Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

472/2009 DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 4853
  • Xedapen-zk.: 472
  • Xedapen-data: 2009/08/28
  • Argitaratze-data: 2009/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu dituen eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren baita ere aurreko horretan aldaketak egiten dituen uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren bidez Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu egin da eta Administrazioko sailen artean eskumenak banatu egin dira, berriro ere, Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako programa osatzen duten konpromiso programatikoak ahalik eta eraginkortasun handienaz betetzeko.

Maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretu horretako 9. artikuluak baita uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren laugarren, bosgarren, hamahirugarren, hamalaugarren eta hamabosgarren artikuluek ere, hain zuzen ere, Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion egitekoak eta jardun-arloak jasotzen dituzte. Eta 4/2009 Dekretu horren Lehenengo Azken Xedapenean xedatutakoari jarraituz, Sail horren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen dira, aipatutako xedapenean ezarritako antolaketa-irizpideei eta aurreikuspenei jarraituz.

Egitura horrek lau sailburuordetza izango ditu: Justizia Sailburuordetza, Herri Administrazio Sailburuordetza, Funtzio Publikoaren Sailburuordetza eta Araubide Juridikoaren Sailburuordetza. Sailburuordetza horiek, beren aldetik, zuzendaritzak izango dituzte, bakoitzari dagozkion arlo bereziak kontuan hartuta.

Justizia Sailburuordetzak egiteko hauek izango ditu: Botere Judizialarekiko eta Justizia Administrazioan jarduten duten beste erakunde eta organoekiko harremanen inguruan Sailak dituen eskumenak betetzea; administrazio horrek ongi jarduteko behar dituen baliabideak jartzea; giza eskubideak babestea eta defenditzea; Justizia Agintaritzak xedatutako neurriak betearaztea, espetxeei buruzko eskumenak gauzatzea, eta notarioak eta Jabetza Erregistroko erregistratzaileak izendatzea.

Herri Administrazio Sailburuordetzak Administrazioa arrazionalizatu, hobetu eta modernizatzeko emandako irizpideak gauzatuko ditu, eta, halaber, helburutzat herritarrekiko harremana duten proiektuei dagozkienak. Hauetaz ere arduratuko da: Administrazioaren eraikin eta egoitzei buruzko politikaz; normalizazio- eta homologazio-egitekoez; hainbat sailetako eraikin eta zerbitzuen kudeaketaz; artxibo-sistemaz, eta argitaratze-jardueraz. Informazio-sistema, telefonia, azpiegiturak eta sareen zerbitzu edo telekomunikazioen alorrean Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea eta ikuskatzea ere organo horri dagozkio.

Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari dagokio, Autonomia Erkidegoaren eremuan, kalitatezko eta etengabeko bilakaeran egongo diren zerbitzu publiko batzuetatik eratorritako beharrei erantzungo dien giza baliabideen politika planifikatzeko, zuzentzeko eta koordinatzeko ardura bere gain hartzea. Horretarako, langileei buruzko politika prestatu, zuzendu eta gauzatu egiten du eta langileon araubide juridikoaz eta ordainketen araubideaz eta, oro har, langileen ohiko kudeaketaz arduratzen da. Halaber, prestakuntzaren alorreko artezpideak prestatzea, lan-kontratukoen eta funtzionarioen ordezkariekiko negoziazioa eta harremana, arriskuak prebenitzeko zerbitzuen kudeaketa eta laneko baldintzak hobetzeko diren gainerako gizarte-zerbitzuak ere dagozkio.

Araubide Juridikoaren Sailburuordetzan, azkenik, Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko nagusiak daude. Zerbitzu juridiko horiek egiteko hauek izango dituzte: barneko araugintza kontrolatzea; legeen garapenaren alorrean jardutea eta epaiketetan Administrazioa ordezkatzea eta defendatzea, testu honetan agertzen diren jardute-eremu batzuei dagozkien salbuespenekin. Sailburuordetza horren barruan, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aholku Batzorde Juridikoa egongo da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kide anitzeko aholkularitza-organo gorena. Araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen arloan, babesletza-eginkizunak betetzen ditu, erregistrokoak eta korporatiboak, eta, azkenik, toki-administrazioaren alorreko eskumenak eta euskal herri-administrazioen antolaketaren eta prozeduraren araubidea garatzeko ardura dauka; azken kasu horretan, Administrazioa berritzeko eta hobetzeko emandako jarraibideei egokitzeko ardura, hain zuzen ere.

Azkenik, eta zuzenean sailburuaren mende dagoela, Kabineteak zuzeneko laguntza ematen dio sailburuari, duen karguaren ondorioz dagozkion egitekoak burutzeko; Komunikazio Zuzendaritza, berriz, sailaren irudia eta komunikazioa zabaltzeko zereginez arduratzen da, eta Zerbitzu Zuzendaritza, azkenik, Saileko gainerako organoentzako laguntza-organoa da, sailaren arlo guztiei dagozkien gaietan.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko abuztuaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Justizia eta Herri Administrazio Sailari Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuko 9. artikuluak finkatzen dituen egitekoak eta eskumenak dagozkio, Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak erabiltzeko, honako organo hauek izango ditu Justizia eta Herri Administrazio Sailak:

  1. Justizia eta Herri Administrazioko sailburua:

    1. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren kabinetea.

    2. Komunikazio Zuzendaritza.

    3. Zerbitzu Zuzendaritza.

  2. Justizia Sailburuordetza:

    1. Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritza.

    2. Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritza.

    3. Justizia Zuzendaritza.

    4. Giza Eskubideen Zuzendaritza.

  3. Herri Administrazio Sailburuordetza:

    1. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

    2. Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza.

    3. Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

    4. Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritza.

  4. Funtzio Publikoaren Sailburuordetza:

    1. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza.

    2. Lan Harremanen Zuzendaritza.

  5. Araubide Juridikoaren Sailburuordetza:

    1. Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

    2. Auzibide Zuzendaritza.

      1. Organo hauek ere, Justizia eta Herri Administrazio Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezartzen den moduan:

        1. Justizia Administrazioa Informatizatzeko Planaren Jarraipenerako Bitariko Batzordea, urriaren 4ko 383/1994 Dekretuaz arautua.

        2. Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadira destinatuta dagoen Idazkaritza Judizialaren arteko Lankidetza-Organoa, maiatzaren 27ko 123/1997 Dekretuaz sortua, eta abenduaren 27ko 426/2005 Dekretuaz aldatua.

        3. Doako Laguntza Juridikoaren Aholku Kontseilua, uztailaren 30eko 210/1996 Dekretuaz sortua.

        4. Doako Laguntza Juridikoaren batzordeak, uztailaren 30eko 210/1996 Dekretuaz sortuak.

        5. Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea, abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaz sortua, eta azaroaren 22ko 394/2005 Dekretuaz aldatua.

        6. Justizia Administrazioaren Euskal Behatokia, maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaz sortua, eta uztailaren 8ko 159/2003 Dekretuaz aldatua.

        7. Etxeko Biolentziaren Biktimak Babesteko Agindua Koordinatzeko Zentroak, 2003ko abenduaren 9ko Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakiaz sortuak, eta Justizia, Lan eta Gizarte sailburuaren 2009ko urtarrilaren 20ko Aginduaz aldatuak.

        8. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Dokumentazioaren Balioespen, Hautapen eta Sarbide Batzordea, hain zuzen ere, uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuaz eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko abenduaren 19ko Aginduaz arautua.

        9. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan bere zerbitzuak egin zituzten Langileen Lanbide eta Gozamen Eskubideak aplikatzeko Batzordea, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretuaz, irailaren 19ko 193/1983 Dekretuaz eta otsailaren 11ko 58/1986 Dekretuaz arautua.

        10. EAEko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak Balioesteko Batzordea, apirilaren 12ko 80/2005 Dekretuaz arautua.

        11. Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, uztailaren 6ko 6/1989 Legeaz arautua, eta bai haren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua ere, 2000ko azaroaren 13ko Aginduaz argitaratua.

        12. Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea, ekainaren 19ko 12/1994 Legearen 36.3 artikuluaz sortua eta ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 6. artikulutik eta 8. artikulura bitartean arautua.

      2. Justizia eta Herri Administrazio Sailari atxikita daude:

        1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE/IVAP) administrazio-erakunde autonomoa, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lege-Jaurpideari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeaz ezarritako moduan.

        2. Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea (EJIE) baltzu publikoa, otsailaren 1eko 60/1982 Dekretuaz sortua, Herri Administrazio Sailburuordetzaren bidez.

        3. Itelazpi SA baltzu publikoa, zeina, Herri Administrazio Sailburuordetzaren bitartez eta irailaren 23ko 215/2003 Dekretuaz baimendu baitzen.

      3. Justizia eta Herri Administrazioko sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, Sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen laguntzeko. Honako hauek osatuko dute Kontseilua: sailburuordeek eta Kabineteko, Komunikazio Zuzendaritzako eta Zerbitzu Zuzendaritzako zuzendariek, bai eta, aztertu beharreko gaia kontuan hartuta, sailburuak izenda ditzan pertsonek ere.

  1. Honako egiteko hauek dagozkio Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak eta indarrean dauden xedapenek bere egiteko eta jardun-arloetan ematen dizkioten guztiak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta jardun-arloak finkatzeari buruzko maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen duenaren ondorioz hartu zituen egiteko horiek.

  2. Honako hauek ere badagozkio Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari:

    1. Sailaren organo eta jarduera guztiak programatzea, bultzatzea, gidatzea, koordinatzea eta kontrolatzea.

    2. Behin-behineko langileei gordetako lanpostuak hornitzea.

    3. Kontratazio-organo moduan jardutea, kontratuen zenbatetsitako balioa milioi 1 eurotik gorakoa bada.

    4. Sailari indarrean dagoen araudiak honako arlo hauetan egozten dizkion eskumenak erabiltzea: funtzio publikoa, ondarea, kudeaketa ekonomiko-aurrekontukoa eta, oro har, Dekretu honetako 1. artikuluan aipatutako gaiekin lotutakoak, baldin eta Dekretu horrek haren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

Sailburuaren artezko eta hierarkiazko mendetasunez, honako egiteko hauek dagozkie oro har, Justizia eta Herri Administrazio Saileko sailburuordeei:

  1. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

  2. Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo guztiak eta jarduketa guztiak koordinatzea, sustatzea, programatzea eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzu eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  3. Jardute-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea; halaber, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, berari laguntza ematea.

  4. Sailburuordetzaren mendeko organoen erabakien aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  5. Saileko langileak euskalduntzeko eta hizkuntza-normalizaziorako prozesua bultzatzea, eta beraren eskumeneko alorretan euskararen erabilera sustatzea, herritarrei euskaraz erantzun ahal izateko.

  6. Sailaren kontratazio-organo moduan jardutea, kontratuen helburuak Sailburuordetza bakoitzaren jarduerekin zerikusia badu, eta kontratu horien hasierako aurrekontua milioi 1 eurotik gorakoa ez bada.

  7. Indarrean dagoen legeriak ematen dizkien egiteko guztiak; halaber, guztientzat izan daitezkeenak, orokortasunez sailburuordeei izendatutakoak direlako.

Zuzendariek kasuan kasuko sailburuordearen artezko eta hierarkiazko mendetasuna izango dute, Kabineteko, Komunikazio eta Zerbitzu Zuzendaritzakoek izan ezik, haiek sailburuarena izango baitute. Oro har, egiteko hauek dagozkie guztiei:

  1. Sailburuaren eta sailburuordeen erabakiak gauzatzea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak erabiltzea.

  2. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

  3. Zuzendaritzaren jardunak programatzea, bultzatzea, gidatzea, koordinatzea eta kontrolatzea.

  4. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak gorabehera.

  5. Proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan, goi-organoei.

  6. Hitzarmen- edo erabaki-proposamenei eta arauzko xedapenen proiektuei buruzko azterlana eta, beharrezko bada, irizpen tekniko-juridikoa.

  7. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen legerian agindutako kasuetan.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak Interneten duen presentziaren ereduari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuko 34. artikuluan bere zuzendaritzari egotzitako gaietan esleitutako egitekoak.

  9. Informazio- eta telekomunikazio-sistemen arloan Informazio eta Telekomunikazio Sistemen Egitekoak eta Kudeaketa-Modalitateen Planifikazioa, Eraketa eta Banaketa arautu zituen 35/1997 Dekretuaren a), b), c) eta f) idatz-zatien arabera Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion egitekoak.

  10. Indarrean dagoen legeriak egozten dizkien gainontzeko egitekoak eta Jaurlaritzako zuzendariei oro har dagozkienak.

Sailburuak, bere egitekoak burutzeko, Kabinete baten laguntza edukiko du, Zuzendaritzaren maila organikokoa, eta hark, Dekretu honetako 6. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek garatu ditu:

  1. Sailari egotzitako eskumenak erabiltzeko beharrezko diren laguntza eta aholkularitza ematea sailburuari; halaber, eskumen horiei buruzko jardun-irizpideak eta -planak ezartzeko beharrezko direnak.

  2. Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea; halaber, eta hori organo agintedunen bidez, Sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea.

  3. Sailarenak diren gaiak, Jaurlaritzaren Kontseiluaren eta Jaurlaritzako Batzordeen iritzipean jarri behar direnak, bidaltzeko izapideak egitea.

  4. Sailaren programa eta jarduna garatzeko eta betetzeko arloek burutu beharreko jarduerak planifikatzea, programatzea eta ebaluatzeko teknikak eta metodoak proposatzea. Horretarako, sailburuari dagozkion jarraipen- eta koordinazio-eginkizunak errazteko beharrezko laguntza eta agiriak eskatu ahal izango dizkie arloei.

  5. Sailaren plan estrategikoen eta plan horiei dagozkien jarraipen-txostenen prestaketan laguntzea, Saileko sailburuordetzekin koordinatuta.

  6. Sailaren eginbeharrekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia biltzea, aztertzea eta aurkeztea. Horretarako, gaiarekin zerikusia duten Saileko beste organo eskudunekin batera lan egingo du.

  7. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzearren, Saileko zuzendaritzen eta Administrazio Instituzionaleko erakundeen eta hari atxikitako organoen lana zaintzea.

  8. Europar Batasunaren Erakundeen inguruan Sailari dagozkion jardunen jarraipena egitea.

Dekretu honetako 6. artikuluan egozten zaizkion egiteko orokorrez gain, honako hauek dagozkio Komunikazio Zuzendaritzari:

  1. Sailaren jardunen informazio- eta publizitate-estaldura egokia ziurtatzea.

  2. Komunikabideekiko harremanak ezartzea eta artatzea.

  3. Sailaren komunikazio-ekintzak egitea, sailetako organoei laguntzeko atal gisa jardunda.

  1. Dekretu honetako 6. artikuluan oro har Zerbitzu Zuzendaritzari egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio zuzendaritza honi:

    1. Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak gai horri buruz egozten dizkion eskumenak, behin behineko langileei eta Justizia Administrazioko langileei buruzkoak salbu, baliatuz.

    2. Langileen prestakuntza-planak eta programak koordinatzea eta kudeatzea.

    3. Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatzea eta lantzea, bai eta aurrekontu-betearazpenaren segimendua egitea, gastuen programei buruzko ebaluazioa egitea eta aurrekontuetan egon daitezen aldaketen izapideak burutzea ere.

    4. Zerbitzu eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea; halaber, eta zerbitzu publikoetako berrikuntzaren eta kalitate-hobekuntzaren arloan eskudun diren organoek emandako ekimenak eta artezpideak sailetako organoak nola betetzen ari diren jarraitzea.

    5. Sailari dagozkion gaietan, irizpen teknikoak prestatzea eta, oro har, laguntza juridikoa ematea, Saileko organoek proposatzen dutenean; halaber, eskatzen zaion laguntza ematea xedapen orokorrak prestatzeko eta administrazio-egintzak emateko prozeduretan.

    6. Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

    7. Sailari dagozkion informatika-zerbitzuen segimendua egitea eta, behar izanez gero, zerbitzuok kudeatzea; halaber, datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen ari dela ziurtatzea.

    8. Saileko hizkuntza-normalizazioa, Justizia Administrazioari buruzkoa izan ezik, eta euskararen ezarpen dokumentala, bultzatzea, bai eta eskatzen diren itzulpen-zerbitzuak egitea ere.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuaren 10. artikuluan Sailari argitalpen arloan egotzitako eginkizunak betetzea.

    10. Informazio- eta telekomunikazio-sistemen arloan Informazio eta Telekomunikazio Sistemen Egitekoak eta Kudeaketa-Modalitateen Planifikazioa, Eraketa eta Banaketa arautu zituen 35/1997 Dekretuaren 7. artikuluko d) eta e) idatz-zatien arabera Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion egitekoak.

  2. Justizia eta Herri Administrazio Sailaren kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak erabiliko ditu Zerbitzu Zuzendaritzak, milioi 1etik gorakoak ez diren ondasun eta zerbitzuei dagokienez; baldin eta, ondasun eta zerbitzuon izaera erkidea eta Sailaren erabilera orokortua direla eta, gutxienez Saileko bi sailburuordetzari eragiten badiete, bai eta Kabineteko Zuzendaritzari eta Zerbitzu Zuzendaritzari berari egotzitako eginkizunak betetzeko beharrezko direnei buruz ere.

  1. Dekretu honen 5. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Justizia Sailburuordetzari:

    1. Botere Judizial, Justizia Ministerio eta Justizia Administrazioan diharduten gainerako instituzio eta organoekiko, notarioen, erregistratzaileen, abokatuen, prokuradoreen, epaileen, magistratuen, fiskalen eta idazkari judizialen korporazio eta ordezkaritza-antolakundeekiko harremanez arduratzea.

    2. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea oro har, eta haren antolaketa eta jarduerak planifikatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan Zuzenbideko Estatua garatzea eta Justizia sendotzeko neurriak bultzatzea.

    4. Euskararen erabilpena arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzea Justizia Administrazioan, eta haren euskalduntze-prozesua sustatzea.

    5. Euskal herritar guztien giza eskubide guztiak babestu eta garatu daitezen sustatzea.

    6. Agintaritza Judizialak xedatzen dituen neurri guztien betearazpena koordinatzea, bereziki adingabeko arau-hausleei dagokienez.

    7. Espetxeen gaian Erkidegoari dagozkion eskumenak planifikatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Berezia iraunarazi, aldatu eta garatzeko jarduerak egitea eta proposatzea.

  2. Honako zuzendaritza hauek egongo dira Justizia Sailburuordetzaren mende:

    1. Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritza.

    2. Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritza.

    3. Justizia Zuzendaritza.

    4. Giza Eskubideen Zuzendaritza.

  1. Dekretu honetako 6. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, hauek dagozkio Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritzari:

    1. Justizia Administrazioa hobetzeko eta modernizatzeko programak egitea eta betearaztea.

    2. Justizia Administrazioari dagokion informatika-plana egitea, eta plan horren ondorioz dagozkion informatika-zerbitzuak ematea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan organo eta zerbitzu judizial berriak sortzeko beharra kudeatzea.

    4. Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoaren bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz; halaber, beraren zerbitzuko langileen euskalduntze-alfabetatzea antolatzea eta kudeatzea.

    5. Lanbide juridikoetara eta Justizia Administrazioarekin lotutakoetara sartzeko prestakuntzari laguntzeko sistema bat planifikatzea eta garatzea.

    6. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezko baliabide material eta ekonomikoak planifikatzea, hornitzea eta antolatzea.

    7. Justizia Administrazioaren eremuko kontratazio-organoari dagozkion laguntza teknikoko eta materialeko eginkizun guztiak betetzea.

    8. Bake-epaitegiei laguntzeko programak kudeatzea eta Bake Justiziaren gaian ekintzak sustatzea.

    9. Justizia Administrazioaren zerbitzuko peritu judizialen eta euskara-itzultzaileen sarea antolatzea eta gidatzea.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoan destinatuta dauden epaile, magistratu, fiskal, eta idazkari judizialentzako prestakuntza-programak kudeatzea Erkidego horren eremuan.

    11. Organo eta zerbitzu judizialen segurtasuna zaintzea, eta haietako larrialdi-plana prestatzea eta gainbegiratzea.

  2. Eraentzako Antolapide Teknikoak (EAT) izeneko administrazio-unitateak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetako justizia-jauregietan daude, eta Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritzaren mende egongo dira organo-mailaketari dagokionez; haien egitekoen eskuduntza duen Justizia Sailburuordetzako zuzendaritzaren mende, bestalde, egitekoei dagokienez.

    Egiteko hauek betetzen dituzte:

    Sailburuordetzako zuzendaritza guztien eta organo eta zerbitzu judizialen arteko etengabeko lotura egitea.

    Beren lurraldeko organo eta zerbitzu judizialen beharrak zaintzeko laguntza eskaintzea.

    Bulego eta zerbitzu erkideen antolaketa-plana ezartzeko laguntza zuzena ematea.

Dekretu honetako 6. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, hauek dagozkio Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzari:

  1. Bulego eta zerbitzu judizialen, fiskaltzen eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen Antolaketa Plana egitea, proposatzea eta ezartzea, eta haren jarduerak koordinatzea.

  2. Langileen zerrendaren bitartez, plantilla organikoa, langileen antolamendua eta haiek bulego judizialen egitura osatzen duten unitateetan banatzeko modua organo eskudunari proposatzea, eta horren ondoren, hura kudeatzea eta hornitzea.

  3. Organo eta bulego judizialak, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea barne, langilez hornitzea, beren egitekoak bete ditzaten errazteko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko kidegoetako funtzionarioak adskribituko dira edo lan-araubideko kontratuak egingo.

  4. Justizia Administrazioaren eremu bakoitzeko langileria-politika planifikatzea, gidatzea eta bultzatzea; besteak beste, prestakuntza, gizartea, sustapena, arriskuen prebentzioa, diziplina eta ordainsariak, Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruaren arabera.

Dekretu honetako 6. artikuluan oro har Justizia Zuzendaritzari egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio zuzendaritza honi:

  1. Tutoretza judizialaren eraginkortasunera eta doako justiziarako sarbidera bideratutako neurriak hartzea.

  2. Zuzenbideko profesionalen prestakuntza koordinatzea eta programatzea, laguntza juridikoko zerbitzuak eskaintzearen inguruan.

  3. Justizia Administrazioaren esparruko gatazka-ebazpen alternatiboa sustatzea eta garatzea, auzi penal, zibil eta familiarretan bitartekaritza bultzatuz.

  4. Justizia Administrazioari buruzko informazio-, ezagutza- eta hurbilketa-planak sustatzea eta betearaztea.

  5. Zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

  6. Gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatzea, planifikatzea, antolatzea eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz.

  7. Biktimen laguntzaren arloko jarduera-politikak bultzatzea, koordinatzea eta garatzea.

  8. Lantalde psikosozial judizialen antolaketa eta funtzionamendua hornitzea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea.

  9. Notario eta erregistratzaileak indarrean dagoen legeriaren arabera izendatzea.

Dekretu honetako 6. artikuluan oro har Giza Eskubideen Zuzendaritzari egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio zuzendaritza horri:

  1. Giza Eskubideen sustapeneko eta Bakeko eta Elkarbizitzako kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea.

  2. Jaurlaritzako gainerako sailen jardunak koordinatzea Giza Eskubideen, Bakearen eta Elkarbizitzaren arloan.

  3. Aurreko idatz-zatietan zerrendatutako gaietan sentiberatze- eta prestakuntza-ekintzak sustatzea, Autonomia Erkidegoaren eremuan.

  4. Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen 52/2007 Legean ezartzen diren aurreikuspenak Autonomia Erkidegoan behar den bezala betetzen direla zaintzea.

  1. Dekretu honen 5. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Herri Administrazio Sailburuordetzari:

    1. Herri administrazioa arrazionalizatu, hobetu eta eraberritzeko lanak bultzatzea, zuzentzea eta garatzea.

    2. Administrazio eta gobernu elektronikoak bultzatzea eta zuzentzea, bereziki, zerbitzuen digitalizazioa; eta horretaz gain, Administrazioa eraberritzeko eta Administrazio eta gobernu elektronikoak garatzeko administrazioen arteko jarduerak bultzatzea.

    3. Euskal Herri Administrazioen antolaketaren eta prozeduraren araubidea, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzarekin batera.

    4. Herritarrei informazioa eta arreta emateko mekanismo, tresna eta zerbitzu zentralizatua eta bide anitzekoa bultzatzea eta garatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kontratazio Araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren V. kapituluaren arabera Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion eginkizunak.

    6. Hainbat sailetako zerbitzuak, artxiboak eta argitalpenak.

    7. Informazio- eta telekomunikazio-sistema korporatiboak.

  2. Honako zuzendaritza hauek Herri Administrazio Sailburuordetzaren mende egongo dira:

    1. Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

    2. Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza.

    3. Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

    4. Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritza.

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak, Dekretu honen 6. artikuluan adierazitakoez gain, egiteko hauek izango ditu:

  1. Informazio eta Telekomunikazio Sistemen Egitekoak eta Kudeaketa-Modalitateen Planifikazioa, Eraketa eta Banaketa arautu zituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan beren beregi Ogasun eta Herri Administrazio Sailari izendatutakoak, 7. artikuluan aurreikusitakoa salbu.

  2. Irratia eta telebista hedatzeko zerbitzu eroaleen kudeaketari dagozkionak, bai eta haren euskarri diren azpiegiturak administratzeari eta ustiatzeari dagozkien ahalmenak ere.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak Interneten duen presentziaren ereduari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuko 32. artikuluan berariaz esleitutakoak.

  4. Informazioaren gizartea sustatzea Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen eta herritarren artean, beren beregi telekomunikazio azpiegiturekin lotutakoa, bai eta Jaurlaritzak onartzen dituen kasuan kasuko planetan ezartzen direnak ere.

  5. Irrati-espektroarekin eta haren gainean euskarria duten zerbitzuekin lotutakoak.

  6. Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren zerbitzuen informatizazioko eta digitalizazioko interes estrategikoko proiektu erkideak gauzatzea.

Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzak, Dekretu honen 6. artikuluan aipatzen direnez gain, egiteko hauek izango ditu:

  1. Zerbitzu publikoetako berrikuntzako eta kalitate-hobekuntzako sail arteko planak prestatzea, koordinatzea eta bultzatzea, eta herri-administrazioetan administrazio elektronikoa benetan ezartzea, dela administrazio-prozeduretan, dela gai publikoen kudeaketan.

  2. Antolaketaren eta prozeduraren arloko xedapen orokorren proiektuak, ekimenak eta arau-artezpideak prestatzea eta proposatzea, horrelakoen sinplifikazioa eta horrelakoen kalitatearen eta gizarterako eraginkortasunaren hobekuntza bilatuz.

  3. Erakunde instituzionalen barne-egituraketaren, antolaketaren eta sorreraren arloko sailaren jarduerak, eta entitate horiek ezartzen dituzten xedapen orokorrak aztertzea eta ebaluatzea; halaber, administrazioko sail eta erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea antolaketaren eta prozeduren arloan.

  4. Zerbitzuen berrikuntzako eta kalitatearen hobekuntzako ereduak eta lantresnak diseinatzea eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea, eta gobernamenduko sistemak ezartzea, Koordinazio Zuzendaritzarekin batera.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoaren Herri Administrazio osorako diren telematika-izapideetarako zerbitzuak aitortzea eta kudeatzea, besteak beste, agiri-erregistroa, telematika-jakinarazpena edo paper-egiaztagiriak baztertzea xede duten datuen trukaketa automatikorako baimenak.

Baliabide Orokorren Zuzendaritzak, Dekretu honetako 6. artikuluan aipatzen direnez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Ondasun higikorren eta zerbitzuen normalizazioa eta/edo homologazioa, ondasun higikorren eta zerbitzuen kontratazioa zentralizatzeko edo deszentralizatzeko bideak proposatzea, bai eta era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko prozedurak ere.

  2. Obren planek eta haien garapen-programek bete beharreko arauak finkatzea kudeaketa zentralizatuko eraikinetan, diseinuari eta kalitateari dagozkienez, bai eta eraikinon erabilera-estandarrak, azalerak eta erosotasun-baldintzak ezartzea ere.

  3. Kudeaketa zentralizatuko eraikinei dagokienez, kontratazio-organoari dagozkion laguntza teknikoko eta materialeko eginkizun guztiak betetzea.

  4. Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikinak edo higiezinak eta bertako instalazioak mantentzea; energia kudeaketa eta horien komunikazio-sistemen kudeaketa; halaber, oinarri-arau teknikoak eta eskaintzei buruzko ikerketak lantzea, mantentze horiek kontratatu egin behar badira, eta horiek gauzatu, ordaindu, eskuratu eta likidatzeari dagozkienak.

  5. Era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasunak eta zerbitzuak erostea eta hornitzea, kudeaketa zentralizatua duten eraikinetarako badira.

  6. Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikinetan espazioen solairuko banaketa, eta areto erkideen eta antzeko izaerako beste instalazio batzuen erabilera antolatzea eta kudeatzea, bai eta instalazioen segurtasunari buruzko alderdiak kudeatzea ere.

  7. Biltegi zentralizatuak kudeatzea.

  8. Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikinetan sortutako hondakinen bilketa eta tratamendua planifikatzea eta kudeatzea.

  9. Argitalpen Zerbitzu Nagusia zuzentzea eta argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998

    Dekretuan Sailari argitalpen arloan egotzitako eginkizunak betetzea, 10. artikuluan aipatutakoak izan ezik.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta

    funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan egotzitako artxibo-sistemaren gaineko egitekoak betetzea, bai eta dokumentazio orokorreko zerbitzua eskaintzea ere.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren liburutegi-sistema planifikatzea, zuzentzea eta gainbegiratzea, eta liburutegien kudeaketarako informatika-programa ezartzea, bai eta Liburutegi Orokorraren zerbitzuak ematea ere.

  12. Honako zerbitzu hauen kudeaketa era zentralizatuan egitea: posta, mezularitza, korrespondentziaren frankeoa, egunkariak erostea, erreprografia, inprenta eta antzeko zerbitzuak.

  1. Administrazioko zerbitzuak eta ibilgailuak antolatzea, kudeatzea eta administratzea.

Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritzak, Dekretu honetako 6. artikuluan aipatzen direnez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Herritarrek zerbitzu publikoetara eta informaziora duten sarbidea erraztuko duten prozesuak ezartzea eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioa Interneten agertzeko eredua zuzentzea, antolatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea, ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  3. Administrazioek eta sektore publikoko organismoek landutako eta zaindutako informazioa jendearen eskueran jartzea, informazioa berrerabiltzeko, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatuta.

  4. Intraneteko ingurunea eredu kolaboratibo baterantz bilakatzea, barneko komunikazioari, talde-lanari, ezagutza partekatuari eta antolamendu-ikaskuntzari euskarri emango diona.

  1. Dekretu honen 5. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari dagozkio Justizia eta Herri Administrazio Sailari funtzio publikoaren, langileen araubide juridikoaren nahiz ordainsarien araubidearen eta negoziazio kolektiboaren arloan egozten zaizkionak.

  2. Sailburuordetzaren titularrak honako egiteko hauek beteko ditu:

    1. Giza baliabideekin lotutako politikaren planifikazioa eta gauzatzea zuzentzea eta koordinatzea, baliabide horiek gizartearen premia eta eskeei egokitzeko burutu beharreko jarduerak proposatuz, eta bai Administrazioa egituratzen duten unitateak arrazionalizatzea eta ordenatzea ere.

    2. Ogasun arloko eskumena duen sailarekin batera, aurrekontu-plantilletako aurreproiektua lantzea.

    3. Ikuskaritza orokorra, zerbitzuei eta langileei dagokienez, Funtzio Publikoaren arrazionaltasuna eta eraginkortasuna bermatu ahal izateko.

    4. Efektiboak berresleitzeko eta arrazionalizatzeko planak prestatzea eta proposatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatzea eta proposatzea, bai eta solaskidetza-, koordinazio-, eta, beharrezkoa bada, erabaki-egitekoak bermatzeko irizpideak zehaztea eta lanabesak diseinatzea ere.

    6. Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatzea funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordezkariekin burutu behar duen negoziazioan eta beste administrazio batzuetako funtzio publikoan agintea duten beste organo batzuen aurrean ordezkotza hori egitea.

    7. Langileen ohiko kudeaketan sailetarako eta erakunde autonomoetarako aplikazio erkideko irizpideak ezartzea, Jaurlaritzak arlo honetarako onartzen duen politika orokorra betez.

    8. Laneko osasun eta segurtasun alorretan Jaurlaritzak onartzen dituen aplikazio erkideko prebentzio-politikako irizpideak sail eta erakunde autonomoetan ezartzea.

  3. Honako zuzendaritza hauek Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren mende egongo dira:

    1. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza.

    2. Lan Harremanen Zuzendaritza.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak Jaurlaritzak ezarritako artezpideen arabera garatzen, kontrolatzen eta gauzatzen du giza baliabideen politika, eta Dekretu honetako 6. artikuluan aipatzen direnez gain, honako egiteko hauek ere izango ditu:

  1. Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 6. artikuluan aipatutako egitekoak betetzea, Dekretu honetan beste organo batzuei berariaz egotzitakoak salbu.

  2. Giza baliabideen kudeaketa-politika planifikatzea, eta hautaketa, prestakuntza, ebaluazioa eta karrerako lanabesak diseinatzea, lanpostuen analisiaren bitartez eta lantresnon eraginkortasuna eta efikazia begiztatzeko beharrezko azterketak eginda.

  3. Barne-egituraketaren eta langileen antolamenduaren arloko saileko eta sailen arteko jarduerak eta proiektuak prestatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, haiekin bat datozen lanpostuen zerrendak prestatuz, eta horren ondorio diren lanpostuak balioestea, Jaurlaritzak ezartzen duen giza baliabideen politikako artezpideei jarraituz.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lanpostuak modu egokian hornitzeko behar diren lanabesak kudeatzea.

  5. Osakidetzan, Ertzaintzan, unibertsitatez besteko kidegoetan eta Segurtasun Administrazioko laguntza-zerbitzuetan sartzeko hautaproben deialdiko oinarri-arauak aginduz irizpentzea. Horrelakoetan, beren beregi eta espresuki irizpendu beharko da hautaprobako alderdi tekniko eta metodologikoei buruz; eta horretarako, deialdia egiten duenak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen laguntza eska dezake.

  6. Funtzio publikoaren arloko irizpenak lantzea, Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailek edo haren erakunde autonomoek hala eskatutakoan.

  7. Langileen prestakuntza-politika diseinatzea eta gauzatzea.

  8. Otsailaren 23ko 129/1999 Dekretuz arautu zen Jaurlaritzako kideen, Administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen jardueren eta ondarezko eskubide-ondasunen Erregistroa kudeatzea.

  9. Langileei eragiten dieten administrazio eta lan arloko gorabeherak izapidetzeko eta ebazteko jarraibideak ematea, bai eta gorabehera horiek ebaztea ere, baldin eta Administrazio Orokorreko sailei edo haien erakunde autonomoei espresuki egotzita ez badaude.

Lan Harremanen Zuzendaritzak, Dekretu honetako 6. artikuluan aipatzen direnez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Funtzio Publikoaren Sailburuordetza aholkatzea, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatzeaz eta proposatzeaz.

  2. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta Instituzionalari dagokion ordezkaritza egitea sindikatuekin eta langileen beste ordezkapen-organo batzuekin egiten diren elkarrizketetan eta negoziaketetan.

  3. Langileen ordezkariekin lortutako edo izenpetutako akordio edo hitzarmenen ondorioz sortutako organo edo lantaldeetan Sailaren ordezkotza egitea, baldin eta akordioan espresuki beste organo bati egotzi ez bazaio egiteko hori.

  4. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen ordezkariekin lortu edo izenpetu beharreko akordio edo hitzarmenak irizpentzea, izenpetu baino lehen eta derrigorrez.

  5. Sailei, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta baltzu publikoei aholku ematea langileen ordezkariekin egin beharreko negoziaketetan.

  6. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen ordezkariekin izenpetutako akordio eta hitzarmenen indarraldiari eta aplikazioari buruz sortzen diren administrazio eta lan arloko gorabeherak irizpentzea eta ebaztea, eta aplikazio erkideko artezpideak ezartzea.

  7. Langileen bertaratzeari buruzko kontroleko aplikazio erkideko irizpideak ezartzea, eta aplikazio informatikoa administratzea.

  8. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Instituzionalak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo sistemetan duen parte-hartzea kudeatzea eta koordinatzea, bazkide edo ekarpen-egile gisa esku hartzen badu.

  9. Langileei gizarte-laguntzak ematea eta haien kudeaketa burutzea. Indarrean dauden legeen arabera maileguak izapidetzea eta haiei ebazpena ematea sailei eta erakunde autonomoei dagokienez, eta zein artezpideri jarraitu beharko dioten finkatzea.

  10. Lan-harremanei buruzko guztiaren segimendua egitea eta ebaluatzea, laneko baldintzetan, eta giza baliabideen antolaketan eta egokitzapenean, zerbitzu publikoen kalitate handiko eredu baten barruan.

  11. Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eremuan hartutako laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko aplikazio erkideko irizpideak betearaztea.

  12. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko kultura egokia sustatzea, bai eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak diseinatzea ere, eta organo eskudunek betearaztea bultzatzea, koordinazio-irizpideak ezarrita, beharrezko balitz.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen Prebentzio Zerbitzua kudeatzea.

  2. Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitako pentsioei dagokienez espedienteak eta emate-proposamenak izapidetzea.

  1. Dekretu honen 5. artikuluan oro har egozten zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari:

    1. Zerbitzu Juridiko Nagusia den aldetik, Jaurlaritzaren organoa da, eta berari dagokio, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren kontsulta- eta aholkularitza-lanak egitea, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari ez dagokiona, bai eta administrazio horiek edozein jurisdikzioren aurrean ordezkatzea eta babestea ere.

    2. Euskal herri-administrazioen antolaketaren eta prozedura-araubide juridikoaren arloko egitekoak prestatu eta garatzea; azken kasu horretan, Administrazioa arrazionalizatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko emandako artezpideetara egokitzea ere.

    3. Araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion araubide orokorrari, babesletzari eta erregistroari buruzko egitekoak betetzea.

    4. Toki Administrazioaren arloko jardunak ikuskatu, aztertu eta horien gaineko aholkuak ematea.

  2. Honako zuzendaritza hauek Araubide Orokorraren Sailburuordetzaren mende egongo dira:

    1. Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

    2. Auzibide Zuzendaritza.

  3. Azaroaren 24ko 9/2004 Legean eta haren antolakuntza- eta jarduera-araudian ezarritako moduan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzen zaio, baina haren egitura organikoan sartu gabe, beraren aholkulari-lana autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin burutzen baitu.

    Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako titularrak edukiko du aholkularitza-organo goren horren lehendakaritza.

  1. Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak, Dekretu honetako 6. artikuluan aipatzen direnez gain, egiteko hauek izango ditu:

    1. Sailek eta erakunde autonomoek hala eskatzen dutenean, haien eskumenekoak diren arazoei buruzko irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

    2. Beste erakunde instituzional batzuek hala eskatzen dutenean, haientzat interesgarriak izan daitezkeen irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

    3. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarentzat gordeta ez dauden lege-aurreproiektuen eta arau-indarra duten erregelamendu-xedapeneko proiektuen eta Jaurlaritzaren Kontseiluak agintzen dizkion beste gai batzuen legezkotasunaren barne-kontrola egitea.

    4. Defentsa jurisdikzionala egiteko ardura duten organoentzako txostenak lantzea eta aholku juridikoak ematea, Zuzendaritza horrek landutako xedapenen aurkako inpugnaziorik aurkeztuz gero.

    5. Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen eremuan beharrezko den arau oro prestatzea eta garatzea, bai eta euskal herri-administrazioen egiturapen eta sailkapen instituzionalerako lanabesak eta ereduak prestatzea eta proposatzea ere; hori guztia Herri Administrazio Sailburuordetzaren mendeko organoekin batera, Administrazioaren berrikuntzaren eta kalitate-hobekuntzaren eremuan emandako artezpideetara egokitze aldera.

    6. Elkarteen araubide orokorra, eta horretarako sortutako erregistroaz arduratzea, elkarteen lurralde-bulegoak koordinatzea, gidatzea eta gainbegiratzea, eta herri-onurako izaera eman zaien elkarteen babesletza.

    7. Autonomia Erkidegoaren eskumeneko fundazioen araubide orokorra, eta fundazio horien babesletza eta erregistroa.

    8. Elkargo profesionalekin lotutako egiteko instituzional, orokor eta korporatiboak, azaroaren 21eko 18/1997 Legean xedatutakoaren arabera, eta elkargo horiek beren sektore-eremuaren barruan sailekin izan ditzaketen harremanei kalterik egin gabe.

  2. Elkarteen Erroldaren lurralde-bulegoak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetan daude eta Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatuak dira.

  3. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzako titularrak edukiko du aholkularitza-organo goren horren lehendakariordetza.

  1. Auzibide Zuzendaritzak, Dekretu honetako 6. artikuluan aipatzen direnez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkaritzako eta defentsako beharrezko aurre-ekintzak egitea, ekintza horiek gidatzea eta koordinatzea.

    2. Judizio aurreko txosten, ekimen, errekerimendu eta jarduera egokiak gauzatzea eta Jaurlaritzaren interesak ordezkatzeko eta defenditzeko egitekoak zuzentzea konstituzio maila duen jurisdikzioaren aurrean eta Arbitraje Batzordearen aurrean.

    3. Judizio-ekintzak hasarazteari buruz aholkuak ematea, txostenak lantzea eta jardunak koordinatzea.

    4. Administrazioaren jarduera zuzentzeko neurriak proposatzea, ahalik eta errekurtso edo erreklamazio gutxien jar daitezen.

    5. Epaiak betearazteak, prozesuen gastuetarako dirua biltzeak edo kostuak ordaintzeak sor ditzaketen administrazio-ekintzak koordinatzea.

    6. Epaiek antolamendu juridikoaren gain izan dezaketen eragina eta, oro har, judizio-prozeduren ondorioak aztertzea.

    7. Zerbitzu Juridiko Nagusikoak ez diren legelariak gaitzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Epaietarako Ordezkotzari eta Aldezpenari buruzko ekainaren 26ko 7/1986 Legearekin bat etorrita, bai eta elkargokide diren abokatuei egotzitakoak ere.

    8. Haien jardueraren ondorioak direla kausa, Jaurlaritzako funtzionario eta goi-kargudunen defentsa zibil eta penala bere gain zein kasutan hartu behar duen erabakitzea.

    9. Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki-araubideko gaiak aztertzea, horiei buruzko aholkuak eta irizpena ematea eta ebaztea.

    10. Toki-administrazioari buruzko erregistro-tresnak kudeatzea.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beste administrazioekin edo erakunde eta antolakunde publiko zein pribatuekin sinatutako hitzarmen eta akordioen gordetzaile izatea.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden edo sortzen diren datu-fitxategietatik izaera pertsonala dutenak antolatzea eta gainbegiratzea.

  2. Ordezkapen eta jakinarazpenerako lurralde-bulegoak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetako justizia-jauregietan daude eta Auzibide Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatuak dira.

Lehenengoa. Ordezkapenak egiteko araubidea.

Saileko sailburuordetza eta zuzendaritzetako titularren postua hutsik badago edo titularra bera falta bada nahiz gaixorik badago, ordezkapenak arau hauei jarraiki egingo dira:

  1. Sailburuordetzei egotzitako eskumenak eta eginkizunak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte egoera horrek dirauen bitartean, egiturako hurrenkeraren arabera.

  2. Zuzendaritzei egotzitako eskumenak eta eginkizunak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte egoera horrek dirauen bitartean, dagokion egiturako hurrenkeraren arabera, eta, horrela egiterik ez balego, hierarkikoki gainetik dagoen agintariak beteko ditu, hurrengo idatz-zatian adierazten den kasuan izan ezik.

  3. Zerbitzu Zuzendaritzari egotzitako eskumenak eta eginkizunak Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren Kabineteko zuzendariak beteko ditu.

  4. Aurreko arauak nahikoak ez balira, goragoko hurrengo mailako administrazio-organoak izendatzen duenak baliatuko du administrazio-organoko eskumena.

    Bigarrena. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitako bermea betetzeko, eta batzorde horren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen irailaren 12ko 167/2006 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, Zerbitzu Zuzendaritzak Lege horren 14. artikuluak hainbat arlotan (langileak, kontratazioa, bitarteko material eta informatikoen horniketa, eta kudeaketa ekonomiko-aurrekontukoa) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari egozten dizkion eskumenez baliatzeko administrazio-laguntza- eta -babesa emango dizkio aholku-batzorde horri, eta kasu horietan Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakariaren mendekotasun funtzionalaren pean jardungo du.

    Hirugarrena. Justizia eta Herri Administrazio Saileko kontratazio-organoak, era berean, eskudunak izango dira, baldintza beretan, obrak gauzatzeko eta zerbitzuak emateko kudeaketa-gomendiorako, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

    Laugarrena. Beste arau batzuetan xedatzen dena salbu, kontratazio-organoei egokituko zaie dena delako gastuen baimenerako eskumena.

    Bosgarrena. 1. Indarrean dauden arauek justiziaren eta herri-administrazioaren arloan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari edo Ogasun eta Herri Administrazio Sailari egiten dizkieten aipamenak Justizia eta Herri Administrazio Sailari egindakotzat joko dira, hain zuzen ere, Lehendakariaren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta jardun-arloak finkatzeari buruzko maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan eta honako Dekretu honetan Sail honi egotzitako eskumenei dagokienean.

    1. Indarrean dagoen zernahi arau edo xedapenetan Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari, Giza Baliabideen Zuzendaritzari, Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzari eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari egiten zaizkien erreferentziak, hurrenez hurren, Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritzari, Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzari, Justizia Zuzendaritzari eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko dira.

    2. Indarrean dagoen zernahi arau edo xedapenetan Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzari egiten zaizkion erreferentziak, berriz, Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko dira, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak Interneten duen presentziaren ereduari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuan egiten den erreferentzia, hori aurrerantzean Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko baita.

    3. Indarrean dagoen zernahi arau edo xedapenetan Administrazio Elektronikorako eta Herritarrei Arreta emateko Zuzendaritzari egiten zaizkion erreferentziak, berriz, Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko dira.

    4. Honako dekretu hauetan Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari egiten zaizkion erreferentziak, azkenik, aurrerantzean Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.

Lehenengoa. Harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kontratazio Araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretua aldatzen ez den arte, Kontratazio Batzorde Nagusiak kontratazio-mahaiaren eginkizunak gauzatzen jarraituko du, 9.1 artikuluan jasotako kontratazio-espedienteei eta homologaziorako lehiaketei dagokienez, bai eta 18. artikuluan aipatutako kontratuei buruz ere.

Bigarrena. Izapidetzen ari diren espedienteak, Dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte, kasuan kasuko gaiaren arabera.

Indargabetuta geratzen dira lehendakariaren otsailaren 28ko 2/2006 Dekretua, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren egitura organikoa onartzen duena, otsailaren 28ko Dekretua, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituena, eta urriaren 18ko 315/2005 Dekretua, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren organoen eta egitekoen egitura finkatzen duena, bai eta maila berekoa edo txikiagokoa izanik honako Dekretu honetan ezarritakoaren aurka dagoen beste edozein xedapen ere.

Lehenengoa. Araudi bidezko garapena.

Baimena ematen zaio Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari Dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Donostia-San Sebastiánen, 2009ko abuztuaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (19)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.