Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

131/2004 DEKRETUA, ekainaren 29koa, Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortu eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3890
  • Xedapen-zk.: 131
  • Xedapen-data: 2004/06/29
  • Argitaratze-data: 2004/07/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak

Testu legala

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen zioen adierazpenak dioenez, legeak arreta berezia eskaintzen dio unibertsitate-kirolari, betiere, unibertsitatearen autonomia errespetatuta, kirola gizarteratzeko edozein prozesutan ezin delako unibertsitatea alde batera utzi. Hitzaurre horren arabera, kirol eta gizarte garapen handiko herrietako esperientziak erakusten digunez, unibertsitatea erakunde aproposa da kirol-jarduera hedatzeko erronka bere gain hartzeko, kirol-jardueraren jarraipena ziurtatzeko adin egokian dagoen biztanleria baitauka bere baitan.

Horregatik, 14/1998 Legeak V. tituluko II. kapitulu osoa eskaintzen dio unibertsitate-kirolari eta Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortzea aurreikusten du aholkularitza-organoa izan dadin. Legearen arabera, batzorde horren osaketa, izendatzeko sistema, funtzionamendu araubidea eta zereginak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

Eskumenari dagokionez, 14/1998 Legearen 4.1 artikuluko "w" idatz-zatian argi adierazten da Eusko Jaurlaritzak duela ahalmena unibertsitateen arteko kirol-ekintzak bideratu eta koordinatzeko eta Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea arautzeko. Ildo beretik, hauxe dio 58.2 artikuluak ere: "Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen artean burutzen diren unibertsitate-kiroleko ekintzak bideratzeko eta koordinatzeko beharrezkoak diren xedapenak emango ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortuko du." Beraz, zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritzari dagokio Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortzea eta horren barne-antolaketa arautzea.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko ekainaren 29ko ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortu eta arautzea da, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 58. artikuluan aurreikusten baita organo hori sortzea.

Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea organo independentea da eta Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da, nahiz eta ez den horren egitura hierarkikoan sartuko. Aholkularitza-organoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-kirolean eragina duten gaietan.

Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeak zeregin hauek izango ditu:

  1. Unibertsitate-kirolaren alorreko ildo eta proposamen orokorrak formulatzea eta unibertsitate-kirola sustatzeko programak egitea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateko kirol-jarduerak koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen arteko kirol-lehiaketen antolaketa koordinatzea eta jarraipena egitea.

  4. Lehiaketen eremua Euskal Autonomia Erkidegoa baino zabalagoa denean, beste lurralde batzuetako erakundeetako izaera berbereko organoekin batera jardutea.

  5. Kirol-instalazioen plangintza eta kudeaketa koordinatzea eta arlo horretan laguntza teknikoa ematea, unibertsitate-kirolaren alorreko jarduerak programatzeko orduan ahalik eta koherentziarik handiena egon dadin, betiere, horretarako dauden espazioak eta eskaria kontuan hartuta.

  6. Kultura Sailak edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskatuta, unibertsitate-kirolaren inguruko txosten eta gomendioak egitea.

  7. Azterketak, ikerketak eta prestakuntza-ikastaroak egitea eta programak idaztea, betiere, unibertsitatearen esparruan kirol-jarduerak dituen helburuak lortzeko.

  8. Helburu berdintsuak dituzten erakunde edo organo publiko zein pribatuekiko lankidetza bultzatzea.

  9. Bere zereginak behar bezala burutzeko esleitzen zaizkion antzeko beste batzuk.

  1. – Hauek izango dira Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko kideak:

    1. Kultura sailburua. Lehendakaria izango da.

    2. Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea. Lehendakariordea izango da.

    3. Kirol zuzendaria.

    4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aukeratutako pertsona bat.

    5. Hiru foru aldundietatik kide bana

    6. Euskal Autonomia Erkidegoan ikastetxeak dituzten unibertsitate guztietako kide bana.

    7. Euskal Kirol Federazioen Batasunak aukeratutako pertsona bat, euskal kirol federazioen ordezkari izango dena.

    8. Gorputz Hezkuntzako Irakasle eta Lizentziatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargo Ofizialak aukeratutako pertsona bat.

    9. Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko idazkaritza-lanetan jardungo duen funtzionarioa. Hitza izango du, baina botorik ez.

  2. – Zuzenean izendatzen ez diren Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko hasierako kideak honela izendatuko dira:

    1. Dekretu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordean ordezkaritza duten entitate edo organo guztiek Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari jakinaraziko diote zein pertsona izendatu dituzten.

    2. Epe hori amaituta, Kultura sailburuak Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen lehenengo bilkurarako deialdia egingo du lehenbailehen.

  3. – Lehenengo paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako kideak beren karguetan dirauten bitartean izango dira batzordeko kide, kargu horiek betetzearren izendatu baitira. Paragrafo horretako d), e), f), g) eta h) idatz-zatietan aipatutako kideek berriz, izendatu dituzten entitate edo organoek formalki horien aldaketa jakinarazi arte beteko dituzte karguak.

  4. – Aipatutako gorabeherengatik hutsik gelditzen diren karguak hilabetean beteko dira, horren berri batzordeko idazkaritzari ematen zaionetik kontatzen hasita.

  5. – Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko lehendakariak batzordean aztertzen diren gaietan adituak diren pertsonak bileretan parte hartzea eska dezake. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

Lehendakaritzak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:

  1. Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen ordezkari izatea.

  2. Ohiko eta aparteko bileretarako deiak egitea Idazkaritzaren bitartez.

  3. Bileren gai-zerrenda finkatzea.

  4. Bilkurei hasiera eta amaiera ematea.

  5. Eztabaidak bideratzea: kideei hitza ematea, mintzaldiak moderatzea eta, hala badagokio, horien iraupena mugatzea, parte-hartzea ahalbidetzeko eta bileren bilakaera egokia bermatzeko.

  6. Bere botoarekin sortzen diren berdinketak ebaztea.

  7. Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen aktak ikus-onestea.

  8. Dekretu hau garatzeko xedapenetan ezarritako gainerakoak.

Lehendakariordeak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:

  1. Lehendakari-kargua hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago edo antzeko beste edozein arrazoi suertatzen bada, horren ordez aritzea.

  2. Lehendakariak emandako gainerako zeregin guztiak.

  1. – Kultura sailburuak izendatuko du, saileko funtzionarioen artetik, Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko idazkaria. Hitza izango du, baina botorik ez, eta saileko funtzionarioen laguntza eskatu ahal izango du.

  2. – Idazkari lanetan jardungo duenak jarraian aipatzen diren funtzioak izango ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 25.3 artikuluan kide anitzeko organoetako idazkariei esleitzen zaizkienez gain:

    1. Bileretako gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea.

    2. Lehendakaritzaren aginduz, batzordeko bileretarako deiak egitea.

    3. Akta, txosten eta erabakien egiaztagiriak egitea.

    4. Batzordearen dokumentuen sarrera eta irteera erregistroa eramatea.

    5. Kide anitzeko organoetako idazkariei dagozkien gainerako funtzioak.

  3. – Idazkari-kargua hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, Lehendakaritzak izendatutako bokal batek edo Kultura Saileko funtzionario batek jardun dezake bere ordez.

Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko kide guztiei dagokie:

  1. Bileretara joatea eta bertan parte hartzea.

  2. Botoa ematea, horren esanahia adieraztea eta, gehiengoarekin bat ez datozenean, boto partikularra ematea.

  3. Kide anitzeko organo bateko kide izateak dakartzan gainerako eskubide eta betebehar guztiak.

Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeak urtean bitan egingo ditu, gutxienez, ohiko bilkurak. Aparteko bilkurak Lehendakaritzaren ekimenez egingo dira komenigarri jotzen denean.

  1. – Deialdiak Lehendakaritzaren aginduz egingo dira zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin gutxienez. Deialdietan hauek adieraziko dira: bilera zein egun, toki eta ordutan egingo den eta gai-zerrenda.

  2. – Presako bileretan ez da nahitaezkoa izango deialdia aurrerapen horrekin egitea.

Batzordeko kideek gai-zerrendan punturen bat sartzeko eska diezaiokete Lehendakaritzari, betiere, behar besteko aurrerapenarekin egiten badute eta proposamenarekin batera azalpen-txosten labur bat aurkezten bada.

  1. – Batzordearen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketak lehendakariaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira.

  2. – Botoa zuzenekoa, pertsonala eta eskuordeezina izango da. Botoa sekretua izango da edozein kidek Lehendakaritzari hala izatea eskatzen dionean.

  1. – Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko kideek boto partikularra eman ahal izango dute gehiengoaren erabakiaren aurka baina, betiere, bilera amaitu aurretik iragartzen badute.

  2. – Boto partikularrak bilera amaitu eta bost egun naturaleko epean bidali behar zaizkio, idatziz, batzordeko Idazkaritzari. Boto partikular horiek gehiengoaren erabakiaren testuari erantsiko zaizkio.

  1. – Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen erabakiak aktan jasoko dira. Akta horretan, hauek ere adieraziko dira:

    1. Bilera zein egun, ordu eta tokitan egin den.

    2. Bertaratuen izen-abizenak eta noren ordez diharduten.

    3. Aztertutako gaiak eta eztabaidatutakoaren eta hartutako erabakien laburpen txiki bat.

  2. – Aktak idazkariak sinatu behar ditu lehendakariaren oniritziarekin eta bilera horretan bertan edo hurrengoan aurkeztuko dira onartzeko.

  3. – Bidezko interesa dutela egiaztatzen dutenek idazkariarengana jo dezakete onartutako testuen egiaztagiria egin diezaien.

Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordeko kideei edo bertan parte hartzen duten adituei ez zaie ordainsaririk emango. Dena dela, bileretara joateagatik, joan-etorriko dietak eta kalte-ordainak ordainduko zaizkie.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko ekainaren 29a.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.