Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

4/2005 LEGEA, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 42
  • Hurrenkera-zk.: 982
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2005/02/18
  • Argitaratze-data: 2005/03/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

Emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa, baita sexuaren ziozko edozein bereizkeria-mota beren beregi debekatzea ere, arau juridiko batzuetan daude jasota.

Emakumearen aurkako bereizkeria-era guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioak (NBEren Biltzar Nagusiak 1979ko abenduan onetsi zuen, eta Espainiar Estatuak 1984ko otsailean berretsi) emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aldarrikatu zuen. Konbentzio horren 2. artikuluan, ondoko konpromisoa hartu zuten KBEko kideek: "printzipio hori legeen bidez edo beste bitarteko egoki batzuk erabiliz benetan betearazten dela bermatzea".

Beste alde batetik, 1999ko maiatzaren 1ean Amsterdamgo Ituna indarrean jarri zenetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna Europar Batasunaren funtsezko printzipio bilakatu da. Europar Batasunaren Ituneko 3.2. artikuluarekin bat, Batasuneko eta kide diren estatuetako politika eta ekintza guztietan integratu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatu eta horien berdintasuna sustatzeko helburua.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.1 artikuluak, Espainiako Konstituzioan xedatutakoari aipamen bat eginez, berdintasunerako eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik eza aldarrikatzen da. Horrez gainera, Estatutuaren 9.2.d artikuluan zera adierazten da: herri-aginteek pertsonen eta taldeen berdintasunerako baldintzak sustatzeko eta hori lortzeko oztopoak ezabatzeko betebeharra dutela, berdintasun hori benetan eta modu eraginkorrean gauzatu dadin.

Era berean, Eusko Legebiltzarrak, otsailaren 5eko 2/1988 Legea onartuta (Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzkoa da lege hori), lege horren zioen adierazpenean jasotzen den bezala, lehen mailako gaitzat jo zuen emakumeekin bereizkeriaz jokatzeko era guztiak benetan ezabatzea eta emakumeek gure Erkidegoko alor guztietan esku hartzeari bultza egiteko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartzea; halaber, bere gain hartu zuen arlo horretan ekintza bateratuari indar egiteko lana ere.

2/1988 Legea garatze aldera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeentzako ekintza Positiboko hiru plan onetsi ditu. Plan horietan euskal herri-administrazioen esku-hartzearen oinarrizko gidalerroak jasotzen dira, emakumeen eta gizonen berdintasuna bizitzako eremu guztietan bultzatzeari dagokionez.

Emakumeek eta gizonek bete izan ohi dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza handiagoa, hezkuntzako maila guztietan egoteko aukera, prestakuntza eta kulturara sarbide handiagoa izatea, eta, hein txikiago batean, erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea, bada, horiek guztiak emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten gizartean. Aldaketok ez lirateke posible izango mugimendu feministen funtsezko ekarpenik gabe, ezta anonimatuan emakumeen eskubideen alde lan egin duten emakume horien guztien ahaleginik gabe ere.

Haatik, lan-merkatuari, partaidetza politikoari, etxeko lanak egiteari, emakumeen aurkako bortizkeriari, pobreziari, eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute hierarkizazioa dagoela gizonek eta emakumeek gizartean dituzten harremanetan eta gizarte horretan betetzen duten lekuan. Hierarkizazio horren jatorria, hain zuzen, sexuaren araberako jokaera-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuk dira, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitiete, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez. Bestalde, emakume askok anitz bereizkeria jasaten dute, sexuaren ziozko bereizkeriaz gain, beste batzuk ere pairatzen baitituzte, arraza, jatorri etnikoa, hizkuntza, adina, ezintasuna, ondarea, orientazio sexuala eta beste hainbat faktore direla eta. Horrek guztiak, hainbat kasutan, baldintzatu egiten du emakumeek benetan balia ditzaten herritarrek berez dituzten eskubideak.

Apustua, une honetan, zera da, berdintasunerako eskubide hori lege-testuetan formalki aitortua ez ezik, praktikan benetan aplikatua izatea bermatzea. Horretarako, lege honek mekanismo eta neurri zehatz batzuk planteatzen ditu, euskal herri-administrazioek eragin handiagoko politikak eta jarduketak abiarazi ditzaten lortzeko, halako moldez non emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren fenomenoa –egiturazkoa eta unibertsala– gizartetik desagerrarazi dadin.

Beste alde batetik, gero eta herritar gehiagok onartzen dute emakumeek enpleguaren arloan, partaidetza soziopolitikoan, autonomia ekonomikoan, astialdia gozatzeari dagokionean eta abarretan duten berdintasunerako eskubidea; halaber, gure gizarteak gero eta begi hobeagoz ikusten du gizonek etxeko eginbeharretan gehiago esku hartu behar dutela eta erantzukizunak banatu behar direla; are, hori guztia beharrezkotzat, komenigarritzat eta zuzentzat jotzen da. Arlo publikoan zein pribatuan emakumeen eta gizonen berdintasunezko partaidetza duen gizartea, non emakumeen eta gizonen artean eta ugalketaren eta ustiaketaren artean hierarkiarik gabeko harremana eratuko den, non lanaren balioa ez den lan hori emakumeek edo gizonek egin izanaren menpe egongo, eta gizarte bat non pertsonek eta taldeek dauzkaten gaitasunak hobeto erabiliko diren, hori da, gaur egun, teoriak nahiz emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta benetakoaren alde lanean diharduten talde feministek eta erakundeek desiragarritzat aurkeztu duten eredua, eta norbanakoen nahiz taldeen diskurtsoan agertuz doana. Beraz, horrek guztiak aukera ederra ematen digu genero-ikuspegia politika publikoetan txertatzeko xedea duen legea taxutzeko.

Halaber, hamar urte baino gehiagotan ekintza positiboko planak garatu izanak eskarmentua eta aurrerakada garrantzitsuak ere ekarri dizkio administrazioari berari. Plan horiek ondokoak bideratu dituzte: euskal herri-administrazioaren hiru mailetan berdintasun-politikak garatzea eta ezartzea; politika horiek abian jartzeko egiturak sortzea; erakundeen barneko eta erakunde arteko koordinazio eta lankidetzarako mekanismo iraunkorrak ezartzea; pertsonak trebatzea politika horietan aurrera egiteko; eta emakumeen eta gizonen berdintasuna gaur egungo agenda politikoan agerraraztea. Alabaina, egia da orobat lan handia geratzen dela oraindik egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu estrategikoa eta lehentasunezkoa izan dezaten euskal herri-aginteek eta herri-administrazioek. Eta lege honek kontu horretan ere esku hartu nahi du.

Horrez gain, lege honek berdintasun-politiken garapenean planteatzen duen aurrerakada zeharo beharrezkoa da, baldin eta erantzun egokia eman nahi bazaie genero-ikuspegia eta sexuen berdintasunari doakion helburua administrazioen politika eta jarduketa guztietan integratzeari buruz Europar Batasunaren araudiak planteatzen dituen eskakizunei.

Ildo horri jarraiki, honakoa da lege honen xede nagusia: orain arte berdintasun-politiken garapenerako egin den lanean sakontzeko oinarriak ezartzea, halako moldez non Euskal Autonomia Erkidegoa gai horretan aurreratuen dauden herrien mailan kokatu ahal izango baita. Hori guztia erdieste aldera, argi eduki behar da emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea ez ezik, beharrizan estrategikoa ere badela demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte zuzenagoa, bilduagoa eta alor sozial eta ekonomikoan garatuagoa eraikitzeko.

Atariko tituluan ezarritakoarekin bat, lege honen xede nagusia berdintasunezko gizartea lortzea da, non pertsona oro libre izango den, hala eremu publikoan nola pribatuan, bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga eta beharrizanak. Horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan herri-aginteen jarduna zuzendu behar duten printzipio orokorrak ezartzen ditu legeak, eta zenbait neurri ere arautzen ditu. Neurrion xedea da emakumeek eta gizonek bizitzaren arlo guztietan aukera eta tratu berdinak izan ditzaten bultzatzea eta bermatzea, eta, bereziki, emakumeen autonomia sustatzea, eta horiek, bereizkeria jasaten duten taldea direnez gero, gizarte, ekonomia zein politikan duten posizioa sendotzea.

Titulu horretan jasotzen diren printzipio orokorren ondorio gisa, lege honetan bultzatzen den berdintasuna berdintasun zabala da; izan ere, berdintasun horrek, eskubideak, agintea eta baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak eskuratzeko abiapuntu diren baldintzak ez ezik, horiek guztiak gauzatu eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzak ere ukitzen ditu. Halaber, berdintasun horrek emakumeen eta gizonen aniztasuna errespetatzen du, eta horien berezitasunak integratzen ditu, gaur egun gizonen eredua ezarri eta orokortzeko zabaldu den joera zuzentze aldera. Horrenbestez, ondokoa da helburua: emakumeak eta gizonak, ezberdinak izaki ere, berdinak izatea. Horixe da, hain justu ere, legearen izenburuan "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna" barik "emakumeen eta gizonen berdintasuna" jarri izanaren zioa. Horrela, itzuri egiten zaio emakumeen eta gizonen egoeren arteko konparazio hutsa egiteari, zeren egoerok besterik gabe erkatzeak sarri askotan hierarkia bat islatzen baitu berez; izan ere, hierarkia horren arabera, gizonen egoera da xedetzat hartzen dena, eta emakumeek horretara moldatu behar dute, beren balio, gurari eta jomugei uko eginez.

Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko gaur egun nazioartean egokientzat jotzen diren bi printzipio edo estrategia osagarriak zehazten dira atariko tituluan: ekintza positiboaren eta genero-ikuspegiaren integrazioa. Hain zuzen ere, lege honen asmoa da estrategia horiek gure herrian modu eraginkorrean aplikatzeko oinarriak ezartzea, estrategiok berdintasuna lortzeko bidetzat hartzen direlako. Halaber, titulu horretan legearen aplikazio-eremua ere ezartzen da. Aplikazio-eremua Euskadiko Autonomia Erkidegora mugatuta duen arren, legeak zera ere planteatzen du: beharrezkoa dela Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste instituzio eta erakunde batzuekin elkarlana eta lankidetza sustatzea, euskal herritar guztiei bermatu ahal izateko gizonen eta emakumeen berdintasuna.

Lehen tituluak definitzen ditu zein diren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, administrazio-maila bakoitzak dituen eginkizunak, Autonomia Estatutuko 10.39 artikuluan, Lurralde Historikoen Legeko 6 eta 7 c.2. artikuluetan, zein Estatutuan (9.2 artikulua) eta Erkidegoko arauetan (Europar Batasunaren Ituneko 3.2 artikulua) ezarritakoak dakartzan eskumenetatik abiatuta; izan ere, aipatutako lege eta arauek betebehar bi ezartzen dizkiete herri-aginteei: bata, emakumeen eta gizonen berdintasuna benetakoa eta erreala izateko baldintzak bultzatu eta oztopoak eraistea, eta, bestea, berdintasuna sustatzea herri-aginteen politika eta ekintza guztietan. Halaber, erakundeen oinarri-oinarrizko erakunde-antolamendua eta hori koordinatzeko mekanismoak zein izango diren ezartzen du, eta legean jasotako neurriak finantzatzeko irizpideak eta finantza-lankidetzarako egon litezkeen formulak arautzen ditu.

Bigarren tituluak neurri-multzo bat arautzen du, genero-ikuspegia euskal aginte eta herri-administrazioen jardunean integratzeko: plangintza egitea; estatistikak eta azterketak hobetzea; langileen gaikuntza; eta berdintasun-printzipioa administrazioaren araudian eta jardunean txertatzeko prozedura ezartzea. Neurriok, eta, horiez gain, emakumeek erabakiak hartzerakoan parte hartzea –III. tituluan dago jasota–, eta ekonomi baliabide nahikoak zein pertsona eta egitura egokiak eta koordinatuak ezartzea ere bai –I. tituluan dago jasota–, bada, genero-ikuspegia administrazioaren jardunean integratzeko aurretiazko beharkizuntzat edo beharrezko baldintza egokitzat jo ditu Europako Kontseiluak horiek guztiak, "Genero-zeharkakotasuna. Kontzeptu nagusiak, metodologia eta eginera egokien aurkezpena. Estrasburgo, 1998" izeneko txostenean.

Hirugarren tituluak, bestalde, Autonomia Estatutuak Erkidegoari hainbat gaitan esleitzen dizkion eskumenetan oinarrituta, zenbait neurri arautzen ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna erreala eta benetakoa izan dadin esku-hartzeko arlo hauek oinarri direla: partaidetza soziopolitikoa; kultura eta komunikabideak; hezkuntza; lana; oinarrizko beste gizarte-eskubide batzuk; bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea; eta emakumeen aurkako indarkeria.

Laugarren tituluan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortzen eta arautzen da. Erakunde hori organo berria eta independentea da, ondoko xedea duena: Euskal Autonomia Erkidegoan tratu berdinaren printzipioa betetzen den behatzea, eta sektore pribatuan sexuaren zioz gerta litezkeen balizko egoera edo eginera baztertzaileetatik herritarrak babestea. Horrenbestez, Arartekoa arlo honetan eta euskal sektore publikoan egiten ari den lana osatzen da, eta Europar Batasunak emakume eta gizonentzako tratu berdinaren printzipioaren defentsa sustatzen duten erakunde independenteak sortu beharrari buruz eman dituen aginduak betetzen dira; erakunde independente horien eginkizunak honako hauek izango lirateke: sexuaren ziozko bereizkeriarengatik jartzen diren erreklamazioak tramitatzerakoan biktima bakoitzari laguntza berezia ematea, horri buruz azterlan eta txosten independenteak egitea, eta bereizkeria horrekin loturik dagoen gai ororen gaineko gomendioak formulatzea.

Azkenik, V. tituluak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egongo diren arau-hausteak eta zehapenak zein izango diren ezartzen du.

Lege honen xedea da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan herri-aginteen jarduna zuzendu behar duten printzipio orokorrak ezartzea, bai eta zenbait neurri arautzea ere bizitzaren arlo guztietan emakumeek eta gizonek aukera eta tratu berdinak izan ditzaten sustatzeko eta bermatzeko, eta, bereziki, emakumeen autonomia bultzatzeko eta emakumeek gizartean, ekonomian zein politikan duten posizioa sendotzeko. Horrek guztiak azken finean bilatzen duena da berdintasunezko gizartea lortzea, non pertsona oro libre izango den bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, hala eremu publikoan nola pribatuan, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten portaera, jomuga eta beharrizanak.

  1. – Lege hau euskal herri-administrazio guztiei aplikatuko zaie, testuan zehar ezarriko diren salbuespenak salbuespen.

  2. – Lege honen ondoreetarako, honako hau da euskal herri-administrazioa:

    1. Autonomia Erkidegoko Administrazioa, haren erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.

    2. Foru-administrazioa, haren erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.

    3. Tokiko administrazioa, haren erakunde autonomoak eta haren menpean edo hari lotuta dauden ente publikoak.

  3. – Lege honetako 3. artikuluko eta 16, 18.4 eta 23. artikuluetako printzipio orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiei aplikatuko zaizkie. Erakunde pribatuei ere aplikatuko zaie, baldin eta Erkidegoko herri aginteetako batekin kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen badituzte, edo herri-aginte horiek emandako laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak badira.

  4. – Halaber, lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan eta sektore pribatuan ere aplikatu behar da, testu honetan zehar ezartzen denaren arabera.

Ondokoak dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal herri-aginteen jarduketa gidatu eta bideratuko duten printzipio orokorrak: tratu berdina; aukera-berdintasuna; dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea, eta koordinazioa eta lankidetza.

  1. – Tratu berdina.

    Debeku da pertsonen sexuan oinarritzen den bereizkeria oro, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein delarik ere hartarako erabilitako era.

    Lege honen ondoreetarako:

    1. Zuzeneko bereizkeria dago pertsona bat sexuaren zioz edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta –haurdun egonda edo ama izanda, esaterako– beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen denean. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, laneko sexu-jazarpena sexuaren ziozko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da.

    2. Zeharkako bereizkeria dago egintza juridiko, irizpide edo eginera batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo eginera hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean.

    3. Ez dira sexuaren ziozko bereizkeria kontsideratuko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten neurriak, emakumeei eta gizonei tratamendu ezberdina ematea badakarte ere. Neurri horien artean helburu hauek dituztenak sartu behar dira: emakumeentzako ekintza positiboa, sexuei arrazoi biologikoengatik babes berezia eman beharra, edo gizonek etxeko lanetan eta pertsonen zainketan parte har dezaten sustatzea.

      Euskal aginte publikoek ezin izango dute inolako diru-laguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen edonolako jardueratarako. Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak ere egoera berean geratuko dira, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

      Euskal herri-aginteek bermatu behar dute ezen bereizkeria-egoerak eragin ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direla-eta bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek nahiz emakume-taldeek benetan baliatzen dituztela beren oinarrizko eskubideak. Inguruabarrok honako hauek izan daitezke: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional baten kide izatea, ondarea, jaioterria, ezintasuna, adina, sexu-joera, edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial.

  2. – Aukera-berdintasuna.

    Euskal herri-aginteek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeek eta gizonek eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta arauetan aitortu lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, aukera berdinekin baliatzen dituztela bermatzeko, boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu eta kontrolatzea barne. Lege honen ondoreetarako, aukera-berdintasunaz ari garela, zera esan nahi da: agintea eta baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak eskuratzeko abiagune edo hasierako baldintzak ez ezik, horiek guztiak gauzatzeko eta behar den moduan kontrolatzeko baldintzez ere ari garela.

    Era berean, euskal herri-aginteek bermatu egin beharko dute ez dela oztoporik egongo lege honetan aipatzen diren eskubideak gauzatzeko eta arautzen diren baliabideak eskuratzeko; izan ere, abenduaren 4ko 20/1997 Legean oztopo horiek bertan behera uztea zehazten baita (Irisgarritasuna Sustatzen du lege horrek).

  3. – Aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea.

    Herri-aginteek beharrezko diren neurri guztiak abiarazi behar dituzte sexuen berdintasunerako prozesuan errespetatu daitezen bai gizonen eta emakumeen artean biologiari, bizi-baldintzei, jomugei eta beharrizanei dagozkienez dauden ezberdintasunak eta aniztasuna, bai emakumeen eta gizonen kolektiboen euren barruan dauden ezberdintasunak eta aniztasuna ere.

  4. Genero-ikuspegiaren integrazioa.

    Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

    Lege honen ondoreetarako, honakoa da genero-ikuspegiaren integrazioa: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea.

  5. – Ekintza positiboa.

    Emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzea sustatze aldera, herri-aginteek denboran ondo mugatutako berariazko neurri zehatzak abiarazi behar dituzte, bizitzaren eremu guztietan sexuaren zioz gertatzen diren egitatezko ezberdintasunak ezabatzeko edo murrizteko.

  6. – Sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea.

    Euskal aginte publikoek, inola ere, sexuaren araberako rol sozial eta estereotipo batzuk desagerraraztea sustatu behar dute, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren oinarri baitira eta horien arabera emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitzaizkie, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez.

  7. – Ordezkaritza orekatua.

    Euskal aginte publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin erabakiak hartzeko eremu guztietan.

    Lege honen ondoreetarako, pertsona anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat, hain zuzen, sexu biek %40ko ordezkaritza, gutxienez, dutenean joko da.

  8. – Lankidetza eta koordinazioa.

    Euskal herri-aginteek, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, elkarrekin lankidetzan aritzeko eta beren jarduketak koordinatzeko betebeharra dute, esku-hartze eraginkorragoak eta baliabideen erabilera arrazionalarekin bat datozenak egin ahal izan daitezen.

    Bestalde, elkarlana eta lankidetza sustatu behar dute Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko beste instituzio eta erakunde batzuekin, euskal herritar guztiei bermatu ahal izateko gizonen eta emakumeen berdintasuna.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeei dagokie, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bai legegintzako eskumena, bai arauak garatzeko eskumena, bai eta zuzeneko ekintza ere.

  2. – Lege honen ondoreetarako, honakoa da zuzeneko ekintza: interes orokorra dela-eta edo baldintza tekniko, ekonomiko edo sozial bereziak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan bete behar diren eginkizunak, programak edo zerbitzuak eskaintzeko eskumena.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko osorako erakundeek zuzeneko ekintzak abiarazi baditzakete ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arauak betearaztea lurralde historikoetako foru-organoei eta tokiko administrazioari dagokie, lege honetan eta hura garatzeko araudian ezarritakoarekin bat.

Osorako erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duten eskumena, Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokionez, ondoko eginkizunetan gauzatuko da:

  1. Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, bere administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.

  2. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko plangintza orokorra taxutzea, eta arau eta jarraibide orokorrak egitea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan modu bateratuan egin behar diren ekintza positiboko neurriak, programa eta zerbitzuak diseinatzea eta egikaritzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren berdintasun-politikak aztertzea eta lege hau zein neurritan betetzen den ebaluatzea.

  5. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, euskal herri-administrazio guztien jarduketen arteko lankidetza bultzatzea.

  6. Emakumeen eta gizonen berdintasunean eskudunak diren entitate, organo eta unitateetako langileen eginkizunei eta gaikuntzari dagokienez, oinarrizkoak eta komunak diren neurriak ezartzea.

  7. Estatistikak berdintasun-printzipioari egokitzeko metodologia diseinatzea eta horri buruzko plangintza egitea, bai eta estatistikak egokitu eta eguneratzea ere, horien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak esku hartzen duen eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren ezberdintasunak ezagutu ahal izateko.

  8. Emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea, azterlan eta ikerketok Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.

  9. Emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan eta Euskal Herriaren lurralde osoan modu bateratuan egin beharrekoak direnean.

  10. Autonomia Erkidegoko araudia nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

  11. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei, gainerako euskal herri-aginteei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea.

  12. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitateak homologatzerakoan erabili beharko diren oinarrizko betekizun eta baldintza orokorrak ezartzea.

  1. Sustapen-neurriak ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako planak, programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

  2. Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eman beharrekoak direnean.

  3. Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzea helburu duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta Erkidego osorako modu bateratuan eskaini beharrekoak direnean.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herri enparauko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin, eta orobat beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko eta nazioarteko elkarte, ekimen pribatu eta erakundeekin ere, harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea.

  5. Sexuaren ziozko bereizkeria-egoerak ikertu eta antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

  6. Zehatzeko ahala egikaritzea.

  7. Lege honetan jasotako beste edozein eginkizun, edo bere eskumen-arloaren baitan esleitzen zaion beste edozein.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bakoitzak bere lurralde historikoaren eremuan diharduela, ondokoak dira foru-administrazioei dagozkien eginkizunak:

  1. Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu etasortzea, bere administrazio-jardueran genero-ikuspegia integratze aldera.

  2. Bakoitzak bere lurralde-eremuan ekintza positiboko neurriak egikaritzea.

  3. Bakoitzak bere lurralde-eremuan programak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan.

  4. Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien bitartez foru-eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.

  5. Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

  6. Bakoitzak bere lurralde-eremuan, emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak burutzea.

  7. Foru-legeria nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

  8. Sustapen-neurriak ezartzea, udalek eta gainerako toki-entitateek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

  9. Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programa edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

  10. Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko helburua duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta udalez gainetik eman beharrekoak direnean.

  11. Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek lurralde-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

  12. Bakoitzaren lurralde-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

  1. Bakoitzari bere eskumenen eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun betetzea.

  1. – Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie, bai banaka, bai partaide diren udal-mankomunitateen bidez edo lege honetako xedeetarako eratzen dituzten mankomunitateen bidez, ondoko eginkizunak betetzea:

    1. Azpiegiturak, programak eta prozedurak egokitu eta sortzea, genero-ikuspegia beren administrazioan integratze aldera.

    2. Toki-eremuan ekintza positiboko neurriak egikaritzea.

    3. Toki-eremuan programak egitea, Jaurlaritzaren plangintza orokorraren esparruaren barruan eta foru-aldundiek egiten dituzten programen esparruaren barruan.

    4. Estatistikak egokitu eta eguneratzea, horien bitartez toki-erakundeen eskumenekoak diren eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi dituzten ezberdintasun-egoerak ezagutu ahal izateko.

    5. Toki-eremuan, emakume eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

    6. Toki-eremuan, emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea.

    7. Toki-araudia nolakoa den eta nola aplikatzen den begiratzea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren arabera.

    8. Herritarrei, eta batez ere emakumeei, informazioa eta orientabidea ematea emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusia duten baliabideei eta programei buruz, bai eta bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeei oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea bermatzeko zuzendurik dauden programa eta zerbitzuei buruz ere.

    9. Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten programak osatzea edo zerbitzuak ematea, zerbitzuon izaera dela-eta udal mailan eman beharrekoak direnean.

    10. Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea helburu duten baliabide eta zerbitzu soziokomunitarioak ezartzea, beren izaera dela-eta udal-mailan eskaini beharrekoak direnean.

    11. Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek toki-eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

    12. Toki-eremuan sexuaren zioz gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

    1. Bakoitzari bere eskumenen eremuan agindu dakiokeen beste edozein eginkizun betetzea.

  2. – Toki-administrazioek aurreko paragrafoan aipatzen diren eginkizunak benetan bete ditzaten laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lankidetza teknikoa eskainiko die, eta foru-administrazioek ere beharrezkoak diren sustapen-neurriak hartuko dituzte.

  1. – Beharrezkoa denean euskal herri-administrazioek ekimen pribatuarekin hitzarmenak egitea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eskaintzeko, kasuan kasuko herri-administrazioak homologatu behar ditu zerbitzu horiek eskainiko dituzten aholkularitza-enpresak eta -erakundeak, hitzarmenak izenpetu aurretik.

  2. – Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eman nahi dituzten entitate pribatuak homologatzerakoan erabili beharko diren gutxieneko oinarrizko betekizunak eta baldintza orokorrak; dena den, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna kontuan duten irizpideak erabiliko dira.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea da Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, taxutu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak emateko ardura duena, eta erakunde hori sortu duen legean ezarritakoa da bere araubide juridikoa.

  1. – Foru- eta toki-administrazioek, bakoitzak bere burua antolatzeko dituen eskumenen eremuan, beren egiturak egokitu behar dituzte, halako moduz non administrazio bakoitzak emakumeen eta gizonen berdintasun-politikak bultzatu, programatu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak ematen jardungo duen erakunde, organo edo administrazio-unitate bat izango baitu, gutxienez, dagokion jarduera-eremuan.

  2. – Erakunde, organo edo administrazio-unitate horiek, bakoitzak bere lurralde-eremuan, gutxienez ondoko eginkizunak beteko dituzte:

    1. Berdintasunaren alorrean programak eta plangintzak diseinatzea, bai eta horiei dagozkien jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak ere.

    2. Ekintza positiboko berariazko neurriak diseinatu eta sustatzea.

    3. Bakoitzak bere administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan genero-ikuspegia txertatzeko sustapen-lana bultzatzea, maila guztietan eta fase guztietan.

    4. Bakoitzak bere administrazioko sailei eta beren mendean dauden gainerako erakunde eta organoei emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz aholkularitza ematea eta lankidetzan aritzea.

    5. Bakoitzari dagokion lurralde-eremuan bizi diren herritarrentzat sentsibilizazio-jarduerak egitea emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoeraz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriez, bereizkeria anitzeko egoerak aintzat hartuta.

    6. Bakoitzak bere administrazioan berariazko programak edo zerbitzuak egokitzeko eta sortzeko proposamenak eta sustapen-lana egitea, bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko gizarte-eskubideak izango dituztela bermatzeko.

    7. Emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzen laguntzeko gizarte-baliabide eta zerbitzuak sortu eta egokitu daitezen proposamenak eta sustapen-lana egitea.

    8. Bakoitzaren lurralde-eremuan gertatzen diren bereizkeria-egoerak antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak diseinatzea eta sustatzea.

    9. Erakunde publiko zein pribatuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeek edo eginkizunek emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesten laguntzen badute.

    10. Bakoitzaren administrazioari atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituzten prestakuntza-beharrizanak diagnostikatzea, eta kasu bakoitzean behar den prestakuntza-mota eta prestakuntza hori jasotzeko irizpideak eta lehentasunak proposatzea.

    11. makumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumenak dituzten erakunde, organo eta unitateekin, eta, bereziki, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, solaskidetza izatea.

    12. ege honetan jasotzen den edo beren eskumen-eremuan agindu dakizkiekeen beste edozein eginkizun burutzea.

  1. – utonomia Erkidegoko Administrazioak bere egiturak egokitu beharko ditu, eta horren bidez, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean administrazio-unitate bat egongo da, eginkizun hauek betetzeko: saileko zuzendaritza eta arloak eta horri atxikitako erakunde autonomo, ente publiko eta organoak sustatzea, koordinatzea eta horiekin elkarlanean aritzea, horrela lege honetan eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako berdintasun-planean xedatutakoa betetzeko. Unitateok posizio organiko eta harreman funtzional egokia izan behar dute, bai eta beren helburuak bete ahal izateko aurrekontu-zuzkidura nahikoa ere.

  2. – Erregelamenduz zehaztuko dira aurreko paragrafoan aipatutako administrazio-unitateen gutxieneko eginkizunak.

  3. – Erregelamenduz zehaztuko dira, era berean, zein erakunde autonomok eta gainerako zein ente publikok izan behar dituzten lege honetan eta 15. artikuluko 1. paragrafoan zehaztutako berdintasun-planean jasotzen diren neurriak bultzatzeko eta koordinatzeko unitateak. Bestela, saileko unitateek berek hartuko dituzte eginkizunok, bai eta erakunde autonomoei eta sailari atxikitako gainerako enteei dagokienez ere.

  1. – Honen bidez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea sortu da; Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-eta toki-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzea izango da organo horren eginkizuna. Emakunderen zuzendaria izango da batzordearen burua.

  2. – Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxiki zaio.

  3. – Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen osaera, eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek ordezkari-kopuru bera izango dute batzordean.

  1. – Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan burutzen dituen jarduketak koordinatzeko organoa da; batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikiko zaio.

  2. – Batzordearen eginkizunak, osaera, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea erregelamenduz ezartzen direnak izango dira.

Administrazio autonomiko, foral eta lokalek, urtero, lege honetan jasotzen diren eginkizunak betetzeko eta neurriak egikaritzeko behar dituzten ekonomia-baliabideak izendatuko eta zehaztuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan.

  1. – Legegintzaldi bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du. Plan horretan, hain zuzen, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak modu koordinatu eta orokorrean jasoko dira. Plan hori egiteko orduan, euskal herri-administrazio enparauei parte hartzeko aukera eman behar die Eusko Jaurlaritzak.

  2. – Aurreko paragrafoan aipatutako plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez, Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu.

  3. – Foru-aldundiek eta udalek berdintasunerako planak eta programak onetsiko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren plangintza orokorrean ezartzen diren jarraibide eta gidalerroekin bat; halaber, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide materialekin eta ekonomi eta giza baliabideak eskainita, beren sail, erakunde autonomo eta menpean edo lotuta dituzten gainerako ente publikoetan aipatutako planek eta lege honek jasotzen dituzten neurriak benetan eta modu koordinatuan betetzen direla bermatuko dute. Udalek banaka zein kide diren edo ondore horietarako osa ditzaketen mankomunitateen bidez egin ditzakete jarduketa horiek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza teknikoa eta dagokion foru-aldundiaren laguntza ekonomikoa izango dituzte, batez ere ahalmen ekonomiko eta kudeaketa-ahalmen txikia dutenek.

  4. – Aurreko bi paragrafoetan aipatutako planak eta programak onetsi aurretik, horiei buruzko txostena eman behar du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, zehazteko, hain zuzen, plan eta programon edukiak bat datozen legegintzaldi bakoitzaren hasieran Eusko Jaurlaritzak, 1. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, onetsi behar dituen jarraibideekin eta gidalerroekin.

Lege honetan zehazten diren xedapenak betetzeko eta genero-ikuspegia eguneroko jardueran benetan integratzen dela bermatzeko, euskal herri-aginteek beren azterlanak eta estatistikak egiterakoan honakoak egin behar dituzte:

  1. Egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan sexu-aldagaia sistematikoki sartu.

  2. Estatistikako eragiketetan adierazle berriak ezarri eta sartu, hain zuzen ere emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak, horien guztien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea posible egiteko.

  3. Beste aldagai batzuen eragina ezagutzea posible egiteko beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatu eta sartu, aldagaiok agertzeak bereizkeria anizkoitzeko egoerak sorrarazten baditu esku hartzeko eremuetan.

  4. Sartutako aldagaiak sexu-aldagaia oinarri hartuta ustiatu eta aztertzeko adinako lagin zabalak aurkeztu.

  5. Dauden datuak ustiatu; horrela, esku-hartzearen eremu ezberdinetan emakumeek eta gizonek bizi dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premia ezberdinen berri eduki ahal izango da.

  6. Gaur egun dauden estatistika-definizioak berrikusi eta, hala badagokio egokitu, emakumeen lana aintzatetsi eta baloratzen laguntzeko eta emakumeen zenbait kolektiboren estereotipazio negatiboa saihesteko.

    Ohiz kanpoko kasuetan soilik justifikatu ahal izango da gorago aipatutako beharkizunetako bat ez betetzea. Horretarako, gainera, txosten arrazoitua eta organo eskudunak onetsia aurkeztu beharko da.

  1. – Euskal herri-administrazioek neurri egokiak hartu behar dituzte beren langileei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan oinarrizko prestakuntza mailakatu eta iraunkorra eskaintzeko. Izan ere, horrela, lege honetan biltzen diren xedapenak beteko dira eta, gainera, genero-ikuspegia administrazio-jardunean benetan integratzen dela bermatuko.

  2. – Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzearren, euskal herri-administrazioek beren langileak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan trebatzeko planak gertatu eta egikaritu behar dituzte, bai eta erantzukizun politikoa duten pertsonak sentsibilizatzeko jarduketak egin ere.

  3. – Halaber, euskal herri-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko programak sustatu eta diseinatzeaz eta aholkularitza teknikoa eskaintzeaz arduratzea dakarten plazak okupatzen dituen pertsonal teknikoak esperientzia edota gaitasun zehatza baduela bermatuko dute. Xede horrekin, ezagutzei buruzko berariazko betekizunak ezarriko dituzte plaza horietara sartu ahal izateko.

  4. – Enplegu publikora sartzeko hautapen-prozesuen gaien artean, euskal herri-administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioari eta horrek administrazio-jardueran duen aplikazioari dagozkion edukiak sartuko dituzte.

  1. – Arauak garatu eta aplikatzerakoan, bai eta planak, programak eta politika publikoak, diru-laguntzen programak eta administrazio-egintzak formulatzeko beste tresna batzuk garatu eta aplikatzerakoan ere, euskal herri-aginteek modu aktiboan izango dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzearen helburua.

  2. – Artikulu honetako lehen paragrafoan xedatutakoa betetzeko, euskal herri-administrazioen mende dauden sail, erakunde autonomo edo ente publikoek lege honetako 19. artikulutik 22.era bitartean ezarritakoari jarraitu behar diote. Nolanahi ere, foru- eta toki-erakundeek, beren eskumenez baliatuz eta beren arauetan dauden berezitasun formal eta materialak aplikatuz, artikuluotan ezarritakoa erakundeok dauzkaten antolakuntza- eta eginkizun-beharretara egokitu ahal izango dute.

  3. – Generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzerakoan –legeko 19. artikulua– eta ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzerakoan –legeko 20. artikulua–, kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunetan 3. artikuluko 1. paragrafoko azken tartekian adierazitako faktoreek daukaten eragina.

  4. – Euskal herri-aginteek ez dute hizkera sexista erabiliko, ez zuzenean, ez beste pertsona edo erakunde batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.

  1. – Administrazio-arau edo -egintza bat egiten hasi aurretik, hori sustatzen duen administrazio-organoak ebaluatu egin behar du zein den proposamen horrek emakumeek eta gizonek kolektibo gisa bizi duten egoeran izan lezakeen eragina. Horretarako, aztertu behar du administrazio-arau edo -egintzan proiektatu den jarduketak ondoren positiboak edo kontrakoak izan litzakeen emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatzeko eta horien arteko berdintasuna sustatzeko helburu orokorrean.

  2. – Eusko Jaurlaritzak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak proposatuta, arauak edo gidalerroak onetsi behar ditu, non adieraziko diren, batetik, zein izan behar diren aurreko paragrafoetan aipatzen den generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko erregelak, eta bestetik, zein administrazio-arau edo -egintza dauden aurretiazko ebaluazio hori eta ondoko artikuluetan jasotzen diren gainerako izapideak egin behar izatetik salbuetsita.

  1. – Eraginaren ebaluazioa kontuan hartuta, administrazio-arau edo -egintzaren proiektuan neurriak sartuko dira, emakumeek eta gizonek kolektibo modura hartuta bizi duten egoeran neurriok izan dezaketen eragin negatiboa ahalik eta gehien neutralizatzeko, antzemandako ezberdintasunak gutxitu edo ezabatzeko eta sexu-berdintasuna sustatzeko.

  2. – Egoki irizten zaien beste neurri batzuk ere hartu ahal diren arren, euskal herri-administrazioek, beren diru-laguntzak arautzen dituen araudian eta legeei buruzko kontratuetan horrela baimentzen duen kasuetan, aurkeztutako proiektu edo eskaintzan genero-ikuspegiak duen integrazioa baloratuko duen irizpide bat sartuko dute esleipenerako irizpideen artean. Kasu horietan beretan, hautagaien edo lizitatzaileen gaitasun teknikoa baloratzeko irizpideen artean eta, hala badagokio, diru-laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintzen artean, pertsona horiek emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken edo jarduketen garapenean izan duten ibilbidea baloratuko da.

    Orobat, kontratuen legediari eta hurrengo paragrafoan jasotakoari men eginez, kontratua betetzeko baldintzen artean esleipendunak izango duen betebehar bat jasoko da: obra egin edo zerbitzua ematerakoan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak aplikatzea.

  3. – Jaurlaritzaren Kontseiluak Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean, eta horren baliokide diren organoek gainerako herri-administrazioetan, eta, horrelakorik egon ezean, kontratuen espedienteei dagokienez kontratazio-organoek, horiek finkatuko dute aurreko paragrafoko neurriak aplikatu behar zaizkien kontratazioek edo diru-laguntzek zein mota edo ezaugarri izango dituzten, ondokoak kontuan hartuta: ezargarria zaien araudia, kontratuen ezaugarriak eta kontratazio nahiz diru-laguntzetan beste politika publiko batzuk aplikatzearekin uztargarria edo bateragarria den eta zein koordinazio duen. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko ditu aurreko paragrafoan aipatutako irizpideak edo klausulak betetzen diren baloratu ahal izatea erraztuko duten adierazleak. Horien artean egon beharko dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan eta programak egin eta betearaztea, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunerako erakunde laguntzaile gisa aitortuta egotea (41. artikuluan aipatzen den moduan).

  4. – Egoki ikusten diren beste neurri batzuk ere hartu ahal diren areen, enplegu publikoko lanpostuak eskuratu, bete eta sustatzeko hautapen-prozesuak erregulatzen dituzten arauek honakoak izan beharko dituzte:

    1. Klausula bat, administrazioaren jardueraren kidego, eskala, maila eta kategorietan emakumeei lehentasuna ematen diena, baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, eta kidego, maila, eskala eta kategoria horietan emakumeak %40 baino gutxiago badira. Salbuespena izango lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik–; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

      Dagokion herri-administrazioaren barruan funtzio publikoaren arloan eskumena duten organoek estatistika egoki eta eguneratuak izan behar dituzte, a) idatz-zatian xedatzen dena aplikatzea posible egiteko.

    2. Klausula bat, hautaketa-epaimahaietan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatzeko.

  5. – Egoki ikusten diren beste neurri batzuk ere hartu ahal diren arren, administrazioak sustatutako edo diruz lagundutako edozein sari-mota emateko sortzen diren epaimahaiak erregulatuko dituzten arauek, eta kultura- edota arte-funtsak eskuratzeko gaitutako antzeko organoak erregulatzen dituztenek, klausula bat izango dute, hautaketa-epaimahaietan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatzeko.

  6. – Aurreko bi paragrafoetan adierazitakoaren ondoreetarako, ordezkaritza orekatua izango da lau kide baino gehiago dituzten epaimahaietan edo antzeko organoetan sexu bakoitzak gutxienez %40ko ordezkaritza baldin badu. Gainerako kasuetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean izango da orekatua.

  7. – Araua edo administrazio-xedapena sustatzen duen administrazioko organoak, ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburua lortzearren, adierazleak ezarri behar ditu, aurreko paragrafoetan aipatzen diren neurriak zenbateraino betetzen diren eta zein eraginkortasun duten ebaluatu ahal izateko.

  8. – Ohiz kanpoko kasuetan soilik justifikatu ahal izango da 2, 4 eta 5. paragrafoetan xedatukoa ez betetzea. Horretarako, gainera, txosten arrazoitua eta eta organo eskudunak onetsia aurkeztu beharko da.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan prestatzen diren arau-proiektuei buruzko txostena eman behar du, lege honetako 19.etik 20.erako artikuluetan xedatzen dena egoki aplikatzen dela egiaztatzeko eta, hala badagokio, artikuluon edukiarekin lotuta dauden hobetzeko proposamenak egiteko.

  1. – Arau- edo xedapen-proiektuarekin batera, memoria aurkeztuko da, 19.etik 21.era arteko artikuluek diotenari jarraiki egindako izapideak zehatz azaltzeko eta horren emaitzak biltzeko.

  2. – Dagokion administrazio-araua edo -egintza onetsi edo izenpetzean, aurreko paragrafoan aipatutako izapideak egin direla adierazi behar da, labur-labur bada ere.

Euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte.

  1. – Euskal herri-administrazioek sustatu behar dute emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadila profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan. Horretarako, gehitu edo egokitu ahal izango dituzte elkarte eta erakundeoi adierazitako helburua betetzearen arabera dagozkien diru-laguntzak.

  2. – Euskal herri-administrazioek ezin izango diete inolako laguntzarik eman kideak aukeratzeko prozesuan edo lan-jardunean sexuaren zioozko bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeei.

  3. – Lege honetan aipatzen diren helburuak lortzeko asmoz eratutako elkarteak bultzatuko dituzte euskal herri-administrazioek.

  4. – Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea helburu duten zerbitzuak eskaintzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeak onura publikokotzat deklaratu ahal izango dira, erakunde bakoitzaren forma juridikoari dagokion legedia berezian ezarritakoari jarraiki.

  5. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak beharrezkoak diren baliabideak bultzatu eta jarriko ditu entitate bat sortzeko, emakumeek eta herritarren elkarteek politika sozial, ekonomiko eta kulturalen garapenean benetan eta modu askean parte hartzeko bidea eskainiko duena, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal herri-administrazioekin hitz egiteko solaskide onargarria izango dena.

  1. – Euskal herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan dezatela Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan.

    Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan.

  2. – Kultura-jardueraren batean –hor sartuta jai kutsukoak, artistikoak, kirolekoak, eta euskararen normalkuntzaren arlokoak– sexuaren ziozko bereizkeria egiten bada, euskal herri-administrazioek ezin izango diote jarduera horri inolako laguntzarik eman, edo administrazio horien ordezkariek ezin izango dute jarduerotan administrazioaren ordezkari gisa parte hartu.

  3. – Euskal herri-administrazioek neurri egokiak hartu behar dituzte kirol-modalitate guztietan emakumeek eta gizonek tratu- eta aukera-berdintasuna izango dutela bermatzeko.

  4. – Euskal herri-administrazioek emakumeen nahiz gizonen kirol-jarduerei laguntzea sustatuko dute, bietako edozein gutxiengoa den modalitateetan. Halaber, gehitu egingo dira emakumeak gehiengoa diren kirol-modalitateentzako laguntza publikoak.

  1. – Hedabideetako batek ere ezin izango du adierazi, bere jarduna Euskal Autonomia Erkidegoaren baitakoa baldin bada, pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela, ez eta objektu sexual soilak direla ere. Orobat, ezingo zaie zabalkundea eman emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duten edukiei.

  2. – Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen publizitate-iragarki oro egin, eman edo erakustea, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.

  3. – Gizarte-komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen parte-hartze aktiboa eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik aparte, eta bereziki zaindu behar dituzte ume zein gazteentzako edukiak. Bestalde, emakumeek sustatutako edo emakumeek zuzendutako jarduera politiko, sozial eta kulturalen zabalkundea bermatu behar dute, gizonekiko berdintasunean, eta orobat emakumeak ahalduntzeko lagungarri diren jarduerak ere.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko komunikabideek bultzatu egingo dituzte, eta beren publizitate-espazioetan lehentasunezko tratua eskaini, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeak, ezberdintasunak ezabatu eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburuarekin, sustatzen dituen erakunde arteko kanpainei. Horretarako, beharrezkoak diren mekanismoak edo erakundeen arteko lankidetzarako itunak ezarriko dira.

  5. – Euskal herri-administrazioek, erakunde autonomoek eta haien mende edo haiei lotuta dauden gainerako entitate publikoek, beren eskumen-eremuan, aurreko paragrafoan aipatutako erakunde arteko kanpainak hedatzen lagunduko dute. Horretarako, publizitatea jartzeko barruan nahiz kanpoan dituzten gune edo lekuak lagako dituzte erakunde arteko kanpaina horietarako.

Eusko Jaurlaritzan organo bat eratuko da, komunikabideen eta publizitate-euskarrien bitartez hedatzen den publizitatearen inguruan aholku eman eta hori aztertzeaz arduratuko dena; horrela, sexuan oinarritzen den pertsonen bereizkeria-mota oro erauzterik izango da. Aldi berean, komunikabide publikoek zabaldutako edukiek beren kode etikoak izan ditzaten zainduko da.

Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria-mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.

  1. – Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta jarraian aipatzen diren hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean:

    1. Emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritzi, estereotipo eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera.

    2. Emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen sozial eta historikoa integratzea; horretarako, eta irakasten diren edukiak berrikusiko dira eta, hala dagokionean, zuzendu.

    3. Beharrezko ezagutzak sartzea, neska-mutil ikasleek, etxeko lanak eta pertsonak zaintzea direla eta, gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizan eta erantzukizunen ardura har dezaten.

    4. Ikasleak trebatzea, aukera akademikoak egiten dituztenean ez ditzaten aintzat hartu generoan oinarritutako baldintzapenak.

    5. Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea; horretarako, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak erakutsiko dira, bai eta aniztasunean eta emakumeek eta gizonek eskubide eta aukeren aldetik duten berdintasunaren errespetuan oinarritzen diren bizikidetza-ereduak ere.

  2. – Era berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, eta eguneroko bizitzari buruzko eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila guztietan. Eduki eta aldiotan, honakoekin zerikusia duten alderdi eta edukiak integratuko dira: etxearekin, pertsonen zainketarekin, harreman pertsonalen funtzionamendua ezagutzearekin, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta sexuen berdintasunaren eta aniztasunaren errespetuan oinarritzen diren bizikidetza-ereduak ikastearekin.

  1. – Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzen diren testu-liburuek eta irakaskuntzako beste material guztiek, inola ere, aurreko artikuluko 1. paragrafoan adierazi diren hezkidetzako helburuak barneratuta izan behar dituzte. Bestalde, ez dute hizkuntza modu sexistan erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua bermatu behar dute.

  1. – Beren zereginetan genero-ikuspegia integratzeko, hezkidetzan trebakuntza zehatza jaso duten langileak izango dira hezkuntzaren arloa ebaluatu, ikertu eta berritzeaz arduratzen diren organoetan eta irakasleen laguntzarako zerbitzuetan.

  2. – Hezkuntza Administrazioak zera bultzatuko du: emakume zein gizon irakasleek presentzia orekatua izan dezatela jakintza-arlo eta hezkuntzako etapa ezberdinetan, eta halaber ikastetxeen zuzendaritza-organoetan.

  3. – Irakasleek ikastetxeen zuzendaritza-organoei jakitera eman behar diete emakumeen eta neskato-mutikoen aurka nabaritzen duten indarkeria-zantzu oro.

  1. – Hezkuntza Administrazioak hezkidetzari buruzko prestakuntza-planak jarriko ditu abian; plan horiek irakaskuntzako profesionalei zuzenduta egongo dira, eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztiak hartuko dituzte beren baitan.

  2. – Ikastetxe bakoitzak prestakuntza-plan horiek abian jartzerakoan neurri egokiak ezar ditzan, Hezkuntza Administrazioak beharrezko egokitzapenak egingo ditu ordutegian eta antolaketan. Gainera, mekanismoak ezarriko dira plan horietan aurreikusi diren egutegi eta ordutegiek afektatutako ikasleei erantzuteko.

  3. – Irakaskuntzako profesionalei –banaka zein ikastetxeen bidez– zuzentzen zaien etengabeko prestakuntzarako eskaintzak, bere edukietan, zeharka, hezkidetzako filosofia barneratu behar du, eta, horrezaz gain, hezkidetzari buruzko ikastaro zehatzak jaso behar ditu.

  1. – Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateek, betiere, emakumeek eta gizonek aukera berdinak izatea bultzatuko dute, bai irakasle-karreran, bai erabakiak hartzen diren eremuetara sartzeko; eta, horrekin batera, ikasleek, sexuaren arabera, diziplina eta jakintza-arlo guztietan partaidetza orekatua izan dezatela sustatuko dute.

  2. – Orobat, jakintza-arlo guztietako irakas-lanean eta ikerketa-lanetan genero-ikuspegia txerta dadin, hizkera ez-sexista erabil dadin, eta emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren garapenari egindako garapen sozial eta historikoa jaso dadin bermatuko dute.

  3. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak zera bultzatuko du: euskal unibertsitateek modu egonkorrean eskaini dezatela emakumeen eta gizonen berdintasunerako agente izateko prestakuntza berezia, eta genero-ikuspegia txertatu dezatela beren diziplina eta jakintza-arlo guztietan.

  4. – Prestakuntza eta ikerketaren aldeko deialdietan, Hezkuntza Administrazioak batik bat honako ezaugarriak betetzen dituzten proiektuak baloratuko ditu:

    1. Proiektuen buru emakumeak izatea, emakumeen ordezkaritza txikia den ikerketa-eremuetakoak badira.

    2. Ikerketa-taldean emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea.

    3. Emakumeen eta gizonen ezberdintasunarekin eta sexuen arteko hierarkia-harremanarekin zerikusia duten arazoak ulertzen laguntzea.

    4. Ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak proposatzea.

  5. – Hezkuntza Administrazioak diru-laguntzak ezarriko ditu, euskal unibertsitate-sistemaren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko proiektuak egitea bultzatzeko.

Euskal herri-administrazioek aldian-aldian egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoan egindako etxeko lanen balio ekonomikoaren kalkulua –hartan sartuta pertsonak zaintzeak dakarren lana–, eta kalkulu hori euskal gizarteari jakinaraziko diote, etxeko lanen garrantzi ekonomiko eta soziala ezagutu dezan. Halaber, etxeko lanen balioa aintzat hartuko dute politika ekonomikoak eta sozialak diseinatzerakoan.

Euskal herri-administrazioek, hain zuzen, gizonek etxeko lanetan ere –pertsonak zaintzea barne– erantzukizunak har ditzatela sustatuko dute. Orobat, egokiak diren neurriak hartuko dituzte 49. artikuluan jasotakoa garatzeko arauetan gizonek ere arlo horretan erantzukizunak hartzea bultzatuko duten neurriak jaso daitezen.

Euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna erreala eta benetakoa izateko behar diren baldintzak sustatu behar dituzte, hala norbere konturako zein inoren konturako lana lortzean, nola lan-, prestakuntza-, sustapen-, ordainketa- eta kontratuen amaiera-baldintzetan.

  1. – Laneratzeari laguntzeko prozesuan parte hartzen duten enplegu-zerbitzuek ezin dute sexuaren zioz bereizkeriarik sortzen duen lan-kontraturik izapidetu.

  2. – Enplegu-zerbitzuak emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipiora egokitu daitezen, euskal herri-administrazioek honakoak egin behar dituzte:

    1. Laneratzen laguntzeko prozesu integraleko fase bakoitzean genero ikuspegia nola txertatu erakutsiko diete, hain zuzen, beren enplegu-zerbitzuetako langileei eta erakunde laguntzaileetakoei. Laguntza-faseok hauek dira: informazioa eta orientazioa, prestakuntza, bitartekotza, laneratzeko laguntza eta laneratzearen jarraipena, eta sustapen enpresariala eta autoenpleguaren sustapena.

    2. Enplegu-zerbitzuek emakume gutxi dagoen lanpostuetan emakume gehiago kontratatu daitezen lortzea helburu duten neurriak har ditzatela sustatuko dute.

Emakumeei enplegua lortzen laguntzeko asmoz, arlo horretan eskumenak dituzten euskal herri-administrazioak honakoak egingo dituzte:

  1. Kontratazioa sustatzeko neurriak aurreikusten dituzten enpresei zuzendutako laguntzei dagokienez, emakumeak eta gizonak kontratatzeko portzentajeak ezarriko dituzte, enpresaren tamainaren, jardunaren sektorearen eta bete behar diren lanpostuetarako lortu daitezkeen emakumeen eta gizonen kopuruen arabera.

  2. Emakumeek enplegu finkoa eta kalitatekoa lor dezaten sustatzeko eta haien kontratazioaren alde egiteko proiektuak garatuko dituzte; horien bitartez, alde batetik, kontratazio-modalitate ezberdinetan emakumeek duten partaidetza gehitu nahi da, eta bestetik, gaur egun emakumeen artean nagusi diren kolokako enplegua eta aldi baterako enplegua desagerrarazi nahi dira.

  3. Emakume gutxi dagoen sektore eta lanbideetan, lehentasuna emango diete emakumeek sustatuko ekimenei eratze-gastuak, aktiboetan egindako inbertsioak eta funtzionamendu-gastu orokorrak finantzatzeko diru-laguntzen deialdietan.

  4. Laguntza publikoak hartzen dituzten elkarren bermerako sozietateek sustatzaileen artean emakumeak gehiengoa diren enpresa-ekimenak eratzen edota finkatzen laguntzeko fondo bereziak izatea sustatuko dute.

  1. – Enpresen prestakuntza-planei laguntzak emateko deialdi publikoetan, lehentasuna emango zaie erakundearen barruan emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu duten prestakuntza-ekintzei, bai eta emakumeei praktikak egiten lagunduko dietenei ere, bereziki emakumeek gutxi ordezkatuta dauden lanbideetan.

  2. – Halaber, emakumeek prestakuntza-ekintzetan parte har dezaten bermatzeko beharrezkoak diren laguntza-mekanismoak eta -zerbitzuak eratu behar dira, bai inoren konturako lanaren esparruan –bereziki emakumeak gutxiengoa diren lanpostuetara eta mailetara sartzeko gaitzen dituzten prestakuntza-ekintzak–, bai autoenpleguaren eta enpresen sorreraren arloan.

  1. – Partaidetza nagusia kapital publikoarena duten enpresak beti, bai eta enplegatutako pertsona-kopuruaren edo beste irizpide batzuen arabera erregelamenduz zehaztuko diren enpresa pribatuek ere, hala enpresa barruan nola kanpoko jardunean, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak biltzen dituzten planak edo programak egin behar dituzte.

  2. – Erregelamenduz ezarriko dira berdintasunerako plan edo programa horietan jaso behar diren gutxieneko edukiak, eta plan edo programa horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak. Derrigorrezko gutxieneko eduki horiek ezingo dira izan lan-harremanen esparrukoak.

  3. – Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak laguntzak ezarri behar ditu emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egiteko eta enpresek arlo horretan adituak diren pertsonak kontratatzeko. Laguntzak eskuratzeko, laguntzak izango duen eraginari buruzko txostena aurkeztu behar du erakunde onuradunak.

Lan eta gizarte arloan aukera-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenei bultzada emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko erakunde laguntzailetzat hartu ahal izango ditu erakundean bertan berdintasunerako politikak garatzen dituzten erakundeak, betiere erregelamenduz ezarritako baldintzetan. Baldintza horien artean, gutxienez, berdintasunari buruz diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea egongo da, bai eta plan hori egikaritzeko konpromisoa hartzea ere. Planak, beste neurri batzuen artean, lan-baldintzetan eta enpleguaren kalitatean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasuna bermatzeko neurriak jaso beharko ditu.

  1. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere langileekin hitzarmen kolektiboak negoziatzeko orduan, enplegu publikoaren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak planteatu behar ditu. Era berean, elkarrizketa sustatu behar du lan-munduko ordezkarien artean, eremu pribatuko hitzarmen kolektiboen negoziazioan era honetako neurriak ere sar daitezen, batik bat ordainsari-bereizkeria desagerraraztera zuzendutakoak.

  2. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak, hitzarmen kolektiboen erregistroaren bitartez, hitzarmenotan emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aurkako klausularik ez egotea, hizkera ez-sexista erabiltzea eta jazarpen sexistaren aurka berariazko neurriak jasotzea zaindu beharko du. Horrekin batera, sexuaren ziozko bereizkeria kontrolatzeko eta erauzteko ikuskatzailetza bultzatuko du Administrazioak.

  1. – Delitu modura izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, lege honen ondoreetarako, jazarpen sexista hau izango da: lanean, nahi ez duen pertsona batekin eta horren sexua dela-eta, hitzez, hitzik gabe edo fisikoki edozein jokabide izatea, eta horren helburua edo ondorioa pertsona horren duintasunari erasotzea edo kikilduta, etsai, makurrarazita, irainduta edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea bada. Jokabide horrek sexuarekin zerikusia duenean, jazarpen sexista izango da.

  2. – Jazarpen sexista diziplinako hutsegite oso larria izango da euskal herri-administrazioetako langileen kasuan, lege honetako 2.1 artikuluak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 83.b artikuluari dagokionez, ezartzen duenarekin bat.

  3. – Euskal herri-administrazioek ofizioz jardungo dute jazarpen sexista salatzen denean. Era berean, lanean jazarpen sexista prebenitzeko eta erauzteko politikak jarri behar dituzte abian, beren langileei zuzenduta. Politika horiek, beste neurri batzuen artean, jarduketa-protokolo batzuk prestatzea eta aplikatzea aurreikusi beharko dute.

  4. – Euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, laguntza juridiko eta psikologiko urgentea, doanekoa, espezializatua, deszentralizatua eta eskuerakoa bermatu behar diete jazarpen sexistaren biktima direnei.

  1. – Euskal herri-administrazioek emakumeei osasuna hobetzen lagundu behar diete beren bizitza osoan; arreta berezia eskainiko diete, orobat, emakumeengan eragin handiena duten osasun-arazoei.

  2. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna behartu behar du osasunarekin zerikusia duen ikerkuntzan eta arretan. Horretarako, aintzat hartuko du gizonek eta emakumeek dituzten egoerak, baldintzak eta beharrizanak desberdinak direla, eta, ondorioz, politika espezifikoak garatuko ditu beharrezkoa denean. Bestalde, azterketa, eztabaida eta kontzientziazioa suspertu behar du profesionalen, erabiltzaileen eta osasun-sistemarekin zerikusia duten eragile artean eremu horretan emakumeek eta gizonek dituzten desberdintasunei buruz.

  3. – Asistentzia-prozesuen diseinua egiterakoan, Osasun Administrazioak neurriak hartu behar ditu osasun-arazoak dituzten pertsonak zaindu beharrak –ordaindu gabe eta gehienbat emakumeek zaindu ere– etxeetan eragiten duen karga arintzeko.

  4. – Euskal herri-administrazioek bete egin behar dituzte sexu- eta ugalketa-eskubideak baliatzeak dakartzan beharrizanak. Horretarako, prebentzio- eta asistentzia-programak prestatuko dituzte; horien artean egongo dira planifikazio sexuala erraztera eta nahigabeko haurduntzeak eta sexu bidez transmititutako gaixotasunak saihestera bideratutakoak.

  1. – Euskal herri-administrazioek beharrezko neurriak hartuko dituzte pobreziak eta gizarte-bazterkeriak emakumeengan eragin handiagoa izatearen ondorioei aurre egiteko. Horretarako, alde batetik, genero-ikuspegia txertatuko da pertsona guztiek oinarrizko giza eskubideak erabili ahal izango dituztela bermatzea helburu duten sektore-programetan, eta bestetik, bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeen kolektiboei zuzendutako programa zehatzak diseinatuko dituzte.

  2. – Euskal herri-administrazioek beharrezko neurri juridikoak eta ekonomikoak bultzatuko dituzte gertakari batzuen ondorioz baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonen baldintzak hobetzeko. Gertakari horiek bi izango dira: batetik, alargun gelditzea, eta bestetik, hitzarmen judizialki onartuan edo ebazpen judizialean ezarritako pentsio osagarriak eta mantenu-pentsioak ez jasotzea. Bigarren hori gertatzeko egoerak hauek izan ohi dira: ezkontza-deuseztasuna, legezko ezkontza-banaketa, dibortzioa, izatezko bikotea hausturaz iraungitzea edo filiazio- edo mantenu-prozesua. Gorago aipatutako helbururako, berme-funts bat sortuko dute pentsioak ordaintzen ez direnerako, eta osagarriak eratuko dituzte alarguntasun-pentsio apalenetarako.

  3. – Euskal herri-administrazioek adineko emakumeen ongizatea eta gizarte-basesa zainduko dute, eta adineko emakumeek bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte har dezaten sustatuko.

  4. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak plan bat prestatuko du prostituzioaren arloan jarduteko, administrazio enparauekin eta eremu horretan lanean ari diren gizarte-taldeekin batera.

  1. – Euskal herri-aginteek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte beren ingurumen, etxebizitza, hirigintza eta garraioko politiketan zein programetan genero-ikuspegia txertatuta dagoela bermatzeko, eta, besteak beste, ondokoak hartuko dituzte kontuan: pertsonen segurtasuna; etxeko lanak egitea eta pertsonak zaintzea erraztea; bizitza pertsonala familia eta lanarekin uztartu ahal izatea erraztea; bai eta politika eta programa horiek diseinatu eta betetzerakoan emakumeek partaidetza handiagoa izan dezatela bultzatzea ere.

  2. – Etxebizitzak esleitzeko orduan, euskal herri-administrazioek lehentasunezko tratua emango diete bazterkerian edo legeak aurreikusitako beharrizan-egoeran dauden emakumeei. Erregelamenduz zehaztuko dira horretarako baldintzak.

Euskal herri-administrazioek bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztuko dute. Horretarako, honako alderdiak sustatuko dituzte: etxeko lanetan gizonek erantzukidetasuna edukitzea; enpleguaren egiturak bizitza pertsonalaren eta familiaren beharrei egokitzea; zerbitzu soziosanitarioak sortzea eta egokitzea; laguntza ekonomikoak eta neurri fiskalak eratzea; eta delako helbururako egoki iritzitako beste edozein neurri.

  1. – Euskal herri-administrazioetako langileen lan-baldintzak erregulatzen dituzten arauetan, zehazki, lan-denbora malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak jaso behar dira –neurri horiek ez dute kalterik ekarri behar enpleguaren kalitatean eta langileen eskubideetan–, bai eta beste zenbait neurri ere, emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea errazteko.

  2. – Euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, enpresentzako laguntzak bideratu behar dituzte, enpresok lan-denbora malgutu eta berrantolatu dezaten, bai eta emakumeei eta gizonei bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztea helburu duten beste zenbait neurri har ditzaten ere.

  3. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak laguntzak emango dizkie etxeko beharrizanei erantzuteko mendeko pertsonak zaintzeko eszedentziak, baimenak eta lanaldi-murrizketak hartzen dituzten langileei. Laguntzok erregulatzen dituzten arauetan jasota egon behar dira aukera horiek baliatzen dituztenak lanera itzultzea errazteko neurriak, bai eta beren lanbide-sustapenean kalterik izan dezaten saihestekoak ere.

  1. – Euskal herri-administrazioek zerbitzu eskuragarriak, malguak, kalitatekoak eta erraz lortzekoak ezarri behar dituzte, hain zuzen ere, autonomia funtzional nahikoa ez izatearen ondorioz eguneroko bizitzako jardunerako beren kabuz baliatu ezin diren pertsonen arreta-beharrizanei erantzuteko.

  2. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak, eskudunak diren gainerako administrazioekin lankidetzan, beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar ditu haurrei hezkuntzaren zein laguntzaren aldetik arreta eskaintzeko zerbitzuak daudela bermatzeko. Zerbitzuok ondo entzun behar diete eremu edo eskualde bakoitzean eskolatze-adina baino lehenagoko haurrek dituzten beharrizan guztiei, eta ordutegi eta egutegi zabal eta malguak eskaini behar dituzte.

  3. – Haurrei hezkuntzaren eta laguntzaren aldetik arreta eskaintzeko zerbitzuei, eguneko zentroei, egoitzei eta mendeko pertsonei arreta eskaintzeko gainerako zentro eta programei zuzenduta dauden laguntzen deialdietan, euskal herri-administrazioek lehentasuna emango diete gainerako kalitate-irizpideak betetzeaz gain ordutegi eta egutegi zabal eta malguak dituzten zentro eta programei.

  4. – Hezkuntza Administrazioak, eskudunak diren gainerako administrazioekin lankidetzan, jantoki-zerbitzu osoa egongo dela bermatu behar du hezkuntzaren maila guztietan eta eskariaren arabera.

  5. – Euskal herri-administrazioek beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar dituzte haur eta lehen hezkuntzan zehar, curriculumetik kanpo, arreta osagarria eskaini dakien haurrei, ezarrita dagoen eskola-ordutegia eta -egutegia zabalduta, horri esker, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztu dakien emakumeei eta gizonei.

  6. – Euskal herri-administrazioek laguntzak emango dituzte, hain zuzen ere, emakumeek eta gizonek bizitza pertsonala, familia eta lana uztartu ahal izateko zerbitzuak eskaintzea helburu duten enpresak sortu eta mantendu daitezen.

  7. – Euskal herri-administrazioek atsedena eskaintzeko programak eta laguntza ekonomiko, tekniko eta psikosoziala emateko beste neurri eta zerbitzu batzuk ezarriko dituzte zaintza-lanak betetzen dituzten pertsonentzat; eta aztertu eta, hala badagokio, bultzatu egingo dituzte norbanakoen artean pertsonak zaintzen elkarri laguntzeko sor daitezkeen ekimenak eta formulak.

Lege honen ondoreetarako, sexuaren ziozko edozein ekintza bortitz joko da emakumeen aurkako indarkeriatzat, baldin eta ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua ekartzen badio edo ekar badiezaioke. Jokaera horien artean sartuko dira emakumea ekintza horiek egitearekin mehatxatzea, hertsapenak egitea edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan.

  1. – Euskal herri-administrazioek emakumeen aurkako indarkeria-mota ezberdinen arrazoiak, ezaugarriak, arazoa identifikatzeko zailtasunak eta ondorioak iker daitezen sustatuko dute. Era berean, indarkeria horiek erauzteko eta horien ondorioak konpontzeko aplikatzen diren neurrien eraginkortasuna iker dadin ere bultzatuko dute.

  2. – Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aldian-aldian ebaluatu egingo du zein den Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeriaren arloan dauden baliabideen eta programen eraginkortasuna eta irismena. Horretarako, inplikatuta dauden gainerako euskal herri-administrazioek informazioa emango diote beren ardurapean dituzten baliabideei eta programei buruz.

  3. – Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreko paragrafoan aipatutako ebaluazioaren berri emango dio Eusko Legebiltzarrari.

Lege honetan jasota dauden gainerako neurri prebentiboak kontuan izan behar badira ere, euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan eta modu koordinatuan, sentsibilizazio-kanpainak egin behar dituzte emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta ezabatzeko.

  1. – Euskal herri-administrazioetan langileak prestatzeko eskumena duten erakundeek, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan, emakumearen aurkako indarkeria kasuetan esku hartzen duten langileek prestakuntzaren arloan dituzten beharrizanen diagnosia egin behar dute, eta aldian-aldian eguneratu; eta diagnosi horren arabera profesional-taldeek dituzten beharrizanei egokitzeko prestakuntzaprogramak jarriko dira abian.

  2. – Euskal herri-administrazioek, betiere, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta ezabatzen eta biktimak zaintzen eta haiei laguntzen diharduten erakunde pribatuetako langileek prestakuntza jaso dezaten lagunduko dute.

Euskal herri-administrazio eskudunek prestakuntza espezializatua eman behar diete emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko eta babesa emateko dauden poliziako kideei. Era berean, beharrezko prestakuntza eta baliabideak emango dizkiete euskal poliziei emakumeen aurkako indarkeria-egoeretan esku hartzerakoan eraginkortasunik handiena lortze aldera, eta, bereziki, etxeko tratu txarren biktima direnen babeserako onartzen diren neurri judizialen betearazteari eta kontrolari dagokionez. Horren guztiorren helburua, hain zuzen, biktimen segurtasuna bermatzea eta biktima horiek, beren borondatearen aurka, beren etxebizitzak utzi behar izatea saihestea da.

Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beharrezko neurriak jarri behar dituzte etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituztenek laguntza juridiko espezializatua, doanekoa, berehalakoa, integrala eta eskuerakoa izan dezaten. Laguntza horren barruan sartuko da prozesu penaletan akusazioa aurrera eramatea, eta, banaketa-, deuseztasun- eta dibortzio-kasuetan demanda zibilaren aurretik behin-behineko neurriak hartzeko eskatzea, edo izatezko elkarteen kasuan kautelazko neurriak hartzeko eskatzea.

  1. – Euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, laguntza juridiko eta psikologiko urgentea, doakoa, espezializatua eta deszentralizatua bermatu behar diete etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktima direnei.

  2. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak beharrezko bitarteko pertsonalak eta materialak ezarri behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan eta auzitegietan peritu bidezko froga psikologikoak egin ahal izan daitezen, froga horiek beharrezkotzat jotzen badira etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen existentzia eta larritasuna egiaztatzeko.

  1. – Foru- eta toki-administrazioek, beren eskumenen eremuan, etxeko tratu txarren biktimek dituzten aldi baterako babes- eta bizileku-premiei erantzuteko harrera-baliabide nahikoak izango direla bermatuko dute.

  2. – 20.000 biztanletik gorako udalerri guztiek eta kopuru hori gainditzen duten mankomunitateek (eratuta daudenek edo sortuko direnek) harrera-pisuak izan behar dituzte, etxeko tratu txarren biktimek dituzten aldi baterako babes- eta bizileku-premia larriei erantzuteko.

  3. – Euskal herri-administrazio eskudunek hau bermatuko dute: lurralde historiko bakoitzean harrera berehala egiteko gizarte-zerbitzu bana egongo dela gutxienez. Zerbitzu horrek urte osoan eguneko 24 orduetan lan egingo du, eta gutxienez ondoko ezaugarriak beteko ditu:

    1. Etxeko tratu txarren edozein biktimaren eskura egotea, biktima horiek urgentziaz eta aldi baterako babesa eta bizilekua behar badute, beren egoera pertsonala, juridikoa edo soziala edozein dela ere.

    2. Pertsonal espezializatu nahikoa izatea lehenengo arreta psikosoziala eskaintzeko, eta biktimei osasun-zentroetara, polizia-bulegoetara edo lehen momentuan beharrezkotzat jotzen diren beste zenbait lekutara laguntzeko.

    3. Biktimen nahiz zerbitzuko langileen osotasun fisikoa babesteko beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak izatea.

    4. Zubi-lana egitea existitzen diren beste gizarte- eta harrera-baliabideetara iritsi ahal izateko.

  4. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak erregelamenduz ezarriko ditu aurreko hiru paragrafoetan aipatutako harrera-baliabideek, kalitateari eta funtzionamenduari dagokionez, bete beharreko gutxieneko irizpide eta baldintzak. Erregelamendu horrek, betiere, ondokoa bermatzeko neurriak jaso behar ditu:

    1. Aldi baterako babes- eta bizileku-premia larria duten biktimek, beste edonora ezin badute jo, harrera-baliabideetara jo ahal izatea, biktima horien egoera pertsonal eta soziala edozein dela ere.

    2. Harrera-baliabideen ardura duten erakundeen artean koordinazioa egotea, bai eta erakunde horien eta etxeko tratu txarren biktimentzat dauden gainerako zerbitzuen eta baliabideen artean ere.

    3. Mugikortasun geografikoa: horrela, segurtasun-arrazoiak direla-eta beren udalerria utzi behar duten eta utzi nahi duten emakumeek beste udalerri batzuetan dauden harrera-pisuetara jo ahal izan dezaten.

    4. Segurtasun-neurriak eta biktimei laguntzeko eta sostengua eskaintzeko zerbitzuak egotea, emakume horiek harrera-etxeetan dauden bitartean.

  1. – Lege honetako seigarren azken xedapenean ezarritakoarekin bat, batetik, etxeko tratu txarren biktimak salbuetsita daude oinarrizko errenta jasotzeko legez ezarrita dagoen gutxieneko adin-muga aplikatzetik, eta bestetik, etxeko tratu txar egoera bat dela-eta ohiko etxebizitza utzi behar duten eta beste pertsona batzuenean integratzen diren pertsonek, inola ere, oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea daukate, harrera egin dietenak senitartekoak izan ala ez, baldin eta errenta hori jasotzeko exijitzen diren beste betekizunak betetzen badituzte.

  2. – Halaber, eta pertsona horiek ekonomikoki autonomoak izatea eta bizitza normalizatura itzultzea bultzatzearren, aldi baterako harrerako pisuetan edo zentroetan babestuta dauden etxeko tratu txarren biktimek; inola ere, oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta errenta hori jasotzeko exijitzen diren beste betekizunak betetzen badituzte, nahiz eta pertsona horien oinarrizko mantenua pisu edo zentro horiek bete.

  3. – Gizarte-zerbitzuek aurrekontu-partida bat izango dute urgentziako prestazio ekonomikoetarako. Prestazio horien helburua, hain zuzen ere, etxeko tratu txarren biktimek bizirik irauteko dituzten oinarrizko beharrizanei berehala erantzutea da, biktima horiek eskubide osoz jaso ditzaketen gainerako prestazio ekonomikoak ematea izapidetzen den bitartean.

  4. – Erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, Eusko Jaurlaritzak ezohiko laguntzak eman diezazkieke etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktimei, ebaluatu eta egiaztatu daitezkeen beharrizan pertsonalak arintzeko, baldin eta organo eskudunek ziurtatu badute ez dutela ohiko laguntzarik jasotzen, edo horiek jaso arren laguntzon kopurua ez dela nahikoa egoera horiei aurre egiteko.

  1. – Funts publikoekin finantzatutako etxeen esleipenean, euskal herri-administrazio eskudunek lehentasuna emango diete etxeko tratu txarrak jasotzearen ondorioz beren etxebizitzak utzi behar izan dituztenei. Horretarako, pertsona horien egoera soziekonomikoa eta erregelamenduz ezartzen diren gainerako baldintzak hartuko dira kontuan.

  2. – Euskal herri-administrazioak elkarren artean koordinatuko dira etxeko tratu txarren biktima direnei beharrezko etxebizitza-baliabideak bermatzeko, bai babeseko etxebizitzak, bai aldi baterako harrerako pisuak. Autonomia Erkidegoko Administrazioak erreserbak eta bestelako neurriak ezarriko ditu aurreko helburu hori betetzeko.

  1. – Erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, etxeko tratu txarren biktimek lehentasunezko eskubidea izango dute beren profiletara egokitzen diren eta erabat edo zati batean euskal herri-administrazioetako funtsekin finantzatuta dauden enplegurako prestakuntza-ikastaroak egiteko. Horretarako, kupoak edo bestelako neurriak ezarriko dira.

  2. – Arauz ezartzen diren baldintzetan, etxeko tratu txarren biktimak lanerako kontratatzea eta langile autonomo edo kooperatibako bazkide gisa eratzea sustatuko du Eusko Jaurlaritzak.

Erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan eta beren egoera sozioekonomikoaren arabera, etxeko tratu txarren biktimek lehentasunezko tratua izango dute erabat edo zati batean euskal herri-administrazioetako funtsekin finantzatuta dauden haur-eskoletara sartzeari dagokionez, bai eta hezkuntza-arloan dauden beka eta bestelako laguntza eta zerbitzuetarako ere.

  1. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak gai honetan eskumenak dituzten gainerako euskal herri-administrazioekin erakunde arteko lankidetza-akordioak egin daitezen sustatuko du; horrela, etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak gertatzen diren kasuetan, erantzuna koordinatua eta eraginkorra izango da, eta biktimei laguntza integrala eta kalitatezkoa bermatuko zaie. Era berean, gai honetan eskumenak dituzten gainerako erakundeekin ere lankidetzarako bideak bilatu beharko dira.

  2. – Lankidetza-akordio horietan, Autonomia Erkidego osorako homogeneoak izango diren jarduketa-irizpideak edo -protokoloak finkatuko dira, era horretako kasuetan dihardutenei zuzenduak. Gainera, mekanismo batzuk ezarriko dira akordiotan, aldeek konpromisoak betetzen dituzten jarraipena egiteko eta ebaluatzeko.

  3. – Foru- eta toki-administrazioek zera bultzatuko dute: aurreko bi paragrafoetan aipatutako akordioak eta protokoloak garatu, zehaztu eta administrazio bakoitzaren errealitatera egokituko dituzten lankidetza-akordioak eta protokoloak har daitezela beren lurralde-eremuan.

  1. – Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortzen da. Organo honen ardura, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan sexuaren ziozko diskriminazio-kasuetan biztanleak defenditzea eta emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren betetzea sustatzea izango da.

  2. – Defentsa-erakundeak erabateko autonomia izango du Administrazioaren beste atalekiko, bere eginkizunak betetzeko, eta Emakunde-Emakumenaren Euskal Erakundeari atxikita egongo da, Administrazioaren egitura hierarkikoan txertatu gabe.

  1. – Defentsa-erakundeak objektibotasun eta inpartzialtasun osoz beteko ditu bere eginkizunak eta ez da egongo inolako hierarkia- edo jarraibide-motaren menpe.

  2. – Bere eginkizunak honakoak izango dira:

    1. Ikerketak egitea, ofizioz nahiz alderen batek eskatuta. Ikerketon helburua sektore pribatuan gerta daitezkeen sexuaren ziozko zuzeneko edo zeharkako bereizkeria-egoerak argitzea izango da.

    2. Pertsona fisikoei eta juridikoei negoziazio-bideak eskaintzea eta gomendioak ematea, sektore pribatuan sexuaren zioz sortutako bereizkeria-egoerak edo -praktikak konpontzeko, eta gomendio horiek betetzearen jarraipena egitea.

    3. Arlo pribatuan sexuaren zioz sortutako bereizkeria-egoeretan aholkularitza eta laguntza ematea herritarrei.

    4. Jazarpen sexistako kasuak errazago konpontzeko bidea izatea.

    5. Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, bereizkeriaren aurkako arauak zenbateraino betetzen diren aztertu eta ebaluatzea.

    6. Bereizkeriaren aurkako legeria eta jurisprudentzia aztertzea, eta lege berriak egitea eta legeria aldatzeko proposamenak aurkeztea.

    7. Egiten dituen jarduerak eta ikerketak jendaurrera zabaltzea, eta lege honetan xedatutakoaren araberako txostenak eta irizpenak ematea.

    8. Mekanismoak proposatzea Arartekoarekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin eta giza eskubideen arloan eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumenak dituzten beste organo eta erakunde batzuekin koordinatzeko.

    9. Lan-administrazioko agintariekin elkarlanean aritzea, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez bereizkeriaren aurkako lan-araudia betetzearen jarraipena egiteko.

    10. Lege honetan jasotako edo Legearen helburuak betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun.

  1. – Defendatzaileak ez ditu banan-banan aztertuko pertsonen intimitateari dagozkion kexak, ez eta jada epai irmo bidez erabaki direnak edo epaileak oraindik ebazteke dituenak ere. Era berean, edozein ikerketa bertan behera geldituko da interesatuak auzitegi arruntetan edo Konstituzio Auzitegian salaketa edo errekurtsoa aurkezten badu.

  2. – Defentsa-erakundeak aurrera eramandako ikerketa-lanak, betiere, ustez bereizkeria eragin duten jarrera edo gertakariei zuzenean lotuta egongo dira, eta gertatutakoa argitzeko balio izan dezaketen lanak baino ez dira egingo.

  3. – Nolanahi ere, defentsa-erakundeak egiten dituen ikerketak zuhurtzia zorrotzenez egiaztatuko dira. Hala ere, egokitzat jotzen dituen ohar guztiak jaso ahal izango ditu bere txostenetan.

  4. – Ez dagokio defentsa-erakundeari bereizkeria-egintzak ezeztatzea, bertan behera uztea edo zigortzea.

Defentsa-erakundeak ikertzen dituen pertsona fisiko eta juridiko guztien betebeharra izango da erakunde horren lana erraztea. Horretarako, gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren datu, agiri, txosten eta azalpenak emango dituzte, zentzuzko epe baten barruan, eta aldez aurretik eskatu ostean, beren egoitzetan sartzen ere utziko dute, non eta ez den bizilekua. Kasu horretan, berariazko baimena lortu beharko da.

  1. – Defentsa-erakundearen titularra Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea da.

  2. – Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea lehendakariaren dekretu bidez izendatuko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengoak proposatuta. Karguak bost urte irauten du, baina berritu egin daiteke, iraupen bera duten ondoko aldietarako. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  3. – Defendatzaile izatea honako karguekin ez da bateragarria:

    1. Herri-hauteskunde bidez hautatzen diren mandatu ordezkatzaile guztiekin.

    2. Izendapen libreko kargu politiko guztiekin.

    3. Alderdi politiko, sindikatu edo enpresa-elkarte bateko kide izatearekin.

    4. Erakunde edo fundazioren bateko zuzendaritza-eginkizunak betetzearekin.

    5. Edozein herri-administraziotan zerbitzu aktiboan aritzearekin.

    6. Karrera judiziala edo fiskala egitean aritzearekin.

    7. Edozein jarduera profesional, liberal, merkantil edo laboralean jardutearekin.

  4. – Defendatzaileak kargua uzteko arrazoia hauetako edozein izan daiteke:

    1. Uko egitea.

    2. Izan duen izendapenerako aldia amaitzea.

    3. Heriotza edo gertatutako ezintasuna.

    4. Karguari dagozkion zereginetan ez-betetze larria egitea.

    5. Doluzko delituagatik, emandako epai irmo bidez kondenatua izatea.

    6. Gertatutako bateraezintasuna.

  5. – Defendatzaile izendatutakoa euskal herri-administrazio bateko funtzionario publikoa baldin bada, zerbitzu berezietako administrazio-egoera deklaratu beharko zaio.

  6. – Defendatzailearen ordainsaria ekitaldi bakoitzean ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

  7. – Kargu-uztea, hain zuzen, eragiten duen inguruabarra izaten denean edo eragiten duen egintzak ondorioak dituenean gertatzen da. Lehendakariaren dekretu bidez formalizatuko da, eta kargua uzteko arrazoia eta noiz gertatuko den adieraziko dira dekretu horretan. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  8. – Kargua b) idatz-zatian ezarritako arrazoiagatik uzten bada, defendatzaileak bere eginkizunak betetzen jarraituko du, defendatzaile berria izendatzen den arte.

  1. – Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzaileak aholkulariak eta konfiantzako langileak izendatu ahal izango ditu bere eginkizunak betetzeko, defentsa-erakundeko erregelamenduaren arabera eta Aurrekontuko mugen barruan. Aholkulari eta langile horiek Eusko Jaurlaritzako behin-behineko langileek duten araubide bera izango dute.

  2. – Gainerako langileei, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan diharduten funtzionarioen araubide juridikoa aplikatuko zaie.

Defentsa-erakundea finantzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoen diru-izendapena egin behar da, urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

  1. – Sexuaren ziozko bereizkeria jasaten duela uste duen edozein pertsonak edo pertsona-taldek, edo horiek modu legitimoan ordezkatzen dituztenek, kexa aurkez dezakete Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundean.

  2. – Beren helburuen artean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zaintzea duten elkarte, erakunde eta beste pertsona juridikoak legitimatuta daude prozedura hasi edo bertan parte hartzeko, bere burua diskriminatutzat hartzen duen pertsonaren izenean edo hari lagunduz, pertsona horren baimena baldin badute.

  3. – Defentsa-erakundera jo ahal izateko ez dira oztopo izango pertsonaren nazionalitatea, bizilekua, adina eta legezko ezintasuna.

  4. – Kexa idazki bidez edo hitzez aurkez daiteke eta, kasu guztietan, arrazoiak eman behar dira.

  5. – Kexa, betiere, aurretik baloratu behar da, onar daitekeen ikusteko. Ez da kexarik onartuko, honako inguruabarretako bat gertatzen bada:

    1. Legitimazio aktiborik ez izatea, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

    2. Urtebeteko epea igaro izatea kexa eragin zuten jokabidea edo gertakariak amaitu zirenetik.

    3. Kexa adierazi duenak bere datuak ez ematea.

    4. Fede txarrez jokatzen bada edo prozedura gehiegi erabiltzen bada. Kasu horietan, kriminalitate-zantzuak antzematen badira, agintaritza judizial eskudunari jakinaraziko zaizkio.

    5. Kexa argi eta garbi funsgabea izatea, edo eskatzen diren datuak ez ematea.

    6. Jada defentsa-erakundeak aztertu duen gairen bati buruzkoa izatea.

    7. Defendatzailearen eskumen-eremuarekin zerikusirik ez izatea. Arartekoari igorri behar zaizkio haien eskumen-eremuekin zerikusia duten kexak.

  6. – Defentsa-erakundeak kexa izapidetzea beharrezkoa ez dela ikusten badu, interesatuari jakinarazi behar dio, idazki arrazoitu bidez; eta, hala badagokio, bere kasuan eskumenak dituzten erakundeen berri emango dio.

  1. – Kexa izapidetzea onartu ondoren, gertakariak argitzeko beharrezko ikerketa-eginbideak egiteari ekin beharko zaio.

  2. – Prozeduraren fase honetan, kexa kontra izan duen pertsonari entzungo zaio.

  1. – Prozedura amaitzen duen ebazpenak ikerketen emaitzen berri emango du. Hartan, bereizkeria-egoera edo -praktikak edo emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna oztopa dezaketenak ezabatzeko egoki ikusten diren adiskidetze-neurriak proposa dakizkieke bi aldeei. Horretarako, kexa kontra izan duen pertsonari gomendioak ere eman dakizkioke.

  2. – Kexa kontra izan duen pertsonak defentsa-erakundeak emandako gomendioak betetzen ez dituenean, erakunde horrek laguntza teknikoa emango dio afektatuari, hark beste administrazio-instantzia edo instantzia judizial batzuetan izapidetu ditzan bereizkeriagatiko erreklamazioak.

  3. – Defentsa-erakundearen egintzek administrazio-bidea agortuko dute, auzitegietan horien aurka egitearen ondorioetarako.

  4. – Ikerketek dirauten bitartean arrazoizko kriminalitate-zantzuak antzemango balira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Fiskaltzari jakinaraziko dizkio.

  1. – Defentsa-erakundeak urteko txostena egingo du, egindako jarduketak biltzeko.

  2. – Txostenean, gutxienez, honakoak bilduko dira:

    1. Ofizioz edo aldeek eskatuta egindako ikerketen zerrenda eta horien emaitza; horien barruan, egindako adiskidetze-proposamenak eta emandako gomendioak ere adieraziko dira, bai eta onartu diren ala ez.

    2. Ezetsitako kexen zerrenda eta ezesteko arrazoiak.

      75. artikuluan ezarritakoaren arabera emandako irizpenen zerrenda.

    1. Interesgarritzat jotako beste edozein gai.

  3. – Txostena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu beharko da.

Gertaeren larritasunak eta urgentziak eskatzen duenean, defendatzaileak txosten berezia aurkeztu ahal izango du Legebiltzarrean, edozein unetan eta bere ekimenez.

Defentsa-erakundea erakunde eskuduna da Lan Prozedurari buruzko Legeko 95. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako irizpenak emateko.

Emakumeen eta gizonen arloan egin diren arau-hausteengatiko erantzukizun administratiboa, hain zuzen, kapitulu honetan tipifikatutako ekintzen eta ez-egiteen errudun den pertsona fisikoari edo juridikoari dagokio. Horrez gain, erantzukizun zibil, penal eta bestelakoak ere izan daitezke halako kasuetan.

  1. – Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

  2. – Arau-hauste arina izango da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak egin beharreko ikerlana oztopatzea edo horri zati batean uko egitea.

  3. – Honakoak dira arau-hauste larriak:

    1. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak egin beharreko ikerlana oztopatzea edo lan horri guztiz uko egitea.

    2. Lege honetako 26.1, 26.2, 30.1 eta 40.1 artikuluetan ezarritako eginbeharrak eta debekuak ez betetzea.

    3. Gutxienez bi arau-hauste larri berriro egitea.

  4. – Oso arau-hauste larria izango da gutxienez bi arau-hauste larri berriro egitea.

Lege honen ondoreetarako, arau-haustea berriro egin dela ulertuko da arau-hausteen erantzuleak diren pertsonek bi urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin badute, eta horrela adierazi bada ebazpen irmo bidez.

  1. artikuluak.– Zehapenak.

    Zehapenak honela aplikatuko dira:

    1. Arau-hauste arinak ohartarazpenarekin edota 900 eurorainoko isunarekin zehatuko dira.

    2. Arau-hauste larrien zehapena 9.000 eurorainoko isuna izango da edota bat eta hiru urte arteko epean euskal herri-administrazioen ezein laguntza publiko eskuratzeko debekua, edota pertsona fisiko edo juridiko erantzulea aldi baterako, aurreko epe bererako, gaitasunik gabe uztea zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten zentroen edo zerbitzuen titulartasuna izateko.

    3. Arau-hauste oso larrien zehapena 45.000 eurorainoko isuna izango da edota hiru eta bost urte arteko epean euskal herri-administrazioen ezein laguntza publiko eskuratzeko debekua, edota pertsona fisiko edo juridiko erantzulea aldi baterako, aurreko epe bererako, gaitasunik gabe uztea zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten zentroen edo zerbitzuen titulartasuna izateko.

Isunen zenbatekoa zehazteko eta gainerako zehapenak aplikatzeko, organo eskudunak honako mailakatze-irizpideak hartu behar ditu kontuan:

  1. Eragindako kalteen izaera.

  2. Nahita egin den edo behin baino gehiagotan egin den.

  3. Prozedura hastea ekarri zuten akatsak instantziaren ebazpena eman baino lehen zuzendu ote dituen arau-hausleak.

  1. – Lege honetan ezartzen diren gaietako arau-hauste administratiboak honako epeen barruan preskribituko dira: arau-hauste oso larriak, bi urtean; larriak, hamabi hilabetean; eta arinak, berriz, sei hilabetean. Epe horiek guztiak arau-haustea gertatzen den egunetik aurrera zenbatuko dira.

  2. – Lege honen babesean ezarritako zehapenen preskripzio-epea honakoa izango da: oso larrien kasuan, urtebetekoa; larrien kasuan, sei hilabetekoa; eta arinen kasuan, hiru hilabete. Epe horiek guztiak zehapena jartzen duen ebazpena irmo egiten den egunaren biharamunetik hasiko dira zenbatzen.

Lege honetan zehazten diren arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eskumena duten agintariak honakoak izango dira:

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, arau-hauste arinengatiko zehapenak ezartzeko.

  2. Jaurlaritzaren Kontseilua, arau-hauste larri eta oso larriengatiko zehapenak ezartzeko.

Zehatzeko prozedura, hain zuzen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezartzen diren printzipioei egokitu behar zaie.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeak, lege honen 13. artikuluan esleitzen zaizkion eginkizunen arabera, bost urterik behin lege honen betetze, garapen eta aplikazioaren eta, hala badagokio, berrikusteko egokitasunaren jarraipena egingo du. Horri buruzko txostena Eusko Legebiltzarrari igorriko dio.

Lege hau indarrean jartzen den egunaren osteko hamabi hileko epealdian, lehendakariak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea izendatuko du.

  1. – Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, beren sailen egitura organikoari buruzko dekretuak aldatzeko behar diren administrazio prozedurak hasiko dituzte, sail bakoitzean administrazio-unitate bat guxienez izan dadin. Unitate horiek, hain zuzen, lege honetan eta Jaurlaritzak onetsitako berdintasun-planean jasotzen diren neurriak sailean egikaritu daitezen sustatuko eta koordinatuko dute.

  2. – Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, lanpostu zerrendak aldatzeko behar diren administrazio-prozedurak hasiko dituzte. Aldaketa horren xedea hau da: emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko programak bultzatu eta diseinatzea eta gai horri buruzko aholkularitza teknikoa ematea eginkizuntzat duten plazak beteko dituen pertsonal teknikoaren eskarmentua edota gaikuntza berezia bermatzea.

  3. – Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lanpostu-zerrenda aldatzeko behar diren administrazio-prozedurak hasiko dituzte. Aldaketa horren xedea hau da: Emakundek lege honetan eratxikitzen zaizkion eginkizunak burutu ahal izatea, bai eta lanpostu zerrenda hori legearen aplikazioak eragiten dituen beharrizanei egokitzea ere.

  4. – Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, urtebeteko epean, hezkuntza ebaluatu, ikertu eta berriztatzeko ardura duten organoen eta irakasleei laguntzeko zerbitzuen lanpostu zerrenda aldatzeko behar diren administrazio-prozedurak hasiko dituzte; horretarako, hezkidetzaren arloko gaikuntza behar duten plazetarako beharkizun bereziak txertatuko dira.

Zenbait arauren indarraldia.

Ondoko xedapen hauek indarrean egongo dira, lege honen aurkako atalak izan ezik, harik eta lege hau garatzeko arauak eman arte, arau horiek beren beregi indargabetuko baitituzte dekretuok:

  1. Irailaren 13ko 301/1988 Dekretua, Emakumearen Euskal Erakundea antolaketa eta jardute-egitura ezartzen duena.

  2. Apirilaren 27ko 78/1998 Dekretua, Begira/Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza eratzeko dena.

  3. Ekainaren 9ko 103/1998 Dekretua, Emakumearen Euskal Erakundearen Aholku Batzordea sortzen duena.

  4. Azaroaren 8ko 424/1994 Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Lankidetza Erakundea izeneko figura sortzen duena.

  5. Ekainaren 15eko 251/1999 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeentzako Ekintza Positiboko Planaren exekuzioa koordinatzeko Sailarteko Batzordea arautzeko dena.

Indargabetzea.– Maila bereko edo apalagoko arauak indargabeturik geratuko dira lege honetan xedatutakoaren aurka dauden puntuetan.

  1. – Aldatu egiten da Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen izenburua: gaztelaniazko bertsioan "Ley 2/1988, de 5 de febrero, sobre creaciσn de Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer" izango da, eta euskarazko bertsioan, berriz, "2/1988 Legea, otsailaren 5ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzkoa".

  2. – Aldatu egiten da Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3. artikulua; aurrerantzean, ondokoa izango da artikulu horren idazkuntza:

    "3. artikulua.– Eginkizunak.

    Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio ondoko eginkizunak betetzea:

    1. Arestian proposatu diren xedeak erdiesteko gidalerroak gertutzea eta Autonomia Erkidegoko herri-aginte guztiek aplika ditzaten bultzatzea.

    2. Berdintasunerako politiken eta Autonomia Erkidegoko legeriaren jarraipena egitea, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioarekin egokitzeari dagokionez; alde batera utziko da bereizkeriaren aurkako araudia.

    3. Legegintzako eraldaketa-proposamenak gertatzea, bi sexuen arteko benetako berdintasun iraunkorra trabatzen edo galarazten duten oztopoak ezabatzeko; eta lege hau garatzeko araudia proposatzea.

    4. Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagozkion txostenak egitea eta irizpenak ematea, Autonomia Erkidegoko Administrazioak proposatzen dituen xedapen orokorrak gertatzeko prozedurak irauten duen artean.

    5. Genero-ikuspegia arlo politiko guztietan integratzeko metodoak diseinatzea.

    6. Emakumeen eta gizonen berdintasunean eskudunak diren entitate, organo eta unitateetako langileen eginkizunei eta gaikuntzari dagokionez, oinarrizkoak eta komunak diren baldintzak proposatzea euskal herri-administrazioetan horretarako ardura dutenei.

    7. Euskal herri-administrazioei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean prestakuntza-planak diseinatzen eta proposatutako helburuak lortzen laguntzea, eta horri buruzko aholkuak ematea.

    8. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sail arteko Batzordearen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen zereginak bultzatu eta koordinatzea; halaber, emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina duten programei dagokienez Autonomia Erkidegoko herri-aginteen artean izan beharreko koordinazio-neurriak bultzatzea.

    9. Emakumeen eta gizonen baldintza, beharrizan eta interesak aztertzea, bai eta horren guztiaren ondorioz bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean gertatzen diren ezberdintasunak ere. Horretarako, jarduketa-arlo guztietan egin beharreko politikak taxutzeko azterlanak egitea bultzatuko da.

    10. Aholkua ematea eta sustapen-neurriak ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko materialak eta ekonomikoak eta giza baliabideak eduki ditzaten emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatzen diren programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

    11. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateak homologatzeari aplikatuko zaizkion betekizunak eta baldintza oinarrizkoak eta komunak proposatzea, hain zuzen, eskumena duen organoari.

    12. Bereizkeria anizkoitza jasaten duten emakumeei oinarrizko gizarte-eskubideetarako sarbidea izan dezaten bermatzeko zerbitzuak eskaintzea bultzatu eta proposatzea.

    1. Emakumeek eta gizonek bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztuko dituzten zerbitzu soziokomunitarioak eskaini eta egoki daitezela bultzatu eta proposatzea.

    2. Herritarrak sentsibilizatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanguraren eta garrantziaren gainean eta berdintasun hori lortzeko lan egin beharraren eta emakumeen jabekuntzaren gainean bidezkotzat jotzen diren sentsibilizazio, sustapen eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak egingo dira.

    3. Elkarte, fundazio eta beste ente eta erakunde batzuekin harremanak eta parte-hartze bideak ezartzea, baldin eta erakundeon xedeak edo eginkizunak Emakunderen helburuak lortzeko lagungarri badira.

    4. Beste autonomia-erkidego batzuetako, Estatuko eta nazioarteko antzeko erakundeekin harremanak eta parte-hartze bideak ezartzea.

    5. Beraren xedeen arloan agintzen zaion beste edozein eginkizun betetzea".

  3. – 2/1998 Legean Emakumearen Euskal Erakundeari egindako aipamen guztietan ondokoa ulertu behar da: Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer gaztelaniazko bertsioan, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea euskarazko bertsioan.

  1. – Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, paragrafo bat gehitzen da 27. artikuluan. Paragrafo hori 2.a izango da, eta lehengo testua,1.a. Hala esango du paragrafo horrek:

    "2. Baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie lehentasuna, administrazioko dena delako kidego edo eskalan emakumeak %40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu; kasurako, laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean".

  2. – Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, paragrafo bat gehitzen da 31. artikuluan. Paragrafo hori 3.a izango da, eta lehengo 3.a, 4.a. Hala esango du paragrafo horrek:

    "3. Trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da hautaketa-epaimahaietan edo organo teknikoetan, salbu eta hori egokia ez dela behar bezala justifikatzen bada. Ordezkaritza orekatua egongo da lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak, gutxienez, %40ko ordezkaritza duenean, eta gainerako organoetan, berriz, sexu biak ordezkatuta daudenean".

  3. – Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, paragrafo bat gehitzen da 46. artikuluan. Paragrafo hori 2.a izango da, eta lehengo 2.a eta 3.a, 3.a eta 4.a izango dira aurrerantzean. Hala esango du paragrafo horrek:

    "2. Lehiaketa bidez bete beharreko lanpostuen kasuan, baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie lehentasuna, administrazioko dena delako kidego edo eskalan emakumeak %40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu; kasurako, laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean".

  1. – Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legean, paragrafo bat gehitzen da 17. artikuluan. Paragrafo hori 2.a izango da eta hala esango du:

    "2. Jaurlaritzan bi sexuek %40ko ordezkaritza izango dute, gutxienez".

  2. – Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legean, aldatu egiten da 57.1 artikulua. Hala esango du aurrerantzean:

    "Eusko Legebiltzarrari aurkezten zaizkion lege-proiektuei dagokienez, testuarekin batera, zioen azalpen bat eta zio horiei buruz iritzia emateko beharrezko aurrerakinak bidaliko dira; horrez gainera, proiektuak generoaren ikuspegitik duen inpaktuaren eta ondorioz hartu beharreko neurri zuzentzaileen aurretiazko ebaluazioa ere bai".

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean, pafragrafo bat gehitzen da. Paragrafo hori 4.a izango da eta hala esango du:

"4. Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek edo hautesleen elkarteek aurkezten dituzten hautagai-zerrendetan, %50, gutxienez, emakumeak izango dira. Proportzio hori hautagai-zerrenda osoan eta sei izeneko tarte bakoitzean mantenduko da. Lurralde historikoko hauteskunde batzorde eskudunek, inola ere, artikulu honetan hautagien nahiz ordezkoen kasuan ezartzen dena betetzen duten hautagai-zerrendak baino ez dituzte onartuko".

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzko 1/1987 Legean, 6 bis artikulua honela erredaktatuta geratuko da:

"1. Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek edo hautesleen elkarteek aurkezten dituzten hautagai-zerrendetan, %50, gutxienez, emakumeak izango dira. Proportzio hori hautagai-zerrenda osoan eta sei izeneko tarte bakoitzean mantenduko da. Eskualdeko hauteskunde-batzorde eskudunek, hain zuzen, artikulu honetan hautagaien nahiz ordezkoen kasuan ezartzen dena betetzen duten hautagai-zerrendak baino ez dituzte onartuko".

  1. – Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, paragrafo bat gehitzen da 50. artikuluan. Hala esango du:

    "5. Titulu honetan erregulatutako diru-laguntzen eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako persona fisikoak edo juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere".

  2. – Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, tarteki bat gehitzen da 51. artikuluaren 1. paragrafoaren c) idatz-zatiaren azkenean. Hala esango du:

    "c) (…)

    Halaber, eta legez ezarritakoaren arabera bidezkoa dela ikusten baldin bada, laguntza edo diru-laguntza esleitzeko irizpide objektiboen artean zera txertatu behar da: proiektuan genero-ikuspegia integratu beharra, bai eta eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean izan duen ibilbidea ere".

  1. – Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean, paragrafo bat gehitzen da 3. artikuluan. Paragrafo hori 3.a izango da, eta lehengo 3.a, 4.a. Hala esango du:

    "3. Halaber, unitate ekonomiko independentea izango dira etxeko tratu txar egoera bat dela-eta ohiko etxebizitza utzi behar duten eta beste pertsona batzuenean integratzen diren pertsonak, harrera egiten dietenak senitartekoak izan ala ez".

  2. – Gizarte bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean, aldatu egiten da 18. artikuluaren 1. paragrafoko d) idatz-zatia. Ondokoa esango du:

    "d) 23 urte baino gehiago izatea.

    Salbuespena izango dira 23 urtetik beherakoak, baldintza hauetan: gainerako baldintza guztiak beteta, ekonomikoki beren ardurapean baldin badituzte adin txikikoak nahiz ezintasunen bat duten pertsonak, edo aitarik edo amarik gabeko umezurtzak badira. Halaber, salbuetsitzat joko dira 23 urtetik beherakoak, gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte eta etxeko tratu txarren biktima izan badira, bai eta beste pertsona batekin ezkontzaz edo ezkontzaren antzeko harremanez loturik badaude, sei hilabete lehenagotik gutxienez".

Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean, generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzeko jarraitu behar diren arauak edo jarraibideak onetsiko ditu, bai eta izapide hori egitetik salbuetsita dauden xedapenak ere, 19. artikuluko 2. paragrafoan aipatzen direnak. Halaber, epe horretan, laguntza-irizpidea edo kontratu-klausula ebaluatzeko adierazleak ezarriko ditu –20. artikuluko 3. paragrafoan dago aurreikusitako ebaluazio hori–.

  1. artikuluko lehenengo bi paragrafoetan ezarritakoa garatzeko, Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean, zera ezarriko du: zein enpresa pribatuk egin eta exekutatu behar dituzten emakumeen eta gizonen berdintasun-planak edo programak, bai eta horien gutxieneko edukiak eta programen jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak ere.

Eusko Jaurlaritzak, sei hilabeteko epean, zera onetsiko du: etxeko tratu txarren biktima direnentzako harrera-baliabideek bete beharreko gutxieneko kalitate- eta funtzionamendu-irizpide eta baldintzen araudia (lege honetako 57. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen da), bai eta biktima horiei laguntzeko programa bat ere, lege honetako VII. kapituluko 2. atalean xedatutakoa garatzeko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen antolaketa eta jardute-egiturari buruzko arauak hainbat testutan bananduta egotea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean, egitura-dekretu berria onetsiko du, irailaren 13ko 301/1988 Dekretua ordezkatzeko.

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege honetako arauak garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean, salbu eta 19.etik 22.erainoko artikuluak, artikulu horiek urtebetegarrenean jarriko baitira indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 21a.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (36)

Arauaren historia

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.