Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

68/2005 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko zaldi-lasterketetako apustuei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 71
  • Hurrenkera-zk.: 1875
  • Xedapen-zk.: 68
  • Xedapen-data: 2005/04/05
  • Argitaratze-data: 2005/04/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Estatutuko 10.35 artikuluan xedatu denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du arlo honetan: ¿Kasino, joko eta apustuak, Apuestas Mutuas Deportivas Benéficas deritzenak izan ezik¿. Artikulu hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legea onetsi zuen, eta haren eremuan sartu zituen kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarritutako apustuak. Ildo beretik, aurrean aipatutako legea garatzeko, Eusko Jaurlaritzak azaroaren 26ko 277/1996 Dekretua onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoen Katalogoa onesteko, eta kirol-apustuen atalean zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarritutako apustuak sartu ziren.

Dekretu honetan lehenbizi Herrizaingo Sailaren eginkizunak eta ahalak finkatuko dira eta gero arlo honetako arau orokorrak (Gobernu Kontseiluak onetsi beharrekoak) eta apustuak kudea ditzaketen erakundeek bete beharrekoak zehaztuko dira, helburua, jakina, apustularien bidezko interesak bermatzea dela, eta zehapen-araubidea ezarriko da, Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legean xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, apustuen ustiapena enpresa jardueratzat hartzen da, eta bazter uzten zaharkitutako hainbat kontzeptu, hala nola, apustuen ustiapenaren xedea ongintza izatea, erakunde eskarmentudunei zabaldu zaie bidea, puntako euskarri teknologikoen bidez kudeaketaren profesionaltasuna sendotu dezaten, eta apustu hauek urruneko komunikazioan edo konexioan oinarritutako baliabide informatiko interaktibo modernoen bidez egiteko aukera ezarri da.

Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen arabera, apustuen inguruko jarduera guztietarako baimena behar da aldez aurretik. Administrazioaren kontrolerako araubide hori eta jokorako elementuak eta lokalak planifikatzeko eta apustuetan parte hartzeko debekuak ezartzeko sistema izango dira apustularien bidezko eskubideak bermatzeko oinarriak. Horrez gainera, Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak etengabe kontrolatu eta ikuskatuko ditu apustuak eta Jokoari buruzko Legearen zehapen-araubide zorrotzari apustularien segurtasunerako eta konfiantzarako bermeak erantsi zaizkio.

Hori dela bide, Herrizaingo sailburuak proposatuta, Jokoaren Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2005eko apirilaren 5eko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

  1. ¿ Dekretu honen xedea zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarrituta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren apustuak arautzea da.

  2. ¿ Dekretu honen eremuan sartzen dira apustuak kudeatuko dituzten enpresek bete beharreko betekizunak, apustuen oinarri diren gertakariak eta haien motak, apustulariak, apustu-lokalak, apustuetarako makinak, eta apustu-jokorako sistemak, elementuak eta instalazioak.

  3. ¿ Dekretu honetatik kanpo utzi dira kirol eta ongintzako elkarrekiko apustuak.

Jarraian dekretu honen ondorioetarako kontuan hartu beharreko definizioak emango ditugu:

  1. Zaldi-lasterketetako apustua: zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueren emaitzaren arabera dirua arriskatzean datzan jokoa; antolatzaileek aurretiaz prestatu behar dituzte jardueren egitarauak eta ezin dute eskurik izan haien emaitzan, hau da, emaitza ez da ziurra.

  2. Hipodromoak: legezko eta arauzko betekizunak beteta, denetariko zaldi-lasterketak egiten diren esparruak.

  3. Gutxieneko eta gehieneko apustuak: apustu-mota bakoitzean gutxienez eta gehienez arriska daitezkeen kopuruak.

  4. Apustu-boletoa: apustua gauzatzeko erabiltzen den formularioa, fisikoa zein birtuala; apustulariak sartzen dituen datuak bertan agertzen dira.

  5. Apustuaren gordekina edo egiaztagiria: apustulariak apustua erregistratu eta onartu dela frogatzeko jasotzen duen euskarria; apustuarekin asmatuz gero, dirua kobratzeko aurkeztu beharreko egiaztagiria da.

  6. Apustu-makinak: apustuak egiteko berariaz homologatutako makinak dira.

  7. Apustua balidatzea: enpresa baimendun batek apustua erregistratzea eta onartzea, eta datuak apustularien esku jartzea.

  8. Apustu-lokala: Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak zaldi-lasterketetako apustuak egiteko baimendutako lokalak.

  9. Hasierako fondoa: zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jarduera bakoitzeko apustu-modalitate bakoitzean egindako apustuen batura.

  10. Banatzeko fondoa: irabazle suertatzen diren apustularien artean sariak banatzeko erabiliko den diru-kopurua.

  11. Dibidendua: zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jarduera bakoitzeko apustu-modalitate bakoitzean irabazle bakoitzari apustu-unitateko dagokion kopurua.

  12. Apustuen Unitate Zentrala: apustuak erregistratzeko, zenbatzeko eta kudeatzeko behar diren elementu teknikoen multzoa.

  1. ¿ Hauexek dira Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak apustuen arloan dituen eskumenak:

    1. Enpresei baimenak ematea zaldi-lasterketetako apustuak ustiatzeko lokalen, makinen eta sistema informatiko interaktibo edo telefonikoen edo bestelako komunikazio- edo konexio-sistemaren baten bidez.

    2. Zaldi-lasterketetako apustuetarako berariazko lokalak baimentzea.

    3. Apustu-makinak homologatzea, bai eta zaldi-lasterketetako apustuak egiteko era guztietako sistemak, elementu teknikoak eta joko-materialak ere, eta haiek instalatzeko eta erabiltzeko baimenak ematea.

    4. Apustuak ikuskatzea eta kontrolatzea, Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 34. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

    5. Oro har, Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legean, arautegi honetan eta garapen-arauetan ezarritako gainerako guztiak.

  1. ¿ Zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jarduerak berariazko kirol-arautegiari edo lasterketa-kodeari lotuta egin behar dira; lasterketa-kodea badago, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak haren berri eduki behar du aurretiaz.

  2. ¿ Apustuetan ondokoak izango dira aginduzko: Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoen Katalogoa onetsi duen azaroaren 26ko 277/1996 Dekretua; dekretu hau eta garatzen duten arauak; bidezko den kasuetan, berariazko arautegia edo, bestela, lasterketa-kodea.

  3. ¿ Dekretu honetan ezarritakoez landa, debekatuta dago zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueren arabera apustu egitea.

  1. ¿ Dekretu honetan araututako apustuak elkarrekikoak edo kontrapartidakoak izan daitezke.

  2. ¿ Elkarrekiko apustuetan, gertakari jakin bat dela eta egindako apustu guztien kopurua emaitza asmatzen dutenen artean banatzen da, enpresa baimendunak arautegi honetako 16. artikuluan ezarritako portzentajea atxiki ondoren.

  3. ¿ Kontrapartidako apustuetan, apustuen arloko arautegi orokorrean ezarritakoa bete behar da.

  1. ¿ Zaldi-lasterketak eta -apustuak egiten diren tokien arabera apustuak barrukoak edo kanpokoak izan daitezke.

    1. Apustuak zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretarako esparruan bertan egiten badira jarduera horien emaitzak direla eta, barrukoak dira.

    2. Aldiz, apustuak zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretarako esparrutik kanpo egiten badira haien emaitzak direla eta, kanpokoak dira.

      Halaber, zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretarako esparru batean halako beste esparru bateko jarduera baten emaitzak direla-eta egiten diren apustuak ere kanpokotzat joko dira.

  2. ¿ Barruko zein kanpoko apustuen modalitateak dekretu honen eranskinean ezarri dira.

  1. ¿ Barruko eta kanpoko apustuak ustiatu nahi dituzten enpresak Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuta egon behar dira; gainera, betekizun hauek bete behar dituzte:

    1. Pertsona juridikoen betekizunak:

      • Enpresa Zuzenbidean onartutako sozietate forma batekin eratu behar da, indarreko legeriarekin bat etorriz; kapitala 120.000 euro izan behar da gutxienez kanpoko apustuak ustiatzeko eta 60.000 euro barrukoak ustiatzeko, eta kopuru hori, akzio edo partaidetza izendun gisa, oso-osorik harpidetu eta ordaindu behar da baimena eman aurretik, eta ezin da txikitu beraren indarraldi osoan.

      • Sozietatearen xedeak dekretu honetan araututako apustuen ustiapena eta haien inguruko edo haiekin zerikusia duten jarduerak hartu behar ditu.

      • Europako Batasuneko herrialde bateko naziotasuna izan behar dute. Atzerriko kapitalak sozietatean partaidetza izateko, arlo horretan indarrean dagoen arautegia aplikatu behar da.

      • Bazkide partaideetako bat bera ere ezin da egon ezgaituta Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 19. artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

      • Enpresaren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar da.

    2. Pertsona fisikoek artikulu honetako 1. paragrafoko a) idatz-zatiko hirugarren, laugarren eta seigarren lerroaldeetan ezarritako betekizunak bete behar dituzte.

  2. ¿ Aurrekoa eragotzi gabe, dekretu honetako 12. artikuluan aipatzen den lehiaketa publikora aurkezten diren lizitatzaileek kanpoko apustuak itundutako kudeaketa-sozietate batekin ustiatzeko baimena eskatu ahal izango dute (8. artikuluan landu da halako enpresei dagokiena). Nolanahi ere, kanpoko apustuen titulartasuna enpresa ustiatzaileak edukiko du.

  3. ¿ Horrez gainera, lizitatzaileek zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jarduerak egiteko gaitutako Euskal Autonomia Erkidegoko hipodromo edo bestelako esparru baten titularren baimena dutela frogatu beharko dute.

  4. ¿ Apustuak ustiatzen dituen enpresa baten akzioak edo partaidetzak eskualdatu nahi izanez gero, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimena eman behar du.

  1. ¿ Enpresa ustiatzaileak beste enpresa batekin itundu dezake kanpoko apustuen kudeaketa. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimena eman behar du bien arteko akordioa gauzatzeko, ustiapenak iraungo duen aldirako.

  2. ¿ Itundutako kudeaketa-sozietatearen xedea zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jarduerak eta haiek oinarri dituzten apustuak antolatzea izan behar da.

  3. ¿ Halaber, artikulu honetan aipatutako erakundeek hipodromoan egiten diren lasterketen emaitzak direla eta urruneko komunikazio-sistemen bidez egiten diren apustuak ere kudeatu eta ustiatuko dituzte.

Barruko apustuak apustudun hipodromo edo esparruen kudeaketa adjudikatuta duten erakundeek ustiatuko dituzte.

  1. ¿ Zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueren emaitzen araberako apustuen (barrukoak eta kanpokoak) ustiapenerako eta horren inguruko jarduera guztietarako aurretiazko baimena behar da, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eman beharrekoa.

  2. ¿ Hain zuzen ere, aurretiazko baimena behar da:

    1. apustu-boletoaren eta gordekinaren ereduetarako.

    2. apustu-modalitate bakoitzeko gutxieneko eta gehieneko zenbatekoetarako.

    3. apustu-lokaletarako.

    4. apustu-makinak eta apustuak erregistratzeko sistema informatiko, interaktibo edo telefonikoak instalatzeko.

    5. apustuak formalizatzeko urruneko komunikazio-sistemak erabiltzeko eta apustuak erregistratzeko sistema informatiko, interaktibo edo telefonikoak erabiltzeko.

  3. ¿ Apustuak egiteko behar den material teknikoa homologatu egin behar da, are apustu-makinak eta apustuak erregistratzeko sistema informatiko, interaktibo edo telefonikoak ere.

  4. ¿ Aldiz, zaldi-lasterketen edo zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueren egitarauek ez dute behar aurretiazko baimenik.

  1. ¿ Kanpoko apustuak, Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan ez ezik Erkidegoaz kanpo egiten diren halako jardueretan oinarrituta ere egin daitezke, nahitaezko baimena lortuz gero.

    Apustuak ustiatu nahi dituzten enpresek eskaera aurkeztu behar diote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari; eskabidean argitu behar dute aurreko paragrafoan zehaztutako betekizun guztiak betetzen dituztela. Eskaera aurkeztu eta hilabetean Administrazioak ez badu inolako eragozpenik jartzen, baimena emantzat hartuko da.

    Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko apustuei buruzko erregelamendua aplikatuko da.

  2. ¿ Lehiaketa adjudikatzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen hipodromo edo berariazko esparruren batean zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jarduera bat antolatuz gero, kanpoko apustuak ustiatzen dituen enpresak apustu horietan sartu beharko du.

  1. ¿ Kanpoko apustuak ustiatzeko baimenak lehiaketa publikoaren bidez adjudikatuko dira.

  2. ¿ Lehiaketa publikoa Herrizaingo Sailaren aginduaren bidez deituko da; deialdian lehiaketaren adjudikaziorako oinarriak ezarriko dira.

  3. ¿ Baimenak emateko Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legea, deialdiko oinarriak eta, oro har, aplikatu beharreko xedapen guztiak hartuko dira aintzat.

  4. ¿ Deialdia eskatzaileak (lizitatzaileak eta itundutako kudeaketa-sozietateak, egonez gero) ondoko irizpideen arabera baloratuta ebatziko da:

    1. Lanbide-gaitasuna eta kaudimena.

    2. Negozio-plana; plan honetan ondokoak agertu behar dira, gutxienez: proiektuaren bideragarritasuna; inbertsio-programa, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko hipodromoetan edo esparruetan egingo direnena; proiektua gauzatzeko faseak; sortuko diren lanpostuak; langileak aukeratzeko eta trebatzeko plana.

    3. Esperientzia zaldi-lasterketetako apustuak, bestelako apustuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jokoak ustiatzen.

    4. Erabiliko diren joko elementuen eta sistemen teknologia eta segurtasuna.

    5. Lokaletan ezarriko diren segurtasun- eta kalitate-neurriak.

  5. ¿ Irizpide hauek lehiaketa publikoaren deialdiari buruzko aginduan landuko dira.

  1. ¿ Zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarritutako apustuak, barrukoak zein kanpokoak, antolatzeko, ustiatzeko eta kudeatzeko baimenak 10 urterako emango dira.

  2. ¿ Baimenak beste hamar urterako luzatu ahal izango dira, baldin eta luzapena eskatzen denean indarreko arautegian ezarritako betekizunak betetzen badira.

  3. ¿ Indarraldian baimena emateko kontuan hartutako baldintzetako bat betetzeari uzten bazaio, baimena ezeztatu ahal izango da, bidezko espedientea izapidetu ondoren; horrez gainera, zehapenak ere ezarri ahal izango dira Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko IV. kapituluan xedatutakoaren arabera.

  1. ¿ Apustuen ustiapena adjudikatzen zaien enpresek modalitate guztietako gutxieneko zenbatekoak jakinaraziko dizkiote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari (hark baimendutako fluktuazio-tarteen barruan egon behar dira).

  2. ¿ Jarraian modalitate bakoitzeko gehieneko muga ezarriko da, gutxieneko apustu-unitatea oinarritzat hartuta:

    Apustu-modalitatea Gutxieneko apustu-unitatea

    biderkatu beharreko

    kopurua

    Kateatu soila 1.000

    Kanpoko bikia (couplé) 200

    4tik 2 100

    Hirukoitza 50

    Hirukoa 120

    Kanpoko hirukoa 120

    Hiruko ordenatua (tripleta) 120

    Hirukotea (tiercé) 20

    Laukoitza (jackpot) 50

    Lau ordenatu gabe 50

    Lau ordenatuta 50

    Laukotea (quarté) 20

    Laukote plusa (quarté plus) 20

    Boskoitza 20

    Boskote plusa (quinté plus) 20

    Boskoitz berezia 20

    Hirukoitz bikia 20

  3. ¿ Aldez aurretik, apustuak ustiatuko dituzten enpresek nahitaez jakinarazi behar dizkiote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari baimendutako mugen barruko fluktuazio-tarteak.

  1. ¿ Zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarritutako apustuak antolatzeko, ustiatzeko eta kudeatzeko baimena lortzen dutenek fidantza jarri beharko dute: kanpoko apustuetarako 180.000 euro eta barruko apustuetarako 60.000 euro.

  2. ¿ Fidantza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde formalizatu beharko da Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian, baimena ematen denetik hilabete igaro aurretik. Epealdi horretan fidantza formalizatu ezean baimena etengo da, eta hiru hilabeteko epealdian formalizatu ezean azkendu egingo da.

  3. ¿ Fidantza eskudirutan edo bankuen, aurrezki kutxen, aseguru-erakundeen, kreditu-kooperatiben edo elkarren bermerako sozietateen abalaren bidez eratu daiteke eta beraren zenbateko osoa baimenaren indarraldi guztian mantendu beharko da. Fidantza Jokoari buruzko 4/1991 Legean eta dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzearen ondoriozko diru zehapenak nahitaez ordainarazteko eta bidezko sariak eta administrazio-tasak ordaintzeko erabiliko da.

  4. ¿ Fidantzaren zenbatekoa gutxitzen bada, baimenaren titularrak bi hileko epea izango du nahitaezko zenbatekora heltzeko falta dena jartzeko. Fidantzaren zenbateko osoa ez mantentzeak baimenaren ezeztapena ekarriko du.

  1. ¿ Barruko apustuen guztirako zenbatekoaren %45 eta kanpoko apustuen guztirako zenbatekoaren %65 sarietan emango da, gutxienez.

  2. ¿ Apustuak ustiatzen dituen enpresak ordainduko ditu sariak, apustua egin den tokia gorabehera.

  3. ¿ Ongi frogatutako ezinbesteko arrazoiren bat dela-eta apustu bat ezin bada balidatu, formalizatu gabekotzat joko da. Hala gertatzen denean, apustulariari jokatutako kopurua itzuli beharko zaio lasterketa amaitzen denetik 24 ordu igaro baino lehen.

  4. ¿ Barruko apustuak hipodromoko instalazioetan ordainduko dira azken lasterketa amaitu eta ordu erdi geroago arte. Ordaindu gabe geratzen diren boletoak hipodromoan bertan jarritako despatxu berezi batean edo enpresak ezarritako beste toki batean kobratu ahal izango dira.

  5. ¿ Kanpoko apustuak dekretu honetako 20. artikuluan aipatutako establezimendu edo lokaletan ordainduko dira, edo enpresa ustiatzailearen lokaletan.

  6. ¿ 600 euro baino gehiagoko sariak txeke adostuaren bidez eta banku-erakunde laguntzaileen bidez ordaindu ahal izango dira.

  7. ¿ Nolanahi ere, apustu saridunak kobratzeko eskubidea saria kobratzeko jarri eta hiru hilabete igarotakoan iraungiko da.

  1. ¿ Barruko edo kanpoko apustuak ustiatzeko baimena lortzen duten enpresek, dekretu honetako 7. artikuluan aipatutakoek, zaldiak aritzen diren beste kirol- edo norgehiagoka-jarduera batzuetan oinarritutako apustuak ere ustiatu ahal izango dituzte.

  2. ¿ Artikulu honetan aipatutako apustuak ustiatu nahi dituzten enpresek jarraian adieraziko diren agiriak aurkeztu behar dizkiote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari:

    1. Joko eta Ikuskizun zuzendariari aurkeztutako eskabidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituena; horrekin batera memoria deskribatzailea aurkeztu behar da eta bertan ondokoak zehaztu behar dira: apustuen modalitateak, motak eta gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak.

      Apustuen zenbatekoak inolaz ere ezin dira izan dekretu honetako 14. artikuluan ezarritako gehienekoak baino gehiago.

    2. Fidantza jarri delako frogagiria; kopurua apustu-motaren araberakoa izango da, 15. artikuluan ezarri den bezala.

  1. ¿ Ondoren dekretu honetan araututako apustuak ezin egin dituztenak zehaztuko dira:

    1. Adingabekoak, legez ezgaituta daudenak eta jokoen ordena, lasaitasuna eta burutzapena eragozten dituztenak.

    2. Apustuak ustiatzen dituzten enpresen akziodunak, partaideak edo titularrak, bai eta enpresa horietako langileak, zuzendariak eta enplegatuak, eta haien ezkontideak eta lehen graduko aurrekoak eta ondorengoak ere. Hori guztia bat dator Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 23.3. artikuluarekin.

    3. Apustuen oinarri diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan edo bestelakoetan aritzen diren epaileak eta beraien erabakien aurkako errekurtsoak ebazten dituzten pertsonak.

    4. Baimena indarrean duten entrenatzaileak, zaldizko profesional edo jockeyak eta ikastunak; horrez gainera, profesional ez diren zaldizkoek debekatuta dute parte hartzen duten lasterketetan apustu egitea.

    5. Apustuak kontrolatzen eta ikuskatzen dituzten funtzionarioak.

  2. ¿ Aurreko paragrafoan aipatutako pertsonek egiten dituzten apustuak ez dira izango baliozkoak.

  3. ¿ Artikulu honetan aipatutako inguruabarretako bat gertatzen bada, apustua ezeztatu egingo da eta apustuak ustiatzen dituen enpresak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, zehapenik ezarri beharko balitz ere.

Apustuak, barrukoak zein kanpokoak, ustiatzen dituzten enpresek ondoko eginkizunak izango dituzte:

  1. Apustuak balidatzea eta apustu-mota bakoitzean jokoan jartzen dena zenbatzea.

  2. Elkarrekiko apustuetan, sarietarako portzentajea edo kopurua aplikatzea.

  3. Kontrapartidako apustuetan, apustuaren ordainketa-koefizientea edo kuota ezartzea eta apustu saridun bakoitzeko ordaindu beharreko kopurua kalkulatzea.

  4. Apustu saridunak ordaintzea.

  5. Oro har, eragiketa guztiak arauei lotuta egiten diren kontrolatzea eta indarreko legeria betetzen den zaintzea.

  1. ¿ Apustuetarako lokalen betekizunak.

    1. Apustuetarako lokalek 50 metro koadro izan behar dituzte gutxienez.

    2. Lokal hauetan lokal publikoetarako ezarritako segurtasun-neurriak bete behar dira.

    3. Batetik bestera gutxienez 150 metro, erradioan neurtuta, edo 200 metro, linealki neurtuta, utzi behar dira.

      Distantzia erradioan neurtzeko, zirkunferentzia bat irudikatu behar da erdigunetzat instalatu nahi den lokalaren sarrera-atea hartuta. Distantzia lineala, aldiz, instalatu nahi den lokalaren sarrera-atetik abiatu eta oinez ibilita neurtzen da. Neurketa horiek ikuskizun publikoen eta jolas jardueren arloko teknikari eskudunak edo Eusko Jaurlaritzak homologatutako erakundeak ziurtatu behar ditu.

  2. ¿ Kanpoko apustuetarako lokalen baimenak apustuok ustiatu nahi dituzten enpresek eskatu behar dituzte.

  3. ¿ Baimenaren indarraldia apustuen ustiapenarena bera izango da.

  4. ¿ Adingabekoak ezin izango dira sartu lokal horietara, ez eta mozkor-zantzuak dituztenak eta sustantzia psikotropikoen edo sorgorgarrien eraginpean ematen dutenak ere. Lokalaren titularrak horiei sarrera debekatzeko eskubidea izango du.

  5. ¿ Lokalaren sarreran, erraz ikusteko lekuan jarri behar da adingabekoak ez sartzeko debeku-abisua, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

  6. ¿ Lokal hauetan, nornahik ikusteko moduko lekuan jakinarazi behar da Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimena eman duela. Horrez gainera, apustulariek erreklamazio-liburua edo erreklamazio-orriak izan behar dituzte eskura, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak behar bezala dilijentziatuta.

  7. ¿ Honelako lokaletan ostalaritza-zerbitzua ere egon daiteke, lizentzia lortuz gero, baina lokalaren erabiltzaileentzat soilik. Zerbitzu hori jartzen bada, mostradoreak eta mahaiek ezin dute hartu lokalaren azalera erabilgarriaren %30 baino gehiago. Ostalaritza-zerbitzua lokaleko sarreretatik ahalik urrunen egon behar da.

  8. ¿ Fatxadan kartela, errotulua edo antzeko zerbait jarri behar da lokalean apustuak egiten direla adierazteko, bai eta lokalaren izena ere, edukiz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan. Debekatuta dago lokalaren kanpoaldean ostalaritza-zerbitzua aipatzen duen seinalerik edo idazkunik jartzea.

  1. ¿ Apustuetarako lokaletan gehienez ere 10 apustu-makina eduki daitezke.

  2. ¿ Makina horiek lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez eragozteko moduan jarri behar dira. Toki guztietan gutxienez 2 m zabal izan behar da ibiltzeko pasabidea. Makina bakoitzean apustularientzako eremua 0,60 m-koa izan behar da gutxienez.

  3. ¿ Ilaran jarritako makinen artean 0,50 m utzi behar dira gutxienez.

  4. ¿ Halaber, ostalaritza-establezimenduetan ere apustuetarako makinak jar daitezke, hain zuzen ere bat lokal bakoitzean, dekretu honetako lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

  5. ¿ Nolanahi ere, ostalaritzako lokaletan gehienez hiru joko-makina egon daitezke.

  1. ¿ Apustuak ustiatzen dituzten enpresek erabiltzaileen eskura eduki behar dute Lasterketa Kodea edo berariazko erregelamendua apustuak egiten diren lokaletan eta hipodromo edo esparruetan, bai eta dekretu honen testu osoa ere. Halaber, erabiltzaileek erraz ikusteko moduan agertu behar dira lasterketa bakoitzeko hasierako fondoa, banatzeko fondoa eta apustu bakoitzaren dibidendua.

  2. ¿ Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eskatuta, apustuak ustiatzen dituzten sozietateek egindako apustuei eta jokatutako kopuruei buruzko informazioa eman behar diote hark nahi duen euskarrian, Administrazioak ikuskatu eta kontrolatzeko. Horrez gainera kontabilitateko auditoretza aurkeztu behar diote urtero Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari.

  3. ¿ Aurrekoa eragotzi gabe, apustuak ustiatzeko aurreikusitako sistemek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ikuskapenerako eta kontrolerako eskatzen dituen konexio tekniko guztiak izan behar dituzte.

  1. ¿ Joko-makinak, kasinoak edo bingo-aretoak dituzten enpresen titularrak ezin dira izan dekretu honetan araututako enpresen titular, bazkide ez partaide, ez eta halako enpresen akzio edo partaidetzen %50 baino gehiago duten pertsona fisiko zein juridikoak ere.

  2. ¿ Enpresa ustiatzaile bakoitza gehienez ere barruko apustu baten eta kanpoko apustu baten titularra izan daiteke. Muga horren ondorioetarako, sozietatearen titulartzat haren akzioen edo partaidetzen %50 baino gehiago duena hartuko da.

  3. ¿ Aurreko paragrafoetan ezarritako muga eurak aplikatuko zaizkie norberaren izenean beste baten onurarako ari diren tarteko pertsonei ere; horrelako kasuetan, akzioak edo partaidetzak tartekaritza-lanaren onura jasotzen duenarenak direla pentsatuko da.

  1. ¿ Apustuen inguruko promozioak egin daitezke, baina soilik apustulariei haiei buruzko informazioa emateko. Promozio horiek ezin ager daitezke ez irratian ez telebistan arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 21:30ak bitartean.

    Promozio-jarduerak baimentzeko eskaeretan zabaldu nahi den informazioaren edukia, formatua eta iraupena adierazi behar dira.

  2. ¿ Apustuak ustiatzen dituzten enpresak kirol jardueren babesle izan daitezke, bai eta erakundeek antolatutako edo aldeztutako jarduerena ere, baina adingabekoentzako jarduerena ez.

  3. ¿ Apustuak egiten diren hipodromo edo esparruaren barruan eta apustuetarako lokaletan merkataritzako publizitatea egin daiteke, jokoak eragotzi ezean.

  4. ¿ Oro har, promozio-jarduera hauek baimenduta daude:

    1. Arlo aldizkari espezializatuetan barruko eta kanpoko apustuen berri zabaltzea.

    2. Apustuen oinarri diren lasterketei buruzko liburuxka informatiboak prestatzea eta argitaratzea; liburuxka horiek dekretu honetako 20. artikuluan aipatutako joko establezimendu edo lokaletan utzi ahal izango dira.

  5. ¿ Halaber, zaldi-lasterketetako apustuen tradizioa eta berezitasunak aintzat hartuta, ondoko jarduera hauek ere baimenduta daude:

    1. Hedabideetan barruko eta kanpoko apustuen zenbaketa argitaratzea.

    2. Egunkarietako eta aldizkarietako aisialdiaren eta ikuskizunen ataletan hipodromoetako eta bestelako esparruetako barruko eta kanpoko apustuen berri argitaratzea, informaziorako soilik.

  1. ¿ Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 24. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, dekretu honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

  2. ¿ Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 25. artikuluan xedatutakoari jarraiki, hauexek dira arau-hauste oso larriak:

    1. Apustuak, barrukoak zein kanpokoak, administrazio-baimenik gabe antolatzea, egitea edo ustiatzea, eta apustuak baimendutako lokaletatik kanpo egitea.

    2. Kanpoko zein barruko apustuak ustiatzen dituzten enpresen kapitala arauz ezarritako mugetatik behera murriztea.

    3. Akzio edo partaidetzak eskualdatzea Administrazioaren baimenik gabe.

    4. Jokoa kudeatu, antolatu eta ustiatzen duten enpresetako langileek eta zuzendariek, akzionistek, partaideek edo titularrek, bai eta haien ezkontideek eta lehen graduko aurreko zein ondorengo ahaideek ere, enpresa horiek kudeatzen edo ustiatzen dituzten apustuetan parte hartzea, zuzenean zein beste batzuen bidez.

    5. Apustuak edo haien oinarrian dauden lehiaketak manipulatzea apustuen sarien banaketa eta portzentajeak aldatzeko asmoarekin.

    6. Apustu-lekuetan maileguak ematea paragrafo honetako d) idatz-zatian aipatutako pertsonek.

    7. Barruko zein kanpoko apustuak ustiatzeko baimenak datu faltsuak edo manipulatutako agiriak aurkeztuta lortzea eta baimena emateko oinarri izan diren arauak haustea.

    8. Baimena emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

    9. Apustulariei irabazitako kopuruak, osorik zein zati bat, ez ordaintzea, arau-hauste larritzat jotzen ez bada.

    10. Baimenik gabeko lokaletan apustuak egiten uztea.

    11. Adingabekoei apustuak egiten uztea.

    12. Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen arabera arau-hauste oso larritzat hartu behar diren gainerako ekintza eta omisio guztiak.

  3. ¿ Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 26. artikuluan xedatutakoari jarraiki, hauexek dira arau-hauste larriak:

    1. Debekatuta dutenei joko-lokaletan sartzen uztea.

    2. Organo eskudunei apustuak ongi kontrolatzeko behar duten informazioa ukatzea.

    3. Agintaritzako agenteek eta, zehazki, horretan diharduten funtzionarioek garatzen duten kontrol eta zaintzako ikuskatzailetza-ekintzari uko egitea edo oztopoak jartzea.

    4. Zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarritutako apustuetarako lokaletan eta makinetan baimenaren egiaztagiria ez agertzea.

    5. Apustulariei irabazitako kopuruak, osorik edo zati bat, ez ordaintzea, kopurua 3.005,06 euro edo gutxiago denean.

    6. Jokalariak adeitasunik gabe tratatzea, bai apustu egitean, bai kexak edo erreklamazioak aurkeztean.

    7. Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen arabera arau-hauste larritzat hartu behar diren gainerako ekintza eta omisio guztiak.

  4. ¿ Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 27. artikuluan xedatutakoari jarraiki, hauexek dira arau-hauste arinak:

    1. Apustu-lokaletako sarrera-ateetan adingabekoak ezin direla sartu dioen idazkunik edo kartelik ez egotea.

    2. Apustu-lokalean dekretu honetan xedatutakoaren aurkako idazkunak, errotuluak edo antzekoak jartzea.

    3. Apustulariek eskura ez edukitzea ez Lasterketa Kodea ez apustuen erregelamendua ez kexa-liburua.

    4. Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen arabera arau-hauste arintzat hartu behar diren gainerako ekintza eta omisio guztiak.

  5. ¿ Dekretu honetan bildutako arau-hausteen zehapenak ezartzeko prozedura eta haien zenbatekoak Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko IV. kapituluan ezarri dira.

Jokoari buruzko azaroaren 8ko 4/1991 Legeko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondoren zaldi-lasterketetako apustuen antolamendua finkatuko da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan zaldi-lasterketetako kanpoko apustuetarako baimen bat bakarrik emango da.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan hiru hipodromotan bakarrik egin ahal izango dira apustuak, bat lurralde historiko bakoitzean.

    Hori dela eta, Donostiako hipodromoaren baimenak indarrean segitzen du eta kontuan hartu behar da aurreko lurralde-banaketan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan gehienez ere 15 lokalek izango dute apustu-boletoak jasotzeko edo balidatzeko baimena.

    Hipodromoetan apustu-boletoak jasotzeko eta balidatzeko atontzen diren lokalak ez dira kontuan hartuko aurreko kopuru horretan.

  4. Ostalaritza-establezimenduetan apustu-makina bat jar daiteke, indarreko arautegian ezarritakoaren arabera.

    Joko-kasinoetan, bingoetan eta joko-aretoetan apustu-makina bat jar daiteke, dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

    Nolanahi ere, idatz-zati honetan aipatutako makinen kopurua ezin da izan 100 baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan.

  5. Antolamendu honetan ezarritako mugak Euskal Autonomia Erkidegoan zaldiak aritzen diren kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarrituta egiten diren apustu guztiei aplikatuko zaizkie.

  1. ¿ Kanpoko apustuak ustiatzeko baimena lortzen duen enpresak akordioak egin ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo arlo berean ari diren erakundeekin, haiek zaldiekin antolatzen dituzten kirol- edo norgehiagoka-jardueretan oinarritutako apustuak eskaintzeko eta are apustu bateratuak eskaintzeko ere.

  2. ¿ Akordio horien arabera lasterketa berean oinarritutako mota bereko apustu guztiak kontabilitatean batera zenbatzea ezar daiteke, asmatzaileek balio bereko dibidenduak jaso ditzaten.

  3. ¿ Horrelako akordioak Herrizaingo sailburuak baimendu beharko ditu.

Dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko mailako arau guztiak indargabetu dira.

Herrizaingo sailburuak dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko ahalmena du, bai eta 14. artikuluan ezarritako gehieneko kopuruak eta eranskinean zehaztutako apustu-modalitateak aldatzeko ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

  1. ¿ Hipodromoko apustu soila.

    Apustulariak lasterketa bateko zaldi bat hautatzen du. Bi modalitate daude: ¿irabazlea¿ eta ¿aurrean¿.

    1. Hipodromoko apustu soila ¿irabazlea¿ modalitatean egitea hautatzen den zaldiak lasterketa irabaziko duela jokatzea da, behin betiko sailkapena kontuan hartuta. Apustu-mota hau hiru jaberen zaldi bana gutxienez lehiatzen diren lasterketetan egin daiteke. Zaldieria bereko edo jabe beraren zaldi bat baino gehiago badago, denak bat balira bezala jokatuko da.

    2. Hipodromoko apustu soila ¿aurrean¿ modalitatean egitea hautatzen den zaldia behin betiko sailkapenaren arabera ondoko postuetako batean helduko dela jokatzea da:

      • Lehen edo bigarren, zaldi kopurua sei eta hamar bitartekoa bada, biak barne.

      • Lehen, bigarren edo hirugarren, lasterketan hamar zaldi baino gehiago badaude.

        Beraz, bost zaldi edo gutxiagoko lasterketetan ezin izango da egin hipodromoko apustu soilik ¿aurrean¿ modalitatean.

  2. ¿ Kanpoko apustu soila.

    Apustulariak lasterketa bateko zaldi bat hautatzen du. Bi modalitate daude: ¿irabazlea¿ eta ¿aurrean¿.

    1. Kanpoko apustu soila ¿irabazlea¿ modalitatean egitea hautatzen den zaldiak lasterketa irabaziko duela jokatzea da, behin betiko sailkapena kontuan hartuta. Apustu-mota hau bi jaberen zaldi bana edo lagun ez diren bi zaldi gutxienez lehiatzen diren lasterketetan egin daiteke. Jabe beraren zaldi bat baino gehiago badago edota lagun diren zaldiak badaude, denak bat balira bezala jokatuko da.

    2. Kanpoko apustu soila ¿aurrean¿ modalitatean egitea hautatzen den zaldia behin betiko sailkapenaren arabera ondoko postuetako batean helduko dela jokatzea da:

      • Lehen edo bigarren, zaldi kopurua lau eta zazpi bitartekoa bada, biak barne.

      • Lehen, bigarren edo hirugarren, lasterketan zortzi zaldi baino gehiago badaude.

        Beraz, hiru zaldi edo gutxiagoko lasterketetan ezin izango da egin kanpoko apustu soilik ¿aurrean¿ modalitatean.

  3. ¿ Apustu kateatu soila.

    Hainbat lasterketaren (saio berean zein desberdinetan) sailkapenen arabera ¿irabazlea¿ edo ¿aurrean¿ modalitateetan egindako apustu soil batzuen segida da. Lasterketa bateko apustuaren irabazia edo itzulkina hurrengoan ezarriko da berez.

    Apustulariek apustu bakoitzaren emaitzako saritik edo itzulkinetik hurrengo apustuan zenbat berrinbertitzea nahi duen hauta dezake, erdia edo zati bat (gehieneko kopurua dago). Erdiak berrinbertitzea hautatuz gero, apustu guztien berrinbertsioen batura goitik biribilduko da apustuaren gutxieneko multiplora iristeko. Apusturako ezarritako gutxieneko zenbatekora iristen ez diren irabazi eta itzulkin soberakinak ez dira berrinbertituko eta apustulariei emango zaizkie.

  4. ¿ Apustu bikia: irabazlea.

    Apustulariak lasterketa bateko bi zaldi hautatzen ditu eta behin betiko sailkapenean lehen bi postuetan izango direla jokatzen du. Apustu-mota hau hiru jaberen zaldi bana gutxienez lehiatzen diren lasterketetan egin daiteke.

    Zazpi zaldi baino gutxiago aritzen badira, saria jasotzeko zaldiak apustuan ezarritako ordena berean sailkatu behar dira (apustu bikia ordenatuta).

    Lasterketan zazpi zaldi baino gehiago aritzen badira, nahikoa da lehen bi postuetan sailkatzen diren bi zaldiak hautatzea, ordena ere asmatu gabe (apustu biki ordenatu gabea).

    Hala ere, enpresa ustiatzaileak lasterketako zaldien kopurua aldatu ahal izango du apustu bikia ordenatua edo ordenatu gabea izateko, jendeari jakinarazi ondoren.

  5. ¿ Apustu bikia: aurrean.

    Apustulariak lasterketa bateko bi zaldi hautatzen ditu eta behin betiko sailkapenean aurreko hiru postuetan izango direla jokatzen du.

  6. ¿ Kanpoko apustu bikia (couplé).

    Apustulariak lasterketa bateko bi zaldi hautatzen ditu eta modalitatea zehazten du: kanpoko bikia (Couplé) ¿irabazlea¿ edo kanpoko bikia (Couplé) ¿aurrean¿.

    1. Kanpoko apustu bikia (Couplé) ¿irabazlea¿ modalitatean eginez gero, saria jasotzeko hautatutako zaldiak lehen eta bigarren sailkatu behar dira.

    2. Kanpoko apustu bikia (Couplé) ¿aurrean¿ modalitatean eginez gero, saria jasotzeko hautatutako zaldiak lehen hiru postuetan sailkatu behar dira.

  7. ¿ 4tik 2 apustua.

    Apustulariak lasterketa bateko bi zaldi hautatzen ditu eta lehen lau postuetan helduko direla jokatzen du.

  8. ¿ Apustu bikoitza.

    Bi lasterketatan zaldi bana hautatu eta bakoitzak berea irabaziko duela jokatzen da. Apustu-mota honetan muga bat bakarrik ezarri da lasterketan aritzen diren zaldien kopuruan: bik korritu behar dute gutxienez. Apustu hauek saio bereko bi lasterketetan egin behar dira baina ez da beharrezkoa segidakoak izatea.

  9. ¿ Apustu hirukoitza.

    Hiru lasterketatan zaldi bana hautatu eta bakoitzak berea irabaziko duela jokatzen da.

    Inork asmatzen ez badu irabazle-konbinazioa, banatzeko fondoa beste saio bateko apustu hirukoitzeko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  10. ¿ Hiruko apustua.

    Apustulariak lasterketa bateko hiru zaldi hautatzen ditu eta behin betiko sailkapenean lehen hiru postuetan izango direla jokatzen du; ordenak ez du eraginik.

    Inork asmatzen ez badu, banatzeko fondoa saio bereko edo beste saio bateko beste lasterketa bateko hiruko apustuko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  11. ¿ Kanpoko hiruko apustua.

    Apustulariak lasterketa bateko hiru zaldi hautatzen ditu eta behin betiko sailkapenean lehen hiru postuetan izango direla jokatzen du; ordenak ez du eraginik.

    Inork asmatzen ez badu, fondoa lehen, bigarren eta laugarren sailkatu diren zaldien konbinazioa hautatu dutenen artean banatuko da; hala ere saridunik ez badago, lehen, hirugarren eta laugarren sailkatu diren zaldien konbinazioa hautatu dutenen artean; eta hala ere ez badago, bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatu diren zaldien konbinazioa hautatu dutenen artean. Hala eta guztiz ere inork asmatu ez badu, dirua itzuliko zaie apustulariei.

  12. ¿ Hiru ordenatuta apustua (tripleta).

    Apustulariak lasterketa bateko hiru zaldi hautatzen ditu eta behin betiko sailkapenean apustu-boletoan ezarritako ordena berean izango direla jokatzen du.

    Inork asmatzen ez badu konbinazioa, banatzeko fondoa saio bereko edo beste saio bateko beste lasterketa bateko mota bereko apustuko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  13. ¿ Hirukotea (Tiercé).

    Lasterketa bateko hiru zaldi hautatzen dira eta zein ordenatan helduko diren zehazten da boletoan; hautatutako zaldiak lehen hiru postuetan heltzen badira, saria ordaintzen da.

    Zaldiak apustuan ezarritako ordena berean helmugaratzen badira, ¿ordenatuta¿ modalitateko dibidendua jasotzen da.

    Aldiz, hautatutako zaldiak apustuan ezarritako ordenan ez beste batean heltzen badira, ¿ordenatu gabe¿ edo ¿oinarrizkoa¿ deritzon modalitateko dibidendua ordaintzen da.

    Banatzeko fondoa erdi bana egiten da aurreko bi modalitateen artean.

  14. ¿ Apustu laukoitza (Jackpot).

    Lau lasterketatan zaldi bana hautatu eta bakoitzak berea irabaziko duela jokatzen da.

    Inork asmatzen ez badu irabazle-konbinazioa, banatzeko fondoa beste saio bateko apustu laukoitzeko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  15. ¿ Apustu bikoitz bikia.

    Apustu honetan lau zaldi hautatzen dira eta binaka taldekatzen dira ordenatu gabe motako bi apustu biki egiteko, bakoitza lasterketa batean oinarrituta; saria jasotzeko bi apustu bikietan asmatu behar da. Apustu hauek saio bereko bi lasterketetan egin behar dira baina ez da beharrezkoa segidakoak izatea.

    Inork asmatzen ez badu konbinazioa, banatzeko fondoa saio bereko edo beste saio bateko beste lasterketa bateko apustu biki bateko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  16. ¿ Lau ordenatu gabe apustua.

    Lasterketa bateko lau zaldi hautatzen dira eta behin betiko sailkapenean lehen lau postuetan helmugaratuko direla jokatzen da; ordenak ez du eraginik.

    Inork asmatzen ez badu konbinazioa, banatzeko fondoa saio bereko edo beste saio bateko beste lasterketa bateko mota bereko apustuko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  17. ¿ Lau ordenatuta apustua.

    Lasterketa bateko lau zaldi hautatzen dira eta behin betiko sailkapenean apustu-boletoan ezarritako ordena berean izango direla jokatzen da.

    Inork asmatzen ez badu konbinazioa, banatzeko fondoa saio bereko edo beste saio bateko beste lasterketa bateko apustu-mota honetako fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  18. ¿ Laukotea (Quarté).

    Lasterketa bateko lau zaldi hautatzen dira eta zein ordenatan helduko diren zehazten da boletoan; hautatutako zaldiak lehen lau postuetan heltzen badira, saria ordaintzen da.

    Zaldiak apustulariak ezarritako ordena berean helmugaratzen badira, ¿ordenatuta¿ modalitateko dibidendua jasotzen du.

    Aldiz, hautatutako zaldiak apustuan ezarritako ordenan ez beste batean heltzen badira, ¿ordenatu gabe¿ edo ¿oinarrizkoa¿ deritzon modalitateko dibidendua ordaintzen da.

    Banatzeko fondoa erdi bana egingo da aurreko bi modalitateen artean.

  19. ¿ Laukote plusa (Quarté Plus).

    Lasterketa bateko lau zaldi hautatzen dira eta zein ordenatan helduko diren zehazten da boletoan; hautatutako zaldietako hiru, gutxienez, lehen hiru postuetan heltzen badira, saria ordaintzen da.

    Hautatutako lau zaldiak apustulariak ezarritako ordena berean helmugaratzen badira lehen lau postuetan, ¿ordenatuta¿ modalitateko dibidendua jasotzen du.

    Aldiz, hautatutako zaldiak apustuan ezarritako ordenan ez beste batean heltzen badira, ¿ordenatu gabe¿ edo ¿oinarrizkoa¿ deritzon modalitateko dibidendua ordaintzen da.

    Gainera, lehen hiru postuetan sailkatu diren zaldiak eta laugarrena baino atzerago sailkatu den beste bat agertzen diren lau zaldiko konbinazio guztiek ¿bonus¿ izeneko dibidendua jasotzen dute, zeinahi ere den boletoko ordena.

    Apustu honetako fondoa honela banatzen da:

    • %25 laukote plusa ordenatuta asmatzen dutenen artean.

    • %35 laukote plusa ordenatu gabe asmatzen dutenen artean.

    • %40 laukote plus bonus asmatzen dutenen artean.

  20. ¿ Apustu boskoitza.

    Bost lasterketatan zaldi bana hautatu eta bakoitzak berea irabaziko duela jokatzen da.

    Inork asmatzen ez badu irabazle-konbinazioa, banatzeko fondoa beste saio bateko apustu boskoitzeko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  21. ¿ Boskote plusa (Quinté Plus).

    Lasterketa bateko bost zaldi hautatzen dira eta zein ordenatan helduko diren zehazten da boletoan; hautatutako zaldietako hiru, gutxienez, lehen hiru postuetan heltzen badira, saria ordaintzen da.

    Hautatutako bost zaldiak apustulariak ezarritako ordena berean helmugaratzen badira lehen bost postuetan, ¿ordenatuta¿ modalitateko dibidendua jasotzen du.

    Aldiz, hautatutako zaldiak apustuan ezarritako ordenan ez beste batean heltzen badira, ¿ordenatu gabe¿ edo ¿oinarrizkoa¿ deritzon modalitateko dibidendua ordaintzen da.

    Gainera, lehen lau postuetan sailkatu diren zaldiak eta bosgarrena baino atzerago sailkatu den beste bat agertzen diren bost zaldiko konbinazio guztiek ¿bonus 4¿ izeneko dibidendua jasotzen dute, zeinahi ere den boletoko ordena.

    Halaber, lehen hiru postuetan sailkatu diren zaldiak eta laugarrena baino atzerago sailkatu den beste bat agertzen diren bost zaldiko konbinazio guztiek ¿bonus 3¿ izeneko dibidendua jasotzen dute, zeinahi ere den boletoko ordena.

    Apustu honetako fondoa honela banatzen da:

    • %20 boskote plusa ordenatuta asmatzen dutenen artean.

    • %25 boskote plusa ordenatu gabe asmatzen dutenen artean.

    • %20 boskote plus bonus 4 asmatzen dutenen artean.

    • %35 boskote plus bonus 3 asmatzen dutenen artean.

  22. ¿ Apustu boskoitz berezia.

    Sei lasterketatan zaldi bana hautatu eta bakoitzak berea irabaziko duela jokatzen da.

    Inork asmatzen ez badu irabazle-konbinazioa, banatzeko fondoa beste saio bateko apustu boskoitz bereziko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.

  23. ¿ Apustu hirukoitz bikia.

    Apustu honetan sei zaldi hautatzen dira eta binaka taldekatzen dira ordenatu gabe motako hiru apustu egiteko, bakoitza lasterketa batean oinarrituta; saria jasotzeko hiru apustu bikietan asmatu behar da. Inork asmatzen ez badu irabazle-konbinazioa, banatzeko fondoa beste saio bateko apustu hirukoitz bikiko fondoan sartuko da eta jendeari jakinaraziko zaio.