

6/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei Buruzkoa.

Azkeneko urteotan, enpresa-ekimen berriak martxan jartzeko beharrezko baldintzak sinplifikatzeko jarrera nagusitzen ari da Europar Batasuneko instituzioetan. Baldintza horiek ¿dagokion legeriak sozietate mota bakoitzari eskatzen dizkionak¿ eragina izan dute formalki ezarri nahi izan diren enpresa ia guztien sorreran. Nolanahi ere, enpresa ertainek, eta batez ere enpresa txikiek, oztopo administratibo moduan ikusten dituzte sozietate forma bakoitza eratzeko baldintza horiek. Izan ere, ez dira baldintza lagungarriak; alderantziz, eragozpenak eragiten dituzte, batez ere mikroenpresei, eta batzuetan oztopo gaindiezinak izaten dira gainera, enpresa horien izaera eta inguruabarrak direla-eta, formalki gauzatu ahal izateko.

Egoera horren aurrean, merkataritza alorrean lege-aldaketak ekarri dituzten Estatuko nahiz Europar Batasuneko erakundeen nahia izan da bultzatzen diren arau-aldaketak ez izatea, soil-soilik, oztopo administratiboak kentzeko, enpresa berriak sortzeko eragozpen direla ikusita; horrez gain, eta nagusiki, arau-aldaketa horiek enpresa txiki eta ertainak sortzeko lagungarri izatea nahi izan da, enpresa horiexek direlako lanpostu berriak sortzen dituztenak.

Kooperatiben mundua ezin da aldaketa horietatik guztietatik at geratu. Baina, horrez gain, esparru horretan aldaketak ahalik eta azkarren aplikatu behar dira, kooperatiba txikien ekintzailetza bultzatuko duen dinamika sortzeko. Izan ere, kooperatibak enplegu-sortzaile dira; kalitateko enplegua sortzen dute, eta, autogestioko formulak erabiliz gainera, horixe baitute bereizgarri nagusia gainerako enpresen aldean.

Horregatik, egokitzat jo da Euskadiko kooperatiben eremuan beharrezko moldaketak egitea, enpresak sortzeko baldintzak hobetu eta soiltzeko 1997ko apirilaren 22ko Gomendioan (97/344/EEE) zehaztutako helburuak betetzen laguntzeko. Gomendio hura inflexio-puntu garrantzitsua izan zen, Europar Batasuneko estatu kideak enpresa txiki berriak sortu beharraz ohartarazi baitzituen, eta enpresa berriak sortzeko zenbait baldintza eta betekizun aldatu beharraz, hala nola zenbait eskakizun sinplifikatzea eta enpresen sorreraren hasiera-faseko izapide batzuk sinplifikatzea. Halaber, geroagoko ekimen batzuei ere bide eman zien; adibidez, Europako Batzordeak enpresa-ingurunea sinplifikatzeko talde operatiboa (BEST taldea) sortu zuen, 1997ko Amsterdamgo Kontseilu Europarraren aginduz. Taldeak eginiko lanaren ondorioz, enpresa-espiritua eta lehiakortasuna sustatzeko ekintza-plana (BEST ekintza-plana) onartu zen 1999ko apirilean, eta horretan 1997ko gomendioan jasotako iradokizunak berresten ziren.

Ondoren, 2000ko martxoan, Lisboako Kontseilu Europarrak egin beharreko lantzat jo zuen enpresa berritzaileen sorkuntza eta garapena bultzatzeko lagungarri izango den ingurua sortzea, bereziki enpresa txiki eta ertainei begira.

Lisboako Kontseilu Europarrak aginduta, 2000ko ekainean, Enpresa Txikien Europako Gutuna (Feirako Gutuna) onartu zuten estatu kideek, eta, horren bidez, enpresen jarduerari laguntzeko marko juridiko eta administratibo egoki bat sortzeko konpromisoa hartu zuten, modu merkeagoa eta azkarragoa martxan jarrita enpresa-jarduera bultzatuko duena; besteak beste, erregistroetan online inskribatzeko aukera eman zitzaien enpresei.

Feirako Gutuna da enpresa txiki eta ertainen aldeko jardun-eremu politikoa Europan, eta gutuna gauzatzeko, enpresaren eta enpresa-espirituaren alde, bereziki enpresa txiki eta ertainen alde, lan egiteko urte anitzeko programa onartu zuen Kontseiluak, 2001-2005 urteetarako. Hain zuzen, programaren helburuetako bat enpresen marko administratibo eta arautzailea sinplifikatzea da, enpresak sortzen laguntzeko.

2002ko udaberriko gailurra prestatzeko lanen artean, Lisboako prozesuaren barruan eta jarraitu beharreko bidea zehaztu nahian, 2002ko otsailean, Europako Parlamentuak, enplegu betea eta gizarteratzea lortzeko estrategiari buruzko 2002/0079 Ebazpenaren bitartez, dei egin zien estatu kideei formulario estandarren erabilera bultza zezaten, eta, orobat, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabil zitezen administrazio publikoen arteko harremanetan, batez ere enpresak ezarri, erregistratu eta haien sorrerari buruzko publizitatea egiteko prozeduretan, Feirako Gutunak agindutakoa bete beharrez.

2002ko otsailean, enpresa txiki eta ertainen inguruko Europar Ministroen Konferentziak, Aranjuezen bilduta, sozietate-formula soilak ezarri behar direla azpimarratu zuen, enpresa txikien errealitatera hobeto egokitzen diren formulak. Horrez gain, adierazi bezala, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak are gehiago erabili behar direla azpimarratu zuten.

Azkenik, Bartzelonako Kontseilu Europarrak konpromiso horiek berak berritu eta berretsi zituen, eta azpimarratu zuen inguru egokiagoa eta hobea sortu behar dela, enpresa txiki eta ertainen errealitatera hobeto moldatuko dena.

Halaber, COM (2003) 27 dokumentuan oinarrituta prestatutako ¿Enpresa Espiritua Europan¿ liburu berdean aitortzen denez, orokorrean araudian ez da bereizketarik egiten enpresen artean, neurria kontuan hartuta, eta, horren ondorioz, arauan ezartzen diren eskakizunak betetzea oso zail egiten zaie enpresa txikienei. Gainera, gomendatzen da agintari publikoek ¿lehenik eta behin, txikia¿ printzipioa eduki behar luketela gogoan, hau da, araudia sinplifikatu eta egokitu behar luketela, ahalik eta gehiena molda dadin enpresa txikien izaerara eta ezaugarrietara. Bestalde, karga administratiboak murrizte aldera, estatu kide batzuek salbuespenak ezarri dituzte enpresa txiki eta ertainentzat, edo administrazio-zerbitzu osagarriak eskaini dizkiete laguntzeko. Izan ere, informazioa eta babesa oso lagungarri izan daitezke enpresa arloan dabiltzanentzat, administrazio-izapideak betetzeko orduan.

Kapital-sozietateen eremuan, Enpresa Txikien Europako Gutunak hartutako konpromisoak betetzeko helburuz, Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 23ko 2/1995 Legea aldatzen duen Enpresa Berria sozietate mugatuari buruzko apirilaren 1eko 7/2003 Legea onartu zen. Lege horretan, merkataritzako nahiz administrazio arloko marko arautzaile berezia ezarri nahi da, hain justu enpresa txiki eta ertainen enpresa-jarduera sustatuko duena eta merkatuan leku lehiakorragoa emango diena.

Halaber, 1332/2006 Errege Dekretuak, azaroaren 21ekoak, erantzukizun mugatuko sozietateak izapidetze telematikoaren bidez eratzeko eta martxan jartzeko dokumentu elektroniko bakarra (DEB) erabili ahal izateko zehaztapenak eta baldintzak arautzen ditu, eta dekretu horren bidez aukera ematen zaie sozietate horiei sistema telematikoa erabiltzeko. Izan ere, dekretu hori indarrean sartu arte, soilik Enpresa Berria sozietate mugatua sortzeko erabil zitekeen.

Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibentzat, berriz, orain arte ez zegoen inongo marko juridiko egokirik, aurrez aipatutako gomendio eta konpromisoak betetzeko bidea emango zuenik. Hortaz, araudi berri honen bidez, arlo horretan laguntza eman nahi zaie lan elkartuko kooperatiba txikienei, hau da, gehienez ere hamar bazkide langile dituzten kooperatibei, egin beharreko egokitzapenak eginda.

Lege honek sei kapitulu, bost xedapen gehigarri eta bi azken xedapen ditu.

  1. ¿ Xedapen orokorrak.

    Alde batetik, kooperatiba-sozietate txikiek gutxienez zenbat iraupen mugagabeko bazkide langile eta lan-bazkide izan behar dituzten finkatzen da: gutxienez, bi. Bestetik, lan elkartuko eta erkidegoan ustiatzeko kooperatiba-sozietate txiki gisa eratzeko eta inskribatzeko izapideak sinplifikatzen dira.

  2. ¿ Besteren konturako langileak edota iraupen mugatuko bazkide langileak edo lan bazkideak kontratatzeko mugak.

    Besteren konturako langileak eta iraupen mugatuko bazkide langileak kontratatzeko erregimen bereziari dagokionez, bost urteko epea finkatu da kontrataziorako, epe hori egoki eta nahikotzat jotzen baita kooperatiba-sozietate txikia sendotu eta finkatzeko. Neurri horiek aukera emango diete kooperatiba txikiei merkatuan lehiakor izateko eta orain arteko mugaketatik aske jarduteko.

    Horrez gain, mugatu egiten dira hasierako derrigorrezko ekarpenak ere, besteren konturako langileak iraupen mugagabeko bazkide langile moduan edo iraupen mugatuko bazkide moduan sartzen direnerako.

  3. ¿ Kooperatiba txikiko organoak.

    Kooperatiba txikiko organoak Batzar Nagusia eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa izango dira. Batzar Nagusia izango da organo garrantzitsuena, eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa honelakoa izan daiteke: pertsona bakarrekoa ¿administratzaile bakarra¿, pluripertsonala ¿administratzaile solidarioak edo mankomunatuak¿ edo kolegiatua ¿Kontseilu Errektorea¿, gutxienez bi bazkide langile edo lan-bazkide izango dituena betiere.

    Kontseilu Errektoreak bi kide baino ez baditu, bertako lehendakariaren botoak ahalmena izango du berdinketak erabakitzeko, kooperatiba-sozietate txikiaren estatutu sozialetan hala ezarrita badago.

  4. ¿ Araubide ekonomikoa.

    Estatutuetan arautuko da egin beharreko ekarpenen gaineko dedukzioak ezarri ala ez. Itzulkinen kapitalizazioek ez dute dedukziorik izango.

  5. ¿ Egokitzeari eta desegiteari buruzko xedapenak.

    Behar diren konponbideak aurreikusi eta jartzen dira kooperatiba-sozietate txikietako bazkide-kopurua dela-eta gerta daitezkeen bi kasuetarako, betiere lege honen babesean eratzen diren kooperatiba-sozietate txikien kasurako eta Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen babesean eratutako kooperatiba-sozietateen kasurako. Alegia, lehenengo kasuan, kopurua gainditzea, eta hamar bazkide langile edo lan-bazkide baino gehiago egotea; halakoetan, kooperativa-sozietate txikiak estatutu sozialak egokitu beharko ditu, legeak esaten duenera moldatzeko. Bigarren kasuan, aurreko araudiaren babesean eratutako kooperatiba-sozietateek ¿baldin eta lege honek kooperatiba-sozietate txikientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte¿ aukera izango dute kooperatiba-sozietate txiki gisa egituratzeko.

    Halaber, sozietatea desegiteko kausa izango dira kooperatiba-sozietate txikia eratzeko legeak ezartzen duen minimotik behera gutxitzea bazkide-kopurua, kooperatiba txikiko organoak geldirik edo jardun gabe egotea edo justifikaziorik gabe kooperatiba-jarduna etetea, betiere aldi jakin batez luzatzen badira gertakari horiek.

  6. ¿ Urteko kontu gordailuei eta kontu ikuskatzeari buruzko xedapenak.

    Kontu Ikuskatzeari buruzko Legean jasotzen diren kasuez gain, lege honetan beste zenbait kasu ere aurreikusten dira, eta, halakorik gertatuz gero, kooperatiba-sozietate txikiek kontuak ikuskatu beharko dituzte.

  7. ¿ Xedapen gehigarriak.

    Aurreneko hiru xedapen gehigarrietan honako hauek ezartzen dira, hurrenez hurren: lehenengoan, kooperatiba-sozietate txikiaren dokumentu elektroniko bakarra (KSTDEB) egitea eta dokumentu bakar horrek hobeto funtzionatzeko lagungarri izan daitezkeen instituzio, administrazio eta sozietateekin egin beharreko lankidetza-hitzarmenak egitea; bigarrenean, Euskadiko kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak (EKSTAHIG) martxan jartzea, eta, hirugarrenean, kooperatiba txiki berrientzako estatutu sozialen ereduak prestatzea.

    Laugarren xedapen gehigarrian, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen aldaketa bat egiten da, interes publikoko helburuetarako baliabideen izaera argitzeko. Horretarako, haien izena eta helburuak berrikusi dira, nahitaezko baliabideak direla azpimarratuz. Gainera, egindako aldaketetan, haien benetako izaerari hobeto egokitzen zaion izen berria sartu da; kooperatiben errealitate soziala eta helburuen interes publikoko izaera uztartzen saiatuz, baliabideen helburuak berrikusi dira; eta kudeaketaren ezaugarriak eguneratu dira araudi berrira egokitzeko.

    Bosgarren xedapen gehigarrian, kooperatiba arloko arau-hauste baten tipifikazioa egin eta dagokion zehapena adierazten da, kooperatibaren forma juridiko hau arau honetan aurreikusitakoez bestelako helburu batzuetarako tresna gisa erabiltzen den kasurako.

    Horretarako, lege honen garapenean neurri zehatz batzuk ezarriko dira: alde batetik, nabarmen laburtzea ebazpenak emateko epeak eta kooperatiba-sozietate txikien eratze-eskriturak inskribatzeko epeak; eta, bestetik, inskribatzeko baldintzen balorazio berria egin eta ondorioak ateratzea, lege-aldaketa honen bidez lortu nahi diren helburuekin adosago egon daitezen eta kooperatiba txikien baldintza berezietara hobeto egoki daitezen.

    Azken xedapenetan, legea indarrean jartzeko baldintzak zehazten dira, eta Eusko Jaurlaritzak legea aplikatu eta garatzeko zein ahalmen dituen zehazten da.

    Hala, beraz, neurri hauen bidez, erraztasunak eta bultzada eman nahi zaizkie kooperatiba-sozietate txikiei, ezinbesteko ernamuina baitira Euskadiko kooperatibismoa gara dadin, etorkizuna izan dezan eta indar dadin. Eratzeko prozedura sinplifikatu egingo da, bai eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharreko egintza nagusiak ere, eta sozietateok topatzen dituzten oztopo handienak ezabatu egingo dira; hala, Europar Batasunak emandako gomendioetako bat gauzatu egingo da.

    Lege hau 10.23 artikuluaren bidez Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dion eskumen esklusiboaren barruan aldarrikatzen da; eskumen hori, halaber, Konstituzio Auzitegiak berak ere berretsi du (72/83 epaia, hirugarren oinarri juridikoa).

  1. ¿ Kooperatiba-sozietate txikia lehen graduko kooperatiba-sozietatea da, lan elkartukoa edo erkidegoan ustiatzekoa, eta bere araubide juridikoa lege honek berak arautzen du, kooperatiba sozietateen barruko espezialitate gisan.

  2. ¿ Kooperatiba-sozietate txikia eratzeko, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen arabera eratutako kooperatiba-sozietatearen estatutu sozialak lege honetara egokitzeko, edo kooperatiba ez den sozietate bat kooperatiba-sozietate txiki bihurtzeko, horiek guztiak egin ahal izateko, sustatzaileek edota dagokion kooperatiba-organoak espresuki adierazi beharko dute kooperatiba-sozietate txikiaren izaera egotzi diotela beren sozietateari.

  3. ¿ Kooperatiba-sozietate txikia iraupen mugagabeko bazkide langileek edo lan-bazkideek osatuko dute, gutxienez bik eta gehienez hamarrek.

  4. ¿ Kooperatiba-sozietate txikiak lege honen bidez eta bere garapen-arauen bidez arautuko dira, eta, osagarririk behar izanez gero, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen bidez eta bere garapen-arauen bidez.

  1. ¿ Kooperatiba-sozietate txikia eratzeko, beharrezkoa izango da eskritura publikoa egitea eta sozietatea Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzea. Inskripzio horren ondoren eskuratuko du izaera juridikoa kooperatiba-sozietate txikiak.

  2. ¿ Euskadiko Kooperatiben Erregistroan kooperatiba-sozietate txikiak inskribatzeko liburua edukiko dute, eta hor inskribatuko dira kooperatiba-sozietate txikiaren izaera hartu duten sozietateak, haien jatorrizko forma juridikoa edozein izanda ere.

  3. ¿ Kooperatiba-sozietate txikien eratze-eskriturak, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 12. artikuluko beste baldintza guztiak betetzeaz gainera, eredu orientagarri bati jarraituz idatzitako estatutu sozialak ere jaso behar ditu.

  4. ¿ Eratze-eskrituraren eta estatutu sozialen kalifikazioa eta inskripzioa egiteko epea hogeita hamar egunekoa izango da gehienez ere, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.

  5. ¿ Entitate hauen izenean ezinbestean agertuko da ¿Kooperatiba Sozietate Txikia¿ adierazpena edo ¿Koop. Elk. Txikia¿ laburdura.

  1. ¿ Kooperatiba-sozietate txikiek, eratzen direnetik kontatzen hasita bost urteko epean gehienez ere, aukera izango dute besteren konturako langileak kontratatzeko, edozein modalitatetan, eta iraupen mugatuko bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko ere bai. Edonola ere, kontratatutako langile horiek iraupen mugagabeko bazkide langileak beste izango dira gehienez ere, lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak.

  2. ¿ Nolanahi ere, kooperatiba-sozietate txikiak ezingo ditu besteren konturako bost langile baino gehiago kontratatu.

  3. ¿ Eratu eta hurrengo bost urteen barruan, kooperatiba-sozietate txikiek aukera izango dute gehienez besteren konturako bost langile kontratatzeko edo gehienez iraupen mugatuko bost bazkide langile edo lan-bazkide kontratatzeko, lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako; betiere, baldin eta iraupen mugagabeko bost bazkide langile edo bost lan-bazkide edo gutxiago badituzte, lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak.

  4. ¿ Aurreko paragrafoetan aipatzen den bost urteko epe hori amaitzean, kooperatiba-sozietate txikiak besteren konturako langileak eta iraupen mugatuko bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko mugak Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legean ezarrita daudenak izango dira.

  5. ¿ Aurreko paragrafoetako kasuak gertatuz gero, sozietatea eratu zenetik bost urteko epea amaitzean, kooperatiba-sozietate txikiek Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan jakinarazi eta ziurtatu beharko dute, erregelamenduz ezarritako moduan, behar bezala betetzen dituztela Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legean gai horretaz dauden eskakizunak.

Kooperatiba-sozietate txikiek hasierako derrigorrezko ekarpenak exiji diezazkiekete besteren konturako langileei, sozietatean sartu ahal izateko iraupen mugagabeko bazkide langile edo lan-bazkide bezala edo iraupen mugatuko bazkide bezala. Nolanahi ere, bazkide mota horietako bakoitzaren ekarpenak ezingo dira handiagoak izan ¿parekoak gehienez ere¿ sozietatera azkena sartutako bazkideak, kasu bakoitzean dagokion motakoak, guztira eginiko derrigorrezko ekarpenak eta ekarpen horiei dagozkien eguneratzeak baino. Eta eguneratze horiek, berriz, ezingo dira handiagoak izan ekarpenak egin zirenez gero Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako kontsumo-prezioen indizeak gehituta ateratzen dena baino.

  1. ¿ Kooperatiba-sozietate txikiko organoak Batzar Nagusia eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa dira. Batzar Nagusia izango da organo garrantzitsuena, eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa honelakoa izan daiteke: pertsona bakarrekoa ¿administratzaile bakarra¿, pluripertsonala ¿administratzaile solidarioak edo mankomunatuak¿ edo kolegiatua ¿Kontseilu Errektorea¿.

  2. ¿ Batzar Nagusia Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legean dago araututa lege honetan jaso gabeko gaiei dagokienez.

  3. ¿ Administrazio- eta ordezkaritza-organoa kooperatiba-sozietate txikiko bazkide langileek edo lan-bazkideek osatuko dute beti, eta Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen xedapenak izango ditu arau, lege honetan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.

  4. ¿ Administrazio- eta ordezkaritza-organoa pertsona bakarrekoa bada ¿administratzaile bakarrak osatua¿ edo pluripertsonala bada ¿administratzaile solidarioek edo mankomunatuek osatua¿, eta artikulu honen hurrengo paragrafoan jasotako kasua gertatzen bada, karguaren iraupena bost urtekoa izango da. Epe hori betetzean, berriro pertsona berak hautatuko dira edo izendapen berria egin beharko da.

  5. ¿ Kooperatiba-sozietate txikien administrazio- eta ordezkaritza-organoa Kontseilu Errektorea bada, bi pertsonak osatuko dute gutxienez kontseilua: haietako bat lehendakari izango da, eta bestea, idazkari.

  6. ¿ Kooperatiba-sozietate txikien Kontseilu Errektoreak estatutu sozialetan zehaztutako maiztasunez bildu beharko du. Hala eta guztiz ere, organo horrek hiru hilean behin bildu beharko du, gutxienez.

    Kontseilu Errektorearen erabakiak ¿legeak edo estatutuek hala agintzen dutelako gehiengo kualifikatuz hartu beharrekoak ez badira, behinik behin¿ behar bezala emandako botoen gehiengoz onartuko dira. Ez dira behar bezala emandako bototzat hartuko bilkuran dauden kideen abstentzioak.

    Lehendakariaren botoak ahalmena izango du berdinketak erabakitzeko, baina ez Kontseilu Errektoreko kideak bi direnean, salbu kooperatiba-sozietate txikiaren estatutuetan kontrakoa ezartzen bada.

  7. ¿ Artikulu honetako bosgarren paragrafoan jasotako kasua gertatuz gero, kooperatiba-sozietate txikiko Kontseilu Errektoreko idazkariak egin dezake Batzar Nagusia biltzeko deia, baldin eta lehendakariak ez badu hartarako deirik egin bazkide batzuek aurkeztutako deialdi-eskaera jaso eta hurrengo hogei egunetan ¿bazkide horiek gutxienez boto guztien ehuneko hogeiren ordezkaritza izanda¿. Halakoetan, bestalde, aukera izango da lehendakariaren kontra erantzukizun-egintza aurkezteko.

Estatutu sozialetan zilegi da derrigorrezko ekarpenen gaineko dedukzioak ezartzea, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 27 eta 28. artikuluetan jasotako kasuetan. Itzulkinen kapitalizazioak dedukzioetatik kanpo geratuko dira.

  1. ¿ Baldin eta kooperatiba-sozietate txikiak gainditu egiten badu iraupen mugagabeko bazkide langileentzat edo lan-bazkideentzat ezarritako kopurua, estatutu sozialak egokitu beharko ditu, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearekin bat etortzeko.

  2. ¿ Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen babesean eratutako kooperatiba-sozietateren batek kooperatiba-sozietate txikiaren forma hartu nahi badu, eta arau honetan finkatu diren betekizunak betetzen baditu, horretarako aukera izango du, baina estatutu sozialak lege honen aginduetara egokitu beharko ditu.

  1. ¿ Kooperatiba-sozietate txikia desegiteko kausa izango da, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 87. artikuluan zehaztutakoez gain, kooperatiba-sozietate txikia eratzeko legeak exijitzen duen gutxieneko bazkide-kopurua baino bazkide gutxiago edukitzea, urtebetez, etenik gabe.

  2. ¿ Horrez gain, kooperatiba-sozietate txikia desegiteko kausa izango da kooperatibako organoak geldirik edo jardun gabe egotea edo justifikaziorik gabe kooperatiba-jarduna etetea, bi kasuetan ere egoera urtebetez luzatzen bada, etenik gabe.

Euskadiko Kooperatiben Erregistroan gordeta geratzeko kooperatiba-sozietate txikiek urtero kontuekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkeztea errazagoa izan dadin, eredu jakin batzuk erabiliko dira: Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bidez onartutako administrazio- eta ordezkaritza-organoaren eskabide-ereduak eta ziurtagiri-ereduak. Bestalde, dokumentuek martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan agintzen dena bete beharko dute, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua dekretu horrek zehazten baitu.

Kooperatiba-sozietate txikiek kanpoko ikuskaritzara aurkeztu beharko dituzte urteko kontuak eta kudeaketa-txostena, Kontu Ikuskatzeari buruzko Legeak eta bere garapen-arauek xedatutako moduan.

Gainerako kasuetan, kooperatiba-sozietate txikiak Batzar Nagusiak erabakitzen duenean ikuskatu beharko ditu kontuak, batzarrean diren eta ordezkatutako bazkideen gehiengoak hala erabakitzen duenean, alegia, bai eta bazkideren batek eskatzen duen bakoitzean ere. Azken kasu horretan, kontu-ikuskatzeak eragin dituen gastuak estatutuetan araututako moduan ordainduko dira.

Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bidez, eta Administrazioaren jardunean teknologia berriak txertatzeko proiektuak gauzatzeko xedez, kooperatiba-sozietate txikiaren dokumentu elektroniko bakarra (KSTDEB) onartuko da, kooperatiba-sozietate txikiei eratzen laguntzeko eta aholkularitza emateko. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira dokumentu bakar horrek hobeto funtzionatzeko lagungarri izan daitezkeen instituzio, administrazio eta sozietateekin.

Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen sailak, hiru hilabeteko epean, Euskadiko kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako gune (EKSTAHIG) izaera eman beharko die beren jardun-eremutzat Euskal Autonomia Erkidegoa duten irabazi-asmorik gabeko erakunde batzuei; gainera, gune horietako bakoitzaren arretaz arduratuko diren pertsonen bereizgarri teknikoak eta profil profesionalak finkatuko ditu.

Kooperatiba-sozietate txikiaren dokumentu elektroniko bakarra prestatu bitartean, Euskadiko kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneek egingo dituzte lan horiek, aholkularitza-gune izaera eman dien ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

Euskadiko kooperatiba-sozietate txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako gunearen zerbitzu guztiak doakoak izango dira.

Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bidez, estatutu sozialen eredua onartuko da, eta kooperatiba-sozietate txikia eratu nahi dutenen esku jarriko. Eredu horrek zenbait aldaera izango ditu, betiere lege honetan ezartzen denaren barruan administrazio- eta ordezkaritza-organoa era batera edo bestera taxutu ahal izateko.

2009. urteko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen ondoko aginduak aldatzen dira:

  1. ¿ 67. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoak aldatzen dira, eta honela idatzita geratuko dira:

    «2.¿ Honela banatuko dira urtero gaindikin erabilgarriak:

    1. Ehuneko hogei, gutxienez, Derrigorrezko Erreserba Fondora bideratuko da.

    2. Ehuneko hamar, derrigorrezko kontribuzio bezala, heziketara eta kooperatiba-sustapenera eta interes publikoa duten beste helburu batzuetara bideratuko da.

    3. Gainerakoa Batzar Orokorraren esku egongo da, eta honela bana dezake:

      1. ¿ Bazkideei itzuli beharrekoa.

      2. ¿ Borondatezko erreserba-fondoetan sartu beharrekoa. Hori banaezina edo bana daitekeena izango da, estatutuek edo, horien ezean, Batzar Orokorrak agindutakoaren arabera.

      3. ¿ Paragrafo honen b) idatz-zatian aipatutako helburuetarako kopuru gehigarria, eta, hala badagokio,

      4. ¿ Soldatapeko langileei kooperatibaren emaitzen horrenbesteko bat ematea.

      1. ¿ Derrigorrezko Erreserba Fondoa baltzu-kapitalaren erdiaren pareko izatera iristen ez den artean, 2.a) eta 2.b) paragrafoetan ezarritako derrigorrezko diru-kopuruak alda daitezke, ehuneko hogeita bost Derrigorrezko Erreserba Fondora eta ehuneko bost derrigorrezko kontribuzioetara bideratuz¿.

  2. ¿ 68. artikuluaren 3, 4 eta 5. paragrafoak indargabetzen dira. Horien ordez, 68 bis artikulua sortzen da, eta honela idatzita geratuko da:

    «68 bis artikulua. Heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuetarako kontribuzioa.

  1. ¿ 67. artikuluaren 2.b paragrafoan aipatutako gaindikinen gaineko derrigorrezko kontribuzioa interes publikoa duten ondoko helburuetakoren batean erabiliko da, estatutuetan edo Batzar Orokorrean ezarritako oinarrizko jarraibideak aintzat hartuz:

    1. Bertako bazkide eta langileak prestatu eta heztea kooperatibismoari, kooperatiba-jarduerei eta lanpostuarekin zerikusirik ez duten beste gai batzuei dagokienez.

    2. Kooperatiben arteko harremanak sustatzea, kooperatiben arteko laguntza, sustapen, zuzendaritza bateratu edo lankidetza-ekintzetarako sortutako erakundeetan parte hartzeagatiko gastuak estaltzea barne.

    3. Kooperatibak diharduen gizarte-ingurunean eta gizartean orokorrean, hezkuntza, kultura, lanbidea, laguntza-bideak eta euskararen erabilera bultzatzea eta kooperatiben ezaugarriak zabaltzea.

    4. Kooperatiba-enpresa berriak sustatzea, euskal kooperatiba-mugimenduak sustatutako irabazi-asmorik gabeko erakunde bati diru-ekarpenak eginez.

  2. ¿ Aurreko paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazi diren helburuak betetzeko, derrigorrezko kontribuzioa irabazi-asmorik gabeko erakundeei diru-ekarpenak eginez bidera daiteke, edo 1.b paragrafoan aipatutako kooperatiben arteko lankidetzarako erakundeetakoren bati diru-ekarpenak eginez.

    Bitarteko erakundeei baldintza batekin emango zaizkie kopuru horiek: adierazi diren interes publikoko helburuetarako erabiltzea, bitarteko erakundeak berak egindako jardueren bidez edo jasotako baliabideak eman dizkien pertsona fisiko edo juridikoen jardueren bidez.

  3. ¿ Kooperatibak kontribuzioa erabiltzeko ahalmenik ez du, adierazi diren interes publikoko helburuetara bideratzeko izan ezik. Beraz, bahiezina da kontribuzio hori, eta balantzearen pasiboan agertu behar du.

  4. ¿ Kooperatibak bere bazkideei ezarritako diru-zehapenak kontribuzio horrentzat aurreikusitako helburuetara bideratuko dira.

  5. ¿ Aipatutako kontribuzioaren diru-kopuruari dagokionez, kooperatibak berak adierazitako interes publikoko helburuetara bideratu ez den kopurua, gaindikinaren banaketa onartu eta hurrengo ekonomia-ekitaldian, irabazi-asmorik gabeko erakundeei eman beharko zaie, kontribuzio horrentzat ezarritako interes publikoko helburuetara bidera dezaten¿.

  1. ¿ Aurreko artikuluen aldaketaren ondorioz, zenbait zuzenketa tekniko egin beharra dago:

  1. artikuluaren 4. paragrafoan, 94. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoetan eta 139. artikuluaren 3.a) eta 3.b) paragrafoetan, ¿Heziketarako eta Kooperatiba Sustapenerako Fondo¿ terminoaren ordez, ¿heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako kontribuzio¿ jarri behar da.

Kooperatiba-sozietate txikiaren forma juridikoa arau honetan aurreikusitakoez bestelako helburu batzuetarako tresna gisa erabiltzea arau-hauste oso larritzat joko da kooperatiba arloan, eta kooperatibari kalifikazioa kentzea ekarriko du, Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 141. artikuluko 2 eta 3. paragrafoen arabera eta artikulu horretako 4. paragrafoko ondorioekin.

Eusko Jaurlaritzak ahalmena izango du lege hau aplikatu eta garatzeko arauak emateko, Eusko Jaurlaritzan kooperatiba arloko eskumenak dituen sailaren proposamenak aintzat hartuta.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera sartuko da indarrean lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 26a.

Lehendakaria,